astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

bizigiro

Zinema paradisu zenekoa

Iker Tubia

Zinema paradisu zenekoa

Nostalgiaz eta, seguruenik, idealizazio puntu batekin gogoratu ohi dira garai bateko zinema aretoak. Magiaz inguraturiko tokiak dira, argiak itzaltzearekin batera ikusleak beste mundu batera eramaten baitituzte. Xarma berezia dute garai bateko aretoek, eta nafar anitzen oroitzapen goxoak piztuko dituen liburua kaleratu berri du Nafarroako Gobernuak: Nafarroako zinemak 1940-1990. Nafarroako Administrazioko Artxiboaren proiektua da. Zinema aretoen garairik gorenari buruz mintzo da, eta baita 1960ko hamarkadaren erdialdean hasi eta bukatu ez den ikusle galerari buruz ere.

Penduluaren metafora erabil daiteke aretoen historiaz hitz egiteko. «Hasieran Tomas Alba Edisonek planteatu zuen horretara itzultzen ari gara». Alberto Cañada Nafarroako Filmotekako programazio zuzendari eta liburuko testuen koordinatzaileak bere iritzia azaldu du: «Edisonek asmatutako gailua tiradera moduko bat zen, ikusteko zulo bat zuena, eta, bertatik, banaka, film txikitxo bat ikus zitekeen; txanpon baten truke, noski. Gero, Loumier anaiek eman zuten aukera film bat proiektatu eta jende askok elkarrekin ikusteko. Orain, Edisonenera itzultzen ari gara: filmak etxean eta bakarka ikusten ditugu geroz eta gehiago, ordenagailuan, tabletan... Ez da jende asko biltzen».

Paradoxaz beteriko historia du zinemak. Azken urteotan, ikusleen kopurua igotzeko zailtasunak dituzte aretoek, baina inoiz baino zinema gehiago ikusten da; beste bide batzuetatik, baina. 1940. eta 1990. urteen arteko zinema aretoen historia mendi baten itxurakoa da. Sarreren salmentek argi uzten dute bilakaera. Adibidez, 1963an hiru milioi sarrera saldu ziren Iruñean. Datuak argigarriak dira: 1970ean, Nafarroan, 4.200.000 sarrera saldu ziren; 1980an, 2.500.000; eta 1990an, 1.220.000. Liburuaren epeetatik landa, 2016an, 1.533.405 ikusle izan ziren Nafarroan, Espainiako Gobernuaren datuen arabera. Salmentek behera egiten dute, biztanleriak gora egiten duen arren.

Zinemaren gorabeherak

Aretoei dagokienez, izugarri murriztu dira. Orotara 196 areto izan dira Nafarroan. 1980an, adibidez, 114 areto ziren, baina hamar urte geroago, 46 baizik ez. Ohiko aretoez gain, asko ziren Elizaren menpeko zinemak, edo eskoletakoak. Horrek asko zabaldu zuen zinema ikusteko ohitura. «Elizaren zinemak oso garrantzitsuak izan ziren 70eko urteetan. Jende gazte asko joaten zen, merkea zelako. Noski, filmak kontrolatzeko aukera ematen zion apaizari», dio Cañadak.

1940. urtean zinema areto bat irekitzeko, derrigorrezkoa zen erregistroan izena ematea, eta dokumentazio anitz zutela konturatu ziren Administrazioko Artxiboan. «Ikusi genuen bazuela interesik galtzen ari ziren zinema horien memoria gordetzeak», azaldu du Susana Herreros Dokumentazio Ondarearen Kudeaketako buru eta liburuaren koordinatzaileak. Herritarrek ere lagundu dute: 40 kolaboratzaile eta 25.000 dokumentu lortu dituzte.

Erriberan zinema areto anitz zeuden. Populazio handiko herriak ziren, eta horrek aretoen ugaritzea erraztu zuen, aise betetzen ahal zituztelako 300-400 eserlekuko aretoak, batik bat asteburuetan. Inguru horietan bertako enpresariek sustatu zuten zinema: poto enpresa batek San Adrianen, oihal enpresa batek Corellan... «Zinemaren katedralak ziren aretoak. Herrietan lau eraikin garrantzitsu izaten ziren: eliza, eskola, udaletxea eta zinema», azaldu du Herrerosek.

1940. eta 1990. urteen artean irekitako zinema gehienek areto bakarra zuten. 1980an hasi ziren hainbat aretotako zinemak. Hamar urte geroago, merkataritza guneetakoak iritsi ziren. Areto bateko zein hainbateko, enpresariak ezin ziren lokartu. «Zinemak etengabe berritu behar izan du, etengabe doa aurrera. Gaur egun ere bai», dio Herrerosek.

Hasieran bozgorailu bakarra, gero bi, gero hainbat, Dolby Digitalera iritsi arte. Pantailak ere moldatu behar izan zituzten. 1950ean hasi zen zinemaskope filmaketa, eta pantailak zabaldu egin behar izan zituzten. Gero etorri zen 3D zinema ere, nahiz eta arrakasta handirik ez lortu. Gauza bera gertatu zen kabinako makinekin; aldatuz joan ziren. Hasieran, filmak ezin ziren jarraian eman, eta tarte bat egoten zen erdian. Horrelakoetan jendeak tabernara joateko aprobetxatzen zuenez, hainbat enpresarik atseden horri eutsi zioten baita teknologiak dena jarraian emateko aukera eskaini zuenean ere. Negozioa negozioa da. Azkenik, teknologiak izugarri murriztu zuen langile kopurua.

Aurrerapen horietako askorekin, unean uneko lehiatzaileei aurre egiten saiatu ziren. 1960ko hamarkadaren erdialdean, etxeetan telebistak sartu ziren, eta, horren aurrean, «hondamendi zinema» gailendu zen aretoetan. «Eszena oso ikusgarriak zituen, eta soinua ere halakoa zen. Ikusleen galerari aurre egiteko modua zen», azaldu du Cañadak. Baina telebista ere abiadura handian garatu zen. Lehiakide gogorra izan da beti.

Bideoa izan zen bigarren arerioa, 1980an. «Nahi duzun filma nahi duzunean ikusteko erosotasuna tentagarria da oso. Horrek gehiago jaitsi zuen ikusle kopurua». Zineklubei ere konpetentzia egin zien bideoak, Cañadaren aburuz. «Orain, trantsizio digitala gertatu da zineman, baina ez da ikusle kopurua leheneratzen».

Hori ikusita, Cañadak ontzat jo du garai bateko zinemaren nostalgia berriz piztea. «Lehen, ikuskizun handia zen zinemara joatea; asteko momenturik handiena. Ez zen aukera askorik ametsen etxe horietan murgiltzeko». Berdin hitz egin du da Herrerosek: «Lehen, aisialdirako aukera bakarra zen zinema, eta nahiko merkea. Filma ikusteko eta lagunekin elkartzeko gunea zen. Toki soziala zen». Hala ere, dena ez dago galduta. Cañadak hobekien ezagutzen duen pantailaren aurrean gertatzen dena kontatu du: «Nahiz eta bertan aktorerik ez izan, filmoteka batzuetan jendeak txalo egiten du, ongi pasatu duela esateko».

BERRIAn argitaratua (2018/01/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA