astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

ekonomia

KUTXA GOTORRA IREKI DA

Ivan Santamaria

KUTXA GOTORRA IREKI DA

Diamanteak hortzetako pastan ezkutatuta. Bradley Birkenfeld UBSko bankariak bandoa aldatu eta AEBetako Justizia Departamentuaren atea jo zuenean, inoiz ez bezalako zuloa ireki zen Suitzako banku sistema ultrasekretuaren harresian. Salatari gisa, bankuek bezero aberatsen ondasunak ezkutatzeko eta dirua mugitzeko legez kanpo egindako jarduerak deskribatu zituen, tartean diamanteak garraiatzeko trikimailu lotsagarria. Justiziak estututa, Suitzako banku ugarik amore eman eta bezero estatubatuarren datuak entregatu zituzten.

Hamarkada bat geroago, Suitzak beste urrats bat egingo du sekretutik gardentasunera doan bide malkartsuan. 2018. urtean, lehen aldiz, herrialdeko finantza erakundeetan kontuak dituzten atzerriko bezeroen informazioa helaraziko die dozenaka administraziori, horien artean Hego Euskal Herriko lau ogasunei. Amaitu da betiko banku sekretuaren aroa?

«Zerga kontuetarako banku sekretua bukatu da jada», ziurtatu du Pascal Saint-Amans OCDE Ekonomia Garapen eta Lankidetzarako Erakundeko zerga politiketarako zuzendariak. G20koek eskatuta, OCDEk bere gain hartu zuen zerga ihesaren aurkako estrategiak koordinatzeko lana. Banku informazioa eskuratzeko sarbidea ematen duten legeak «birtualki unibertsalak» dira orain, eta ekinbide horretan informazio truke automatikoa beste mugarri bat izango da. Urtero eta modu estandar batean, atzerrian dirua gordea duten herritarren informazioa komunikatuko zaie mundu osoko ogasunei. Informazio hori kasuan kasu propio eskatzea zen orain arte bide bakarra, eta, sarritan, antzua. Automatikoa izango da orain komunikazioa.

Berez, sistema aurten jarri da martxan lehen aldiz. Joan den irailean, 49 lurraldetako agintariek lehen informazio truke masiboa egin dute, CRS deklarazio estandar bateratua erabilita. Europako Batasuneko kide guztiak —Austria izan ezik—, Argentina, India, Hego Korea, Mexiko eta Hego Afrika daude lehen multzo horretan. Badaude, halaber, Erresuma Batuaren menpeko lurralde ugari, zerga paradisuen ohiko susmagarriak, Kaiman uharteak, Guernsey, Jersey eta Man uhartea, esaterako. Sistemak bultzada handia eman behar zaio 2018an. Suitzatik aparte, beste 52 jurisdikzio hasiko dira informazioa automatikoki bidaltzen. Andorra, Austria, Bahamak, Bahrein, Curaçao, Hong Kong, Macau, Monako, Panama eta Singapur daude zerrendan, adituek zerga paradisutzat jo izan dituzten lurraldeetako batzuk.

Aldaketa horri esker, zergapekoek atzerrian dituzten aktiboen eta eskuratzen duten diruaren inguruko informazioa eskuratuko dute ogasunek, aurretik inoiz ez bezala. Finantza informazioan bankuko kontuek agertu beharko dute, baina baita inbertsioetatik edo finantza aktiboen salmentatik lortutako etekinak ere.

Ez daude bankuak soilik behartuta. Brokerrek, inbertsio kolektiboak bideratzeko egiturek eta aseguru konpainia batzuek ere derrigorrean eman beharko dituzte datuak. Norbanakoen eta erakundeen kontuak dira. Azken horien artean fundazioak eta fideikomisoak daude. Zergapekoen informazioa ez da publikoa izango, eta soilik ogasunetako funtzionarioek aztertu ahalko dute. «Gauza bat argi dago: zergapekoek ezin dute gehiago banku sekretuan konfiantzarik jarri euren aktiboak eta jarduerak ogasunei ezkutatzeko», Saint-Amansen arabera.

Trukea ez da hain sinplea, ordea. Lehenik eta behin, etxeko legedia egokitu behar da. 2018an hasiko diren herrialdeetatik zazpi daude atzeratuta, eta garaiz ez amaitzeko arriskua dute, horien artean Errusia. Hala ere, pauso funtsezkoena alde biko akordioak dira. Ez da nahikoa nazioarteko esparru eta akordio orokorrari atxikitzea. Informazioa eman eta jasoko duten lurraldeen arteko itunak sinatu behar dira. Sare sozialetan gertatzen den bezala, bi aldeek atsegin dut eman arte ez da trukea gauzatuko. 2017an trukea hasi duten lurraldeen kasuan, akordio sarearen %98 indarrean dago. Haatik, 2018koak ekuazioan sartzen direnean, balizko harremanen erdiak baino gutxiago daude prest (%48), eta 30 lurraldek ez dute itun bat bera ere sinatu.

Suitzak berak, esaterako, 39 dauzka sinatuta, EBko herrialdeek baino hogei gutxiago. Gehiago ez zabaltzeko presioa egiten aritu dira Suitzako bankuak, argudiatuta sisteman dauden herrialde batzuek ez dutela berme nahikorik ematen datuen tratu egokiari buruz. Herrialde txiroenak sistematik at uzteko arriskuari buruz ohartarazi du TJN Tax Justice Network gobernuz kanpoko erakundeak.

«Aurrerapena da, nazioarteko lankidetza sistema baita, aurretik zegoena baino askoz hobea da, eta informazio kopuru esanguratsua eskainiko du. Baina hau ez da banku sekretuaren amaiera». Nicholas Shaxson kazetari eta idazlearen iritzia da. Iruzurra eta zerga paradisuak sakon aztertu ditu, eta 2011n Treasure Islands (Altxorraren uharteak) liburua argitaratu zuen.

Banku sekretua nazioarteko finantza opakotasunaren parte garrantzitsu bat da, baina ez bakarra. Oskol enpresen bidez ondasunak ezkutatzen dira, esaterako. Gainera, OCDEren proiektuak zirrikitu batzuk utzi dituela uste du Shaxsonek. Aipagarriena herritartasun bikoitza izan daiteke. Aberatsentzako paradisu gisa funtzionatzen duten lurraldeen pasaportea erostea ez da zaila, eta gobernu ugarik herritartasuna eskaintzen dute inbertsioen truke. Zergapekoek aitortutako bizilekua benetakoa dela egiaztatzeko berme gehiago beharko lirateke, kritikoen ustez.

Hutsune handiena, hala ere, proiektuan falta den herrialdea da. AEBek euren herritarren informazioa biltzeko sistema propioa jarri dute martxan, FATCA ingelesezko siglak dituena. «Zergapeko estatubatuarren informazioa eskuratuko du nazioartean, eta teknikoki nahiko sendoa da. Arazoa da kontrako noranzkoan doan informazioa. AEBetan aktiboak dituzten atzerritarrak. AEBak benetan ez dira informazio askorik bidaltzen ari», azaldu du Shaxsonek.

AEBetan banku sekretuaren arazoa bi maila ezberdinetan gertatzen da. Batetik, paradisuen moduko praktika erabiltzen duten estatuak leudeke. Ezagunena Delaware da, banku sekretua zorrotz gordetzen duen lurraldea, baina Nevadan eta Hego Dakotan ere baimenduta daude antzeko egiturak. Bestetik, informazio truke automatikoaren falta dago. Alderantziz, informazioa emateko beharra aipatu du gobernuak FATCA sistema zabaltzeko egin dituen itunetan, baina, gaur-gaurkoz, ez da gertatzen ari.

Sistemari ahulezia egotzi dioten kritiken aurrean, datuekin defendatu du bere burua Saint-Amansek. Informazio truke automatikoa iragartze hutsarekin mugimenduak egon dira. Azken zortzi urteotan 500.000 zergapekok atzerrian zituzten aktiboak aitortu dizkete zerga agintariei, eta, deklarazio horiek eta nazioarteko ikerketak baliatuta, 85.000 milioi euro inguru azaleratzeko eta zergapetzeko aukera izan dute nazioarteko ogasunek.

Informazioa, ilunpetan

Mezua argi dago: aurrerantzean ez da erraza izango dirua atzerrian eta ezkutuan gordetzea. Duela ez hainbeste Suitzan kontu bat irekitzea ez zegoen soilik aberats handien eskuetan. Urte batzuk barru ikusiko da informazio truke automatikoak aukera hori behin betiko desagerraraziko duen edo ez, baina zerga ihesaren fenomenoa ez da horretan gelditzen. Izan ere, norbaiti atzerrian ondasunak ezkutuan izateagatik jazartzeko eta gero zigortzeko, horien jabea dela frogatu behar da, eta, Paradisuko paperen edo Panamako paperen filtrazio handiek agerian utzi duten bezala, jabetza mozorrotzeko bidezidor gehiegi daude oraindik.

«Gai honetan lan gehiago egin behar da, bermatu ahal izateko ogasunek informazio eguneratua dutela entitate ezberdinetako benetako onuradunei buruz», onartu du Saint-Amansek. Truke automatikoa martxan jarri aurretik, kasuan kasuko informazio eskaera arautu zuen OCDEk sustatutako Foro Globalak. 147 herrialdek parte hartzen dute horretan, eta informazioaren kalitatea neurtzeko berrikusketan atera da gaia. Herrialdeei eskatzen hasi zaie benetako onuragarriei buruzko informazioa zerga agintarien eskura jartzea.

Gai labainkorra da. Jabetzaren beraren kontzeptua definitzea ez da erraza. Fideikomiso batean, esaterako, pertsona batek egitura horretan uzten ditu bere aktiboak edo ondasunak, kudeatzaile baten kontrolpean, baina kudeatzaile hori ez da aberastasunaren benetako jabea. Gehienetan, aktibo horiek ez dira inorenak, banatzen diren arte. «Ez dago bala magikorik», aitortu du Shaxsonek. Izan ere, iruzurraren sarea ulertzeko ezinbestekoa den baina sarritan oharkabean igarotzen den elementu bat sartzen da jokoan: bitartekariak.

Shaxsonek Treasure Islands idatzi zuenean, oraindik ere zerga paradisuak Karibeko mikroestatuekin parekatzen zituen publiko orokorrak. Ikerketaren ondorio nagusietako bat izan zen benetan zerga ihesa eta iruzurra ahalbidetzen duten egitura gehienak herrialde aberatsetan kokatuta daudela.

«Eskandalu bat ateratzen denean jendeak eta hedabideek pertsonengan jartzen dute arreta, sistemaz profitatzen diren futbolariak edo politikariak, esaterako, baina ez zaie arretarik jartzen bitartekariei, bereziki bankuei eta kontularitza enpresei, edo Mosack Fonseca edo Appleby bezalako offshore abokatu bulegoei», azaldu du idazleak. Haren ustez, horrelako enpresak eragile pasiboak diren iritzia nagusitu da, baina kontrakoa dira. «Oso erasokorrak dira. Jende hori da zerga paradisuen mesederako industria eraikitzen ari dena, paradisu horiekin elkarlanean legeak idazten dituztenak, eta estrategiak diseinatzen dituztenak bezero aberats eta boteretsuek iruzur egiteko».

Bitartekariak, itzaletan

Bistan da zerga agintarien kontrolari iskin egiteko beharrezkoa dela profesional askoren laguntza. Gutxi erreparatu zaio horri, ordea. Azken urteotako filtrazioek ikerketa ildo horretan sakontzeko aukera eskaini dute. Horiek baliatuta, urte hasieran txosten bat prestatu zuen Europarlamentuko berdeen taldeak, Ohiko susmagarriak? Konspiraziokideak zergei ihes egiteko negozioan izenburu luze baina egokiarekin. Mossack Fonseca bulegoaren dokumentazioa eta beste filtrazio batzuk erabilita, paper horietan agertzen diren finantza bitartekariei buruzko informazioa bildu dute. Hau da, abokatu bulegoarekin elkarlanean aritu ziren enpresak, dirua ezkutatuko zein offshore entitateak sortzeko. Argigarriak dira emaitzak.

Datuak ikertuta, nazioarteko 140 bitartekari identifikatu dituzte. Suitzako bi banku dira offshore egiturak gehien sortu dituztenak, UBS eta Credit Suisse. Suitzako eta Luxenburgoko banku ak daude lehen postuetan, baina Frantziakoek ere parte hartze handia dute. Hala, lehenbiziko hamar bankuen artean daude Societe Generale, Credit Agricole, eta BNP Paribas. Espainiako Santander hamargarrena da. Kontularitzako lau handiak ere sarritan agertzen dira dokumentuetan. Deloitte eta PwC Pricewaterhouse Coopers lehenbiziko hogeien artean daude, eta KPMG eta Ernst & Young, atzerago.

Bitartekarien izen ugari ezezagunak dira publikoarentzat. Abokatu bulegoak, finantza zerbitzuen hornitzaileak eta aholkulariak dira. Trident Corporate Services, Offshore Business Contultant Limited, Orion House Services eta Prime Corporate Solutions daude aktiboenak izan direnen artean. Azterketak beste ondorio garrantzitsu bat atera du: 140 enpresa horietatik 127k negozio unitate aktiboak edo filialak dituzte Europako Batasunean, agintarien erradarretatik kanpo ari diren bitartean.

Egoera kezkagarria da, Saint-Amansen ustez. «Norbanakoek eta erakundeek arauei ihes egiteko erabiltzen dituzten moduak zaindu behar ditugu. Horretan atal garrantzitsu bat da aztertzea bitartekarien edo erraztaile profesionalen papera».

Zerbitzu emaile eta aholkulari batzuk jada ari dira aktiboki saltzen CRS informazio truke automatikoaren sistemari iskin egiteko moduak. Horrelako tratuei aurre egiteko eredua hasi da lantzen OCDE, eta duela pare bat aste kontsulta publikoa hasi du horri buruz. Horrelako egitura baten berri duten bitartekariek —zergapekoek ere— komunikatzera behartu nahi dituzte. Halako tratuak errazten dituzten enpresak eta zergapekoak zigortzea ezinbesteko elementua da, benetan sinesgarria izan dadin.

Shaxsonek ere uste du bitartekarien aurka indar handiagoz ekiteko unea dela. Ez du hain zaila ikusten, gainera. «Tratu gehienak banku handien edo kontularitza enpresa handien bidez egiten dira, eta horiei aurka egitea errazagoa da, merkatu handietarako sarbidea behar dutelako. Pertzepzio publikoa da aldatu beharrekoa. Dirudien baino arriskutsuagoak dira».

Esaterako, Europak duela gutxi zerga paradisuekin onartu duen zerrenda beltza baino eraginkorragoa litzateke eragile pribatuen aurka jotzea. Suitzako adibidera jo du Shaxsonek berriro. Makina bat urtez, Suitzako banku sekretua harresi gaindiezina izan zen, baina AEBetako Justizia Departamentuak Suitzari berari eraso beharrean Suitzako banku eta bankari zehatzen aurka jo zuenean, paradigma aldatu zen. Kartzelatik libratzeko, salatutako finantza entitate horiek sekretua arindu eta informazioa ematearen alde presio egin zuten gobernuaren aurrean. «Horrek gauzak aldatu zituen Suitzan. Berriro eragile pribatuak kartzelarako bidean ikusten hasten garenean, aldaketa gertatuko dela uste dut».

BERRIAn argitaratua (2017/12/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA