astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

ekonomia

Zergei erreparatzeko urte bat

Iker Aranburu

Zergei erreparatzeko urte bat

Zerga kontuetan 2018a ez da trantsiziozko urte bat izango. Euskal Herria zatitzen duten hiru errealitate administratiboetan zerga sistema aldaketak negoziatzeko eta aurrera ateratzeko urtea izan da bukatu berri dena, eta orain sartuko da indarrean erabakitakoa. Agintaldi bat markatzeko erreforma izango da Ipar Euskal Herrian; sakon jaio, epel bizi eta bero amaitu zuen erreforma bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta 2016ko erreformaren bigarren zatia Nafarroan.

IPAR EUSKAL HERRIA

Macronen arrastoa



Emmanuel Macron Frantziako presidenteak lehen aurrekontua erabili nahi izan du bere erreformismoa azpimarratzeko. Horren ondorioz, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek adi erreparatu beharko diete beren zergei, aldaketa asko baitaude. Horien artean dago etxebizitza tasa desagertu egingo dela herritarren %80rentzat. Bakarrik bizi den batek ez du ordaindu beharko urtean 30.000 euroko soldata garbia edo gutxiago badauka (2.500 euro hilean, gutxi gorabehera). Muga 48.000 eurokoa da bikote batentzat, 54.000 eurokoa ume bat dutenentzat eta hortik gora seme-alaba gehiago dituztenentzat. Hiru urteko epean desagertuko da zerga -%30 ordaintzeari utziko diote aurten, %65 2019an eta %100 2020an-, bat-batean kentzeak sekulako arazoa sortuko liekeelako udalei -haientzat da dirua

Ez da hori desagertuko den zerga bakarra. Dirudunek etxebizitza zerga ordaintzen jarraituko dute, baina haietako batzuk aberastasunaren gaineko zergaz libratuko dira. Izan ere, aurrerantzean, aberastasun higiezinaren gaineko zerga bat izango da eta, hortaz, aurrezkiek eta beste finantza produktuen irabaziek ez dute ezer ordainduko. Frantziako Gobernuak argudiatu duenez, xedea da dirudunek enpresetan inbertitzea beren aurrezkiak. 800.000 eurotik beherako etxeak dituztenek ez dute zerga hori ordaindu beharko, ezta etxea jarduera profesional baterako erabiltzen dutenek ere.

Luxuzko zenbait produkturen zerga ere emendatuko da, hala nola itsasontzi handiena, kirol autoena edo harribitxien eskualdatzeena.

Beren hileroko sarietan kontrako norabidea duten bi aldaketa ikusiko dituzte Ipar Euskal Herriko herritarrek. Batetik, CSG zergaren ekarpena 1,7 puntu handituko da. Bestetik, langabezia eta osasun kutxetarako egiten duten kontribuzioak desagertu egingo dira:zati bat, atzo; gainontzekoa, udazkenean. Neurri horrek 1.200 eurotik gorako pentsioa dutenei egingo die kalterik handiena, CSGa igo bai, baina ez dietelako konpentsaziorik emango.

Enpresen zergei dagokienez, 500.000 eurotik beherako mozkina aitortzen dutenek %28ko tasa ordainduko dute, eta %33,3koari eutsiko diote besteek. Aurreko gobernuak erabakitako neurria da hori, oraingoak guztiei jaitsiko dielako sozietate zerga. Hori bai, heldu den urtetik aitzina: %31 2019an, %28 2020an, %26,5 2021ean eta %25 2022an.

ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOA

PPren sinadura



Sozietate zerga da protagonista nagusia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Haren ekarpena handitzeko gogoa azaldu zuen Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak, bilketa erdira jaitsi delako krisia hasi zenetik. Baina Azpiazuk gainditu ezineko horma bat aurkitu zuen begi aurrean, aldundien ezezkoarena, Bizkaikoarena bereziki. Are gehiago, azkenean onartu behar izan zuen sozietate zerga igo beharrean jaistea, hori izan baitzen PPren baldintza zerga erreforma eta aurrekontuak babesteko. Horrenbestez, %28tik %24ra jaitsiko da hurrengo urteetan, puntu bat urteko. Enpresa txikiena, berriz, %24tik %20ra. Erreformaren defendatzaileek ziurtatu dute tasa nominalaren jaitsierak ez duela zertan bilketa jaitsi, beste zenbait neurri ezarriko baitituzte kenkarietan. Batetik, enpresa handiek gutxienez ordaindu beharko duten tasa %13tik %17ra igoko da, eta %11tik %15era besteei. Gainera, mugak jarriko dizkiete aurreko urteetako galerengatik zerga fakturan egin daitezkeen murrizketei (gehienez, oinarriaren %80 konpentsatuko dute).

Beste aldaketa bat da izango da enpresa handiak -250 langiletik gorakoak edo urtero 50 milioi eurotik gora saltzen dutenek-, behartuta izango direla sozietate zergaren zati bat aurretik ordaintzera. Zehazki, aurreko urtean lortutako irabaziaren %5 pagatu beharko dute.

Neurri horiek guztiak, berez, ez daude onartuta. Izan ere, berandu iritsi zen PPrekiko akordioa, foru arauak 2017. urtea amaitu aurretik onartzeko astirik gabe. Aldundien asmoa da hurrengo asteotan iristea testuak Batzar Nagusietara, eta otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran onartzea. Gipuzkoan izango da sakonen erreforma, Bilduren garaian onartutako aberastasunaren gaineko zerga desagertu egingo delako, eta Arabako eta Bizkaiko ondare zergaren pareko bat aplikatuko delako. Tasa %1,5etik %2,5era igoko da, baina, ezkutu fiskala berrezarriko denez, gipuzkoarrek ere gehienez beren urteko errentaren %65 ordainduko dute zergetan.

Beste berritasuna BEZ zergaren ordainketan gertatuko da. Urtean sei milioi euro baino gehiago fakturatzen duten enpresek salmenta egiten dutenean aitortu beharko dute BEZa.

NAFARROA

28 milioi euroko saria



Bere esku dituen zerga gehienetan aldaketak egingo ditu Nafarroak ere, «berdintasuna» bultzatzeko, laukoaren esanetan. Haiei esker hurrengo bi urteetan 28 milioi gehiago lortuko dituztela espero dute.

Errenta zergan, familiek ehun euroko kenkaria izango dute 3 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko, 60.000 eurotik beherako errenta dutenentzat. Pentsio planetan egindako ekarpenaren kenkaria desagertu egingo da, eta ezkutu fiskala, %65etik %55era jaitsiko da. 30.000 eurotik beherako errenta duten gazteek %15etik %20era igoko dute errenta zergaren kenkaria, eta hori ezarriko zaie diru sarrera txikiko guraso bakarreko familiei ere.

Bidean geratu da Uxue Barkosen gobernuak iragarritako neurri deigarrienetako bat: etxebizitza erosteko kenkaria guztiz desagertzea 2023rako.

Sozietate zergan ez dira tasa nominalak aldatu, baina enpresek gutxienez ordaindu beharrekoa igo dute: %18 izango da enpresa handientzat, %16 ertainentzat eta %13 enpresa txikientzat. Hasiera batean erreformaren asmoa zen enpresei kentzea aurreko urteotako galerekin sozietate zerga gutxitzeko aukera, baina parlamentuko eztabaidan beste bi urtez luzatu zuten neurri hori.

BERRIAn argitaratua (2018/01/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA