astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

politika

Jaurlaritzaren ikerketak frogatutzat eman du torturen sinesgarritasuna

Jokin Sagarzazu

Jaurlaritzaren ikerketak frogatutzat eman du torturen sinesgarritasuna

«Jaso ditudan testigantza guztiei buruz gauza bera esan dezaket: inork ez nau engainatu». Irmotasun horrekin mintzatu da Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta EHUko irakaslea. Haren ustez, Euskal Herrian torturatu egin da; bereziki, euskal gatazkarekin loturiko atxiloketetan. Sistemikoa izan denik ezin du ziurtatu, baina 4.113 ebidentzia jarri ditu mahai gainean.

Hori da berak zuzendutako lantaldeak jaso eta aztertu dituen tortura kasuen kopurua. Horietatik 202 peritatu dituzte, NBE Nazio Batuen Erakundearen Istanbulgo protokoloa erabilita, eta ebatzi dute %95,5ek sinesgarritasun osoa dutela. Etxeberriak azpimarratu duenez, portzentaje horrek aztertutako kasu guztietarako balio dezake, eta ukatu du kopurua txikia dela. «Munduan ez dago beste tokirik protokoloa hainbeste kasutan aplikatu denik».

Are, azken 50 urteetan izandako torturen kopuruari buruz, uste du motz geratu direla. Auzitegi medikuak adierazi du halako bost gehiago —22.000 inguru— izan daitezkeela «kopuru erreala». Baina pozik dago emaitzarekin. «Egin dudan lanik zailena izan da, eta harro nago. Oso gogorra izan da maila pertsonalean, talde mailan eta baita unibertsitatearentzat ere».

Ikerketaren zuzendariak gogoratu duenez, lehen aldia da Euskal Herrian erakunde publiko batek gisa horretako ikerketa bat babesten duena —Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Idazkaritzak eskatua da—, eta azpimarratu du 55 profesionalek —hiru nazioartekoak— osatutako ikerketa talde independente batek egin duela, eta nazioarteko estandarrak erabili dituztela horretarako.

Tortura 1960-2014 lanaren behin betiko txostena atzo aurkeztu zuten, EHUren Carlos Santamaria eraikinean, Donostian. Urtebeteko atzerapenez eman dute ezagutzera, iazko abendurako baitzegoen iragarrita. Lanean jarraituko dute, halere. Eusko Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza lantaldera igorri dituzte ikerketaren emaitzak eta gomendioak.

Aurkezpenean izan da Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaria, txostenaren zuzendari diren Etxeberria eta Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailearekin batera. Torturen errealitatea euskal gizartean «zabalduta» egon arren, Fernandezek azpimarratu du instituzio publikoek ez diotela behar bezala erantzun auzi horri. Hala, kritikatu du testigantza eta salaketa asko ez direla behar bezala ikertu, ez dutela jaso behar zuten arreta politikoa eta mediatikoa, eta biktimentzat ez dela errekonozimendurik eta erreparaziorik izan. «Honi aurre egiteko interesa agertu beharko luketen lehenengoak erakundeek izan beharko lukete», azpimarratu du. Jaurlaritzak bide horretan pausoak emateko konpromisoa berretsi du. «Egin behar zen lehen urratsa egin dugu: biktimei ahotsa ematea».

Hori hala, Eusko Jaurlaritzaren egitekoak zerrendatu ditu Fernandezek: besteak beste, torturen biktimen aitortza eta erreparazioa ziurtatzeko, jada legebiltzarrak onartu baina Espainiako Gobernuaren helegiteengatik nabarmen murriztutako legeak garatzea —1979ko aurrekoentzat eta ondorengoentzat—. Eta ikertzaileek gomendatu bezala, espresuki torturari loturiko lege bat egiteko aukera aztertzea. Espainiako Estatuari ere mintzatu zaio; besteak beste, eskatu dio gogoeta kritikoa egiteko eta biktimei eragindako mina aitortzeko.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak ere autokritika egiteko beharra azpimarratu du Fernandezek; bereziki, Ertzaintzaren jarduna dela eta. 336 tortura kasu jaso dituzte ikerketan Polizia horrekin lotuta. Bizikidetza idazkariak adierazi du Ertzaintzaren jarduna Espainiako Polizien aldean «kuantitatiboki eta kualitatiboki» ezberdina izan arren, «prebentzio neurriak bultzatu arren», eta aurkako epai judizialik inoiz jaso ez arren, horrek ez duela balio behar «autokonplazentziarako». «Biktimenganako errespetuagatik eta arduragatik eta giza eskubideekiko erantzukizunagatik eta konpromisoagatik, jarrera zabala eta iragazkorra hartu behar da kritikarako eta hobetzeko neurriak hartzeko».

AMAITU GABEKO LAN BAT

Azken 50 urteetako 4.113 tortura kasuen errolda osatu dute ikerlariek —%17 emakumeak eta %83 gizonak—. Pertsona horien %17k diote behin baino gehiagotan izan zirela torturatuak; beraz, 3.415 lagunek salatu dute, guztira, tortura. Gainera, ikertzaileek jakinarazi dutenez, 454 txosten geratzen dira aztertzeko, eta kasu gehiago jasoko dituzte, EHUren Kriminologiaren Euskal Institutuan. Tratu txar eta tortura kasuen «orain arteko artxiborik handiena» osatu dute, Etxeberriak azpimarratu duenez. 26.113 dokumentu baino gehiago aztertu eta artxibatu dituzte. 1.027 testigantza dituzte bideoz edota audioz erregistratuak.

«Zifra horiek kaltetuen kopuruaren benetako dimentsioa baino txikiagoak dira», azaldu du ikerketaren zuzendariak. Gogoratu du Francoren diktadura garaiko —1978ra arteko— 1.081 testigantza soilik dokumentatu dituztela —jasotako guztien % 26,4—, baina azpimarratu du garai hartan tortura oso ohikoa zela, eta dimentsio askoz ere handiagoa izan dezakeela. Horietako askoren erregistrorik —garai hartako albisteak, salaketak...— ez egoteaz gain, Etxeberriak adierazi du pertsona askorekin ezinezkoa izan dela harremanetan jartzea, beste batzuek salaketa berresteko garaian ez dutela konfiantza nahikorik izan hori egiteko, edo gertatutakoa ahazten eta atzean uzten ahalegindu direla beste batzuk.

SINESGARRITASUN HANDIA

Dokumentatutako 4.113 kasu horietatik 202 biktimari aplikatu diete NBEren Istanbulgo protokoloa —aurretik eginda zeuden beste 45 ebaluazio jaso dituzte txostenean—, eta sinesgarritasun handia dutela ebatzi dute. Gainera, protokoloarekin ebaluatutakoen %21,8k torturek eragindako kalte fisiko eta psikologikoak dituzte oraindik.

Testigantzen sinesgarritasunari dagokionez, hauek dira emaitzak: trinkotasun maximoa dute salaketen %5,9k, trinkotasun handiko lotura %41,1ek, kontaketaren eta aurkikuntzen arteko adostasun trinkoa %48,5ek, eta trinkotasunik ez %4,5ek. Azken horiek berrikusi egin dituztela diote ikertzaileek, eta indarra erabilitako gertaeren kontaketak baziren ere, zalantzak agertu dituzte tortura, tratu txar edo tortura kasutzat hartzeko. Garai ezberdinetako eta polizia ezberdinekin loturiko tortura salaketetan aplikatu dute protokoloa. Tortura edo tratu txarrak salatutako pertsona horien %43 libre utzi zituzten atxilotu ondoren: %35,6 kargurik gabe, eta %6,4 behin-behinean aske.

ZIGORGABETASUNA

Etxeberriak azpimarratu duenez, denboran etengabea da tortura kasuen arteko haria, baina garaian garaiko egoera politikoaren eta legeen arabera, gorabeherak suma daitezke kasuetan: 1970eko urteetako salbuespen egoerak, ETAren su-eten aldiak...

Halaber, ikertzaileek instituzioek torturaren prebentzioan jokatu duten rola aztertu eta kritikatu dute, izan arduradun politikoen —«sistematikoki ukatu dute tortura», esan du Etxeberriak—, eta Justiziako profesionalenen —epaileak, auzitegi medikuak...— erabaki eta jarrerengatik. Salatu dute nola kasu askotan entzungor egin dieten nazioarteko erakundeen gomendioei —bereziki, atxilotuei inkomunikazio erregimena kentzeko eskaerak—, eta gogoratu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2002tik 2011ra zazpi aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik.

Horrekin batera, Etxeberriak azpimarratu du nola diktaduraz geroztik 20 tortura epai irmo eman dituen Espainiako Auzitegi Gorenak: 9 Poliziaren aurka eta 11 Guardia Zibilaren kontra. Azkena, 1992an. Auzitegiek ez dute zigorrik jarri 1992tik, eta 1984 eta 1992 artean zigor bakarra jarri zuten. Zigortutako agenteen %60 indultatu zituen gero Espainiako Gobernuak.

GOMENDIOAK

Emaitzez gain,Etxeberriak gogoratu du ikerketaren beste betebeharra zela erakundeei gomendioak ematea. Hala, nazioarteko estandarretan oinarrituta, Jaurlaritzari eskatu diote lege bidez garatu ditzala aitortza eta erreparazio neurriak torturen biktimentzat. Azaldu dute horretarako aukera ematen duten legeek oztopoak dituztela garatu ahal izateko, eta traba horiek kentzeko eskatu dute. Halaber, torturaren prebentziorako euskal lege bat galdegin dute, eta Jaurlaritzari gomendatu diote behatoki bat sortzeko eta gai horretan ari diren gizarte eragileekin elkarlanean aritzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/12/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA