astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

bizigiro

Kataluniak eta bertsoek hauspotu dute 'Berria.eus'-en hazkundea

Urtzi Urkizu

Kataluniak eta bertsoek hauspotu dute 'Berria.eus'-en hazkundea

BERRIAren webguneak bi milioi erabiltzaile izan ditu 2017. urte osoan; 2016an baino %4,76 gehiago. Erabiltzaile horiek 6,6 milioi saio eragin dituzte (%6,64 gehiago). Irismenaren hazkunde horrek bi eragile nagusi izan ditu: Kataluniako prozesua eta Bertsolari Txapelketa Nagusia. Emaitza onak izan ditu 2017an Berria.eus webguneak, hazkundearen bidetik. Guztira, 2.063.291 erabiltzaile bildu ditu 2017an (2016an baino %4,76 gehiago), eta 6.676.606 saio (iaz baino %6,64 gehiago). Orrialdeen ikustaldi kopuruak ere hazkunde garrantzitsua izan du (%7,49).

Oihartzun handiko gertakariek eragin handia izaten dute hedabideen Interneteko trafikoan. 2017an, BERRIAren webguneak izandako hazkundea urteko gertakaririk handienetako bati lotuta dago: Kataluniako prozesua. Ez da kasualitatea trafiko pilaketarik handiena urrian gertatu izana: 713.276 saio (inoizko saio kopururik handiena hilabete batean), eta 201.796 erabiltzaile. Hilabete horretan, audientziarik handiena bildutako egunak erreferendumeko eguna eta independentzia deklaratu zuten eguna izan ziren, hau da, urriaren 1a, (38.904 saio eta 21.726 erabiltzaile) eta urriaren 27a (37.933 saio eta 24.864 erabiltzaile). Baina datuek erakusten dute emaitza on horiek ez direla izan bi egunetako kontua, baizik eta Kataluniako egoeraren berri jakiteko ahalegin baten ondorioa: urriak dituen 31 egunetatik 23 egunetan gainditu zuen webguneak 20.000 saioko langa.

Kataluniako ikusminari Bertsolari Txapelketa Nagusiak eragindakoa ere gehitu behar zaio. Izan ere, 2016ko datuekin konparatuta, alde positiborik handiena urtearen azken hiru hilabeteetan pilatzen da, aipatutako bi gertarien egutegiarekin bat. Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin lotutako artikuluek eta bideoek oso harrera ona izan dute irakurleen artean. Bistan denez, gai batzuek oihartzun handiagoa lortzeko gaitasuna izaten dute, hainbat arrazoi tarteko (garrantzia, irakurleen zaletasuna, birala izateko gaitasuna…). Baina 6,6 milioi saioko emaitzaren gakoa ez dago horretan, baizik eta BERRIAk sareratzen dituen eduki multzo osoan: 2017an, BERRIAk 35.160 artikulu eta 564 bideo sareratu ditu webgunearen bidez.

Erabileraren ikuspuntutik, saioen iraupena ere kontuan hartu behar da; hau da, irakurleek BERRIAren edukietan nabigatzen emandako denbora. Guztira, 744.367 ordu eskaini dizkiote irakurleek Berria.eus-en edukiei. BERRIAk ekoiztutako bideoek ere harrera ona izan dute: 2017an sareratuko 564 bideoek 14.605 orduko arreta bereganatu dute, 342.524 ikustaldiren bidez. Ikusten emandako denbora gehien bereganatu duen bideoa Martin Ugalde Foroan Joxe Azurmendirekin izandako solasaldiarena izan da (595 ordu, 2.595 ikustalditan). Bigarrena Tolosaldeko Gure Esku Dagok antolatutako Zertarako erabaki? mahai inguruarena da (469 ordu, 1.994 ikustalditan). Eta hirugarrena, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren osteko prentsaurrekoarena (463 ordu, 3.563 ikustalditan). Ikustaldi kopuruaren arabera, sailkapena bestelakoa da: 2017an ikustaldi gehien lortutako bideoa Go!azen-en bideokliparen aurkezpenarena da (11.717 ikustaldi).

BERRIA erreferente nagusia da herri ekimeneko euskarazko hedabideen artean. Hekimeneko hedabideek 2017an bildutako 8,7 milioi erabiltzaileetatik %23,7 BERRIAri dagokio. Halaber, Hekimeneko hedabideek sortutako 23,3 milioi saioetatik %28,6 BERRIAk sortutakoak dira, eta irakurleek eskainitako 1,4 milioi orduetatik %50 BERRIAren webgunean emandakoak dira.

BERRIAn argitaratua (2018/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA