astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

iritzia

Torturei buruzko txostena: erreakzioak eta gogoetak

Andres Krakenberger

Torturei buruzko txostena: erreakzioak eta gogoetak Andres Krakenberger

Berriki, Eusko Jaurlaritzak 1960tik 2014ra bitartean Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua aurkeztu du, Laura Pegok, Francisco Etxeberriak eta Carlos Martin Beristainek zuzendutako lan sakon bat. Hala Etxeberria nola Martin Beristain oso ezagunak direnez gero, ez da beharrezkoa besterik esatea haiek proiektuan egoteak dakarren bermeari buruz. Aldiz, adierazi nahi dut Laura Pegorekin lan egiteko aukera izan dudala beste ekimen batzuetan, eta pertsona gutxi ezagutzen ditudala hura bezain metodikoak, arduratsuak eta zorrotzak direnak; beraz, horrek are gehiago indartzen du proiektuaren seriotasuna.

Orobat, hori baino askoz ere apalagoa zen txosten baten esparruan lanean aritu nintzen 2014an, zeinaren barruan 45 kasu baino ez baitziren aztertu Istanbulgo Protokoloekin; eta orduko hartan, Eusko Jaurlaritzaren txostenean parte hartu duten psikologo eta psikiatretako batzuekin jardun nuen. Pertsona horiek are neurri handiagoan sendotzen dituzte bermeak. Oraingo honetan, berriz, 202 kasu aztertu dira Istanbulgo Protokoloaren bidez, eta txostena osatzeko, 4.113 tortura kasu dokumentatu dira. Nire aburuz, txostena sendoa eta fidagarria da, eta besteok sakon aztertu beharko dugu, egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko lanean nola egin aurrera hausnartzeko, eta batez ere, biktima horiek ez diskriminatzeko.

Halaber, gogora ekarri behar dugu tortura ez dela euskal testuinguruan soilik gertatzen. Estatuko gainerako tokietan ere salaketak ipintzen dira, eta biktimak askotarikoak dira; salaketetako asko tratu txarrak jasan dituzten etorkinek jarriak dira, arrazismo kutsu nabariarekin, eta badira, orobat, mobilizazio sozialetan atxilotutakoen salaketak ere. Horrek, dena den, ez dio garrantzia kentzen txosten berri horri; txostenaren garrantzia handiagotzen du, ordea.

Txostenarekin, Eusko Jaurlaritzak aitortu eta agerian jarri du tortura gertatu egiten dela. Orain, prebentziozko neurriak are gehiago indartzea izango litzateke jokabide koherentea, salaketa gutxiago egoteko eta, ahal dela, bat bera ere ez egoteko. Eta bestalde, gobernu zentralaren txanda da orain, gai horretan askoz eskumen gehiago baititu, eta jendaurrean aitortu beharra du torturak eta beste tratu txar batzuek eragin duten kaltea. Ildo beretik, argi eta garbi adierazi behar du hemendik aurrera ez direla onartuko atxilotuen aurkako tratu txarrak. Eta txosten hori eredutzat hartuta, torturaren aplikazioari buruzko datu xehe eta xehatuak bildu eta argitaratu beharko lirateke, datu guztiak eta kasuz kasu. Datu horiekin, agintari politiko, legegile eta judizialek zuzeneko biktimei eta senideei estatu osoan emandako erantzuna ebaluatu egin beharko litzateke. Eta horren arabera, hiru arlo horietan behar den moduan jokatu beharko litzateke.

Txostena argitaratu eta aurkezteak askotariko erreakzioak ekarri ditu, baita kritikak ere, nola ez. Txostena kritikatzeko, adierazi da erabili den metodologia azalpenezkoa baino ez dela, bildutako salaketak azaltzekoa besterik ez. Bada, ez da hala. Dokumentatu diren kasu gehienak ez dira aldez aurretik ikertu, edo oso gutxi ikertu dira, eta bistan denez, horrelakoak dokumentatzen dituen hasierako txosten batean, azalpenen zatia behar da kasuak zerrendatzeko, logikoa denez, arazoaren munta aztertze aldera. Gainera, proiektuaren amaieran, oso ondorio eta gomendio osatuak jaso dituzte. Hartara, ezin da adierazi dokumentu batean azalpenak soilik ematen direla ondorioak eta gomendioak ere jasota badaude, azterlan zorrotz-zorrotza dela egiaztatzen duen metodologia xehe-xehe deskribatu ondoren.

Nolanahi ere, are larriagoa iruditzen zait txostena kritikatzea esanez ez dagoela salaketak egiazkoak direla ziurtatzen duen zigor judizialik. Polizia giza eskubideen defentsaren lehen lerroa direla esaten dudanean, pertsona asko ez datoz bat nirekin. Baina badirudi jarrera korporatibista batzuek sagar ustelak onartzen dituztela epai gutxi daudelako; jarrera horiek nire baieztapen hori zalantzan jartzen dute, hortaz, eta horrez gain, nork bere buruari iruzur egitea da. Epai gutxi daude, bai, gutxien aitortzen diren delituetako bat delako tortura, eta munduko herrialde guztietan gehien ezkutatzen direnetako bat. Berezkoa du ia-ia. Zenbaitetan, delitua egin dela ikusten da, baina zigorrik gabe geratzen da ezin zaielako pertsona zehatzei egotzi. Espainian, badira ildo horretatik doazen Auzitegi Gorenaren epai batzuk. Halaber, dokumentatu diren beste kasu batzuetan, atxilotua hertsatu izan dute azterketa medikoan auzitegiko medikuari esango dionaren harira. Horrenbestez, epai gutxi daude ezinbestez, eta ez dira baliagarri arazoaren munta neurtzeko, jakina.

Horiek horrela, ez da ustekabekoa Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia behin eta berriz zigortu izana, ez tortura izanagatik, baizik eta tortura behar bezala ez ikertzeagatik. Horretarako, funtzionario polizialen aurkako salaketak ikertzeko mekanismo independente bat beharko litzateke, besteak beste; ez alferrik, hori da hala urrutiko nola inguruko herrialde ugarik hautatu duten irtenbidea. Baina, horretarako, borondate politikoa behar da. Eta borondate politikoa egoteko, boto emaileen sumindura piztu beharra dago. Eta ez dut uste hori ezinezkoa denik. Horrelako txosten bat beste urrats bat da norabide horretan.

BERRIAn argitaratua (2018/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA