astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

bizigiro

LIBE MIMENZA

«Tokikoak dira Facebooketik bisita gehien duten hedabideak»

Urtzi Urkizu

«Tokikoak dira Facebooketik bisita gehien duten hedabideak»

EHUko irakasle eta ikerlaria da Libe Mimenza (Elorrio, Bizkaia, 1988). Nor taldeko lagunekin batera, Tirabirak dokumental transmedian parte hartu zuen. Komunikazioaren trasmediatasuna ikertzen aritu da.

Zenbateraino da Facebook probetxuzkoa eta zenbateraino kaltegarria euskarazko komunikabideentzat?

Facebook kaltegarria ez da. Ezin da izan kaltegarria, aukera bat baita bere horretan publiko gehiago eskuratzeko. Euskarazko hedabideak jarraitzaileengana beste kanal batetik iristeko aukera bat da. Kontsumo ohiturak aldatu direnez, kontsumitzaile berriak lortzeko ere bide izan daiteke.

Urtekarian jaso duzunez, Hekimeneko hedabideen webguneetara iristen diren bisitetatik %22 Facebooketik datoz. Ehuneko hori handitu daiteke?

Bai. Ezin dugu esan zein neurritan, baina, epe labur-ertainean, hazkuntza geratzeko zantzurik ez dago. Urtez urte, datuak gorantz doaz. Sare sozialaren erabiltzaile kopuruen datuak ere goranzko bidean doaz.

Horrek zer aldaketa ekar ditzake hedabideen eskaintzan?

Facebook erronka bat ere bada. Aldaketak ekar ditzake edukiak plataformara egokitzeko orduan. Hedabideek pentsatu beharko dute edukiak propio plataformarako sortu ala ez. Pentsatu beharko dute zer eduki partekatu plataforman, eta nola zabaldu. Estrategia digitala egiten denean, ez da soilik webekoa, sare sozialei begirakoa ere egin behar da.

Goierriko Hitza-ren kasua deigarria da. Bisiten %66 Facebook-etik iristen zaizkio. Nolatan da hain handia ehuneko hori?

Azterketan ikusten da Facebooken pisua ez dela berdina hedabide guztietan. Tokikoak dira Facebooketik bisita gehien jasotzen duten hedabideak, eta horren adibide da Goierriko Hitza-ren kasua. Gero eta ikerketa gehiago daude esaten dutenak Facebook bidez tokiko informazioa kontsumitzeko interesa dagoela. Zentzua dauka, Facebook lagunetan oinarrituta dagoen sare soziala delako. Sare sozialean gehitzen diren orrialdeak norberaren interesekoak dira, eta tartean daude tokikotasunari lotuta sentimendua sortzen dutenak.

Facebookeko jarraitzaileak nolakoak diren aztertu duzu. Ez dira gaztetxoenak, ezta?

Ez. Pentsatu izan da Facebookeko publikoa gaztea dela. Baina ez dira nerabeak; 12-17 urte artekoak ez dira %1era iristen, eta 18-24 urte artekoak %14 bueltan daude. Gaztetxoak beste kanal batzuetan dabiltza. Euskarazko komunikabideen Facebookeko jarraitzailea gaztea da, baina ez horrenbeste [%60 25-44 urte bitartekoa da].

2017ko urrian, Hekimeneko hedabideek Facebooken osatzen duten komunitatea 208.683 zalekoa zen.

Datua esanguratsua da, baina jarraitzaile totalak dira. Ni, adibidez, banaiz BERRIAren jarraitzailea, Argia-rena, Anboto-rena... Azterketa zehatzagoa litzateke banan-banan begiratuta.

Erabiltzaileen atxikimendua eta interakzioa handitu daiteke Facebooken bitartez?

Bai, handitu liteke. Errazagoa izaten da zabalpena, iritziak ematea baino. Dena den, interesgarria da begiratzea hedabideen edukiek zenbat inpresio dituzten. 2017ko irailean, Hekimeneko Facebook orrien postek hamahiru milioi inpresio lortu zituzten. Hori, totalak. Inpresio bakarrak, erabiltzaile bakoitzarenak, hiru milioi izan ziren. Hori kontuan hartzeko moduko datu potoloa da. Estrategia onak erabilita, atxikimendua eta interakzioa handituko da.

Nolako estrategiak landu nahi dituzue Hekimenen?

Azterketa honekin, lehen hurbilketa egin dugu. Datu kuantitatiboak lortu ditugu. Orain, hedabideekin batera, zer eta nola egiten den aztertu nahi dugu. Hori landuko dugu datozen hilabeteetan. Bigarren azterketa kualitatiboa egingo dugu, ikusteko zer tipologiatako edukiak diren gehien partekatzen direnak, eta saiatuko gara argitzen zeintzuk diren arrakasta lortzen duten hedabideak eta zertan oinarritzen den arrakasta hori.

BERRIAn argitaratua (2018/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA