astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

ekonomia

AHTaren mehatxuak kezka betean sartu du Arabako Errioxako ardogintza

Xabier Martin

AHTaren mehatxuak kezka betean sartu du Arabako Errioxako ardogintza

Espainiako bi hiri lotuko dituen AHT proiektu bat Euskal Herriko ardogintzaren Mekaren mehatxu bihurtu da. Arabako Errioxan alarma gorria piztu du Espainiako Sustapen ministro Iñigo de La Sernak: Miranda Ebro (Burgos) eta Logroño (Errioxa) lotzeko AHTa Kantabriako mendilerroaren magaletik egin dezakete, Arabako Errioxan barna. Lau ibilbide aurkeztu ditu Madrilek, eta horietako bik eskualde hori zeharkatzen dute, batek bete-betean, gainera. Ardogintzaren sektorea asaldatu egin du albisteak, horrelako azpiegitura batek amildegira bultzatuko bailuke urte askoren ahaleginak eratutako jarduera. «Gizarte osoaren arazoa da hau», esan dio BERRIAri Remelluri upategiko zuzendari Amaia Rodriguezek. Bastida da upategi sonatu horren kokalekua, Toloñoren mendi magala, eta Bastida da, hain zuzen, udalerri mehatxatuena: plazaratutako lau proiektutatik bik harrapatzen dute, izan ere.

«Ibilbide horiek beharrezkoak diren ala ez eztabaidan sartu gabe», ABRA «erabat kontra» azaldu da, eta jakinarazi du «kezka sakona» sortzen diola «halako zerbait» egiazko bihurtzeko aukerak. Upategi eta mahastizain txikien elkarteak azaldu du eskualdeko ardogintza bizirik dagoen kultur ondare historikoa dela, babestu beharrekoa. «Ingurumenarentzat, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat ekarriko lituzkeen galerak hain handiak lirateke, ezen eskualdea eta sektorea desagertu egingo bailirateke orain ezagutzen ditugun moduan». Neurriaren kezka islatzen duen esaldiaren ondoren, erakundeei eginiko laguntza eskaera dator. «Proposamen horren kontra elkarrekin agertzera eta lan egitera deitzen ditugu gure erakundeak, ministerioak proposamenok bazter ditzan». Euskal Herriari eta haren sektore ekonomiko garrantzitsu bati egiten ari zaion eraso argia ikusten du ABRAk: «Garrantzitsua da Arabako eta Euskal Herriko gizarteak haserrea agertzea gure lurraldeari egiten zaion halako eraso bati, eta mobilizatzea. Batasunarekin lortuko dugu zentzutasuna nagusitzea».

Eltziego, Villabuena...

Madrilek esku artean dituen lau ibilbideetako bik Miranda Ebrotik Bastidara eramango lukete AHTa, Zanbrana eta Buradon Gatzaga igaro ondoren; horietako bat Arabako Errioxan barneratuko litzateke, Mañueta, Villabuena, Eltziego eta Lapuebla de Labarcaren lurrak igarota, Logroñora heldu aurretik. Samaniego, Leza, Navaridas, Paganos eta Guardia ibilbidetik iparraldera geratuko lirateke, apur bat aldendurik, Oion bezala. Arabako Errioxa osoa legoke Damoklesen ezpatapean, ordea, AHT baten azpiegituraren neurria eta eragina hain handia litzateke mahastietan oinarritutako ekosistema peto horretan.

«Oso kezkagarria da, benetan; zur eta lur utzi nauzu», dio Remelluriko zuzendari Amaia Rodriguezek. Ezustean harrapatu du albisteak. «Hementxe gaude, inbentario botanikoa egiten, gure ingurumena mimoz zaintzen, eta orain horrelako albisteak jaso behar». Gogoratu du Remellurik XVI. mendetik ekoizten duela ardoa, eta aurreikusi du AHTak «txikizio izugarria» ekarriko liekeela. «Hemendik pasatzen bada, agur hainbeste urteko lanari». Bastidako udaletxean bilera bat dago gaur, hain zuzen paisaiarekin lotutako gai batzuk lantzeko, eta informazioa eskatuko dutela dio Rodriguezek.

«Ez nekien ezer, eta herrian ez da zabaldu askorik», esan du, berriz, Bastidako Jatorrena hoteleko nagusi Soraya Urkidik. Ardoari lotutako negozioa da, aterpe nagusia Arabako Errioxako mendebaldean. «Jendea mugitzen hasiko da, seguru; bere garaian gelditu zen Toloñon egitekoa zen golf zelaia, eta orain hau geratzea tokatuko zaigu, izugarrizko kaltea bailitzateke Bastidarentzat eta eskualde osoarentzat».

Laburrena eta merkeena

Ikusteko dago Espainiako Sustapen Ministerioaren azken aukera zein den, baina Arabako Errioxari egiten ari zaion mehatxua are handiagoa da, ibilbide merkeena eta laburrena baita eskualdeari gehien eragiten diona. 57 kilometro izango lituzke, 4,8 lur azpian, eta beste 7,2 zubibideetan; eta 710 milioi euroko aurrekontua luke. Zanbrana eta Bastidako lurrak zeharkatu eta gero Errioxara aldenduko litzatekeenaren kostua 750 milioi euro litzateke.

Beste biek ez lukete Araba ukituko, Ebroren hegoaldetik doazelako. Baina bi horiek luzeagoak dira (65 eta 64 kilometro), baita garestiagoak ere (970-890 milioi). Dena den, denbora aldetik, apenas dagoen alderik: laburrena 20 minutukoa litzateke, eta luzeena, 22 minutukoa.

BERRIAn argitaratua (2017/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA