astekaria 2018/01/05
arrowItzuli

mundua

GABRIELA SERRA

«Errepublikaren garaipenak defendatzea tokatzen zaigu»

Iosu Alberdi

«Errepublikaren garaipenak defendatzea tokatzen zaigu»

Gabriela Serra (Mataro, Herrialde Katalanak, 1951) CUPeko parlamentaria izan da 2015. eta 2017. urteen artean. Abenduaren 21eko hauteskunde «legitimitaterik gabeen» ostean, Kataluniako egoera politiko eta sozialaren berri eman dio BERRIA egunkariari, Eleak mugimenduak antolatutako Kataluniako prozesua eta desobedientzia hitzaldian parte hartu aurretik.

Posible da gehiengo bat lortzea parlamentuan?

Gehiengo hori existitzen da. Arazoa ez dira zenbakiak, programa baizik. CUPen garbi esan dugu: errepublika lortzea praktikan jartzeko asmoa badago, prest egongo ginateke gehiengo independentista baten parte izateko. Inbestidura errazteko, abstenituz edo alde bozkatuz. Beraz, JPC Junts Per Catalunyak eta ERCk defendatuko duten programak pisu handia izango du CUPen erabakian. Elkarrizketak abiatuak dira bi alderdi horiekin, parlamentuko mahaian parte hartu edo ez, parlamentuan talde propioa osatu edo ez, baina ezin da hori aurreratu.

ERCk proposamena egin du CUPek talde parlamentarioa osatzeko parlamentari bat uzteko.

Guri ondo iruditzen zaigu ERCk proposamen hori egitea. Haiei ere interesatzen zaie, talde parlamentarioetan ere independentistak gehiengo izateko. CUPentzat, ordea, eztabaida hauek ez dira instrumentalak. Arazoa ez da parlamentuan talde propioa izan edo ez, zertarako baizik. Autonomismoari indar ematea badute helburu, ez dezatela gurekin kontatu. Eskuzabaltasun hori errepublika eraikitzen hasteko bada, horrekin bat datorren erabaki bat hartuko du CUPek.

Aldebakarreko bidearen defentsa irmoa egiten duzue zuek.

Prozesu errepublikanoarekin jarraitzeko aukera dago. Ez orain arteko prozesuarekin; guretzat, hori amaitu da. Ez gaude erreferendum gehiago eskatzeko; hiru erakustaldi garbi izan ditugu Kataluniako herriaren gehiengoaren hitza entzuteko: 2015eko irailaren 27a, urriaren 1eko erreferenduma eta hauteskunde hauek. Ez da erreferendum gehiago behar. Gehiengo independentista hori handitzen saiatu behar dugu orain, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erruz aurrera eraman ezin izan diren gizarte politikak berreskuratu.

Hauteskundeen ostean, zein da egoera Katalunian?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu hauteskunde guztiz ezohikoak izan direla. Borrokatua izan da, baina ez pozgarria. Independentistok bagenekien legitimitaterik gabeko hauteskundeak zirela, Madrilek inposatuak. Sektore askok mahai gainean jarri genuen ea merezi zuen parte hartzea. Emaitzak ikusita, ondo egin genuela uste dut. Alderdiaren emaitza kaskarrak kontuan izanda ere, sektore independentista finkatu egin da.

Zergatik uste duzue egin duela behera CUPek?

Guk mailegatutako boto asko izan genituen 2015eko hauteskundeetan. Junts Pel Si sortzearen estrategia ez zen izan ERCko baseen zati baten gustuko. Erbestean daudenen eta gure preso politikoen aldeko bozak ere rol garrantzitsua jokatu du. Horregatik, beherantz egitera deitua zegoen JPCk emaitza ona lortu du. Jendeak erbestean dagoen presidentearen alde bozkatu du. Eztabaidaezina da Carles Puigdemontek errespetua irabazten jakin duela. Era berean, ERCk boto asko erakarri ditu Oriol Junqueras presidenteordea zerrendaburu ezarrita. Elkarrizketaren eta negoziazioaren bidean berriz saiatzearen alde dagoen sektore bat ere agertu da. CUPen uste dugu horrek ez duela inolako zentzu edo bideragarritasunik.

Zein dira orain CUPen erronkak?

Gure erronka da errepublika behetik eraikitzea. Ikaragarrizko mugimendu independentista dagoela, sigla politikoetatik harago: horra zer erakutsi diguten azken hilabete hauek. Errepublika behetik eraikitzeaz ari garenean, errepublikaren defentsarako batzordeak sendotzeaz ari gara, egiturak eta alternatibak sortzeaz… Parlamentua nola osatzen den begiratu beharko dugu, baina udal hauteskundeetara begira ere jarri behar dugu. CUPek badu udalen aldeko bokazio bat hasieratik. Errepublika eraikitzeko, beharrezkoa da udaletan lan handia egitea eta prozesu konstituziogilea behetik hastea. Errepublika gizarte zibiletik eta kaletik eraikitzea, parlamentuaren dependentziarik gabe.

Zer defendatzea tokatzen zaie kalera irten diren herritar horiei guztiei?

Errepublikaren garaipenak defendatzea tokatzen zaigu, gizarte politikak, gure kultura eta hizkuntza, gure presoak, irabazi dugun legitimitatea. Ahalduntze handia izan du Kataluniako herriaren zati oso garrantzitsu batek. Erakunde demokratikoei protagonistaren rola jokatzea tokatu zaie orain arte, baina posible da sortu zen lekura itzultzea, kalera. Kaleko lanik gabe, pentsaezina litzateke parlamentuak estatuarekiko desobedientzia zibila erabiltzea.

Ba al da gizartean hainbeste aipatzen den zatiketa hori?

Boz hauek gizartearen zatiketa justifikatzen lagunduko zutela uste zuten batzuek, eta kanpaina guztian erabili dute gezur hori. Zerbait azpimarragarria bada, independentismoak ia presentziarik ez zuen eremuetan lortutako boz berriak dira: Hospitalet, Badalona, Nou Barris... Indartu nahi duten gizarte zatiketa horrek talka egingo du 78ko erregimena amaitu nahi dutenekin, Kataluniako Errepublika bultzatu eta nahi hori beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa dutenekin.

Nolako analisia egiten duzue orain arteko prozesuaz?

Orain ari gara analisia bultzatzen, Rajoy azkar ibili baitzen hauteskunde hauetara deitzen, hausnarketa sakon bat egiteko tarterik eman gabe. Autokritika momentuak egongo dira orduan, errepublika aldarrikatu ostean bezala. Ez ginen gai izan estatuaren bortizkeria aurreikusteko, baina errepublika ezartzeko bidea ez gauzatzearen arrazoia, gehiegizko konfiantza ez ezik, 155.aren aplikazioa ere izan da.

Zer egingo duzu orain? Zein izango dira zure borrokak?

CUPek kaletik atera ninduen, eta, orain, zorionez, kalera itzuliko naiz. Gizarte mugimenduetan egon den pertsona bat naiz ni, eta bi urte diputatu izan ostean, kaleko nire zereginetara itzuliko naiz. Gogotsu, gainera, hori ere errepublika eraikitzea baita.

BERRIAn argitaratua (2017/12/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA