astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

ekonomia

CAFen %1,24 erosita hasi da Eusko Jaurlaritza industria estrategikoetan esku hartzen

Iker Aranburu

CAFen %1,24 erosita hasi da Eusko Jaurlaritza industria estrategikoetan esku hartzen

Gipuzkoako industriaren ikurrik handienetako batekin estreinatu du Eusko Jaurlaritzak bere industria politikaren estrategia berria. CAFen akzioen %1,24 erosi dizkio Kutxabanki, ia hamabost milioi euroan. Tankera horretako lehen operazioa izan da, baina ez azkena, hurrengo hilabete eta urteetan estrategikotzat jotzen dituen enpresa gehiagotan sartzeko asmoa baitu Iñigo Urkulluren gobernuak.

Euskal industrian inbertitzeko funtsa Jaurlaritzaren asmoen artean dago aspaldi, eta 2017-2020 Industria Planaren barruan dago. Guascor, Gamesa eta ITP enpresa handiak atzerriko taldeen menpe geratu izanak kezka sortu zuen Gasteizko gobernuan, erabakiguneak urruntzeak epe luzera enpresa horiek Euskal Herritik alde egitea erraztu dezakeelako. Parte hartzeak erosita, enpresa horiek gehiago errotzea lortu nahi izaten du funtsak, baina baita enpresa traktoreen ahalmen teknologikoa eta nazioartekotze ahalmena sendotzea ere.

CAFen akzioak erosi izanak gehiago du bigarren helburu horretatik lehenetik baino, Beasaingo tren egilearen errotzea ez baitirudi ezbaian. Haren langileak dira akziodun nagusiak (%25) eta atzetik du Kutxabank (%14, salmentaren aurretik). Kasu honetan, gainera, bertako eragile batek erosi dio parte hartzea bertako beste bati.

Hain zuzen ere, saltzailea Kutxabank izatea da operazioa orain egin izanaren arrazoietako bat. Bankua beste enpresetan dituen akzioak saltzen ari da azken urteetan, araudi berriek behartzen baitute hornidura handiak egitea parte hartze horiengatik. Duela urtebete, 2016ko abenduan, beste %2 saldu zizkion Kutxabankek bere akziodunetako bati, Kutxa Fundazioari.

«Ezin genuen aukera galtzen utzi». Horrela argudiatu zuen erosketa Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, atzo, Donostian. Berez, Jaurlaritzak bere industria politikaren tresna berriak antolatu aurretik etorri da erosketa. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak azaldu zuenez, lau hilabeteko epean zehaztu nahi du funts estrategiko hori nola antolatuko duen. 2017. urtea amaitu aurretik egin nahi zuten, atzeratuta doaz.

Oraingoz, jakina da Jaurlaritzak 100 milioi euro jarri nahi dituela funts horretan, eta gainontzekoa, 250 milioi osatu arte, sektore pribatuak jarri beharko lukeela. Diru horren zati bat BGAE pentsio osagarrien erakundeek jartzea nahi duela onartu zuen Azpiazuk.

Egitura osatu bitartean, Jaurlaritzak oraingo tresna batzuk erabili ditu CAFen zati bat erosteko. 30 milioi euro sartu ditu Finantzen Euskal Institutuaren gizarte funtsean, eta Socade arrisku kapitaleko sozietate publikoak kudeatu du erosketa. CAFen 425.870 akzio erosi ditu Jaurlaritzak, 35,22 euroan bakoitza. Erosketaren egunean merkeago zegoen akzioa —33,51 euro—, baina diferentzia horri garrantzia kendu zion Tapiak. «Ez gara espekulatzeko sartu. Epe luzeko inbertsio bat da». CAFen akzioak 35,1 euroan itxi zuen atzo.

Tapiak agindu zuen bazkide egonkorra eta leiala izango dela CAFen, eta ziurtatuko duela inbertsioak «itzulkin egokiak» ematen dituela. Akziodun den aldetik, urtero CAFen irabazien zati bat patrikaratuko du Gasteizko gobernuak. Iaz, esaterako, tren egileak akzioko 0,58 euroko irabazia banatu zien bere akziodunei. Aurten berdin eginez gero, ia 250.000 euro jasoko lituzke Jaurlaritzak. 2016an eta 2015ean akzioko 5,25 euro banatu zituen.

Parte hartzearen neurriak ez dio ziurtatzen Jaurlaritzari CAFen administrazio kontseiluan sartzea, baina Tapiak uste du orain errazagoa izango duela CAFeko zuzendaritzarekin aurrez aurreko harreman bat izatea enpresaren proiektuei buruz jakiteko.

Ez da lehen aldia Jaurlaritzak enpresa baten akzioak erosten dituena, baina bai, ordea, lehen aldia burtsan kotizatzen duen enpresa batean sartzen dena. Normalean, Jaurlaritza Ekarpen funtsaren eta Socade sozietatearen bitartez esku hartu du industrian, bai enpresa berritzaileei hasieran laguntzeko, baita bestelako laguntza behar duten beste enpresa batzuetan ere (Fagorren, esaterako). Arkitektura berrian bi arlo izango dira: arrisku-kapitaleko inbertsioak, eta enpresa partaidetza etengabeak.

Azken horren bidez ongi doazen enpresetan inbertituko du Jaurlaritzak, baina zailagoa ikusten du kinka larrian daudenetan dirua sartzea, horiek estatu laguntza gisa hartzen dituela Europako batzordeak. «Nahikoa izan zen Navalen esku hartzeko borondatea azaltzea Europako Batzordearen ohar bat jasotzeko», gogorarazi zuen Tapiak,

LAB: «Marketina da»

Jaurlaritzak industria politikarik ez duela gehien salatu dutenetako batek, LABek, «marketin operaziotzat» jo du. «Norabide egokian doan arren, ez du inolako eraginik izango enpresaren kontrolean», salatu du agiri baten bitartez. Esku hartze industrialen alde dagoela aldarrikatu du LABek, eta aitortu CAF «estrategikoa» dela Euskal Herriaren industriaren etorkizunerako. Baina, aukeran, sindikatuak nahiago luke finantza arazoak dituzten ehunka enpresa txiki eta ertain laguntzea, «Kutxabank publikoaren alde eginez».

BERRIAn argitaratua (2018/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA