astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

politika

JOXEAN ETXEBERRIA

«Euskal presoen egoera konponduko da gizarteak urratsak egiten baditu»

Arantxa Elizegi Egilegor

«Euskal presoen egoera konponduko da gizarteak urratsak egiten baditu»

Hogei urte beteko dira aurtengo maiatzaren 27an, «dena da ETA» tesia oinarri hartuta, 18/98 prozesua hasi zutela. Auzi horretan hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Joxean Etxeberria oiartzuarrari. Horietatik 11 urte eta hiru hilabete egin ditu espetxean, Galizian lehenik eta Sorian ondoren. Bera zen makrosumarioan auzipetutako azken presoa.

11 urte kartzelan, etxetik ehunka kilometrora, eta horietako gehienak bakartze ziegan.

Gogorra izan da oso. Oraindik urduri nago, etxera iristeko gogoz. Ez da ahaztu behar maiatzean hogei urte beteko direla hau guztia hasi zela. 11 urte egin ditut preso, horietatik hamar bakartze ziegan, eta azken biak —gelakidea irten zenetik— bakarrik. Erraz esaten da, 270 kilometro. Baina asteburuetan etorri behar dutenentzat hori asko da. Gainera, zigorraren ia erdia Galizian bete dut, etxetik 1.500 kilometrora. Horrek tentsio eta ezinegon handia eragiten du. Eta asteburu honetan bertan horixe bera bizi beharko dute ehunka senide eta lagunek. Errepidera irtengo dira horrek dakarren arriskuarekin. Gogoratu besterik ez dago joan den asteburuko istripua, Marta Igarrizen senideek izan zutena.

Zure seme-alabak ere haur motxiladunak izan dira urte luzez.

Bai. Orain, handitu dira, eta hobeto kudeatzen dute gertatu den guztia. Baina, Galizian nengoenean, oso txikiak ziren, eta oso gogorra zen espetxetik irten eta etxetik deia jasotzen zenuen arteko tartea. Ez zenekien ondo iritsiko ote ziren, arazorik izan ote zuten... Gaur egun, oraindik hori bizi dute haur askok. Mendeku politika baten ondorioa da. Ez dira haurrak bakarrik. Hor daude adinekoak ere, gurasoak, aitona-amonak. Guztiek sufritzen dute. Horregatik uste dut garrantzitsua dela urtarrilaren 13an ahal duten guztiak Bilbora joatea.

Uste duzu presoen egoera konponduko dela epe motzean?

Presoen egoera konponduko da gizarteak urratsak egiten baditu. Hor dago irtenbidea. Ez instituzioetan. Izan ere, euskal preso politikoen hurbilketaren auziak ez du behar lukeen indarra, eta, hor pausoak emango badira, gizarteak bultzatu behar du. Alde horretatik, herriz herri egiten ari den lana nabarmendu nahiko nuke. Horiek dute gauzak aldatzeko ahalmena. Ez instituzioek.

Nola ikusten duzu egun bake prozesua. Erreparatu al diezu egin diren urratsei?

Bai, eta, egia esan, inbidiaz bizi izan ditut. Iparraldeko anai-arrebak izugarrizko lana egiten ari dira. Ordea, Espainiaren jarrera ez da aldatu. Gogoratu behar dugu gure aurreko prozesua hasi aurretxoan HBko Mahai Nazionalaren aurka egin zutela, eta gero etorri ziren Jarrai, Haika, Segi eta beste hainbat. «Denak balio du» irakurketa hark ondorio latzak izan ditu. Estrategia politiko eta juridiko bat eraiki zuten, eta oraindik indarrean da. Hala ere, zenbaitzuek diote estatu demokratiko batean bizi garela. Alde horretatik, uste dut ezker abertzaleak jakin zuela estrategia suntsitzaile horri aurre egiten eta urratsak egiten. Jakin du garai berrietara egokitzen; gizartearen eskakizunei erantzuten. Izan ere, saiatzen dena soilik okertzen da. Euskal Herria da jokoan dagoena.

Zer iritzi duzu Jaurlaritzak izan duen rolaz?

Sentsazio gazi-gozoa dut Jaurlaritzaz; ondo esatera, gazia gehiago gozoa baino. Aieteko akordioaz geroztik, eta, batez ere, 2012ko otsail hartan hartutako erabakiak etengabeko oztopo izan dira bake prozesuarentzat. Ezinezko egin dute inolako pausorik ematea. EAJk zapuztu ditu bake prozesuarekin aurrera egiteko ahaleginak; alde horretatik, bat egin dute Espainiako Gobernuarekin, eta horrek guztia moteldu du. Espetxean zaudenean, barruan, oso mingarria da entzutea mobilizazioek ez dutela ezertarako balio, eta ez dutela merezi. Penagarria da halako adierazpenak egitea eta jarraian esatea bake bideak urratu nahi dituztela. Egia da. Dena ez da txarra izan. Izan dut senideek bizi dutena jasotzen duten txostenen berri, eta baita torturari buruzko ikerketena ere, nahiz eta azken horren kasuan asko geratzen den ikertzeko. Baina, lehen esan dudan moduan, zapore mingotsa geratzen zait Jaurlaritzaz hitz egiterakoan.

Zurekin amaitu da 18/98 auzia. Hemendik aurrera aldatuko dira gauzak?

Asko dago egiteko. Euskal gizarteak badu nahia egoera aldatzeko, eta, alde horretatik, bidea egiten ari dira Iparraldean. Baina estatuek mendeku politikari eusten diote. Laster hasiko da Herriraren aurkako auzia, eta horren ostean etorriko dira beste batzuk. Asko dago egiteko oraindik, baina bidea urratzen ari gara.

BERRIAn argitaratua (2018/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA