astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

bizigiro

Azterketari bat behar da

Iker Tubia

Azterketari bat behar da

«Emakume bat behar dut, 40 eta 45 urte bitartekoa, ile beltza, ez motz ez luzea, euskarazko C1 mailako ahozkoa gainditzeko». «35-45 urte bitarteko mutil bat behar dut euskarazko azterketak egiteko. Iragarki serioa. B2, 1.000 euro. C1, 2.500». «Neska ilehori bat behar da, 35-40 urte. Serioa eta zuhurra». Txantxa bat iduri lezakeen arren, esaldi horiek iragarkiak paratzeko webgune batean daude. Gehiago ere badaude. Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik heldu dira eskariak. Iragarkia paratu dutenek EGA euskararen gaitasun agiria nahi dute, baina ez gaitasuna erakustearen truke, diru truke baizik.

Ez dira iragarki asko, eta ezin jakin zenbat lagun dauden iragarki horien atzean. Hala ere, administrazio publikoa jakinaren gainean dago. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak azaldu duenez, euskara azterketei loturiko iragarki «bakar batzuk» agertu dira «oso denbora tarte luzean». Ez dakite nor dagoen atzean. «Ez dakigu horrelakorik gertatu den. Dakiguna da ikuskatzaileak zorrotzak izan ohi direla». EGA azterketetan, beste azterketetan egiten den moduan, nortasun agiria eraman behar dute aurkezten diren pertsonek. Hala ere, Jaurlaritzak esan duenez, neurriak zorroztuko dituzte iruzurrik egon ez dadin.

Era berean, gogoratu du ez dela soilik euskara azterketei lotutako afera. «Antzeko iragarkiak aurkitu dira beste hizkuntzei lotuta -ingelesa, katalana...-, oposizioak egiteko, unibertsitateko azterketak egiteko edota puntukako gida baimenarekin iruzurra egiteko. Horrelako jukutriak beti egin izan dira, eta, antza denez, orain joera hau badago». Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak salaketa jartzea erabaki du, eta Ertzaintzak ikerketa bat ireki du gaia aztertzeko.

Iragarkien atzean, lanpostu publiko batzuk eskuratzeko gogoa izan ohi da. Baina lanpostu horien eskariak bete gabe, betiere. «Funtzionarioa naiz, eta ardura postu bat lortzeko EGA titulua izatea ezinbestekoa da». Hala azaldu du bere motibazioa Jokinek, iragarkietako baten atzean dagoen bizkaitarrak. Izena asmatua da, eta galderei gazteleraz erantzun die. Haren aburuz, EGA eskakizuna «gehiegizkoa» da hainbat posturako. «Ez zait normala iruditzen hezitzaileen maila eskatzea, eta pertsonal teknikari plazan C1 ez-pretzeptibo bat eskatzen dute».

Jokini ez dio arazo moralik sortzen azterketarako ordezko bat bilatzeak. Haren aburuz, «euskara tituluekin jolasean» ari dira. Dioenez, B2 mailako titulua prestatzen ari da: «Nire kabuz, eta idazlanei astero hamabost ordu eskainiz». Baina, hala ere, EGA titulua beste lagun baten gaitasunei esker lortu nahi du. «Denbora aurrezteko eta beste gauza batzuetaz gozatzeko». Hala, gaitasunak lortu baino, nahiago du agiria lortzeko ordaindu.

Baina, norbaitek EGA iruzur bidez lortuko balu, ez luke lanpostuak eskatzen duen hizkuntza profila izanen, berarengana inguratzen direnen kalterako, baita gaitasuna izanda lanpostua eskuratu gabe geratzen direnendako ere. Jokinek ez du arazorik ikusten, inguru erdaldunean bizi delako. «Hemen inor ez da euskaraz mintzatzen». Haren udalerria %19 zen euskalduna 2010ean.

Ez dago beste aukerarik

Ez da zabaldurik dagoen joera EGAren truke ordaintzea. Normalena nork bere gaitasun agiria lortzea da. Edurne Bidador horretan ari da, gaur egun. Administrazio publikoan aritzeko edo irakasle izateko askotan EGA titulua eskatzen dutenez, azterketa egitea erabaki du. Ez da arrazoi bakarra: «Alde batetik, lan aferengatik, eta, bestetik, ikusi nahi nuelako nola den euskara ikasteko prozesua». Hark euskaraz badaki, baina oraindik ez du EGArik. Titulua diru truke eskuratu nahi dutenen berri izatean, zur eta lur geratu da: «Ez dut sinesten ahal».

Gainera, ez zaio batere ongi iruditu. «Hizkuntza titulu bat prestatzen ari garenok esfortzu ekonomikoa egiten dugu, eta denbora eskaintzen diogu. Esfortzu hori non geratzen da?», esan du. «Hori engainua da». Hark ez du gisako burutazioen berri izan inguruan, EGA prestatzen ari direnen artean. Ez da harritu den bakarra. Galder Lizarralde AEK-ko irakasleak Whatsapp bidez izan zuen iragarki horien berri. Hala ere, ez dio garrantzi handirik aitortu. «Nahiko zaila ikusten dut, egingarri ez dut ikusten, nahiko anekdotikoa iruditzen zait. Baina ematen du zer pentsatua. Ikusten dugu ikasleak nola dauden; batzuei kostatzen zaie, eta uler daitezke horrelako jarrerak».

Horrelako iruzurrik egitea ez da erraza, noski. Azterketak zaintzen dituzten pertsonak daude, eta, beraz, errazagoa da ikasiz gainditzea. Baten batekin gertatuko balitz, Lizarraldek ez dio garrantzi berezirik aitortu aferari: «Baten bat eskapatuz gero, ez dut uste arazo handirik egongo denik. Ikusi beharko genuke zertarako den EGA eta zertarako eskatzen den. Kopuru absolutuetan ez dut uste arazorik izango denik, baina irakasle batek egiten badu hori... kasu horretan ez da txantxetan ibiltzeko kontua».

AEK-ko irakasleak zalantzak agertu ditu, dena den, EGA azterketaren ereduarekin. Bidadorrek, berriz, zalantzan jarri du hizkuntza titulu batek hizkuntza maila hori bermatzen ote duen. «Pertsona batek B2 ateratzen badu, eta gero ez badu erabiltzen, gerta liteke aurrerago ez izatea B2 maila». Horrekin batera, Lizarraldek onartu du hainbat lanpostutarako ez litzatekeela C1 maila behar, «maila handia» baita. Baina zer alternatiba dago?

«Jendearekin mintzatzeko ez duzu C1 maila behar, baina alternatiba zein da, elkarrizketa egitea? Oposizio bat egitera 3.000 pertsona joaten direnean, zer egiten duzu, bakoitzarekin hitz egin? Alde horretatik, ez dut ikusten alternatibarik», azaldu du Lizarraldek. Agian, enpresa pribatu batek neur dezake langile baten euskara maila elkarrizketa bidez, baina lanpostu publikoetan ez dirudi beste aukerarik dagoenik.

Lizarralderen lana EGA atera nahi duten pertsonak prestatzea da. Gaur egun, nerabeekin egiten du lan hori. Haiek, normalean, gurasoek esan dietelako prestatzen dute azterketa. Helduen artean, baina, asko dira lan kontuengatik prestatzen dutenak. Beste batzuek aski izaten dute hizkuntza erabiltzeko gaitasunarekin. Badira C1 mailara ailegatu baina azterketa egin nahi ez dutenak. Hala ere, horietako batzuek, azkenean, azterketa egiten dute.

Zigorraren itzala

Jokinen motibazioa lana da. Iragarkia jartzeko ideia nondik sortu zitzaion ere kontatu du: «Beti esan izan da oposizioetan horrelakoak egiten direla». Hala ere, oraingoz ez du azterketa gainditzeko ordezkorik lortu. Horregatik jarraitzen omen du ikasten B2 maila gainditzeko. «Baina, egia esan, bitxia da, jende askok deitzen bainau norbait lortu dudanetz galdetzeko, haiek ere gauza bera egiteko interesa baitute». Jokinen arabera, jende asko «desesperaturik» dago EGA lortu nahian. «Baiezta dezaket haiek ere ordainduko luketela». Baina iragarki horiek jartzen dutenek badakite delitua dela norbaitek beste baten nortasun agiriarekin aritzea?

«Ez dakit zer gertatuko litzatekeen hori egiten harrapatuz gero, pentsatzen dut urte batzuetarako inhabilitatuko ninduketela». Jokinek ez daki zer eragin izan dezakeen iragarkian eskatzen duena egiteak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, delitua da azterketa bat beste norbaiten ordez egitea: «Dokumentu publikoa faltsutzea litzateke hori, eta biei eraginen lieke, azterketa egin duenari eta azterketa egin beharko lukeenari».

Bertako teknikariek azaldu dutenez, sei hilabete eta hiru urte bitarteko kartzela zigorra jaso dezake delitu hori egiten duenak, eta sei hilabete eta hamabi hilabete bitarteko isuna. Hori azterketa egitekotan. Iragarkia paratzeagatik ezin da zigorrik jarri. «Delitu egitea proposatzea litzateke hori, baina ez da zigorgarria egin arte», adierazi du Segurtasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du kasu bakanak direla iragarkiak, eta iruzurra egiteko saialdia edozein azterketatan gerta daitekeela. Salaketa mahai gainean dago, eta azterketetan zaindariak daude. Bien bitartean, iragarkiek ez dute arrakasta handirik izan. Oraindik ere, azterketaria bilatzen ari dira.

BERRIAn argitaratua (2017/12/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA