astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

gizartea

Ferryra sartzeko 130 saialdi astean

Ibai Maruri Bilbao

Ferryra sartzeko 130 saialdi astean

Joan den urtean, Bilboko portura sartzeko 3.600 saio baino gehiago egin zituzten migratzaileek, Erresuma Batura doan ferrya hartzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantxa Tapiak Eusko Legebiltzarrean iragarri bezala, azken bi hiletan gorakada egon da. Izan ere, azarora arte, batez beste, astean 60 saio zenbatu zituen Espainiako Poliziak; azaroan eta abenduan, berriz, 130 inguru izan dira. Migratzaileak sar ez daitezen, lau metroko horma bat eraiki dute ferryra sartuko diren ibilgailuen aparkalekuaren inguruan. Datuek, baina, agerian jarri dute ez duela helburua bete; areago, «arriskua» handitu du, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen ustez.

Egoera ez da aldatu, plataformako kide Ana Elena Altunak azaldu duenez: Zierbenan (Bizkaia) jarraitzen dute migratzaileek, ferryra sartzeko aukera noiz izango. Altunaren esanetan, erakunde publikoek, «nahita», ez dute «ezer» egiten errefuxiatuen beharrizanei erantzuteko. «Denbora pasatzen utziko dute, ea arazoa larritzen den, azkenean zerbait gertatuko delakoan».

Oinarrira jo behar dela uste du: «Galdera ez da zer egin behar den gazte horiekin. Galdetu behar dugu zergatik dauden hor. Eta gu, gizartea, zergatik ez gauden haiekin». Esan du arazoa migratzaileak barik Europako Batasunak dituen migrazio politikak direla, eta hori aldatu behar dela. «Londresen egon berri naiz: inork ez dit galdetu zertara noan, inork ez du esan hara lapurtzera noanik, eta inork ez dit joatea eragotzi».

Albaniatik etorritako gazteek Zierbenan atondutako kanpalekua udan egin zen ezagun. Konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu zuten erakundeek. Segurtasun Batzordea eratu zuten eragile hauek: portuan eskumena duten polizia eta segurtasun indarrek, Bilboko Portuak, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Idazkaritzak eta inguruko udalek.

Altunaren esanetan, baina, horma jartzea soilik erabaki dute. «Uste dute babestu beharreko bakarra ondasunak direla, ferryra sartuko diren ibilgailuak. Antza denez, pertsona horiek ez dute merezi batere babesik, uste dutelako guztiak delitugile bihurtuko direla azkenean. Haien arabera, Erresuma Batura joan nahi dute lapurretan egitera». Espainiako Poliziak ere zorroztu eta areagotu egin ditu kontrolak, eta, udatik, hainbatetan joan da kanpalekura migratzaileak identifikatzera.

Babesa, herritarrena

Altunak salatu du Bizkaian asiloa eskatzea dela gizarte laguntza publikoak jasotzeko duten aukera bakarra. Baina ez dute Euskal Herrian geratu nahi, Erresuma Batura joan baizik. Horregatik, ez zaie komeni eskatzea, babestu dituen herrialdean geratu behar dutelako. Halere, eskatzea erabakiz gero, txanda hartu behar dute, eta hori Bilboko Immigrazio Bulegoan aurrez aurre baino ezin daiteke egin. Gainera, Altunak dio lau hilabeteko itxaron zerrenda dagoela. «Bien bitartean, inolako laguntzarik eta babesik gabe jarraitu beharko luke».

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak «sarri» jo du eskualdeko udaletara, gazteontzako laguntza eske. «Alferrik. Txiza egiteko leku bat ere ez diete ipini nahi izan. Gazteok dirua dutela diote, sakelakoak dituztelako».

Agintarien «utzikeriaz» bestera, gizartearen elkartasuna nabarmendu du Altunak. «Gero eta sare sendoagoa osatzen ari gara. Izugarria da herritarrek gazte horiei ematen dieten laguntza». Arropa garbitzen laguntzen diete, jateko beroa eroaten, eta, behar izanez gero, lege kontuei buruzko aholkuak ere ematen dizkiete. Hasieran, astean behin joaten ziren jatekoarekin. Orain, Bizkai osoko taldeak batu zaizkie, egutegi bat sortu dute, eta astean hiru egunez joaten dira.

BERRIAn argitaratua (2018/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA