astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

politika

AHOTS DESEROSOAK

Gotzon Hermosilla

AHOTS DESEROSOAK

Elkarrizketa hasi aurretik, hasperen egin du BERRIAk bildutako hiru lagunetako batek, zeregin nekoso eta gogaikarri bati ekin behar dionaren aldartearekin. «Marka da gero urtea honetaz berba egiten hasi behar izatea!». Denek eman diote baiezkoa egunkariaren gonbidapenari, baina nabari dute hautua ez dutela gogoko, oraindik ere barruan gauza asko mugiarazten dizkielako, eta haien egoera ere berezia delako.

Ezinbestean, tortura gaurkotasuneko hizpide bilakatu da berriro azken bolada honetan, Eusko Jaurlaritzaren aginduz eta Paco Etxeberriaren zuzendaritzapean EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuko talde batek egindako txostena plazaratu eta gero. Herritar gehienek bazekitena berretsi du ikerketak: Euskal Herrian tortura egon dela, egon ere, eta «presentzia garrantzitsua» izan duela 1960tik hona, txostenaren aurkezpenean erabilitako hitzekin esanda.

Baina gehiago ere esaten zen txosten hartan. Jasotako salaketetatik, 336 Ertzaintzari dagozkio. Eta badirudi hori onartzea ez dela Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak torturatu egin dutela aitortzea bezain samurra. Horregatik, Iñaki Gonzalo, Urtza Alkorta eta Gaizka Gañanen testigantzak mingarriak bezain deserosoak dira. Mingarriak batez ere haientzat, eta haien senide eta gertukoentzat, oinazea biziberritu behar izatea inoiz ez delako erraza; baina deserosoak ere bai, askok ezkutatu eta ukatu nahiko luketen errealitate baten aurrean jartzen dutelako euskal gizartea.

Iñaki Gonzalo 1994an atxilotu zuten; Gaizka Gañan, berriz, 2002an, eta Urtza Alkorta, 2010ean. Hainbat urteko tartea dago atxiloketen artean, eta arduradun politikoak ere desberdinak ziren —Juan Maria Atutxa (EAJ) zen Barne sailburua Gonzaloren kasua gertatu zenean, Javier Balza (EAJ) Gañanenean eta Rodolfo Ares (PSE-EE) Alkortarenean—, baina bitxia da ikustea kontakizun guztietan osagai batzuk behin eta berriro agertzen direla.

Gonzalok dioenez, bere atxiloketa «bortitza» izan zen: kaleko jantzitako zenbait ertzainek atxiki, lurrera bota eta burua zanpatu zioten. Zauria eragin zioten buruan; auzi medikuak salatzeko aholkatu zion, eta hala egin zuen. Carabanchelgo espetxean (Espainia) hiruzpalau egun zeramatzala, Madrilgo polizia etxe batera eraman zuten, eta han salaketa jarri zuen. Gaur arte; geroztik ez du inoiz salaketa haren inguruko berririk izan.

Getxoko (Bizkaia), Arkautiko (Araba) eta Hernaniko (Gipuzkoa) ertzain etxeetan egon zen: «Oso neurtuta daukate dena. Fisikoki ez ninduten ukitu, baina tratu txarra etengabea izan zen: presioak, mehatxuak, ziegan argia piztu eta loa galaraztea, galdeketa amaigabeak, Guardia Zibilaren esku uzteko itxurak egitea eta abar. Nik uko egin nion ura edateari, baina nirekin atxilotu zituztenek ez, eta haluzinazioak izan zituzten».

«Ni etxetik ateratzean atxilotu ninduten», azaldu du Gañanek. «Arkautin bost egunez inkomunikaturik eduki ninduten. Atxiloketa eta Arkautin egin zidaten harrera bortitz samarrak izan ziren. Ni higatzen saiatzen ziren: presioa eginez, loa galaraziz... ziegak oso hotz zeuden, eta ez zidaten tapakirik edo jantzirik eman. Ez nuen lortzen buruz ikasterik eurek deklaratzea nahi zutena; bi aldiz deklaratu nuen, eta, gustura gelditu ez zirenez, hirugarren deklarazioan orri batean markatu zidaten zein galderatan erantzun behar nuen baietz, eta zeinetan ezetz».

Gañanek nabarmendu du «zaila» dela «bost egunean gertatutakoa bost minutuan kontatzea», baina, laburbilduz, «oso esperientzia txarra» izan zela dio. «Kolpeak jasan nituen, ez oso bortitzak baina bai eraginkorrak, oso jarrera behartuetan egon eta ariketak eginarazi ostean leku zehatzetan ematen zizkidatelako». Gañanek tratu txarrak salatu zituen epailearen aurrean igaro zenean, baina epaileak esan zion hura ez zela salaketa egiteko toki aproposa. Geroago, kartzelan zegoela, haren abokatuak salaketa jarri zuen. Handik gutxira artxibatu egin zuten.

«Lehenbizi bost pertsona atxilotu zituzten, horien artean nire lagun handi bi», esan du Alkortak. «Eta ni atxilotu ninduten hain zuzen lehenengo atxiloketa horiek zirela-eta arartekoarekin bilera egitetik nentorrela. Tratu txar fisikoa batez ere izan zen atxilotzearen unean eta lehenengo egunean; geroago, batez ere psikologikoa izan zen: zaratak, argiak, mehatxuak, lagunak oihuka entzutea eta abar».

Torturak pairatu dituen norbaitentzat ez da erraza testigantza ematea. Gonzalo, Gañan eta Alkortaren kasuan, arazoa areagotu egiten da: badakite euren lekukotasuna deserosoa suertatzen dela, askoren uste eta aurreiritziak puskatu egiten dituelako; horren ondorioz, badago horrelakoak gertatu direla sinetsi nahi ez duenik. Are gehiago: eurek ere inoiz zalantzan jarri dute polizia etxean bizi izandakoa, edo bizi izandakoa nola izendatu behar duten.

«Kostatu zait esatea»

«Niri kostatu zait esatea torturatua izan naizela», azaldu du Alkortak. «Zoritxarrez, Euskal Herrian tortura kasu mordoa ezagutu dugu; orduan, argazkietan ubeldurak eta zauriak ikusten dituzunean, pentsatzen duzu 'nola esango dut nik torturatua izan naizela, beltzune bat eta giharretako kontraktura baino ez badaukat?'. Nik irakurri behar izan dut torturaren definizioa, eta ariketa egin, torturatu nautela jabetzeko».

Antzeko sentsazioa izan du Gonzalok ere: «Nik kartzelaldian ez dut inoiz arazorik izan egin zidatena kontatzeko, eta banekien hori ez zela normala, baina ez naiz torturaren kontziente izan: azken bolada honetan hasi naiz kontzienteago izaten. Neuk ere ariketa hori egin behar izan dut». Alkortaren arabera, «gizarteak barneratua du Guardia Zibilak eta beste polizia batzuek torturatu egiten dutela, baina Ertzaintzarena ez dago hain barneratuta; ez da hain erosoa onartzea zure auzokidea torturatzailea izan daitekeela. Eta badirudi Ertzaintzak torturatu gaituenok frogatu behar dugula gertatutakoa, geu garela epaituak».

Gañanek dioenez, atxilotuta egon zen bitartean, ertzain batek esan zion eurek ez zutela torturatzen, «eta, gainera, berak horrelakoen berri izanez gero ez lukeela onartuko. Harentzat tortura zen elektrodoak jartzea edo bainuontziarena egitea. Antza denez, norbait biluzi eta zoruan arrastaka erabiltzea hartaz barre egiten duten bitartean ez zuen torturatzat edo umiliaziotzat hartzen».

Txostenaren datuen harira, Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek esan zuen horren aurkezpenean Ertzaintzaren jarduna Espainiako Polizien aldean «kuantitatiboki eta kualitatiboki» ezberdina izan dela. «Ondarroan badugu esaera bat horretarako —azaldu du Alkortak—, itsun herrixan tuertu nausi [itsuen herrian begibakarra nagusi]. Ez da konparagarria: giza eskubideak urratzen dira, edo ez dira urratzen. Urratu dituzte, bai ala ez? Eta, erantzuna baiezkoa bada, zer egingo du Jonan Fernandezek horren aurrean?».

Gonzalok uste du orain aurkeztu den ikerketa «oso ona» dela. «Behingoz txosten serio bat egin dute, zorroztasun handikoa, zoriontzekoa eta txalotzekoa dena, eta horri esker esan dezakegu, datuak eskuan, Euskal Herrian torturatu dela, asko eta denbora luzez torturatu ere, eta Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak torturatu dutela. Horren aurrean, Fernandezen adierazpenak sobera daude. Euskal Herrian giza eskubideak urratu dira, eta egoera hori gainditu behar dugu; baina gainditzeko lehenengo urratsa da egia osoa jakitea».

Mintzaideetako bakoitzak bere burua islatuta ikusten du gainerakoen kontakizunetan, eta baiezko keinua egiten du buruarekin besteen esperientziak entzuten dituenean. Izan ere, xehetasun asko behin eta berriro agertzen dira kontakizun guztietan: polizia onaren eta polizia txarraren rol banaketa, atxilotu batzuek haluzinazioak izatea, atxilotua Guardia Zibilaren esku uztearekin mehatxu egitea... —«Nik hori beti eduki dut buruan», zehaztu du Gonzalok. «Zergatik zen haien mehatxu nagusia guardia zibilen esku utziko gintuztela, eta, gure kasuan, haietako bat guardia zibila izango balitz bezalako itxurak eginez? Zergatik erabiltzen zuten torturaren mehatxua tortura gisa? Bazekitelako guardia zibilek torturatzen zutela? Eta, baldin bazekiten, zergatik ez zuten ezer egin?»—.

Eta, eskarmentu horretatik abiatuta, ideia batean ere bat datoz hiru mintzaideak: Euskal Herrian tortura «sistematikoa» izan dela, tresna politiko gisa erabili dela, eta horren xedea, pentsa daitekeenaren kontrakarrean, ez dela soilki informazioa lortzea: «Herri honetan tortura erabili da disidentziaren kontra egiteko», esan du Gonzalok, «eta helburua ez da izan informazioa lortzea, beldurra sortzea baizik. Eginkizun horretan, polizia bakoitzak bere rola izan du. Onar dezakegu Ertzaintzaren jokabidea ez dela Guardia Zibilarena bezain bortitz eta basatia izan, baina jokabide horrek funtzio bera zuen».

Alkortak berresten du Gonzalok esandakoa: «Ni eraman nindutenean, ez ziren saiatu niri lehenagotik ez zekiten informaziorik ateratzen. Alderantziz, eurek aldez aurretik prestatutako kontakizun eta kronologia neuk buruz ikastea eta berrestea baino ez zuten nahi».

Eta Gañan ere bat dator ideia horretan: «Niri esaten zidaten DNA frogak zeudela nire kontra. Eta, orduan, zertarako behar zuten ni bost egunez inkomunikaturik edukitzea? Nik ateratzen dudan ondorioa da helburua zela ni suntsitzea, militante gisa ez ezik, pertsona gisa ere bai. Eta neurri batean lortu zuten. Kosta egin zitzaidan osatzea, eta, osatuta ere, horrekin bizi zara beti. Ni, adibidez, ez naiz inoiz pertsona beldurtia izan, baina atxiloketaren ostean etxea aldatu behar izan genuen. Ez nintzen gauza atxilotu ninduteneko garajean sartzeko, ezta lagunduta ere».

«Euskal Herrian tortura sistematikoa izan da», erantsi du Alkortak. «Polizia bakoitzak bere metodoak erabili ditu: batzuek gehiago erabili dute tortura fisikoa, eta beste batzuek, tortura psikologikoa, baina nork bere rola jokatu du».

Kamerak eta protokoloak

Alkortaren eta harekin batera atxilotutako beste zenbait gazteren tortura salaketak hautsak harrotu zituen bere garaian. Orduan, Rodolfo Ares zen Herrizaingo sailburu, eta salaketaren berri izan zuenean iragarri zuen kereila aurkeztuko zuela Alfontso Zenon abokatuaren kontra, gazteak torturatu egin zituztela esateagatik. Gainera, eta torturarik ez zela egon frogatzeko, itaunketak bideoz grabatu zituztela esan zuen orduan Aresek, grabaziorik erakutsi ez zuen arren.

Baina Durangoko epaitegiak (Bizkaia) diligentziak abiarazi zituen atxilotuen salaketa horren ondorioz, eta Alkorta atxiloturik egon zeneko bideo irudiak eskatu zizkion Herrizaingo Sailari. Horrek erantzun zion ez zegoela atxiloaldiaren grabaziorik. Geroago, Arartekoak esku hartu zuen auzian, eta hark egindako eskaerei Herrizaingo Sailak erantzun zien «grabazioak gordetzeko gutxieneko epea» igaroa zela eta «grabatutako materiala suntsitu» egin zela.

Horrek guztiak lotura zuzena du sinesgarritasunaren auziarekin. «Haientzat oso erraza da», esan du Alkortak. «Tortura salaketak badituzte, eta egia baldin bada ez dutela inoiz inor torturatu, itaunketak bideoz grabatzea eta irudi horiek erakustea baino ez lukete izango ustez faltsuak diren salaketa horiek indargabetzeko. Nik horixe egingo nuke. Baina ez dute egiten. Zergatik?».

Gañanentzat, berriz, kontatzen duenari sinesgarritasuna kendu nahi izatea edo zuzenean «gezurra» dela esatea «beste umiliazio bat» da, lehenagoko oinazeari gehitu beharrekoa. «Polizia etxean torturatua izan ondoren, umiliaturik sentitzen naiz horrelakoak entzuten ditudanean. Badirudi neuk frogatu behar dudala gertatutakoa, baina nik ez daukat kamerarik polizia etxean, eta protokoloak ere nik ez ditut ezartzen», esan du.

Erreakzioak

Txostenak ez du ia inor epel utzi, eta balorazioak mota guztietakoak izan dira. Giza eskubideen arloan lan egiten duten zenbait elkartek, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak eta Amnesty Internationalek, esaterako, txalotu eta goraipatu egin dute ikerketa. Baina kontrako iritziak ere egon dira.

Deigarrienak PSE-EErena eta Erne sindikatuarena izan dira. Sozialistek adierazi zuten ez zeudela ados txostenaren emaitzekin eta hura egiteko metodologiarekin, eta, hortaz, ez zutela hura babestuko, nahiz eta ikerketa Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindakoa izan eta PSE-EE Jaurlaritzako kide izan EAJrekin batera. Erne sindikatuak, berriz —gehiengoa du Ertzaintzan—, gogor jo zuen txostenaren kontra. «Ziurta dezaket Ertzaintzak ez duela inoiz torturatu», esan zuen sindikatuko idazkari nagusi Roberto Seijok. «Beharbada zuzenak ez diren jardunbideak egon litezke, baina horiek ezin dira torturekin edo tratu txarrekin nahastu».

Adierazpenok ez dituzte Gonzalo, Gañan eta Alkorta ezustean harrapatu, baina, hala ere, ezin dute ezkutatu horrelakoek sortzen dieten nahigabea. «Ernek zer esango du, bada?», galdetu du Gonzalok. «Eta PSE-EEk? GAL nork sortu zuen? Nor zegoen agintean tortura kasu lazgarrienetako batzuk gertatu zirenean? PSE-EEk horretaz ez zekien ezer?».

PSE-EEren eta Erneren jarrera bezain mingarria suertatu zaio Gonzalori beste eragile batzuen isiltasuna. Txostenaren aurkezpenean Jonan Fernandezek esan zuen torturaren biktimek askotan ez dutela jaso behar zuten arreta politiko eta mediatikoa, eta haientzat ez dela errekonozimendurik eta erreparaziorik izan. Ez du ematen txostena argitara atera ondoren gauzak aldatuko direnik: «Gurea bezalako herri txiki batean, 4.000 tortura kasu baino gehiago dokumentatuta egoteak —adituek diotenez, 20.000 inguru izan daitezkeenak— guztiz eskandalagarria beharko luke», adierazi du Gonzalok. «Baina ez da ezer gertatzen. Hedabideek, esaterako, zer egin dute urte horietan guztietan, zeri begira egon dira?».

Horren harira, Alkortak gogorarazi du txostenean jasotako 4.113 kasu horiek ez direla gertatu diren guztiak, eta kopurua askoz altuagoa dela. Ez soilki Nafarroako kasuak oraindik bildu gabe daudelako: Alkortak berak, esaterako, lehenengo pausoa egin du, abokatuak bere kasuaren berri eman zielako ikerlariei, baina oraingoz ez du besterik egin, eta egoera berean dauden beste bi lagun ere ezagutzen ditu: «Horrek esan nahi du orain arte erabili diren kopuruak txiki geratuko direla», azaldu du. «Izan ere, kosta egiten zaigu hitz egitea; ariketa oso pertsonala da, intimoa, eta barruan gauza asko mugitzen dizkizuna».

Aurrera begira

Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko txostenak iraganari begiratzen dio —1960tik 2014rako epea hartzen du aintzat—, baina etorkizunean ibili beharreko bidearen lehenengo pausotzat ere jo daiteke, eta halaxe hartu zuen Jaurlaritzak ikerketaren aurkezpenean, esan zuenean biktimei ahotsa ematea zela «lehen urratsa».

Eta hurrengo urratsak zeintzuk izan daitezke? Biktimen inguruan hitz egiten denean, aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea aipatu ohi dira. «Aitortzarena kostatzen ari da, eta orain ikusi dugu, txostena argitaratu denean», esan du Alkortak. «Gizartean kosta egiten da gertatutakoa aitortzea, baina Ertzaintzak torturatu du, eta datuak badaude. Denon artean konponbidea topatu nahi badugu, hori argitu beharko da».

Alkortak argi utzi nahi du berak ez duela «mendekurik» nahi. «Aitortza eskatzen dut; erreparazioari dagokionez, uste dut aitortza bera erreparazioaren zati handi bat dela, gu torturatu gaituztela etengabe frogatu beharrean ez ibiltzea; eta gero, jakina, bermatzea ez dela berriro gertatuko».

«Gatazka gordin bat egon da Euskal Herrian; jende askok sufritu du alde guztietan», pentsatzen du Gonzalok. «Helburuak izan beharko luke egia osoa jakitea, beldurrik gabe. Aurrera egiteko, gertatutakoa onartu egin behar da».

Egiaren azaleratze horretan, ertzainek ere zereginik badutela uste du Alkortak: «Lehen, Erne aipatu dugu, baina ertzain guztiak ez daude Ernen. Ertzainen artean egongo da horrelako egoerak bizi eta ikusi dituenik. Beraien eskuetan ere badago urratsak egitea egia jakin dadin». Egia aitortzeak ez du mina ezabatzen —«ni asko aldatu naiz ertzain etxetik igaro nintzenetik. Orain ezin dut orduko bizimodua egin», dio Gañanek—, baina hura gainditzeko ezinbesteko urratsa izan daiteke.

BERRIAn argitaratua (2018/01/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA