astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

kirola

2017a hizki larritan

Unai Ugartemendia

2017a hizki larritan

Mendiko jarduerek iaz utzitako izen propioak errepasatzen hasita, asko dira Euskal Herriko kirolariek eta atzerrikoek lortutako garaipenak edo erronkak. Guztien gainetik, ordea, hutsune bat, Alberto Zerainena.

ALBERTO ZERAIN



Ekainaren 24an eman zituzten desagertutzat Alberto Zerain alpinista gasteiztarra eta Mariano Galvan Argentinarra, Nanga Parbat mendiaren (Karakorum, 8.125 metro) Mazeno ertzean. Hamar zortzimilako zituen igota Zerainek ezbeharra gertatu aurretik, eta askok oraindik ere gogoan izango dituzte bakarrik eginiko zortzimilako batzuk. Azken urteetan Juanito Oiartzabalen sokalagun bihurtuta zebilen. Oiartzabalentzat, 2 x 14 x 8000 egitasmoa osatzeko bidean, ezinbesteko laguna zen Zerain.

BILBOKO MENDI FILM JAIALDIA



Arrakasta handiarekin amaitu zen Bilboko 10. Mendi Film jaialdia. Goia jo zuen, berriz ere, ikusle kopuruan. Guztira 10.371 ikusle bildu ziren eskaini ziren 37 saioetan, eta urterik emankorrena izan da zenbakitan, iazko datua %12 handituz.

OSCAR CADIACH



Himalaiaren historian sartu zen Oscar Cadiach (Bartzelona, 1952) uztailaren 27an, Broad Peak igo eta gero (8.051 metro). Kataluniarra izan da hamalau zortzimilakoak osatu dituen gizonik zaharrena, 64 urterekin. Ia 33 urte pasatu ditu lehen zortzimilakotik azkenekora, 1984ko Nanga Parbatetik 2017ko Broad Peakera. Oxigeno artifizialik gabe igo duen lehen kataluniarra ere izan da, gainera: Ferran Latorrek maiatzaren 27an Everest igo zuen, eta hamalaukoa osatu, baina oxigeno artifiziala erabili zuen.

JAVI DOMINGUEZ



Debuta zuen Tor de Geants lasterketa ikusgarrian: 338 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positiboa, Alpeetan. Baina ez zuen hutsik egin beste behin Javi Dominguezek (Gasteiz, 1974). Europan jokatzen den mendi lasterketarik gogorrena irabazteko gai izan zen gasteiztarra irailean. Irabazi bakarrik ez, Iker Karrerak 2013an ezarri zuen markari ia bost ordu jan zizkion, azken marka 67 ordu eta 52 minutuan utziz. Italiako lasterketa irabazi aurretik lortu zituen garaipenak hauek dira: ultren Espainiako txapeldun izan zen, eta Beasaingo Ehunmiliak lasterketa irabazi zuen.

ARITZ EGEA



Ez du denbora batean ahaztuko aurtengo denboraldia Aritz Egeak (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Euskal selekzioko ordezkaria Munduko Kopa irabazteko lehian izan zen azken lasterketeraino. Lasterketa asko irabazi ditu aurten, esaterako, AEBetako The Rut lasterketa eta Grezian jokatutako Olympus maratoia, biak ere Munduko Kopakoak. Ezin ahaztu Zegama-Aizkorrin lorturiko laugarren postua, baita denbora (3.55,41) ere. Salomon taldearekin lehiatuko da aurten.

FRANCOIS D'HAENE



Munduko korrikalaririk onena, Kilian Jornet, han bazen ere, faboritoetako bat zen munduko ultra lasterketa famatuenean, Mont Blanceko Ultratrailean (Alpeak, 168 kilometro, +10.000 metro). Francois D'Haenek (Lille, Frantzia, 1985) irabazi zuen, hirugarrenez, izugarrizko erakustaldia eman ondoren. Urrian, berriz, AEBetako John Muir Traileko (359 kilometro, +14.000 metro) marka hautsi zuen. Horretarako, 2 egun, 19 ordu eta 26 minutu behar izan zituen.

LUCAS EGIBAR



Kirol arloan, 2017a urte bikaina izan zen Lucas Egibarrentzat (Donostia, 1994), munduko txapeldunorde izatea lortu baitzuen. Arlo pertsonalean, ordea, ahazteko moduko urtea izan zuen, Israel Planas entrenatzailea hil baitzen, Egibarrek Munduko Kopako bigarren postua lortu eta hurrengo egunean. Orain, berriro ere, denboraldi bete-betean dago Egibar. Helburu bakarra du buruan: otsailaren 9tik 25era jokatuko diren Hego Koreako Neguko Olinpiar Jokoak.

ALEX HONNOLD



Ekainaren 3an eskaladako historian sartu zen Alex Honnold (AEB, 1985). Yosemiteko Kapitaina pareta bertikala (884 metro, 7c+ zailtasuna) igotzea lortu zuen, inongo asegururik gabe. Bigarren saialdia zuen amerikarrak. 3 ordu eta 56 minutu behar izan zituen. Askorentzat, historian eskalada librean inoiz egin den lorpenik garrantzitsuena izan da. Honnoldek 2009tik zuen asmoa buruan, baina 2015ean hasi zen serio prestatzen. Hainbat aldiz igo zuen horma, sokekin, lotuta. Gogoan gorde zuen zulo bakoitza, helduleku bakoitza, gorputzaren postura bakoitza, bakarrik eta lotu gabe igotzean ezin baita hutsik egin. «Eskalatzaileak ez direnei erokeria iruditu dakieke», esan zuen, «baina hogei urte daramatzat eskalatzen, eta sei edo zazpi proiektu honetan, beraz, ez naiz bat-batean halako erokeria bat egitea erabaki duen mutil zoro bat, urteetako ahalegina dago atzean».

IRATI ZUBIZARRETA



Uztailean, Andorran jokatu ziren mendi lasterketetako munduko txapelketetan, Irati Zubizarreta (Beasain, Gipuzkoa, 1998) korrikalari gaztea izan zen protagonista nagusietako bat. Lehenik, kilometro bertikalean hirugarren postua lortu zuen, eta handik bi egunera, 15 kilometroko lasterketan lortutako garaipenarekin, munduko txapeldun bihurtu zen Zubizarreta, 19 urtez azpiko kategorian.

KILIAN JORNET



Mendiko lasterketetan eta mendiko eskian munduko txapeldun izandako Kilian Jornetek (Lleida, Herrialde Katalanak, 1987), Everesteko gailurra zuen begiz jota 2017ko denboraldirako. Horretarako, aurretik, Cho Oyu (8.188 metro) mendia igo zuen girora egokitzeko fasean. Gerora etorri ziren Everestera eginiko bi igoerak, biak ere sei eguneko tartearekin. Uztailean, laugarren aldiz irabazi zuen AEBetan jokatzen den Hardrock lasterketa (170 kilometro), 150 kilometroan sorbalda lokatuta eraman eta gero.

IKER KARRERA



Bi ziren 2017rako erronka nagusiak Iker Karrerarentzat (Amezketa, Gipuzkoa, 1974), biak ere AEBetan. Lehenengoan, Hardrock lasterketan, ez zuen bere onena ematerik izan, urdaileko arazo batzuk medio. Bigarrengoan, berriz, handik hiru astera, Coloradon ezarrita zegoen Nolan's 14th-eko marka apurtzea lortu zuen amezketarrak. Ez zen nolanahiko marka Nolan's-ekoa (4.000 metroko hamalau mendi, 167 kilometro). 47 ordu eta 40 minutuko denborarekin, sei ordutan hobetu zuen aurrekoa, eta Karrerak pena ere bazuen, denbora hori hobetu zezakeelako: galdu egin zen, eta laguntzaileen laguntzarik jaso gabe egin zituen hainbat kilometro.

MIKEL LINAZISORO



Gaztea da, oso, baina eskarmentua du eskaladako txapelketetan Mikel Linazisorok (Bergara, Gipuzkoa, 2000). Ekainean, Euskal Herriko Boulder Txapelketa jokatu zen Iruñean, BiHatz eskalada gunean. Nagusitasunez irabazi zuen txapelketa, Mendieta eta Espartaren aurretik. Buenos Airesen (Argentina) jokatuko den 2018ko gazteen olinpiar jokoetarako sailkatzea lortu du bergararrak, baina Linazisororen hurrengo jomugak badu data eta izena: 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak.

MAITE MAIORA



Urteko mendi korrikalaria izan da Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). Bere bizitzako ametsa bete zuen maiatzean Zegama-Aizkorri irabazi eta gero. Aurretik garaipen handiak lortuak zituen arren, han lortutakoak munduko onenen pare jarri zuen. Etxeko garaipen kutunaz gain, beste hamar garaipen ere lortu ditu, eta Munduko Kopako txapeldun izan da bi diziplinatan. Ultra distantzian, aipatzekoa da Mont Blanceko Ultratraileko CCC lasterketan (100 kilometro, +6.100 metro) lorturiko bigarren postua eta Ultra Pirineuko garaipena, Nuria Picasen aurretik.

NURIA PICAS



Nuria Picasek (Manresa, Herrialde Katalanak, 1976) iaz irabazi zuen lehen aldiz Mont Blanceko Ultratraila. Lasterketa osoan lehen postuan joan zen, abantaila handiarekin, eta kontrolpean izan zuen, baina azken kilometroetan asko gerturatu zitzaion azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Andrea Husser suitzarra. Zoritxarrez, garaipenagatik baino gehiago gogoratu dute gerora hedabide askok helmugan, garaipena ospatzeko estelada erakutsi zuelako.

ZURIÑE FRUTOS



Bigarren urtez jarraian irabazi du Euskal Herriko mendi duatloiko zirkuitua Zuriñe Frutosek (Artziniega, Araba, 1986). Hamar lasterketatik hamar irabazita izan da txapeldun Frutos. Atzetik Laura Perez eta Nekane Pradera izan ditu, hurrenez hurren. Zirkuitua ez ezik, Euskal Herriko Txapelketa ere bereganatu zuen, Amasan (Gipuzkoa) jokatu zen mendiduatloiean. Aurkaririk ez zuen izan urte osoan arabarrak.

OIHANA AZKORBEBEITIA



Euskal Herriko mendi lasterketetan aritutako korrikalariren bat aipatu behar izanez gero, ezin ahaztu Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, Bizkaia, 1981). Hamar lasterketa irabazi ditu Euskal Herriko mendietan. Euskal Herritik kanpo ere lasterketa bikainak egin ditu. Bosgarren izan da, esaterako, Munduko Kopan, eta laugarren Europako Txapelketan. Inoizko emaitzarik onenak lortuta bukatu du urtea.

WOPEAK



2010ean jarri zen martxan The Walk On Project egitasmoa. Zortzi etapatan, mila metroko mendi bat igotzen hasi eta zortzi urratsetan zortzimilakoren batera iristea zen asmoa. Azken urratsean, Gasherbrum I eta II-ko gailurren bila irten ziren Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. Eguraldiak ez zien aukerarik eskaini, eta amaitutzat eman dute proiektua.

NAHIA QUINCOCES



Lehiaketetatik at pasatu du ia urte osoa Nahia Quincocesek (Mendexa, Bizkaia, 1983), 2016an izandako lesio bategatik. Ezin izan zuen ia lasterketarik jokatu, ez mendiko eskian, ezta mendiko lasterketetan ere. Indarberrituta eta arazo guztiak ahaztu nahian ekin nahi dio 2018ari. Hasteko, Espainiako txapelketak izango ditu laster. Aurrerago Munduko Kopan egin nahi du ahalegina.

ZEGAMA-AIZKORRI



Bi markak hautsi zituzten garaileek aurten. Gizonezkoetan, Stian Angermund norvegiarrak, 3.45.08ko denbora egin behar izan zuen lasterketa irabazteko. Emakumezkoetan, Maite Maiora euskaldunak 4.34.27 egin zuen.

UELI STECK



Askorentzat munduko alpinistarik onena zen Ueli Steck (Suitza, 1976-Nepal, 2017). Nuptse mendian galdu zuen bizia. Everest mendia igo aurreko girora egokitzeko lanetan zebilela izan zuen erorikoaren ondorioz hil zen lokomotora suitzarra. Azkartasuna eta zuhurtasuna ziren haren ikurrak mendian, bai Alpeetan eta bai Himalaian.

ALEX TXIKON



Alex Txikon alpinistak (Lemoa, Bizkaia, 1981) bigarren urtez egingo du saialdia neguan oxigenorik gabe Everest mendia igotzen. Iaz ezin izan zen gailurrera iritsi, Carlos Rubio madrildarra lagun zuela. Aurten, lagun zahar bat izango du sokalagun: Muhammad Ali Sadpara (Skardu, Pakistan, 1977). Harekin igo zuen Nanga Parbat neguan, 2015ean.

BUTS ZIRKUITUA



Otsailaren ondarrean Bilbo-Gasteiz lasterketarekin hasi, eta urriaren lehen asteburuan Donostia eta Bilbo batuz amaitu zen ultra distantziako zirkuitua. 1953an Shebe Peña mendizale tolosarrak osatu zuen ibilbideak lasterketa kutsua hartu zuen 2017an. Euskal Herriko lau hiriburu batzea zen xedea. Guztira 500 kilometro eta 25.000 metroko desnibel positiboa, lau lasterketatan banatuta. Azken garaileak Silvia Trigueros abadiñarra eta Carlos Garcia irundarra izan ziren.

VALERIO ANNOVAZZI



Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak egindako erreskatearengatik ez balitz, inor gutxik ezagutuko zuen Valerio Annovazzi alpinista (Italia, 1958). Gasherbrum II mendia igo eta gutxira, ondoezak jota atseden hartzen geratu zen, bakarrik. Ordu batzuetara etortzen ez zela ikusita, hirukote euskalduna haren bila abiatu zen, eta behera jaitsi zuten. Lau egun igaro zituen 7.000 metrora.

KRZYSZTOF WIELICKI



Poloniarrak mendiko neguko espedizioen sustatzaile handienak izan dira historian. Horien artean, izen bat: Krzysztof Wielicki (Polonia, 1950). Hura izan zen Everest neguan igotzen lehena, Leszek Cichy lagunarekin batera. Orain, beste erronka bateko buru izendatu dute. K2 mendia (8.611 metro) igotzeko saialdia egingo dute poloniarrek, inork igo gabe dagoen bakarra. Haiekin batera joango da Denis Urubko alpinista kazakhstandarra.

XABIER URRATE ETA MIKEL DIEZ



Joxe Takolo bekak baditu 2017ko irabazleak: Xabier Urrate (Urretxu, Gipuzkoa, 1965) eta Mikel Diez (Zumarraga, Gipuzkoa, 1981). Udan, Kaxmirko Nun mendi ezezagunera (7.135 metro) egindako espedizioa saritu zuten Azpeitiko Udalak, Lagun Onak mendi taldeak eta GMFk.

ALTITOY



Urteroko ekitaldia da mendiko eskian ibiltzen diren euskaldunentzat. Gizonezkoetan Loc Thevin eta Wilfrid Jumere frantziarrek osatutako bikotea izan zen garaile. Emakumezkoetan, berriz, Lula Martinez andaluziarra eta Ares Izard kataluniarra. 2018an berriz ere Grand Course zirkuituan izango da,

ITZIAR ZABALA



Euskal eskalatzaileen artean Itziar Zabala (Dima, Bizkaia, 1994) izan da 2017ko albisterik onena. Espainiako Kopa eta txapelketa irabaztea lortu zuen. Bi urtean eskalada albora utzita izan zuen arren, hiru urte badaramatza jada Gianni Faggianaren gidaritzapean emaitza bikainak lortuz. Eskaladaren aldeko apustua egin nahi du aurten, eta Linazisororen antzera, 2020ko Olinpiar Jokoekin amets egiten du.

BERRIAn argitaratua (2018/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA