astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

bizigiro

Izena duena larria da

Iker Tubia

Izena duena larria da

Ana, Bruno, Carmen, David eta Emma. Ez dira lagun kuadrilla bateko kideak. 2017ko abenduaz geroztik Atlantikoan alarma piztu duten depresio handien izenak dira. Izan ere, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo meteorologia agentziek bat egin dute haien herrialdeei eragiten ahal dieten depresio sakonak izendatzeko. Beraz, hemendik aurrera, Euskal Herrian kalteak sor ditzaketen denboraleek izena izanen dute, gizarteari haien arriskuez ohartarazteko.

Ez da ideia berria. Aurretik ere Europan bazen depresio sakonei izena jartzen zionik. Berlingo Unibertsitate Askeak 1954an ekin zion antizikloiak eta ekaitzak izendatzeari. Azken hamar urteotan sonatuenak Klaus —2009ko urtarrilaren 23 eta 24an— eta Xynthia —2010eko otsailaren 27 eta 28an— izan dira. Duela hiru urtetik, Erresuma Batuko eta Irlandako meteorologia agentziek ere bide bera jorratu dute, eta bien artean izendatu dituzte irletan eragina zuten depresio sakonak.

Aspaldiko kontua da fenomeno meteorologiko batzuei izena ematearena. Ehunka urtez Karibeko irletan urakanak izendatzen zituzten, gertatzen ziren egunaren ondoko santuaren izena paratuz. Hala, Santa Ana deitu zioten 1825eko uztailaren 26an Puerto Rico gogor astindu zuen urakanari, eta San Felipe 1876ko eta 1928ko irailaren 13an irlan kalte handiak eragin zituzten bi urakanei. AEBetan 1953an hasi ziren urakanei emakumeen izena jartzen. Hala egin zuten 1978ra arte, urte horretan gizonen izenak ere erabili baitzituzten. 1979an, gizon eta emakumeen izenak txandakatzea erabaki zuten Nazioarteko Meteorologia Elkarteak eta AEBetako Meteorologia Zerbitzuak.

Denboraleei izena jartzeak komunikazioa errazten duela uste dute meteorologia zerbitzuek, modu horretan aise identifikatu baitaiteke kalte handiak eragin ditzakeen ekaitz bat. Alertak emateko eta komunikabideetan informazioa zabaltzeko errazagoa omen da izenak erabiltzea. Baina hori ez da helburu bakarra. Gizartea ohartarazteko bide eraginkorra dela diote adituek. «Dirudienez, AEBetan urakanak-eta izendatzean, jendeak uste du zerbait larria dela, eta ardura handiagoz jokatzen du. Hori da helburu nagusia, jendeak zabaltzen diren abisuei arreta handiagoa jartzea», azaldu du Margarita Martin Aemetek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen arduradunak.

Erresuma Batuko eta Irlandako hainbat meteorologia zerbitzuk horri buruzko azterketa egina dute. Inkesta bat egin zuten gizartearen erantzuna ezagutzeko. Inkestari erantzun ziotenen %55ek zioten haien jokabidea aldatu egin zela nolabait izena zuen ekaitz baten berri izatean.

Martin depresio sakonak izendatzearen alde agertu da. Haren ustez, komunikazioa erraztu eta gizartea adi mantentzeko modua da. Inguruan alerta eta ohartarazpen sobera ditu gizarteak, haren aburuz, eta, horregatik, abisu batzuk beste batzuen gainetik jartzeko modua litzateke haiek izendatzea. «Gure gizarteak abisu gehiegi jasotzen ditu hamaika arriskuri buruz. A gripearen alertak kalte handia egin zuen. Ezerezean geratu zen alerta, gripe bat baizik ez zelako izan. Alarma horrek min egin zien gainerako alertei». Martinek Peru eta otsoaren istorioa ekarri du gogora: funts handirik gabeko alarma anitzen pilaketak gero etor daitezkeen alerta larriei kalte egin diezaieke. «Otsoa etortzen denean, inork ez dio kasurik eginen. Egia esan, arrisku guzi-guziei buruz ohartarazten diguten gizartean bizi gara, baina, horren kontrara, gizartea geroz eta gehiago arriskatzen da. Adibidez, arrisku kirolak boladan daude, nahiz eta ondorioez jabeturik gauden. Kontraesana dirudi».

Andoni Aizpuru telebista aurkezleak 25 urte daramatza ETBn eguraldiaren berri ematen. Eguraldiak saldu egiten duela badaki, baina uste du askotan «gehiegizko tratamendua» ematen ziola. «Izena jartzean, horrek, nolabait, areagotzen du jendea beldurtzea». Izan ere, urakan eta tifoiei loturik egon izan dira izenak. «Nik uste dut informazioa baino gehiago sentsazionalismoa bilatzen dela batzuetan eguraldi kontuetan, eta borraska horiekin hori gertatzen da. Izena jartzen badiogu, psikosi moduko bat sor daiteke, eta ni ez naiz psikosi zalea. Jendea ikaratzea ez zait batere gustatzen, motiborik ez bada, behintzat», gaineratu du.

Noski, horrelako denborale batzuek kalteak eragiten dituzte, eta Aizpuruk argi du horren berri eman behar dela, baina izenarenak ez du konbentzitzen. Izan ere, ekaitz horiek kalteak ez dituzte nonahi eragiten. Adibidez, berriki Frantzian kalteak eragin dituen ekaitzak ez du kalterik eragin Euskal Herrian. «'Otsoa dator' Euskal Herrian erabili behar da ikusten dugunean badatorrela».

Ongi informatzea da gakoa, telebista aurkezlearen arabera: «Benetan gurean eragina izango duten borraskak direnean, indar handikoak, izena jartzearenak ez dut uste arreta asko deitzen duenik». Gainera, izenetan beharrik gabeko alarma pizteko arriskua ere ikusten du. «Aditua ez den norbaitek hartzen badu informazioa, psikosia sor liteke».

Bestelako iritzia du Martinek. Kezkaturik agertu da gizartearen zati batek gisako alerten aurrean ez duelako kasurik egiten. «Planteatu beharko genuke ea ez ote dugun gehiegizko abisurik jasotzen», azaldu du. «Lehen, denboralea zegoelarik ez zuten ixten itsas pasealekua, jendeak bazekien ez zuela hara joan behar. Orain ixten da, Polizia han egoten da, baina, hala ere, jendea hara joaten da argazkiak egitera». Ez du ulertzen nolatan gertatzen den hori. «Badirudi benetako arriskurik ez dagoenez, arriskuak bilatzeko joera dagoela».

Bestelako arriskuak

Badago arriskutsua den beste afera bat: horrelakorik toki horretan inoiz ez dela gertatu, eta, beraz, ez dela gertatuko ziurtatzearena. «Inoiz ez da gertatu memoria duzunetik, baina agian zure aitatxik izanen du antzeko gertakari baten bizipena buruan». Hala, norberaren memoria ezin da izan arrisku baten aurrean tentuz ez ibiltzeko argumentua, Aemeteko arduradunaren arabera. «Memoria hori oso motza da naturaren memoriarekin alderaturik. Memoria klimatologikoa ehunka eta milaka urtekoa da. Arriskuak itzultzeko denbora tartea ez da gizaki batena edo belaunaldi batena, askoz ere zabalagoa da». Gainera, Martinek gogoratu du hainbat datu ez zirela gordetzen, ezta neurtu ere.

Aizpuruk izen kontuak alde batera utzi, eta informazioa ongi ematearen garrantzia nabarmendu du. Are, gaizki ari direnekin tentuz ibiltzeko ohartarazpena egin du: «Jendeak naturarekiko kontaktua galdu duen neurrian, eguraldi emankizunetan igarri da. Informatzaileak ez badu eguraldia kontrolatzen, argi ibili beharra dago, oso erraza baita jendea aztoratzea». Dena den, badirudi 2019. urterako Europako meteorologia zerbitzuek bat egin nahi dutela izen kontuetan.

BERRIAn argitaratua (2018/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA