iritzia
Opariak
Onintza Enbeita
Oparia izan zen abenduaren 17an BECen egotea ere. Ez bakarrik sarrera ordaindu beharrik izan ez nuelako: han kantuan egon zirenekin kantatzeko aukera izango dudalako baino. Ezin izan nuen, egun guztian, ideia hori burutik kendu: milaka lagunen aurrean hain handi ikusten ziren bertsolari haiek edozein herritako jaietan gurekin kantatuko dute. Hori erregalu bat da.
Eta erregalua da, munduan zer gose dagoen erreparatuta, Euskal Herrian jaio izana. Mapamundian arra bat beherago joan izan banintz, ez nintzatekeen hogeita hamazortzi urtera heldu ere egingo. Eta helduta ere, klitoririk gabe, edo zortzi umerekin, edo burkarekin bizitzera kondenatuta egongo nintzatekeen akaso. Ez gara konturatzen, baina gerra galdu zutenen bandoko familian jaiotzea ere oparia da. Garaileen bandoan jaiota, ez genukeen duintasunaz hainbeste ikasiko.
Inoiz sinistu ere egin diet maitasunean zorte txarra izan dudala esan didatenei, baina orain badakit zortea izan dudala. Zorte handia: munduan dagoen jende guztiarekin, pozik egotekoa da batek baino gehiagok nire ohea aukeratu izana. Erregalu bat izan da jaso izan dudan laztan bakoitza, bai horixe.
Borrokak borroka, bizitza bera ere opari bat da. Hilda egoteko denbora asko izango dugu gero ere; beraz, heldu bizitzari, tira zeloari eta paperari, eta deskubritu barruan dagoen hori guztia.