astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

bizigiro

MIGEL MINDEGIA

«Dudarik gabe, aizkorarako sortu nintzen: gerlaria, jokalaria eta plazagizona»

Iker Tubia

«Dudarik gabe, aizkorarako sortu nintzen: gerlaria, jokalaria eta plazagizona»

Zubietan gora, han dago Azkarateko borda (Nafarroa), Migel Mindegia aizkolariaren etxea (Ezkurra, Nafarroa, 1949). Aizkolari onenetako bat izanda, ez da harritzekoa berriki hari buruzko liburua kaleratu izana: Miguel Mindegia aizkolaria. Abenduaren 22an egin zuten aurkezpena, omenaldi eta guzti. Etxean erantzun die galderei, goizean goiz hasitako baserriko lanetan tarte bat hartuta. Aizkoraz aritu da, bere ibilbideko bizipenak partekatzen.

Joan den eguneko omenaldian hainbat aizkolarik zubia egin zizuten. Zer sentitu zenuen bertatik pasatzerakoan?

Momentuan gauza asko pasatzen dira buruan. Pozgarria zen, eta egin zidatena estimatu nuen. Han baziren aizkoran batzuetan kontra, beste batzuetan alde ibilitakoak urte askoan, baina horrelako omenaldiren bat daukagunean, elkarrekin joaten gara. Han ikusi zen jendea borondate onarekin eta animoso zegoela.

Nola hartu zenuen omenaldia?

Niri buruzko liburua emateko omenalditxo bat prestatu zuten, eta, gero, omenaldi handi xamarra atera zen. Jende asko bildu zen, bertsolariak baziren, egurra mozten aritu ziren, joaldunak ere etorri ziren... Jaialdi polita.

Jendearen babes hori sentitu duzu ibilbide osoan?

Bai, beti izan dut nik... jokoak egiten genituenean jende asko joaten zen. Nik egindako lanak hor daude, eta uste dut jendea oraindik ere oroitzen dela.

Esker oneko kirola da aizkora?

Bai. Baina orain baino gehiago izan zen. Txikia nintzela, futboleko konturik ez zen aditzen inguru hauetan, beti aizkora: aizkora gora eta aizkora behera. Orain alderantziz da. Oraindik ere, zaleak badaude, eta aizkolari gazteak heldu dira, baina lehen zegoen zaletasuna hainbeste ez da. Denbora horietan bizia aizkoraren bitartez ateratzen zen, eta, beraz, zaletasun handia zegoen.

Garai hartako futbola zen?

Hemen kirolik gorena aizkora zen, inguru honetan behintzat. Horrek zuen sona handiena.

Aizkoran zerbait ere aritzen zara oraindik?

Ni neu aizkoran ja ez. Bueno, egurra prestatzeko eta etxeko lanetarako aizkora beti eskuan, baina entrenatzen-eta ez naiz ibiltzen.

Azkenengo plaza noiz egin zenuen?

Plazan aritu berri nago ni, erakustaldi txiki batzuk egiten, baina entrenamendu handirik gabe. Lehengoan omenaldian ere aritu nintzen. Pixka bat bai, baina plazatan ibiltzeko entrenamendurik ez daramat. Aizkoratik nola diru gutxi dagoen, eta endredo asko...

Txikitatik ibili zara aizkoran. Nola hasi zinen?

Familian zegoen afizioa. Osabak aizkoran aritzen ziren, nire anaia zaharragoak ere bai, eta herrian bertan aizkolari mordoa zegoen. Txiki-txikitan aizkora hartu eta han hasi nintzen, entrenamenduak egiten, eta, handitu nintzela, besteek egiten zituzten markak begiratu, mendira joan, eta ea lortzen ote nituen ikusten nuen. 16 urterekin gazteen mailako txapela atera nuen, 18 urterekin bigarren mailakoa ere bai, eta 18 urterekin apustuekin hasi ginen. Apustu handi xamarra egin genuen herritarrok, bi anaiak bi anaiari. Polipaso zenarekin ere apustu oso handia egin nuen 19 urterekin, eta, hortik aurrera, beti aizkorarekin. Eta, horretaz aparte, baserriko lanean. Ez naiz aizkoratik bizi izan.

Ez du aski ematen bizitzeko?

Ez, ez, ez. Gastu asko daude eta...

Garairik onenetan ere ez?

Bueno, garairik onenetan joko asko egiten nituenez, eta jende mordo bat joaten zenez, sarreretatik ateratzen zenarekin defenditzen nintzen. Baina denek ez dute zorte hori. Badakizu, batzuk arrakastatsuagoak dira beste batzuk baino, eta, hori ez baduzu, gastu gorria egin behar. Sarrerena inportantea da.

Beraz, sarrerei esker ateratzen zineten onik?

Nahiz eta jokoa galdu, sarreretako dirua erdibana izaten zen. Horren menpe ginen. Bestela ez genuke hainbeste apustu egingo.

Presioa izaten zenuten?

Bai, presio handia. Aurkariari aurre egin, dirua jokoan, eta ikusleen aurrean egin behar duzu lana. Beraz, izaten dira urduritasunak.

Hala ere, sentsazio hori maite zenuen?

Dudarik gabe, horretarako sortu nintzen: gerlaria, jokalaria eta plazagizona. Ongi aritzen nintzen plazan.

Baserriko lanak lagundu dizu aizkoran?

Agian bai. Orain makinekin egiten da, baina lehen dena esku lana izaten zen, eta aizkora erabiltzeko egokitasuna eta gorputza zaildua izaten du baserrian aritzen denak.

Etxean prestatzen zenuen zeure burua?

Gaztetan mendian ibiltzen nintzen entrenatzen, kontrabandoan [irri egin du]. Lehen ez ziren pistak eta errepideak; orduan, mendi zuloetara joan, arbola bat edo beste moztu, eta horrela. Gero jokoekin hasi nintzelarik egurra etxera ekarri eta prestaketa hobekixeago eraman genuen.

Eta gimnasioa?

40 urte inguru nituelarik ibili nintzen bi-hiru urtez. Lehenago gutxi; tira, gimnasioa, etxekoa, nirea. Gimnasioan hobekuntza nabaritu nuen. Baina, gimnasiorik gabe, hor ibiltzen nintzen, etxean ariketak eginez. Ariketa nagusia mendi buelta. Mendian nahiko ibiltzen nintzen, eta fondo egiteko hori behar da, mendian ibili. Mendian bizi gara, eta oraindik ere mendialdera jotzen genuen.

Zer behar da aizkolari ona izateko? Indarra bakarrik ez, ezta?

Gauza asko behar dira onak, eta denak elkartu. Behar duzu izan indartsua eta plazagizona, eta zeure burua kontrolatu. Hamar egur badira, bi balira bezala mozten hasita ez zara ailegatzen hamarretara. Buruak lan egin behar du. Zenbaitek indar handia dute, baina presaka hasi eta beren burua itotzen dute. Beste batzuek fondoa bai, baina indarrik ez.

Eta teknika?

Noski. Ez da han jotzeko esan eta han jo. Beste egokitasun bat eman behar zaio aizkorari. Teknikarik ez baduzu, indarra alfer xamar.

Non dago gakoa?

Lehenbizi, jaio egin behar duzu. Gero, ariz, ariz, ariz, egokitasun bat lortu. Hori ez da erosten.

Batzuen aburuz, herri kiroletan gogorrena da aizkora. Hala da?

Bai, tira, harri bat hartzen baduzu, hori ere nahiko gogorra da. Aizkoran fondoa behar duzu, eta fondoko lanak gogorrak izaten dira. Bizikleta bera ere gogorra izaten da, baina baditu gorabeherak. Gurean beti da gora: jo, jo, jo eta jo. Gogorra hori da.

Plazagizona izatea aipatu duzu. Hori nola ikasten da?

Horrek berezko behar du. Etxean egiten baduzu, baina plazan, jendea begira dagoelako, ezin baduzu eman, urduritasunak janda... Buru hotzekoa behar duzu izan. Urduri jarriz gero, akabo.

Zer sentitzen da plaza bat lepo beterik ikusirik?

Pozgarria da. Nik, plazan sartzerakoan, begiratzen nuen ea jende askorik zegoen, eta jende asko baldin bazen: «Ba, diru batzuk eramango ditugu etxera». Aizkorak jenderik gabe ez du graziarik, behar da giroa; batzuk baten alde, beste batzuk bestearen alde, eta hor pizten da sua.

Berotasunak bultzatzen du aizkolaria?

Ari zarenean soinu bat izaten da. Horretara joaten gara gu plazara. Giroa egon dadila, jendeak goza dezala eta gehien ematen duenak irabaz dezala.

Australiarren aurka, lehenbiziko aldian, galdu zenuten. Zergatik? Aizkora hobeak zituztelako?

Guk ez genuen pentsatzen gu baino aizkolari hoberik bazenik, baina han aizkolari asko dago. Gu denbora haietan baino aurrerapen gehiagorekin etorri ziren, aizkora hobeak zituzten, kirtenak ere bai, egokitasun handiagoarekin, eta segituan enteratu ginen. Lehenbiziko etorri zirenean eurek irabazi ziguten guri. Jarri gintuzten hiru hiruren kontra. Txandatuz. Haiek esprintekoak baitziren, eta gu ez, guk hamar-hogei egur segidan mozten genituen. Zutik ere hemen ohitura gutxi genuen, eta haiek gehiago. Eman ziguten jipoia, bai. Taldean galdu genuen, baina, banaka kontatuz gero, nik aurrena egin nuen.

Urtebetera buelta jokatu, eta orduan bai, irabazi.

Donostian egin genuen. Aizkora batzuk Australiatik ekarri genituen, kontzientziaz prestatu ginen, zutikako egurrean ikasi genuen, eta urtebetera hiru hiruren kontra berriz. Franko erraz irabazi genuen. Trukoa hartu genuen.

Onenak zinetela demostratu zenuten azkenean?

Bai. Baina hemengo aizkolari bat Australiara joanda, ez du irabaziko. Han egiten dute egur txiki batera. Gu baino azkarragoak eta indartsuagoak dira. Lan txikitan hemengoak baino gehiago dira.

Australian izan zara?

Bai, bi aldiz ibilita nago. Inazio Arria eta biok joaten ginen. Gu gaizki ibiltzen ginen egur batera. Hainbat egur segidan jarrita, orduan bai, aise irabazten genien.

Aizkoran aurkari dituzuenekin zer harreman duzue?

Plazatik ateratzean ez gara kontrarioak. Normal eta errespetuz hitz egiten dugu. Baina jokoa elkarren artean bada, plazan sartzen zarenean ez duzu lagunik. Atzerrikoekin berdin. Jokatu, eta hortik aurrera, agian bazkaltzera elkarrekin joan. Ingelesez hizketan guk ez genekien, eta itzultzailearekin moldatzen ginen. Txisteak kontatzeko gaizki.

Zein izan da egin duzun jokorik gogorrena?

Hori ez da errepikatzeko modukoa. Mendizabal zenaren kontra; lau orduz-edo aritu ginen. Oraindik ez du beste inork horrenbesterako lanik egin, eta guk ere gogorik ez. Behintzat lanak bukatu genituen, eta hor dago. Kaskagogor xamarrak ziren aldamenean genituen lagunak, hasi ziren batek gora besteak ere gora, eta gero guk nozitu genuen. Askotan hasten dira astakeriatan; gero inork atzera egin nahi ez, eta orduan aurrera segitu behar.

Nola bukatu zenuten?

Oso ongi geratu nintzen. Nerbioak lotu zidan barea. Uste nuen hernia izango zela, eta indar gehiago eginez, min handiagoa. Bukatu nuen, baina ez balantzaka edo erortzeko moduan. Zorte txarra izan nuen egun horretan, nerbioak-edo jarri zitzaizkidan tripetan, kristoren mina ematen zidan. Pultsazioa ongi, burua ongi, baina indar pixka bat gehiago egiten hasten nintzenean, mina.

Eta, hala ere, aurrera.

Noski, hainbeste publiko dagoenean eta halako jokoa dagoenean, ez dago atzera egiterik. Aurrera segitu behar duzu. Lanak bukatu gabe plazatik ateratzea ez da oso egokia izaten.

Jokoetan bakarrik ez. Txapelketetan aritu zara, eta asko irabazi.

Txapelketak ez ziren urtero izaten. Nire sasoiko garaian urtero-urtero izan balira, beharbada txapela gehiago izango nituen. 1980tik 1990era denak irabazi nituen, txapel guziak.

Zer nahiago zenuen, txapelketa edo apustua?

Berdintsu da. Txapelketan buruan daramazu txapela irabaztea, eta jokoan jokoa irabaztea. Ez dago alderik. Apustuetan beti duzu aurkari bat; txapelketetan bost dira, orduan, ez duzunean espero, batek eraso egiten ahal dizu. Apustuan errazago duzu; bat izanda, zaindu dezakezu.

Bestearen lana zaintzea ere garrantzitsua da, beraz?

Apustuan ari zaren denboran bestea geldi baldin badago, agudo enteratzen zara. Hori erraza da. Soinuak gelditzen direnean: «Hori geratu duk edo nekatu duk edo tragoa egiten ari duk». Eta denbora horretan, ahal baduzu, aurrera egin. Ez dadila atzetik etorri eta harrapatu.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

Gaur egun ere aizkolariak badaude, eta segituko du. Baina jendea ez da lehen bezala joaten, eta joko gutxi egiten dira. Urte osoan gastua egiten da, eta zaletasuna baduzu aurrera, baina zaletasun handirik gabe, ez du merezi.

Norbait entrenatzen duzu?

Beti izan dut nire inguruan bakarren bat. Orain semearekin nabil. Gero, baserriko lanekin ez dut denborarik izaten. Nahiago dut ez ibili, ez baituzu deus irabazten hortik. Borondatez egin behar da.

Zuri ere irakatsiko zizuten.

Ni ere hantxe ibiltzen nintzen. Ramon Latasa zen orduan aizkolaririk onena; asko zekien, eta harekin ibiltzen nintzen. Hiru urtez-edo ikasten aritu nintzen. Oso ongi ikasi nuen. Aizkolariek dakien norbaiten inguruan ibili behar dute, hemen dakienik ez baita jaiotzen. Bestela jendea ez litzateke hainbeste ikastera joango.

BERRIAn argitaratua (2017/12/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA