astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

politika

Ubel bat polizia «integralerako» jauzian

Iñaki Petxarroman

Ubel bat polizia «integralerako» jauzian

Francisco Etxeberria auzi medikuak gidatutako taldeak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako txostenak mahai gainean utzi ditu Ertzaintzaren aurka egindako 336 tortura salaketa. Ordena kronologikoari erreparatuz gero, ordea, tortura gehienak 1991tik 2003ra bitarteko urteetan kontzentratzen dira, Juan Maria Atutxa eta Javier Balza Herrizaingo sailburu izan ziren garaian.

Hain zuzen ere, Atutxaren agintaldian ageri da jauzi handi bat tortura salaketetan. 1991ko otsailean hartu zuen kargua Atutxak, eta urte horretan hamabi lagunek salatu dituzte polizia autonomikoaren tratu txarrak EHUk eginiko txostenean. Garai hartan, gainera, protagonismoa hartzen hasi zen Ertzaintza ETAren aurkako borrokan. Ajuria Eneko Ituna indarrean zen 1988tik, eta Madrilen agintzen zuten sozialistek eta jeltzaleek harreman sendoa zuten. 1990ean atxilotu zituen Ertzaintzak, polizia operazio batean, Andoni eta Ane Murelaga anai-arrebak eta Aintzane Arboizti, ETAko kideak izatea egotzita. Inkomunikazio aldian torturak eta tratu txarrak salatu zituzten. Murelagak jakinarazi zuen kolpeak eta mehatxuak jasan zituela, eta, besteak beste, saihets bat hautsia zuela frogatu zuen auzi medikuak. Arabako Auzitegiak Jon Ziarsolo —Ertzaintzaren goi karguduna, gaur egun— eta beste bi ertzain —tartean 1993an ETAk hil zuen Joseba Goikoetxea— auzipetu eta absolbitu zituen, froga nahikorik ez zela aurkeztu ebatzita. ETAk agiri batean adierazi zuen Murelaga anai-arreben eta Arboiztiren aurkako tratu txarrak «urrats bat» zirela Ertzaintza «Espainiako Estatuko segurtasun indar» bilakatzeko.

1991n, Ertzaintzaren ardura Atutxak hartu zuen garaian, jauzi handia egin zuen polizia autonomikoak ETAren aurkako borrokan. Polizia operazioak, istiluak —haietako batean Juan Mari Ormazabal Tturko eta Alfonso Mentxaka agentea hil ziren ertzainen eta etakideen arteko tiroketa batean—, atxiloketak eta tratu txarren salaketak ugari izan ziren garai hartan.

ETAren eta Jaurlaritzaren arteko talka areagotuz joan zen urtetik urtera. 1993an, ETAk Joseba Goikoetxea ertzainburua hil zuen, eta ekintza hura bere gain hartzeko agirian salatu zuen Ertzaintza «hiritarrak kontrolatzeko eta zapaltzeko tresna» bihurtu zela. Areago joan zen ETA: «Ez dugu torturatzaileen arteko bereizketarik egingo, euskaldunak nahiz espainolak izan». Ertzainburu baten aurkako bigarren atentatu zuzena zen Goikoetxearena. 1985ean, Carlos Diaz Arkotxa Ertzaintzako buru nagusia hil zuen erakunde armatuak, autoan bonba bat lehertuta. Diaz Arkotxa Espainiako armadako teniente-koronela ere bazen.

Hilda polizia etxean

Gatazka politikoarekin zerikusirik izan ez arren, kasu larri batek alarmak piztu zituen Ertzaintzaren jardueraren inguruan. 1993ko abuztuan, auto lapurreta bat egitea egotzi, eta jazarpen baten ostean atxilotu zuen Ertzaintzak Juan Calvo. Atxilotu eta ordu batzuetara, hil egin zen —42 urte zituen, eta bilbotarra zen—; autopsiaren arabera, bizkarrean eta hainbat gorputz ataletan ubeldurak zituen, eta ura zuen biriketan. Gasteizko ospitalera eraman zutenean biluzik zegoen, eta gas usaina zuen. Barne Sailak haren heriotzaren inguruan esan zuen «izaera paranoikoa» zuela eta atxilotua egon zen bitartean etengabe aritu zela ura edaten. Hain zuzen ere, kasu horregatik Gasteizko Auzitegiak sei urteko zigorra ezarri zion ertzain inspektore bati, eta hamar egun eta urtebete bitarteko zigorrak beste sei ertzaini. Zuhurtziagabetasun ausartegia egotzi zien seiri, eta lesio faltak bosti.

Kalean gero eta ohikoagoak ziren ertzainen eta ezker abertzaleko kideen arteko istiluak. Haietako batean, Bilboko Aste Nagusian, Ander Susaeta ertzaina jipoitu zuten hainbat lagunek. Kasu horrek oihartzun mediatiko handia eduki zuen, eta hiru lagun espetxeratu zituzten. Xabier Kalparsoro etakideak ere salatu zuen Ertzaintzak drogatu egin zuela atxiloketa aldi batean. Kalparsoro leiho batetik erorita hil zen Espainiako Poliziak atxilotuta zeukala.

Urtetik urtera handitu egin zen tentsio politikoa, eta 1997a izan zen Ertzaintzaren tortura salaketa gehieneko urtea, EHUren txostenaren arabera. Hain zuzen ere, 42 lagunek salatu zuten torturak jasan zituztela Ertzaintzaren esku zeudela, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren esku baino kasu gehiago.

ETAk gogor jo zuen Ertzaintzaren aurka. Ramon Doral ertzainburua hil zuen 1996an. Urtebete lehenago, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak lurperatzen ari ziren senideak bortizki jo zituzten ertzainek. Bakearen Aldeko Koordinakundeak eta beste talde bakezale batzuek ere gero eta kale protesta gehiago egiten zituzten ETAren aurka, eta sarritan izaten ziren ezker abertzalearen inguruko herritarrak haien aurrean. Besteak beste, Julio Iglesias eta Cosme Delclaux enpresaburuak bahituta egon ziren garaian xingola urdinak eramaten zituzten herritar askok protesta moduan.

Tentsioak goia jo zuen 1998ko ekainean, Ertzaintzaren operazio batean Ina Zeberio etakidea hil zutenean Gernikako etxe batean. 13 tiro eta 28 bala zulo aurkitu zizkioten. Urte berean, Lizarra-Garaziko prozesua martxan jarri, eta irailean ETAk su-etena eman zuen, baina 1999ko azaroan amaitu egin zuen, eta beste liskar aldi bat zabaldu zen Herrizaingo sailburu Javier Balzaren garaian. Hain zuzen ere, 2000. urtetik 2003. urtera Ertzaintzaren 114 tortura salaketa jaso dituzte Jaurlaritzaren txostenean. Ertzainen aurkako hainbat atentatu egin zituen ETAk, besteak beste, Hernanin, Beasainen eta Leaburun. Lau agente hil zituzten.

Protokoloa, martxan

2003an, ordea, inkomunikatutako atxilotuentzako protokolo bat onartu zuen Jaurlaritzak, «inpunitaterako esparrurik» ez uzteko asmoarekin. Protokolo horrekin Jaurlaritzak kendu egin nahi zuen agenteen gainean egon zitekeen susmoa. 50 neurri jaso zituen protokoloak, baina hasiera batean ez zuen aintzat hartu atxiloketa aldia kameraz grabatzeko neurria. Javier Balza sailburuak argudiatu zuen «ikerketen eraginkortasunagatik eta polizien segurtasunagatik» egin zutela.

Hiru urte geroago, neurri hori ere gehitu zion Jaurlaritzak protokoloari, eta inkomunikatutako atxiloketak grabatzeari ekin zion Ertzaintzak. 2003tik aurrera ia ez dute jaso tortura salaketarik txostenean, Rodolfo Ares sozialistak Ertzaintzaren ardura hartu arte.

Joseba Azkarraga (EA) Justizia sailburua zen protokoloa onartu zen garaian. Adierazi duenez, EA gobernuan sartu zenetik aritu ziren halako protokolo bat aurrera eramateko eskatzen. «Edozein opakutasun eremu ezabatu behar genuelakoan geunden». EAk hartu zuen ekimena, eta trabak aurkitu zituzten, baina Juan Jose Ibarretxe lehendakariak babestu egin zuen ekimena, eta «horri esker» atera zen aurrera, Azkarragaren esanetan.

Azkarragari berari iritsi zitzaion senide batzuen aldetik gertuko tortura salaketa «nabarmen» bat Ertzaintzaren aurka, eta hori «argudio gisa» erabili zuen protokoloaren beharra mahai gainean jartzeko. Azkarragak babestu egin du Paco Etxeberriak zuzendutako txostena, eta gaitzetsi Eusko Jaurlaritzak berak, Josu Erkoreka bozeramailearen bidez, balioa kendu izana. «Oso kezkagarria iruditzen zait».

Atutxak ez du hitz egin nahi

Lan honetan BERRIAk jaso nahi izan ditu Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburu ohiaren eta Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza zuzendariaren iritziak, baina uko egin diote gaiari buruz hitz egiteari, oraingoz.

2010eko urtarrilean hainbat lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Ondarroan, ETAko kideak izatea egotzita. Atxilotuetako lauk torturak eta tratu txarrak egotzi zizkioten polizia autonomikoari, eta haien abokatu Alfonso Zenonek salatu egin zuen hori, esanez Ertzaintzak torturatu egiten zuela, «Rodolfo Ares sailburuaren aginduz». Aresek, hasiera batean, atxiloketa aldiko grabazioak zeudela esan zuen, baina inoiz ez zituen erakutsi. Irudi horiek hiru hilabetera automatikoki ezabatu ohi direla argudiatu zuten Jaurlaritzako arduradunek, baina, kasu honetan salaketa bat tartean egonda, ezabatze hori ezin zen egin automatikoki, ezarritako prozedurak bete izan balira, behintzat. Aresek, gainera, abokatuaren aurka jo zuen epaitegira, eta haren ohoreari kalte egin izana egotzi zion. Azkenean, auzitegiak absolbitu egin zuen abokatua, baina tortura salaketa horiek ez zuten zigorrik izan. Arartekoak ere eskatu zituen Aresek agindutako grabazioak.

BERRIAn argitaratua (2018/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA