astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

gizartea

CONSUELO CRUZ ARBOLEDA

«Europaren parte gara, baina erroldak ez du hori islatzen»

Asier Arrate Iruskieta

«Europaren parte gara, baina erroldak ez du hori islatzen»

Ondo ezagutzen du identitatearen eta horren eraikuntzaren garrantzia Consuelo Cruz Arboledak (Cali, Kolonbia, 1962). Andrea eta beltza izateak dakartzan estereotipoei eta ezarritako identitateei egin behar izan die aurre. Beltzen eskubideen aldeko ekintzaile gisa, urte luzez aritu da afrikarren ondorengoen komunitatearen ikusgarritasuna eta identitatea sustatzen. Ez du uste afrikar eta europar identitateen arteko gatazkarik dagoenik komunitatean, bai, ordea, identitate propio sendo baten falta. Hori dela eta, ezinbestekotzat du, herritartasunarekin batera, komunitatearen jatorri afrikarra nabarmentzea.

Norberaren herritartasunaz gain, afrikar moduan identifikatzeko beharrizana nabarmendu duzu. Zergatik?

Komunitate gisa identifikatzen bagaituzte, politika publikoen parte izateko aukera dugulako. Egun, gure komunitatea ofizialki ez da existitzen, eta, horregatik, gobernuek ez dituzte afrikar jatorriko pertsonentzako politika publiko zehatzak indarrean jartzen. Behin nazionalitatea lortuta, espainiar, frantziar edo beste herrialde bateko herritar bihurtzen gara. Europaren parte gara, baina erroldak ez du hori islatzen. Horregatik eskatzen dugu beltz moduan identifikatu nahi duenak horretarako aukera izatea.

Nola egin daiteke hori?

Errolda etniko-arrazialak eginez. Hau da, herritarrei haien jatorri etnikoa zehazteko aukera emanez. Latinoamerikan egin dituzte halakoak, eta Portugalek 2020an ezarriko du. Hori bai, horrelako errolda batek borondatezkoa izan behar du, eta ezarri aurretik kontzientziazio lan handia egin behar da. Norberak aukeratu behar du bere identitatea. Nire alabaren kasuan esaterako, ama beltza du, eta aita, zuria. Erabakiak berea behar du izan, eta ez langile publiko batena.

Zertarako litzateke baliagarria komunitate gisa bereiztea?

Lehenik, komunitate gisara identifikatzea estatu horretako errealitatearen parte garela onartzeko bidea litzateke. Onarpen ofizial horrek emango liguke ahotsa gure komunitatearentzako politikak erabakitzeko. Bigarrenik, afrikar gisa identifikatzea lagungarria litzateke Europan jaiotako beltzek bizi duten identitate-linboa gainditzeko. Pertsona horiek baztertuak dira Europan, beltzak direlako, eta baztertuak dira Afrikan, ez direlako bertan jaio. Hemen zein han, beren identitatea justifikatu behar dute. Identitate propio bat eraikitzeak ahalbidetuko du, alde batetik, ahotsa izatea komunitateak, eta, bestetik, Europaren errealitatearen parte dela ikusaraztea.

Europan bizi den komunitate beltzak ikusgarritasunik ez duela iruditzen zaizu?

Ez, ez du, eta ez soilik erregistro ofizialetan. Egunerokoan ere desagertuta gaude. Telebistan, esaterako, ez gara agertzen. Ez modu normalizatuan behintzat. Arropa marka batek modelo beltz bat jartzea kanpaina batean ez da nahikoa. Beharrezkoak dira jarraitutasuna, berdintasuna eta iraunkortasuna. Hau da, normalizatu egin behar da gure presentzia. Komunitate beltzaren ahalduntzean, ikusgarritasuna ezinbestekoa da, baina, era berean, garrantzitsua da zehaztea nola ikusten gaituzten, eta horretarako hizkuntza da gakoa.

Zergatik da horren garrantzitsua hizkuntzaren erabilera komunitate beltzaren ahalduntzean?

Hizkuntza da gizartearen komunikazio tresna, eta bertako terminoek eragin zuzena dute gure komunitatearen identifikazioan. Afrikarrak edo afrikarren ondorengoak gara, Durbango [Hegoafrika ] biltzarrean zehaztu zen bezala. Azaleko koloreagatik identifikatu nahi izanez gero, ordea, beltzak gara. Ez gara pertsona koloredunak, ezta beltzarantxoak ere. Andreok hizkuntza ez-sexista baten alde borrokatzen garen bezala, borrokatu behar dugu hizkuntza ez-arrazista baten alde.

Ildo horretatik, bigarren edo hirugarren belaunaldia terminoen erabilera ere salatu duzu.

Adjektibo hori gehitzeak betiereko kanpotar bihurtzen gaitu. Nahiz eta legez estatu bateko herritarrak izan, termino horren bitartez argi utzi nahi digute ez garela nazionalak. Horri gehitu behar zaizkio gizartearen gehiengoak txertatuak dituen estereotipoak.

Estereotipo arrazisten bidez, identitate bat ezarri dizuete?

Beltzak garelako, uste dute legez kanpoko etorkinak garela. Espainian jaiotako beltzei nongoak diren galdetzea da horren adibide. Espainiarrak direla erantzutean, nongoak diren galdetzen diete berriz. Azal beltza nondik datorren jakin nahi dute. Era berean, beltzak garelako pobreak eta analfabetoak garen ideia ezarri da. Niri jazo zait, jendea harritzea gazteleraz ongi hitz egiten dudalako. Nola ez dut egingo ba, Kolonbian jaio nintzen! Horren guztiaren atzean ezjakintasuna dago.

Nola egiten zaio aurre ezjakintasunari?

Hezkuntzarekin eta kontzientziazio programekin. Umeak ez dira arrazista jaiotzen. Hazten eta hezten diren bitartean txertatzen zaizkien ideiek eta konnotazioek egiten dituzte arrazista. Erakutsi behar zaie nazio batean arraza, erlijio eta sinesmen ezberdinak daudela.

Eta bazterkeria sufritzen duten afrikar jatorriko gazteek nola eraiki dezakete beren identitatea?

Sendotasunez eta irmotasunez. Aktiboki eta une oro gogoratu behar diegu nortzuk diren eta horrek duen balioa. Horretarako, oso garrantzitsua da jatorri afrikarreko erreferenteak eskaintzea txikitatik. Ezagutzea beren komunitatea, beren jatorria eta identitatea. Testuliburuetan, esaterako, herrialdeetako aniztasuna islatuko balitz, egoera aldatuko litzateke. Zoritxarrez, bazterkeria oso presente dago eskoletan. Horregatik, hezkuntza da erantzuna. Kontzientziazio eta normalizazio programak behar dira.

BERRIAn argitaratua (2018/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA