astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

gizartea

Erlazio onetarako ereduen bila

Arantxa Iraola

Erlazio onetarako ereduen bila

Barakaldon (Bizkaia) abenduko azken asteburuan neska adingabe batek taldeko sexu abusu bat jasan zuela jakiteak ezinegona eta asaldura eragin zuen berehala. Jakin zen, gainera, erasotzaileak ere gazteak zirela, eta joan den astean heldu zen baieztapena: erasoagatik identifikatuta dauden lau mutilak adingabeak dira. Aparteko larritasuna eman dio horrek albisteari; argi utzi baitu, bere gordinean, sexu erlazioak ulertzeko era okerrek nerabeen artean duten tokia. Hala ere, gazteen keriei baino, gizarte osoaren aje eta kontraesanei begiratu behar zaiela ohartarazten ari dira hainbat aditu. Horien artean dago, esaterako, Haizea Egiguren Iriarte, Arremanitz kooperatibakoa —sexuen aniztasuna, parekidetasuna eta tratu onak sustatzen dituzte; usu dihardute nerabeekin—: «Gazte horiek, azkenean, jendartearen ispilua dira». Hortaz, ezinbestekotzat du halakoak jazotzen direnean helduek ere galderak egitea beren buruari: «'Zertan ari gara gu?', galdetuko nuke; beste aldera egingo nuke galdera. Eta gu sistema patriarkalaren hortzetan gaude oraindik, hortxe harrapatuta». Horregatik, iruditzen zaio ezinbestekoa dela hori biluztea eta eredu berriak lantzea.

Arremanitzeko kide Edurne Mendizabal Tolosa ere bat dator: «Jendarteak autoanalisi pertsonal eta kolektibo bat egin behar du». Izan ere, hein batean, inguruan ikusten eta ikasten dutena egiten dute gazteenek; identitatea eraikitzeko prozesuan murgilduta egoteak berezko dituen ezaugarriekin. Hain justu, Mendizabalek aitortu du «jendartean dauden arauak muturrera» eramaten dituztela zenbaitetan: «Eta, nolabait ere, eredu sexistak ere muturrerago daramatzate». Hortik inguruan eredu egokiak izatearen garrantzia, parekidetasunak eta tratu onek zedarritutako bideetan ondutakoak. Usu bestelakoak dira nagusi, ordea. «Zer eredu dituzte gazteek? Zeri ematen zaio garrantzia? Esaterako, pornoa: zer porno eredu dute? Oraindik ere, indarkeriarekin lotuta dagoen pornoa da eredu. Gazte batek ez badu eredu hori alderatzeko baliabide edo espaziorik, azkenean sentitzen du legitimitatea daukala ia edozer egiteko», ohartarazi du Egigurenek.

Iruñean iazko sanferminetan 18 urteko neska batek salatu zuen taldeko bortxaketak izan duen oihartzun mediatiko handiaren ondorioz halako albisteei aparteko arreta jartzen zaiela onartu du Mila Amurrio EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, baina ez du uste aparteko hazkundea izan dutenik: «Lehen baino gehiagotan izaten dira? Benetan alarma zabaltzen ari da arrazoiarekin? Ez dakit. Nik uste dut arreta handiagoa jartzen dugula». Soziologia eta Gizarte Langintzako Departamentuan dihardu, eta nerabeen inguruko hainbat ikerketa egina da. Alorrean «aritua» dela esatea gustatzen zaio. Sexu heziketa oso baten falta nabari du. «Ez daukate benetako sexu hezkuntzarik. Aditu eta aritu asko nekatzen ari gara hori esaten», ohartarazi du. «Nondik jasotzen dituzte irakaspenak? Mutilek, batez ere, Internetetik. Etxean oso gutxi hitz egiten da. Egindako ikerketa batean hori ikusi genuen. Eta hitz egitekotan, amarekin hitz egiten dute. Aitaren figura hori, eredu gisara, desagertu egiten da». Mutilen kasuan, gainera, jasotzen dituzten mezu asko «afektibotasunik» aparte eratuak direla uste du. Etxean eskas, eta eskolan ere herren ikusten ditu sexu harremanekin lotutakoak. «Ez da modu orokorrean egiten».

Erasorako «legitimitatea»

Mutil gazteak erasoan; taldean, gainera. Artegagarria da irudia. «Ikusten da sentitzen dutela legitimitatea eta harrotasuna; bestela, ez lukete taldean egingo: ezkutuan egin beharreko zerbait izango litzateke», azaldu du Mendizabalek. Talde bateko kide sentitzeak aparteko garrantzia hartzen du nerabezaroan, eta horrekin ere lotzen ditu halako portaerak Amurriok. Taldeko elkarrekintza horietan usu gizon izateko eredu jakin bat gailentzen dela nabarmendu du, gainera: «Aintzat hartu behar da gizontasuna eraikitzeko prozesuan zer garrantzi hartzen duen sexu harremanak izateak, eta zer eredu maskulinotan izaten diren...». Alde horretatik, uste du gazteek kideen aurrean «euren burua nabarmentzeko» era bat direla taldeko bortxaketak: «Gizontasuna erakustekoa». Gizartean aski errotuta dagoen beldur baten arrastoa ere ikusten du Mendizabalek jazoera horien atzean. «Homofobiarena. Hain justu, gizon izatea da ez sentibera izatea, ez arduratsua izatea. Bai, aldiz, indarkeriazalea izatea, arriskuzalea izatea... Horregatik da garrantzitsua aldarrikatzea. 'Bai, maritxua naiz, eta zer?'. Guk, esaterako, dezente lantzen dugu alde hori».

Horregatik, adituek argi dute gizarte osoari zuzenduriko jarduerak sustatu behar direla: ezin dira ikasgeletara mugatu. «Uste dut heziketa ulertzeko eran akats bat dagoela; ematen du eskolak egin beharreko zerbait dela, halako adinetatik halako adinetara. Eta nik uste dut heziketa behar dugula denok, jendarte osoa eraldatzeko», azaldu du Mendizabalek. Zeregina franko dagoela uste du. «Erasookin, alarma pizten zaigu. Baina eguneroko jarrera sexista txikiekin? Askotan, ez diegu erreparatu ere egiten, eta, zenbaitetan, txantxa artean ere hartzen dira». Eta «prebentzioan» aurrera egiteko, halakoei ere aurre egin behar zaie. «Jarrera sexista horiek bakartzera egiten badugu, konplizitaterik ez badiegu erakusten, bere horretan itoko dira». Bide horretan ez hitzaz harago joan behar dela esan du. «Dituzten ereduak txarrak direla esaten diegu, ez hori egiteko. Baina zer bai? Eta hori ez da gazteentzat bakarrik: denontzat da. Nola bai? Nola erlazionatu? Nola ligatu? Nola disfrutatu? Nola bai?».

BERRIAn argitaratua (2018/01/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA