astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

kirola

Herriaren krosa

Imanol Magro Eizmendi

Herriaren krosa

Urtero mirari txiki bat gertatzen da Elgoibarren (Gipuzkoa). Urtarrileko lehen egunetan gertatzen da, eta munduko atleta onenetariko batzuk bertan biltzen dira lokatz gainean hegan egiteko. Miraria, gainera, ez da berria, aurten 75. aldiz egingo baita, eta Juan Mugerza Nazioarteko Krosa du izena. «Hau herriaren krosa da, hau Elgoibarko krosa da. Ez Mintxetakoa, ez hotelekoa... hau herrikoa da, eta nortasun hori galtzen badu, gaizki gabiltza», aldarrikatu du Juan Mari Iriondo antolatzaile ohiak. Alboan du eserita Zigor Diez, probako egungo antolatzaile batzordeko kidea. «Elgoibar beste kontu bat da. Beste kros handi batzuetan, atletak bost izarreko hoteletan daude, badatoz eta badoaz. Hemen, herrian daude, jendearekin hitz egiten dute, eskoletara doaz, laguntzen diezu... Harremana gertukoagoa da, eta haiek ere eskertzen dute. Hori da poz handienetakoa».

Egotoki kirol elkartean batu dira biak, kirol tenplu batean. Elgoibarko erdialdean dago, eta paretetan dauden argazkiek probaren iragan loriatsua gogoratzen dute. 1961etik 2001era antolatu zuen krosa elkarteak, eta Iriondo bertako kide da. Atletismozale porrokatua, aitaren eskutik sartu zen, eta 1981etik aurrera egon zen zuzendaritzan. «Ordu pila bat sartu behar dituzu; zalea hemen jakintsua da, eta kros mundutxoan jendeak iritzi oso ona du Elgoibarri buruz. Hemen jende ona ekarri behar duzu». Egotokik utzi zuenean, Mintxeta atletismo taldeak hartu zuen ardura berriz. «Oroitzen naiz nola esan zuten bozgorailuetatik jende berria behar zela, eta, nire aita eta anaia atletismo taldean zeudenez, haiekin sartu nintzen», azaldu du Diezek. Eta orain arte. «Elgoibar mundura ateratzea da helburua. Elgoibarren zer egiten duzue? Bada, hau. Hona makinak erostera etortzen den norbaitek ikus dezala kros bat egiten dela, eta urtarrilean Elgoibar telebistan ikusiko duela».

Iriondo ordenagailu bat da, memoria marka eta izenez betea duena. Diez, aldiz, telefonora itsatsita bizi da negu partean; krosak jaten dio ia egun osoa. «Laneko arduradunen eta etxekoen eskuzabaltasunarengatik ez balitz, hau ezinezkoa litzateke», goratu du. Elkarrizketa egiten hiruzpalau aldiz jo du: dei guztiak lasterketarekin loturikoak. Aurten diamantezko ezteiak ospatzen ditu probak, eta bat egin dute biek. Iriondo, krosaren urteurrenaren ingurukoak —gala bat ostiralean, liburua, dokumentala...— antolatzeko batzordean sartuta dago. «Erantzukizuna da, baina lasai nago, badakidalako, krosa, garrantzitsuena dena, ondo irtengo dela. Krosa IAAFen dago [Nazioarteko Atletismo Federazioa]; zazpi daude bakarrik hor. Txapeldunen Ligan aritzea da, eta gorago ezin da egon». Diezek gustura hartu ditu hitzak, aitortza dira, baina, iritziez gain, palmaresa begiratu baino ez dago. Iaz, esaterako, bi olinpiar txapeldunek, Conseslus Kiprutok eta Ruth Jebetek (2016an biak), eta bi munduko txapeldunordek hartu zuten parte: 5.000 metrokoa, Senbere Teferi, eta 10.000 metrokoa, Joshua Cheptegei. Historian murgilduz gero, berriz, izen handien zerrenda amaiezina da: Kenenisa Bekele, Deratu Tulu, Haile Gebreselassie, Florence Kiplagat, Abebe Bikila, Edith Masai, Paul Tergat, Belen Azpeitia... Handienak pasatu dira Elgoibartik.

«Gorago ezin da joan; mailari eustea da helburua. Urte asko daramatzagu hor. 2006an, 11. krosa ginen Espainiako Federazioaren sailkapenean, eta orain hirugarrenak gara. Tira, hirugarrenak, gu ez goazelako puntu bila. Guk korrikalari onak nahi ditugu, sasoiko egon eta ikuskizuna ematen dutenak. Garbi dut krosik onena garela», zehaztu du Diezek. Iriondok harro egoteko moduko anekdota gehitu du. «IAAFeko delegatu batek kontatu zidan IAAFeko Kros Batzordean pasatutakoa. Estatuko kros bat kendu nahi zuten, eta, egutegia aztertzen hasita, harrituta zeuden nola antolatu zitekeen IAAF kros bat 11.000 biztanleko herri batean!». Diazek eten du: «Eta zergatik ez? Ondo lan egin eta maila mantentzen badugu?». Iriondok itxi du anekdota: «Bada, hori esan zien delegatuak: 'Ni bertan egondakoa naiz, eta hura da krosik onena'».

Gakoa, eusten jakitea

Iraupen lasterketa da krosa, eta hori izan da Mugerzak hobekien egin duena: iraun. «Krisi ekonomikoak gogor erasan die beste krosei, eta guk eutsi egin diogulako gaude hor», laburbildu du Diezek. Iriondok hartu du hitza: «Eta hemen ez du inork txakur txikirik ikusi. Dena antolakuntzara doa. Egotokik antolatzen zuen garaian, diru laguntzak urte amaieran jasotzen genituen, eta, atletei garaian ordaintzeko, mailegu hipotekarioa eskatu behar izaten genuen. Zein zen bermea? Elkartearen egoitza, genuen ondasun bakarra. Dena den, nik behin bakarrik ikusi dut arriskuan proba: 2001eko antolatzaile aldaketan». 95.000 euro inguru behar dira krosa antolatzeko, eta gutxi gorabehera %70 gastatzen dute atletak erakartzen. «Dirua biltzea da lanik zailena. Egun, erakunde publikoek, udalak, aldundiak eta Jaurlaritzak aurrekontuaren %60 jartzen dute, eta bestea, atez ate joanda. Babesle handi eta txikiak ditugu. Elgoibarren dendaz denda joaten gara eskean: 20 euro, 30, 100... eta, gero, igandean, Mintxetara igo eta sarrera ordaintzen dute! Horien aurrean txapela kentzen dut».

Nola fitxatzen da maila handiko izar bat? «Gero eta zailagoa da», bota du Diezek. Urte osoko egutegi eta probak arakatu, eta irailerako garbi izaten du zein izen nahi dituen. «Maila handiko lau gizon eta lau emakume biltzen saiatzen naiz. Lehenbizi, izar horrek krosa egin nahi izan behar du, askok maratoiak eta maratoi erdiak lehenesten baitituzte egun». Iriondok, alde horretatik, garbi du zerk egingo liekeen mesede handia. «Krosa Neguko Olinpiar Jokoetan sartu nahi dute. Lortuko balute... ikusmina asko handituko litzateke». Diezek manager batekin egiten du lan, eta hark errazten dio artekari lana. «Niri, gainera, beste inon korritu ez duten atletak ekartzea gustatzen zait», gehitu du. Eta, gero, katxea: «Noski, fitxatu nahi duzuna nor den garbi duzunean hasten da negoziazioa. Aurten, nahi nituen guztiekin 80.000 euro irteten zitzaizkidan, eta ezin zen izan». Elgoibarrek akordioa du Sevillako (Espainia) krosarekin, eta, normalean, kros batera datorren atleta bestera doa ondoren.

Iriondok makina bat anekdota ditu atzerriko korrikalari eta fitxaketekin. 1990ekoa bikaina da. «Krosa baino bi egun lehenago etortzekoak ziren kenyarrak: Osoro Ondoro eta Ezekiel Bitok. Orduan, federazioekin negoziatzen genuen. Taxilaria aireportura bidali, eta ez zirela etorri. Kenyara deitu, eta ezetz, larunbatean zetozela, bezperan. Tira... Bezperan, harrera udaletxean, eta inor ez. Halako batean, beltz lodi bat ikusi nuen: «Han, delegatua», eta arnasa egin genuen. Eta atletak? Ez ziren etorri, bisa ez zitzaiela iritsi, eta berak bazuenez... Delegatua bakarrik etorri zen! Bezpera eta izarrik gabe. Larunbatean, telefonoz hoska bazter guztietara, eta Kipyego Kororia lotu nuen; Santanderren zen, festa batean. Handik atera, eta goizeko seietan etorri zen Elgoibarrerantz. Eta irabazi! [18 urte zituen, eta 30.32ko marka egin zuen, irabazle batek inoiz eginiko markarik onenetan bigarrena]». Diezek adi-adi entzun du pasadizoa.

Eta nolakoa da tratua korrikalariekin? «Ona, baina, dena bezala, profesionalizatu egin da», azaldu du Diezek. Oroitzapen on pila bat ditu. «Leonard Komonek asko markatu ninduen, Kiprutok ere bai. Negarrez joan zen 2015ean ezin izan zelako lehiatu. Oroitzen naiz Mercy Cherono oso jatorra zela, Cheptegey... Badakite nondik datozen, eta nola tratatzen ditugun hemen». Diezek, kutunen artean, Kenenisa Bekelek Elgoibarren erabili zuen elastikoa du, 2003an irabazi zuenekoa. Iriondok, berriz, beste atleta bat izendatu du: «Mamo Wolde. Hobeak etorriko ziren, baina Elgoibarren hura gogoratzen da gehien. Umetan ikusi nuen, eta harritu egin ninduen». Wolde krosa irabazi zuen lehen atzerritarra izan zen, eta lau aldiz altxatu zituen besoak helmugan (1962, 1963, 1967 eta 1968). Mintxetako zirkuituan haren irudia dago, eta junior mailako sariak haren izena darama.

76.a, bai; 77.a, airean

Iragan eta orain handia du probak, baina ba al du etorkizunik? Ez dira hain baikorrak. Diez: «Zail ikusten dut. Mintxeta atletismo taldeak eta Elgoibarko Udalak 2019ra arteko akordioa sinatuta dute; beraz, 76.a egongo da, baina hortik aurrera... Gauzak aldatu behar dira. Nik jarraitu dezaket, baina nire alboan daudenek, ez; ez ditut behartu nahi». Iriondo uste berekoa da: «Berrikuntza behar da, antolakuntza mailako iraultza bat, baina krosaren nortasunari eutsiz». Diezek egoeraren diagnostiko zorrotza egin du: «Orain primeran gaude, baina mentalki ireki behar dugu. Udalak alde horretatik zerbait egin behar du, Mintxeta taldeari zama hori kendu. Nik ezin dut elkarteko inor hau hartzera behartu. Kudeaketa eredu berria behar da, beste probetan bezala. Laguntza eskatzen ari naiz». Antolakuntzaren profesionalizazioa izan daiteke konponbidea, proba askotan gertatu bezala, baina antolatzaile horiek, probaren onerako, sustraiak Elgoibarren izan beharko lituzkete.

BERRIAn argitaratua (2018/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA