astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

bizigiro

'App'-ak, lapurren amu

Jon Ander De la Hoz

'App'-ak, lapurren amu

Esperimentu soziologiko baten traza du Anthony van der Meer gazte herbeheretarrak egin zuen dokumentalak. Lehenago sakelako telefonoa ostu ziotenez, beste gailu bat lapur ziezaioten utzi zuen, Amsterdango toki turistikoetan, gero lapurrari jarraipena egin eta haren egunerokoa filmatzeko. Jarraipena egiteko mamu aplikazio bat gehitu zion Android sistemako telefono bati; hala, lapurrak jakin gabe haren irudiak eta soinuak eskura zitzakeen, eta baita nori deitu eta mezua bidaltzen zion ere. Gainera, ia une oro zekien non zegoen gailua. Jarraipen horretan lortutako materialarekin ondu zuen Van der Meerrek Find My Phone dokumentala, zinemagintza ikasketetan kide zituen adiskideen laguntzarekin.

Eskuko telefonoa lapurtu zioten emakume batek, aldiz, mendekua hartu nahi izan zuen. Eivissako (Herrialde Katalanak) hondartza batean ostu zioten gailua, eta lapurra Dubaira joan zen gero. Hara iritsitakoan, sakelakoa erabiltzen hasi eta argazkiak eta bideoak egin zituen, telefonoaren jabeak iOSeko iCloud gordailura sarbidea izaten jarraitzen zuela jakin gabe. Hala, lapurraren argazkiak erridikulizatzen zituen emakumeak, eta gero sarera igo, jendeak lapurra itxura xelebrearekin ikus zezan: marraztutako biboteekin eta betaurrekoekin, esaterako.

Bi adibide horiek erakusten dute egun lapurreta jasan ostean ez dela zertan sakelakoa galdutzat eman. Hainbat aplikaziok aukera ematen dute nolabait eskuko telefonoaren kontrola mantentzeko, eta jabe batzuk gailua berreskuratzea lortu dute haien bidez. Sakelako telefonoa lapurtzen digutenean zein neurri har daitezkeen azaldu dute Ander Goñi eta Unai Bilbao informatikariek eta Juanan Pereira EHUko informatika irakasleak. Guztiek ezagutzen dituzte aplikazioak, baina haiek sistema operatiboen berariazko aukeretara jotzeko ohitura dute gehienbat.

Haien artean daude bi sistema eragile nagusien bilaketa aplikazioak; Androiden Find My Device, Googleren bidez funtzionatzen duena, eta iOSen Find My Phone, iCloudekin batera erabiltzen dena. Googlek eta iCloudek berariaz dakarte sistema eragile bakoitza, eta erabiltzeko aukera izateko nahikoa da gailuan aktibatua edukitzearekin. Bien artean Androiden aplikazioa erabiltzen da gehien; alde handiz, gainera. Horrek eragin zuzena du sistema eragile bakoitzak merkatuan duen presentziarekin; 2016ko bigarren seihilekoan, munduko gailuen %86 Android sistema eragilekoa zen, eta %12 Apple etxeko iOSena. Gainontzeko %2 software libreko sistema eragileei zegozkien.

Goñik Find My Device ezagutzen du ondoen; Androidek Googleren bitartez eskaintzen duen zerbitzua da hori. Norbere Google kontua eduki behar da horretarako, eta kontu horrekin lotura izan duten eskuko telefonoen zerrenda azaltzen da. Sakelako telefonoari jarraipena egiteko zenbait aukera eskaintzen ditu, baina mugak ere baditu, Goñiren arabera: «Telefonoak eta datuek piztuta egon behar dute. Gainera, zure kontua ezabatzea lortzen badu, ez dago zer eginik», azaldu du informatikariak. Hala ere, Goñik uste du oso aplikazio erabilgarria dela.

Antzeko aplikazioa da iOSen Find My Phone. Ia funtzio berak dituzte biek; esate baterako, bi aplikazioek ematen dute aukera gailuari geolokalizazio bidez jarraitzeko. Juanan Pereiraren ustez, «horretarako tresna egokia da Google Mapsen denbora lerroa». Kontu pertsonalarekin Google Mapsen sartuz gero, gailua nondik nora ibili den begiratzeko aukera ematen du. Unai Bilbaoren ustez, lapurreten ostean sakelako telefonoa berreskuratzea erraz dezaketen aplikazio horiek herren dabiltza geokokapenari dagokionez: «Estaldura eta kokapena jakin behar dituzte funtzionatzeko, eta lapurrek sarri kendu egiten dizkiete. Erabilgarriagoa da sakelako telefonoa galtzen denean aurkitu ahal izateko».

Geokokapena ez da bi aplikazioek duten funtzio bakarra. Besteak beste, lapurrari mezua bidaltzeko aukera ere badago: «Esaterako, maltzurra ez izateko eta telefonoa itzultzeko eskatzen duen mezu bat idatz diezaiokezu lapurrari», zehaztu du Pereirak. Halakoetan, gailuaren pantailan agertuko zaio mezua eskuko telefonoa daukanari. Halaber, bi aplikazioek dute aukera sakelakoa blokeatzeko eta tarte batez soinua jotzen aritzeko aukera. Pereiraren esanetan, «inork lapurtu ordez galdu egin baduzu, soinua jotzen hasiko da telefonoa, eta baliteke sofaren azpian agertzea». Horrez gain, fitxategiak ezabatzeko gaitasuna ere badute biek.

«Litekeena da alderantziz gertatzea; lapurraren asmoa guztia ezabatzea izatea», nabarmendu du EHUko irakasleak. Horretarako, baina, sakelako telefonoaren jabearen Google kontuko kredentzialak eskatuko dizkio lapurrari Android erabiltzeko beharrezkoa da Google kontua edukitzea. Horiez guztiez gain, iOS sistemako gailuetan hura aktibatzeko aukera ken daiteke iCloud bidez; aktibazio blokeoa deritzo. Bilbaoren ustez, Apple gailuak erabiltzen zailagoak dira lapurtu eta gero, «ez dizulako horren erraz uzten erabiltzailea aldatzen».

Aurrea hartzea komeni

Gailuaren lapurreta saihestea sarri ezinezkoa izan arren, behin ostuz gero haren erabilera blokeatzeko neurriak hartzea da egokiena: «Askok ez dituzte jarraipena egiteko aplikazioak deskargatzen, eta sakelako telefonoek berariaz dituztenak sarri ez dira nahikoak izaten», uste du Bilbaok. Lapurreta gertatu aurretik ere badago neurriak hartzea, hala ere; Bilbaok zehaztu duenez, giltzatakoan eramateko gailu bat asmatu zuten duela urte batzuk. Bluetooth bidez konektatzen da eskuko telefonoetara, eta sinplea da haren funtzionamendua; telefonoa eta giltzatakoa elkarrengandik gehiegi urruntzean, telefonoa joka hasten da, eta gailua dardarka: «Hala, unean ohar zaitezke sakelakoa lapurtzen ari zaizkizula, eta unean berreskura dezakezu».

Gaur egun gutxiago erabiltzen diren arren, PIN kode eta pasahitz sendoak erabiltzea ere aukera ona dela dio Pereirak, «baina beti leku bakoitzean ezberdinak erabilita». Izan ere, egun erabilienak diren segurtasun marka asko nola gainditzen diren ikus daiteke Youtube atarian. Pereiraren arabera, harrapariek edonolako trikimailuak erabiltzen dituzte gailuak desblokeatzeko, baita aurpegiari tankera hartuta desblokeatzen diren gailuetan ere: «Metroan doan bat lo geratzen bada eta lapurrak mugikorra kentzen badio, aurpegiaren proba egitea oso erraza izango du bestea enteratu ere egin gabe». Berdin gertatzen da marraztutako patroia atzetik begiratuta jakiten dutenekin, eta kasualitatez asmatu ere egin daitezkeela adierazi du.

Android eta iOSen berariazko aplikazioez gain, gero eta arrakasta handiagoa dute beste garatzaileen aplikazioek ere. Cerberus da jarraitzaile gehien dutenetako bat, eta hura aipatu du Bilbaok: «Androidentzat bakarrik da, eta funtzio asko ditu». Horien artean daude GPS bidezko lokalizazioa, eta lapurraren irudiak eta soinuak grabatzeko aukera.

Alabaina, bestelako abantailarik ere badu aplikazioak: «Telefonoa eskuan duenak sakelakoa formateatu gabe aldatzen badio SIM txartela, Cerberusek mezu bat bidaltzen dizu bere zenbakiarekin». Bilbaok azaldu du horrek lokalizazioa erraz dezakeela. Gainera, Cerberusek aplikazioa ez ikusteko aukera ematen du, eta horrela lapurrak ez daki instalaturik dagoen: «Jakingo balu, kendu egingo luke, eta horrek telefonoa berreskuratzea zailduko luke. Kanpotik instalatutako aplikazio horiek nahiko seguruak direla uste du Pereirak, «adibidez, Google Playn egon ahal izateko galbahe moduko bat igaro behar dutelako». Hala ere, EHUko irakaslearen ustez, komenigarria da aplikazioaren sortzailea nor den eta zenbat erabiltzaile dituen begiratzea. Pereiraren ustez, beti komeni da erabiltzen diren aplikazioen funtzionamendua aldez aurretik ezagutzea, zer gerta ere. Find My Deviceren adibidea jarri du: «Gmail kontuarekin lotuta dago, eta komeni da aurrez bilaketa bat egitea aplikazioa bera eta erabiltzen dituen gainontzeko aplikazioen inguruan».

Aplikazioak ere, babestuta

Sakelako telefonoak babesteko aplikazioez gain,Pereirak garrantzia eman dio Two Factor Authentification delakoari ere: «Bitxia dirudien arren, badaude Gmail, Dropbox eta gainontzekoak babesteko aukera ematen duten aplikazioak». Kontuak lapurtzea saihesteko aproposa dela uste du Pereirak, Two Factor Authentificationek ematen duen zifra hogei segundoan behin aldatzen delako. Gainera, mezua kontuaren jabearen eskuko telefonora soilik iristen da: «Albokoak zure erabiltzailea eta pasahitzaren gakoak ikusten baditu ere, nekez erabili ahal izango du bere ordenagailuan, ez zaiolako mezua iritsiko», azpimarratu du Pereirak. Halaber, Bilbaok ezagutzen du Googlek erabiltzaile jakin bat gailu berri batean erabiltzen saiatzean sakelakora bidaltzen duen mezuan oinarritutako sistema: «Pixka bat aspergarria izan daiteke, baina ohikoa da segurtasuna irabazten denean praktikotasuna galtzea».

BERRIAn argitaratua (2018/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA