astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

politika

OLATZ BARRENETXEA

«Pertsona eta haren ingurua suntsitzea izan du xede torturak»

Jokin Sagarzazu

«Pertsona eta haren ingurua suntsitzea izan du xede torturak»

«Hau benetan gertatu da», esan zion espetxeko pedagogo batek Olatz Barrenetxeari (Sopela, Bizkaia, 1966). Preso bati egiten ari zitzaion azterketan hark azaleratutako erreakzioek begiak zabaldu zizkion funtzionarioari. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz torturari buruz eginiko ikerketan parte hartu duten psikologoen taldeko lau koordinatzaileetako bat da Barrenetxea. Txostenean azaltzen da kasu hori. 2014ko tortura salaketa bat da: «Azken torturatua».

Tortura salaketen sinesgarritasun maila neurtzea izan da zuen ikerketaren helburu nagusia?

Guk Istanbulgo Protokoloa erabili dugu: informe perizial zientifiko bat da, nazioarte mailan torturaren eta tratu txarren ikerketak egiteko gomendatzen den tresna. Elkarrizketa bat egiten da, eta elkarrizketatuak atxilotuta egon den egunetan gertatutakoa azaltzen du; aztertzen ditugu haren txosten medikoak eta dituen sintomak, eta, informazio guztia erkatu ondoren, neurtzen dugu sinesgarritasuna, hori ere jasotzen duelako protokoloak. Baina nik nabarmenduko nuke pertsona horiekin egin dugun lana. Askorentzat lehen aldia izan da gertatu zitzaiena kontatu dutena; bereziki, euren sentimenduak kanporatzen dituztena. Fisikoki zer jasan zuten kontatua izango zuten, agian, baina ez torturek utzitako arrasto psikologikoa.

Zer-nola eragiten die pertsona horiei balorazio kliniko bat egiteak, eta, hainbat kasutan, urte asko pasatu eta gero?

Torturatua askotan ez da oso kontziente: sintoma batzuk ditu, baina ez ditu lotzen bizipen horrekin. Askorekin egin behar izan dugu lanketa bat protokoloa pasatu ondoren. Protokoloak asko mugitu die barrena, eta batzuek esperimentatu dituzte pasarte batzuk elkarrizketak izan ondoren. Egoera horiek zaindu behar dira. Askorentzat oso esperientzia gogorra izan da protokoloa pasatzea: konturatu dira zeukaten minaz, hasi dira horri izena jartzen.

Eta zein sintoma garatu dituzte zuek aztertutakoek?

Nabaria da kasu askotan aldaketa izan dutela izaeran, jokabideetan eta bizimoduan. %60 inguru erresilenteak dira; ez dute trastorno psikiatrikorik, nahiz eta torturen bizipenak arrastoa utzi dien. Baina %15-16k garatu dituzte trastorno postraumatikoak. Eta %20k baino gehiagok agertzen dituzte sintomak; arruntenak dira irritazioa eta antsietatea. Orokorrean, arazo handiak dituzte emozioez-eta hitz egiteko. Gaur egun ere alerta egoeran jarraitzen dute askok, amorrua ere oso ohikoa da, eta kontzentratzeko eta deskantsatzeko arazoak dituzte, besteak beste. Sintoma batzuen kronifikazio mailarekin harrituta geratu gara. Eta ikusi dugu sintoma horiek gaixotasun batzuen atzean daudela, gaixotasun psikosomatiko asko traumen ondorio baitira.

Nabari duzue gizon eta emakumeen arteko alderik ondorioetan?

Bai. Emakume ia denek salatu dituzte bortxaketak eta umiliazio sexualak emakume izateagatik. Atxiloaldiko espazioak maskulinizatuak daude, polizien artean emakumerik ez dago ia. Babesgabetasun sentsazioa oso handia da, eta hor sortzen den indarkeria, oso matxista. Horrek eragin jakin batzuk ditu, balio patriarkalekin lotuak asko. Depresio gehiago ikusten da emakumeen artean; segurtasun falta eta kalteberatasuna agerian gelditzen da, eta, horren ondorioz, bere ingurunearen zaintzaren beharra eta kontrola areagotzen da, dena kontrolpean eduki beharrra, baita etorkizuna ere. Harreman sexualetan ere arazo gehiago dituzte emakumeek.

Psikologoengana jotzea ez dela ohitura diozu: zergatik?

Ezjakite handi bat egon da torturaren eragin psikologikoen gainean. Gehiago lotu da fisikoarekin; bereziki, hala zelako 1970-80ko hamarkadetan. Gainera, sektore batzuetan oso barneratua egon da torturatua izan zintezkeela. 90eko hamarkadatik aurrera nabaritu dugu aldaketa, tortura metodoak direla-eta: psikologikoagoak, orokorrean. Pertsonak etortzen ziren psikologoengana edo beste medikuengana; askotan ez zen kontsultaren lehengo eskaera, baina haiekin sintomak lantzean, topo egiten genuen torturarekin eta horren bizipenekin. Eta torturarekin hasi ginen lotzen hainbat sintoma eta gaixotasun. Torturatua izan denak ez du ohiturarik medikuari kontatzeko gertaturikoa, baina funtsezko informazioa da hori.

Testigantzen sinesgarritasunari buruzko emaitzetatik, berriz, zer ondorioztatuko zenuke?

Torturaren erabilera ia sistematikoa izan dela. Guk lagin bat genuen; hamarkada ezberdinetan eta Polizia ezberdinek atxilotutakoekin, adin ezberdinekoak... Emaitzak argigarriak dira. Ondorioztatu dugu ez direla torturatuak izan soilik 202 kasuetatik bederatzitan —aztertutako guztien %4,5—. Kasu horiek ez dira torturaren definizio estandarrean-edo sartzen. Baina horrek ez du esan nahi tratua txarra izan ez zenik... Harrigarriak izan dira batzuen zalantzak, esanez, adibidez, gutxi torturatuak izan direla beste kasu batzuekin konparatuz.

Zergatik ukatzen edo ezkutatzen du torturatuak torturatua izan dela?

Bereziki, fisikoarekin lotzen delako, eta konparazioak egitean ez dutelako hain gogorra ikusten euren kasua. Baina tortura tortura da. Gero badago beste faktore bat, guk anestesia emozionala deitzen duguna: bizi izandako muturreko egoerak ahaztea, ezin ateratzea. Garunean ematen den erreakzio fisiologiko batekin lotzen da hori. Bi faktore horiek askotan erabiltzen dira salaketak baztertzeko: esaten da torturen arrasto fisikorik ez dagoela, kontraesanak daudela kontaketan, edo ez dela honetaz eta besteaz akordatzen.

Auzitegietako medikuen txostenei buruz ari zara?

Adibidez. Ikusi dugu oso-oso txarrak direla, lau-bost lerrokoak, oso oinarrizkoak: termometroa jarri, tentsio arteriala hartu, inkomunikazio egoeran den kasuetan zentzurik ez duten galderak egin, zenbait kasutan atearen bestaldean poliziak zituztela... Ikusi ditugunetan, bakar batean ere ez dugu azterketa psikologiko bat aurkitu: asko jota, atxilotua urduri ikusi duela eta antsiolitiko bat gomendatu duela hartzeko; baina ez dago baloraziorik. Atxilotuak ezer ez kontatzea ezin da aitzakia izan. 2000tik aurrera, gainera, Istanbulgo Protokoloa erabil zezaketen, eta behin ere ez dute egin.

Gatazka politikoa islatzen al da zuen emaitzetan?

Ikusi dugu garai guztietan erabili dela tortura, eta oso zabaldua egon dela. Ikerketan denetarik dugu: EGIkoak, PSOEkoak, sindikalistak, euskaltzaleak... Ikusi dugu mehatxu funtzioa bete duela torturak: garaian garaiko boterearen kontra zegoena beldurtzea. Eta ondorioztatu dugu xede nagusia ez dela izan informazioa lortzea, pertsona eta bere ingurunea suntsitzea baizik.

Nola ikusten da eragin sozial hori zuen ikerketan?

Agian, garai batean handiagoa zen torturak gizartean zuen inpaktua, arrasto fisikoengatik. Baina ikusi dugu mehatxuek eta beldurrak jarraitu dutela sektore batzuetan, eta horrek eragin nabaria izan duela barrura begira —erruduntasun sentimendua...—, eta hortik kanpokoekiko harremanetan ere —mesfidantza, portaera agresiboak...—.

Torturen biktima batek noiz uzten dio biktima izateari?

Haiek, orokorrean, ez dute euren burua biktima gisa ikusten, eta horrek asko harritzen gaitu psikologook. Gehiengo batentzat torturaren errealitatea behingoz gizartaratzea, torturaren aitortza egitea da erreparaziorako bidea egitea, eta horrekin haien zauriak ixten hastekoa.

BERRIAn argitaratua (2018/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA