astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

ekonomia

Bankarien hiria saltoki handiena bihurtu zenekoa

Lander Muñagorri Garmendia

Bankarien hiria saltoki handiena bihurtu zenekoa

Kasualitate hutsa izan daiteke, baina Bizkaiko bi banku handienetako egoitza nagusiak izan diren bi eraikinetan lanean ari dira azken asteotan. Eta kasualitatea izan daiteke hau ere, baina lan horiek arropa merke saltzen duten bi denda zabaltzeko izango dira. Bilboko Kale Nagusiaren abiapuntuan, Plaza Biribilean zeukan BBVAk egoitza, eta Primark multinazional irlandarra denda handi bat zabaltzeko lanean ari da han. Metro batzuk aurrerago joanda, Bizkaiko Foru Jauregiaren ondoan, Zarak BBKren egoitza zena bereganatuko du. Kale Nagusian eta inguruko kaleetan dituen bost dendak itxiko ditu horrela Zarak, eta denak saltoki bakar batean bilduko ditu.

Bi arropa denda handi horiek 2018an dira zabaltzekoak. Baina Pedro Campo Cecobi Bizkaiko merkatarien patronaleko presidenteak eredu baten aldaketa ikusten du haien atzean; kasualitatetik gutxi duen aldaketa bat, alegia. «Hiri kanpoaldeko merkataritza gune handien negozioa jaisten ari da, eta kontsumitzaileak gero eta gehiago hiriguneetako dendetan egiten ditu erosketak». Multinazionalak joera horren jakitun dira, eta horregatik ari dira hirietako kale garrantzitsuetara salto egiten. Eta horregatik ez da kasualitatea Bilboko Kale Nagusian egiten ari diren lanak.

Baina denda horiek Bilbo erdigunea aukeratzen baldin badute, hiria bera lehiakorra delako aukeratzen dute. Xabier Olabarrieta eta Pilar Zorrilla EHUko Finantza ekonomia saileko irakasleek Bilboko merkataritzaren bilakaera aztertu dute, eta goranzko joera izan duela ikusi dute. «Merkataritzak Bilbon izan duen eboluzioari esker, hiria lehiakorragoa dela esan daiteke». 1990. eta 2014. urteen arteko bilakaera aztertu dute, eta ikusi dute jardunean dauden denden kopurua %8 handitu dela. Eta hiria lehiakorrago edo erakargarriago bihurtu den heinean, kanpotik datozen denden kopuruak ere gora egin du: denbora berean, bertakoak ez diren denden kopurua %7tik %27ra igaro da. «Igoera handia bada ere, neurrizkoa da oraindik», ikerketaren arabera. Bilbo erdigunean, beraz, gero eta denda gehiago daude, eta hedapen hori kanpoko edo merkataritza kate handien eskutik bidez dela ondoriozta daiteke emandako datuen arabera.

Udala, gustura

Kanpoko kateen presentziarekin oraingoz ez du arazorik ikusten Xabier Otxandiano Bilboko Merkataritza eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak, «Bilbo hiri erakargarria» dela ikusarazten diolako. Horregatik, positiboa iruditu zaio Uniqlo arropa denda multinazionaleko buruak egindako adierazpenak. Izan ere, Tadashi Yanaik azaroan Bartzelonan zabaldu zuen dendaren inaugurazio ekitaldian aipatu zuen asmoa duela Bilbon denda bat zabaltzeko. Inditex erraldoiaren egungo lehiakide nagusia da munduan, eta, horregatik, merkatu berrietara gerturatzen ari da marka japoniar hori. Espainiako hiri batzuekin batera Bilbo «hiri estrategikoa» dela azaldu zuen Yanaik, eta horregatik gustura azaldu da Otxandiano. «Guk nahi dugu Bilbon merkatari handiak izan eta erakargarriak izatea, baina gure politika nagusiak merkatari txiki eta ertainei bideratuta daude».

Dendari txikiei keinu egin die horrela zinegotziak, bai baitaki denda handi horiek Bilboko Kale Nagusia bereganatzen ari direla. Bai baitaki erosleentzako gero eta erakargarriagoak direla Kale Nagusiko denden prezio txikiak. Eta bai baitaki merkatari elkarteak eta patronalak egoerarekin kezkatuta daudela. «Kate horiek hirietako kale nagusietan ari dira jartzen euren dendak, eta kontsumo aldetik dena xurgatzen dute, inguruko auzoetako eta eskualdeetako erosleak kale horietara joaten baitira erosketak egitera». Horregatik, Campori min ematen dio agintari politikoek «denda handi horien etorrera ospatu eta alfonbra gorria» jartzen dietenean. «Horientzat denak dira hitz ederrak; 40 lanpostu berri sortzen dituztela goraipatzen dute, baina sortzen den lanpostu bakoitzeko, merkataritza txikiko lanpostu bat edo bi galtzen dira».

Txikien babesa

Campok irudipena dauka merkatari txikien ahalegina ez dela behar beste baloratzen. «Denda txiki bat zabaltzen denean ez du inork halako adierazpenik egiten». Badaki merkataritza merkatu libre baten parte dela, eta hala onartzen du, baina, hori horrela izanda ere, dendari txikiak babesteko neurriak eskatu ditu, berdintasun egoeran lehiatu ahal izan daitezen.

Oraintxe esku artean ez dauka daturik Jorge Aio Bilbo Centro merkatari elkarteko kudeatzaileak, baina joera berria begi bistan ikusten du. Abando eta Indautxu auzoetako 600 denda ordezkatzen ditu elkarteak, eta eremu horretan merkataritza lokal gehienak beteta dauden arren, zabaltzen diren negozio berriek ez dute luzaroan irauten. Hau da, denda ugari zabaltzen diren arren luze gabe ixten direla ostera. «Errotazio handia dago». Eta hori horrela baldin bada, denda handiek kontsumitzaileak bereganatzeko duten gaitasunagatik da. Eta kexa bera dute Aiok eta Campok.

Baina, hori horrela izanda ere, gaur-gaurkoz Bilbok duen merkataritza eskaintza aberatsa dela dio Aiok: «Madril eta Paris arteko eremuan, merkataritza aldetik hiririk aberatsena da Bilbo; marka ugari dituzten dendak dauzkagu, eta baita lekuan lekuko diseinatzaileen produktuak saltzen dituztenak ere». Era berean, berdintasunerako joera bat ere sumatzen du. «Marka handiek hiri guztietan daukate presentzia, eta horrek hirietako merkataritza eskaintza homogeneizatzea dakar; hori gerta ez dadin, ahulenak direnak lagundu behar dira». Hau da, aipatutako bi denda eredu horiek bultzatu behar direla dio. Horrela izan ezean, «berdin duelako Bilbon, Tuteran, Zaragozan edo beste edozein hiritan egotea: denetan eskaintza bera egongo da».

Laguntza horiek nolakoak izan behar duten nahiko garbi dauka Aiok. «Denda txikiak ikusgarri bihurtu behar ditugu, eta lan egin behar da hirigintza denda horientzat atseginagoa izan dadin». Merkataritza antolatzeko moduaz hausnarketa egin dadila eskatu du, bezeroak jabetu daitezen nazioarteko marken ondoan badagoela bestelako merkataritza bat. «Kale batzuk oinezkoentzako bihurtu daitezen aztertzen ari da une honetan udala, horien artean Kale Nagusiaren paraleloak diren batzuk; baliabideak jarri behar ditugu kale horietan halako denda txikiek ikusgarritasuna lortzeko». Aiok asmo nagusi bat baitauka: Kale Nagusiak erakarriko dituen kontsumitzaile horiek kale paralelo horietara gerturatzea, horrela prezio txikiko denda horiek lortu ez ditzaten salmenta denak. «Era berean, lortu behar dugu Bilboren irudia ez dadin lotu prezio txikiko modarekin, kalitatezko merkataritzarekin baizik». Eta uste du hirigintza planen bidez egin daitekeela horretarako bide bat.

Campok, berriz, beste proposamen bat jarri du mahai gainean: kanpainak egitea. Iraganean, hiriguneetatik kanpo zeuden merkataritza gune handiek herriguneei egin ziezaioketen kaltea nabarmentzeko kontzientziazio kanpainak egin ziren, auzoetan kontsumitzeko dei eginez. Bada, antzeko beste kanpaina bat egin dadila eskatu du, «herritarrek jakin behar baitute euren auzoko dendetan kontsumitzen ez badute ez dutela euren auzoa gaur egun ezagutzen duten bezala mantenduko». Merkatari txikien iraupena bermatzeko arduraren zati bat ere kontsumitzailearena dela, hain justu.

Baina, horretarako, merkatariei presiorik ez egitea ere eskatu du Campok: «Jakitun izan behar dugu Bilbo zer den, zer irensteko gai den, eta kanpotik datorren turista zer kontsumitzera datorren. Hausnarketa hori ez da egiten, eta merkatariei eskatzen diete jaiegunetan ateak zabaldu ditzatela, horrek kontsumoa bultzatzen duelakoan. Baina ez da egia turistak kontsumitzen duenik, kanpotik datozen horiek euren jatorrizko herrian ere badutelako halako merkataritza». Horretara baino gehiago gune turistikoak ezagutzera etortzen direla argitu du Campok, eta, horregatik, merkatari ahulenak babesteko deia egin du.

Bezeroaren erabakia

Merkatariak kezkatuta daude arropa eta bestelako produktuak merke saltzen dituzten dendak kale nagusietara joanda erosleak galdu eta denda txikiak itxiz joango direla. Hala ere, Otxandianok lasaitasun mezua helarazi du: «Nik nahi dut Bilbon merkatari handiak ere egotea, baina denden %95ek bost langile baino gutxiagori ematen diote lana; hau da, gehienak txikiak dira». Eta instituzioak merkatari txiki horientzako lanean ari direla ziurtatu du. «Aholkularitza zerbitzua ematen diegu, proiektua finantzatzeko bideak eskaini, berrikuntzarako ere laguntzak dauzkagu...». Zerrenda luzea egin du, baina horren ostean boterea nork duen zehaztu du: «Bezeroak bere erosketaren bidez erabakitzen du denda bakoitza nora joango den».

Horregatik eskatu du Campok kontzientziazio kanpaina bat, Kale Nagusiko denda merkeek dena xurgatuko duten beldur direlako merkatarien elkarteak eta patronalak. Baina ildo horretan, oraingoz, udalak ez dauka ezer aurreikusita.

BERRIAn argitaratua (2017/12/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA