iritzia
Errua
Onintza Enbeita
Ama horri bildu zaizkion kazetariek ez dute ulertu antza guzti honetan zein ardura duten. Errudunen bila badabiltza ez daukate urrun joan beharrik. Begiratu dezatela lan egiten duten komunikabideetara, eta konturatuko dira nola ematen dioten indarra erasotzaileari bortxatutako zein hildako emakumeen janzkeraz, eguneroko bizitzaz, bizioez, afizioez zein larrutarako gogoez erreportaje bat egiten duten bakoitzean. Eta ikusiko dute emakume zein gizon izateko zein eredu saltzen dituzten prime time-an emititzen dituzten programa txarretan.
Amak umea egin zuen. Umea gizon hazi zen, eta emakume bat hil zuen emakumea zelako bakarrik. Amak badaki oraindik ere gizonek euren nagusitasuna erakusteko nolakoak egiten dituzten. Amak ez zuen esperoko bere semeak halakorik egitea, baina neska hil egin duela aitortu duena, semea da. Ez dezagun, beraz, berriz ere, emakume bat errudun bihurtu. Utz ezazue ama bakean.