astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

bizigiro

Liburuak agortu zaizkie

Itziar Ugarte Irizar

Liburuak agortu zaizkie

Lehenengo aldiz liburu bat irakurtzea, hasi eta buka». Ekintza soila dirudi, baina ez da hain soila beti. Badaki hainbeste Nerea Aizpuruak. Euskadi Irakurketa Erraza elkarteko kidea da, eta irakurketarekin zailtasunak dituzten hamaika talde ezagutzen ditu. Hark eman du datu hau: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan irakurketa errazeko 140 talde daude. Eta horietatik hogei dira euskarazkoak. Kopuruz bakarrik ez, bestela ere ez daude egoera berean: apenas dauden hamar titulu euskaraz, eta irakurgai berriak agortu zaizkie zenbaiti. Irakurketa erraza arriskuan kanpainarekin mugimenduren bat eragin nahian dabiltza elkartea eta irakurleak.

Irakurketa erraza edozein testu ulertzeko zailtasunak dituen orori zuzenduta dago. Ekimena Katalunian ezagutu zuen Blanca Matak, eta 2013an sortu zuen Euskadi Irakurketa Erraza elkartea, Bilbon. Mugimendua, berez, Suediatik datorrela azaldu du Aizpuruak, baina Katalunia dutela «erreferentzia eta ama elkartea». Han hamar urte lehenago hasi ziren irakurketa errazarekin, batez ere liburutegietako profesionalen ekimenez. Materiala Generalitatearen laguntzarekin argitaratzen dute, izan katalana ikasteko tresna gisara, izan irakurtzeko zailtasunak dituztenei bideratuta.

Ulermen arazoen atzean arrazoi ugari egon baitaitezke: desgaitasun intelektuala, arauz kanpoko funtzionaltasuna, bertako hizkuntza ulertzeko zailtasunak, adinduak, haurrak... Denetarikoa izan daiteke profila, Aizpuruak azaldu duenez. Hala, elkartean «askotariko eragileekin» egiten dutela lan dio; liburutegiekin, irakasleekin eta erakunde propioekin; Atzegirekin eta Gautenarekin, esaterako. Elkarteak lan ugari egiten dituela azaldu du: koordinazio lana, profesionalak formatzeko ikastaroak, irakurle taldeen dinamizazioa, eta abar.

Euskarazko taldeak, oro har, hizkuntza ikasten ari direnek osatzen dutela azaldu du Aizpuruak; etorkinak dira haietako asko, taldean gehienak bertakoak izanda ere. Dena den, badira salbuespenak: esaterako,Lantegi Batuak erakundeak, zeina urritasunen bat duten pertsonen lan-integrazioaz arduratzen den, badu irakurketa errazeko euskarazko talde bat. Eta hori da, hain justu, liburu guztiak irakurri dituzten taldeetako bat.

Gaztelaniara itzuli behar

Elgoibarko (Gipuzkoa) liburutegiko taldean ere berdin daude. Aitzindariak izan ziren liburutegietan euskarazko irakurketa errazeko taldeak sortzen eta taldea mantentzen, duela lau urtetik. Egun, gaztelaniazko hiru talde —eguneko zentroetan bi, eta zahar etxean bat— eta euskarazko bat daude herrian. «Behar bereziak dituzten gazte euskaldunak dira. Uste genuen argitaratze erritmoa gure irakurtze erritmoarekin batera joango zela, baina jadanik ez daukagu euskarazko liburu gehiago irakurtzeko. Hau da herriko euskarazko talde bakarra, eta jada erdaraz hasi behar izan dugu», azaldu du Maria Eugenia Gonzalez liburutegiko langileak.

16-21 urte arteko gazteak dira. Sei-zazpi lagun dira denera, eta astelehenero elkartzen dira herriko liburutegian. Eskolatik joaten dira. «Hasieran, lotsatu egiten dira ahoz gora irakurtzen; askori ez zaie ulertzen; ahoskatzeko arazoak dituzte... Baina, denborarekin, emaitzak agerikoak dira. Ez dut esango silabikoki irakurtzen zutenek arin irakurtzea lortu dutenik, baina ikaragarria da zein garapen izan duten. Ezinezkoak ziruditen gauzak ikusi ditugu hemen. Askotan pentsatu izan dute ez zutela inoiz irakurketaz gozatuko, eta ikusi dute ezetz; ahal dutela».

Bere taldearen kasuan, Gonzalezek argi du irakurketa ez dela «lehen mailako behar bat», baina asko ematen diela ikusten du. «Barrea, beldurra... liburu hauekin bakarrik pasatu dute. Nire taldekoek diagnostiko zehatza dute: autismoa, Downen sindromea... Baina irakurketarekin arazoak dituzten haur asko daude liburutegian, bestela ere. Eta oinarrizko kontua da». Berriro erdaraz irakurtzen hastea ez da «drama bat» Gonzalezentzat. «Kontua da, baina, ez garela guk erabakita hasi berriz gaztelaniaz, euskaraz gehiago ez dagoelako baizik».

Donostiako Koldo Mitxelenako irakurketa errazeko taldea gidatzen aritzen da Aizpurua. Hor, euskarako ikasleak dira taldeko kideak, eta, hala, helburu nagusia euskara «desakademizatzea» dela dio. «Ez datoz gero azterketa bat gainditu behar dutelako, ulertu nahi dutelako baizik». Hizkuntza maila ezberdinak dituztenak nahasten dituztela azaldu du, «ezberdinen arteko eremu komun bat» sortzeko. «Ez zen gure helburua, baina ezustea izan da ikustea nola eratu dituzten erlazio sozial berriak euskaraz, lehenengo aldiz».

Bestelako irakurle taldeek ez bezala, liburua etxean irakurri, eta komentatzeko elkartu ohi dira taldekideak. Bestelakoa da dinamika irakurketa errazeko taldeetan: «Denon artean irakurtzen dugu, eta gauza pila bat lantzen dira: lotsa, ahoskera, memoria, hiztegia eta, batik bat, ulermena. Eta horri lotuta, gozamena», azaldu du Aizpuruak.

«Normalean, sei saiotan irakurtzen dugu liburu oso bat; ordubeteko saiotan. Lehenengo saioan, liburua aurkezten dugu, irakurtzen hasi aurretik. Erritmo berdintsuan irakurtzen saiatzen gara, ozenki eta txandaka, borobilean jarrita. Orri bat irakurri, eta gelditu egiten gara, irakurritakoa komentatzeko eta ulertu dela ziurtatzeko», azaldu du haien dinamika elkarteko langileak. Saioa beste elementu batzuekin ere osatzen dute; argazkiekin, Power Point aurkezpenekin, eta irakurleek berek eramandako materialarekin. «Denetarik erabiltzen dugu, saioa ahalik eta atseginena izateko. Irakurri bai, baina asko-asko hitz egiten da».

Ezaugarri propioak

Fernando Morillo idazleak sortutako Gaumin argitaletxeak argitaratu ditu orain arte irakurketa errazeko helduentzako liburu guztiak. Euskara ulertzeko zailtasunak zituzten taldeak hartu zituen Morillok abiapuntu. Nahiko berriak dira liburu denak; 2014an aurkeztu zituzten lehenengo laurak —Montse Flores Pallaresen Rif mendietako ura, Nuria Marti Constansen Traizioa lakuan, Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Morilloren Santiago Bidearen misterioa—. Ordutik beste sei izenburu gehitu dira zerrendara, horietako bi haurrei zuzendutakoak: Laura Martinez Navarrok idatzi eta Ediciones Betak kaleratutako Max Bilbon bizi da eta Max oporretan doa.

Ezaugarri propioak dituzten testuak dira. Lehen begiratuan, jende askok «poesia itxura» hartzen die, Aizpuruak dioenez. Irakurraldian arnasa hartzea tokatzen den aldiro lerro jauzia egiten delako da hori. «Ulergarri behar du lerro bakoitzak. Bost lerroko esaldiek ez dute lekurik irakurketa errazean», zehaztu du Morillok.

Hiztegiari dagokionez, «hitz potoloegiak» kanpoan uztea da lehen premisa idazlearentzat. Eta metaforak eta gisako baliabideak erabiltzean zentzumenekin eta ideia argiekin jokatzea. «Esaterako, 'harria bezain gogorra' oso erraz ulertzen da», jarri du adibidetzat. Haren ustez, kontuz ibili behar da istorioaren egituran atzeranzko nola aurreranzko denbora jauziekin, baita ulermena trabatu dezaketen antzeko teknikekin ere; «egitura lineala» lehenetsi behar da, alegia. «Kolore askotako margoak izan ditzakezu, baina zuri-beltzarekin ere gauza oso ederrak egin daitezke. Bada, antzekoa da; aukera ematen du gauza oso politak egiteko».

Aizpuruarentzat, hiztegian arreta jartzea da garrantzitsuena irakurketa errazeko materiala sortzean. «Ulermenean jartzen da fokua, baina ez dira horregatik testuak ortopedizatzen», azaldu du.

«Ederra da urritasunen bat duen norbaitek esaten dizunean pentsatzen zuela ezin zuela irakurri, eta, hara, orain irakur dezakeela. Orduan konturatzen zara ordura arte ez duzula haien egoera ikusi. Bueltan jasotzen den esker ona ez da beste inon lortzen», aitortu du Morillok.

Makinak geldi

Baina gaur-gaurkoz geldirik dago ekoizpena, eta, itxura guztien arabera, hala jarraituko du oraingoz. «Gaumin argitaletxe mikro bat da. Irakurketa errazeko liburu gehiago eskatzen dituzte taldeek, baina ezinezkoa da; zenbakiek ez dute inondik ematen. Bost-sei-zortzi laguneko taldeak dira, eta galera ia-ia segurua da». Helduentzako zortzi liburu atera izana, askorentzat gutxi bada ere, «ikaragarri» iruditzen zaio Morillori. «Baditut buruan istorio batzuk, eta nahi bai nik gehiago atera ahal izatea».

Gaumin etena egin beharrean zela ikusteak bultzatu zuen Euskadi Irakurketa Erraza elkartea Irakurketa erraza arriskuan kanpainan hastera. Arlo askotako 50 entitatera baino gehiagora jo dute sostengu eske, bi norabidetan: batetik, euskaraz materiala sortzeko apustua egin dezatela eskatu diete argitaletxeei eta idazleei, eta, bestetik, tresna horren sustapenaren eta hedapenaren kargua har dezatela eskatu diete erakunde publikoei. Idazleen aldetik «gogoa» sumatzen dute laguntzeko, baina fase asko dituen prozesu bat dela dio Aizpuruak, eta urrats batek huts egitea nahikoa dela bestea trabatuta gera dadin. «Argitaletxe handiak beste bide batean daude», erantsi du. Gauzak horrela, euskarazko irakurketa errazak duen laguntza «oso urria» dela ohartarazi du berriz Aizpuruak. «Ikusgarritasuna eman behar zaio, gero laguntza jasotzeko».

Elgoibarko liburuzainarentzat, irakurketa errazaren garrantziaz jabetzea da gakoa. Kataluniako eredua azaldu da berriro. «Hain dago zabalduta irakurketa errazaren mugimendua han, non agiri instituzionalak ere formatu horretan bidaltzen dituzten sarritan». Arloz arlo, indarra hartuz joango dela iruditzen zaio Gonzalezi. Euskaraz, baina, ezin esan aurrera doanik.

BERRIAn argitaratua (2018/01/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA