astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

kirola

Lagun onak, ia anaiak

Jon Eskudero

Lagun onak, ia anaiak

Azkoitiarra Igor Zubeldia. Azpeitiarra Jon Guridi. 1997an jaioa lehena, 1995ean bigarrena. Biak zelai erdiko jokalariak, eta biak Realaren lehen taldean estreinako denboraldia osatzen ari direnak. Zubietako azken bi harribitxiak 11 urte zituztela heldu ziren Donostiako klubera, eta antzeko ibilia izan dute ordutik. Beti nabarmendu izan dira behe mailako taldeetan, eta itxaropen handiarekin heldu dira Eusebio Sacristanen eskuetara. Dotorea aritu da orain arte Zubeldia, erakutsi baitu tokia baduela lehen taldean. Zorte txarra etsai izan du Guridik, debuteko partidan min hartu, eta bederatzi hilabete eman baititu geldirik. Urte berriarekin batera, ordea, apur bat jokatu, eta bere buruaren berri eman nahi luke. Besteak beste, biek ere Realean urrutira heltzea baitute amets. «Errazena egin dugu Realera iritsita; orain, zailena mantentzea izango da», nabarmendu du Zubeldiak.

Urteak dira elkar ezagutu zutela Zubeldiak eta Guridik, nahiz eta hitz askorik egin ez garai haietan. «Bata bestea baino bi urte zaharragoa izanik, behe mailetan ez genuen bat egin, baina taxian elkartzen ginen askotan etxetik Zubietarako joan-etorriak egiteko. 11-12 urte izango genituen», gogoratu du Zubeldiak. «Batez ere, Realaren bigarren taldean sendotu zen gure harremana. Bi denboraldiz elkarrekin jokatu genuen, batzuetan hasieratik aritzen ginen biok, eta, ondoko herrikoak izaki, beti egon da harreman berezia», erantsi dio Guridik. Elkarren babesean erosoago sentitu dira, Zubeldiaren hitzetan. «Donostiar batekin ustez euskara batuan egiten dugu biok, baina ez digute hala esaten. Gure euskaran eta era naturalean hitz egiteko mesedegarria da elkarren arteko gertutasuna».

Beraz, Azpeitiaren eta Azkoitiaren arteko lehiarik ez al dute inoiz sentitu? «Askotan galdetu digute hori, eta batzuek eusten diote mito horri. Guk, ez. Azpeitiak futbolariak izan ditu bat baino gehiago, eta Azkoitiak pilotariak. Azken urteak antzuagoak izan dira. Orain, herri bakoitzak du futbolari bana, eta denok gustura egoteko moduan gaude», esan du Zubeldiak. Ados dago Guridi. «Zortea daukagu biok garen tokikoak garelako. Askotan aipatu izan dugu dutxatzeko garaian ea Donostian bizitzen jartzeko aukera planteatu izan dugun. Gertutasunagatik burutik pasatu izan zaigu, baina ederki gaude herrian. Oso herrizaleak gara». Gaiaren harira, Zubeldiak gogoratu du omenaldi polita jaso zutela biek Azpeitian, Anaitasuna Azkoitiko taldearen eta Lagun Ona etxekoaren arteko derbiaren atarian. «Ohorezko sakea egin genuen. Inoiz egin al da halako sakerik bi pertsonaren artean? Aurrez pentsatu beharra izan genuen nola egin baloiari biok ostiko bana jotzeko. Azkenean, uste dut hiru pase eman genizkiola elkarri».

Ezbairik gabe, haien herrietan ospea badute bi gazteek, batez ere haurren artean. «Gu lehengo pertsona berberak gara, eta denak berdin jarraitzen du. Txikitatik ezagutzen dugu denok elkar, baina egia da umeen artean guganako ilusioa ikusten dugula», aitortu du Zubeldiak. Eskola orduak amaitzean zer datorren ondo daki Guridik. «Batzuetan, taberna batean egoten naiz, eta ume mordoa etortzen zaizkit sinadura eske eskolatik ateratzen direnean. Arraroa egiten zait. Gu umeak ginenean gustatzen zitzaigun Realeko jokalariekin egotea, eta orain ere hala izango da, baina kosta egingo zait ohitzea. Realekoak izan arren, pertsona normalak gara. Ni azpeitiar bat gehiago naiz». Zubeldiak barrez kontatu du orain bi aste gertatu zitzaion anekdota. «Goizeko hamarrak ziren, eta etxeko tinbreak jo zuen. Amak atea irekitzean ume batzuk zeuden atarian, eta galdetu zioten ea Zubeldia etxean zegoen. Amak baietz. Eta ume haiekin hizketan jardun nuen».

Helburu bakarra, gozatzea

Batak 22 eta besteak 20 urte izaki, ume garaiak ez dituzte hain urrun. Makina bat joan-etorri eginak dira Zubietara. «Anaitasunan hasi nintzen ni, eta gero Eibarrera joan nintzen. Han ezagutu nuen Oiartzabal. Urtebete geroago fitxatu ninduen Realak, eta orduan hasi ziren bidaiak». Guridik ere azkar en zuen Lagun Onaketik Realerako jauzia. «Txapelketa bat jokatu nuen Realaren izenean, eta gero fitxatu ninduten, 11 urterekin». Fitxaketak gauzatuta, bizitza aldatu zitzaien. «Ez zen samurra eskolatik irten eta ia atseden hartzeko betarik gabe Zubietara etorri beharra. Eskolako lanak egiteko ere ez genuen ia denborarik, eta gaueko bederatziak aldera iristen ginen etxera. Taxian orduak eginak gara», esan du Guridik. Gurasoen egitekoa nabarmendu du Zubeldiak. «Askotan, ordu erdi soil bat irabazteko, aita ibiltzen zen nirekin atzera eta aurrera. Gurasoei esker gaude gauden tokian. Jokalari mordoa ibili da gu bezala, eta, behintzat, zortea izan dugu profesionaletara iristeko».

Noiz hasi ote ziren ikusten bazutela aukerarik futbolean zerbait izateko? «Gaztetako helburu bakarra gozatzea zen. Zubietara ez ginen etortzen egunen batean profesional izateko helburua buruan sartuta. Ez. Ondo pasatzea zen gure nahia. Askotan aritzen ziren gure ondoko zelaian entrenatzen lehen taldeko jokalariak, eta ia pentsatu ere ez nuen egiten noizbait haien tokian egon nintekeenik», azaldu du Zubeldiak. Gazte mailetatik Realaren bigarren taldera igotzean zabaldu zituen begiak Guridik. «Jauzirik zailena hori da ziurrenik, eta orduan pentsatzen hasi nintzen banuela aukerarik Realera iristeko. Ordura arte ez. Orain arteko bidean gozatu egin dugu».

Gozamenetik gutxi izan du, dena den, 2017ak azpeitiarrarentzat. Martxoan egin zuen debuta Mendizorrotzan, Alavesen aurkako derbian, eta min hartu zuen. «Hobeto esanda, min hartuta nengoen aurretik. Belauneko oinazeekin nenbilen, baina isilik nengoen. Beharko. Oso une garrantzitsua zen niretzat, lehen taldean sartu ez sartu adinean nengoelako, eta aukera horri ez nion muzin egin. Hurrengo egunetan belauna blokeatuta eduki nuen, eta bederatzi hilabete hauek gogorrak izan dira».

Zubeldiaren animorik ez du falta izan. «Ni ziur nago laster bere onenera itzuliko dela, dohain handiak dituelako. Nik, alde horretatik, zorte handia izan dut beti. Hilabeteko lesio txikiak izan ditut, baina ez lesio larririk. Horrek erakusten du gozatu egin behar dela momentuaz, edonoiz zorte txarrak eragiteko arriskua dugulako». Horregatik, ikasketak ez dituzte alde batera utzita. Gorputz heziketa ikasten dihardu azpeitiarrak, eta azkoitiarrak, bide horretan hasi bazen ere, utzi egin zuen. «Internet bidez ikasten nuen, eta aspertu egin nintzen. Orain ingelesa ikasten nabil, nahiz eta gaztelera ikasteko ere premia badaukadan».

Zailena, presioa eramatea

Urrutira joan gabe, gazteleraz egiteko aukera Realean badu Zubeldiak. «Batzuetan, barre egiten digute gai horren harira, baina zorte handia izan dugu Reala bezalako familia batean gaudelako. Etxean sentitzen gara. Gero eta konfiantza handiagoa dugu, eta oso pozik etortzen gara Zubietara». Gainera, neguko merkatuan klubak inor ez fitxatzea «ederra» litzatekela gogorarazi du azpeitiarrak. «Dagoeneko lesiotik osatuta nago, eta espero dut maiatzera bitarte aukeraren bat izatea».

Biak ala biak prest daude entrenatzaileak eskatzen dietenerako. «Lehen Mailan abiadura eta kalitate handiagoa igartzen da. Baloia kontrolatu eta pasea emateko ia betarik ez da izaten. Pertsonalki, asko daukat hobetzeko, baina gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Eguneroko lanean sinesten dut». Zubeldiarentzat, batez ere presioari dagokionez nabaritu du Lehen Mailarako jauzia. «Harmailetan hainbeste jende ikusi eta zelaian egotea ez da erraza. Inpresio izugarria egiten du, baina goi mailako jokalari batek jakin beharra dauka horrekin bizitzen». Guridik gogoan du Alavesen aurkako partida. «Eusebiok bezperan esan zidan hasieratik jokatuko nuela, eta izugarrizko urduritasuna eduki nuen. Hori bai, behin izerditan hastean ez dago arazorik».

Biek dute gustuko plaza, hizketan zein futbolean, baina Zubeldiari gain hartu zion abenduaren 20ko une batek. Ligako partida zen. «Zelairatu, eta ukitu nuen lehen baloian gola sartu nion Sevillari. Izugarria izan zen, sinestezina. Gol gutxi sartu izan ditut betidanik, eta Anoetan hori bizi ahal izateak ez du preziorik. Ez nekien nola ospatu, ez ezer. Golaren errepikapena ikusi dut, baina ospakizunena ez, badaezpada». Guridik gogoan du ospakizuna. «Harmailetan nengoen, eta nik behintzat sekulako jauzia egin nuen». Ezbairik gabe, zelairako bi altxor baditu Realak, baina baita klubaren esentziari eusteko ere. Guridik laburtu du ondoen. «Ederra litzateke etorkizunean azpeitiar eta azkoitiar batek taldearen zelai erdia osatzea».

BERRIAn argitaratua (2018/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA