astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

bizigiro

GOTZON BARANDIARAN

«Nekez kantatzen diogu egun euskarari, ez bada enkarguz egiten»

Aitor Biain

«Nekez kantatzen diogu egun euskarari, ez bada enkarguz egiten»

Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) eta Rafa Rueda (Mungia, Bizkaia, 1972) izango dira Kantuz eta Kontuz euskal kantagintzaren bigarren tailerraren gidariak. Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? izeneko ikastaroa eskainiko dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, urtarriletik maiatzera bitarte. Urtarrilaren 8ra arte zabalik dago izena emateko epea.

Euskal kantagintzaren hitzak aztertzea ozeano bat arakatzea bezalako lana dirudi.

Bai, eta hala da, baina gure kasuan, euskal kantagintza mugatu egin dugu: idazleen eta musikarien arteko elkar eraginetik sortutako kantagintza aztertzen dugu; literatura eta musikaren artean sortutako kantagintza, hain zuzen.

Zergatik?

Kantagintza horren bitartez, euskaldunongan, edo belaunaldi batzuengan behintzat, imajinario jakin bat sortu duelako: hizkuntzari buruzkoa, lurraldeari buruzkoa, abertzaletasunari buruzkoa, justiziari buruzkoa... Askoz gehiago edan dugulako kantagintza mota horretatik, historia liburuetatik eta politikarien diskurtsoetatik baino. Uste dugu gaur egungo Euskal Herria ulertzeko ezinbestekoa dela kantagintza horren berri izatea.

Nola aztertzen dituzue abestien hitzak?

Hasieratik garatuz joan da tailerra, eta nahiz eta Rafa eta biok izan gidariak, parte hartzaileen ekarria oso garrantzitsua da. Euskal Herriaren historia errepasatzen dugu, nolabait; 778ko Orreagako Gudutik hasi eta gaur egunera arte. Zeri buruzko kantua den, zergatik idatzi zuen idazleak testu hura, zein aldarri egiten zuen, zergatik aukeratu zuen musikariak testu hura... Galderak jartzen ditugu mahai gainean. Rafak zuzenean jotzen ditu kantak, gainera, eta hori balio bat da. Guztira, 40-50 kanta aztertu eta abesten ditugu saioetan.

Badago gairik askotan errepikatzen denik?

Bai, eta sasoika aztertuz gero, gehiago. Kantatzen diogu galtzen ari den hizkuntza bati, lurraldetasun sentimendu bati, errepresio politiko bati, abertzaletasunari... Lanari edota eskubideei loturikoak ere badira, hala ere.

Garaiaren arabera gaiak aldatu dira?

Bai, noski. XXI. mendean esaterako, aldaketa etorri zen. Musika estilo ezberdinak sartu dira, eta horiek ere eragina izan dute idazlearen eta musikariaren arteko harremanean.

Garai historikoak eta egoerak eragina izango zuten, ala?

Noski. Egun, esaterako, ez dago helburu kolektiborik, aurreko urteetan ez bezala. Mende honetan idazleek eta musikariek ez dute hizkuntzarekiko kezkarik, adibidez, nekez kantatzen diogu egun euskarari, ez bada enkarguz egiten euskararekin lotutako jaietarako. Orain beste gai batzuen inguruan abesten dugu; beste kezka batzuk ditugu.

Musika estilo batzuk gai jakin batzuekin lotu izan dira. Euskal kantagintzan halakorik gertatzen da?

Bai, bai, euskal kantagintza ez dago munduan egon ziren mugimendu musikaletatik kanpo: Ez dok Amairu eta Negu Gorriak dira horren adibide. Musika estilo aniztasunak ere idazle eta musikarien arteko harremanean aniztasun itzela ekarri du.

Musikari batzuek interpretazioa entzulearen esku uzten dute. Zuek aztertzen dituzuenetan bada halako kasurik?

Bada, baina sasoiaren arabera aldatuz joan da hori. Aldarri kantak nagusi zirenean, 60ko eta 90eko hamarkada artean, idazleak helburu bat zuen, eta musikariak ere bai: hartzaileak jarrera aktibo bat izatea. «Guk euskaraz, zuk zergatik ez?» kantatzen zutenean, esaterako, entzulea interpelatuta dago. Noski, helburu hori ez badaukazu, beste modu batera idazten duzu.

Gertatu da hitzen egileak ikuspegi bat ematea testuari, eta musikariak, beste bat?

Askotan. Idazleen eta musikarien arteko lankidetzak asko izan dira, baina gertatu izan da musikariak testu bat hartu eta musikatu, eta idazleak emandako tonua erabat aldatu. Sarritan aipatzen da testu on bat hartu eta melodia batekin kanta txar bat egitea; baita alderantziz ere.

Nolakoa da gaur egun idazleen eta musikarien arteko harremana? Asko aldatu da azken urteetan?

Esango nuke mantendu egiten dela. 2017an Durangoko Azokan aurkeztu diren disko askotan dago idazle eta musikarien arteko eragina. Edonola ere, herri txikia da gurea, eta askotan elkarguneak partekatzen ditugu, eta hori nabari da: musikariak badauzka kezka batzuk, izan daitezkeenak bereak ala sozialak, eta idazleari helarazten dizkio horren arabera gero melodia baten gainean testu bat sortzeko. Esango nuke hori dela egun gehien gailentzen den harreman mota.

BERRIAn argitaratua (2018/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA