astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

bizigiro

LUIS MARI ORMAZABAL

«Kaleko giroa arnastu beharra dago borroka egin nahi izanez gero»

Lander Muñagorri Garmendia

«Kaleko giroa arnastu beharra dago borroka egin nahi izanez gero»

Urteak dira militantzia utzi zuela, baina aktualitate politikoari gertutik erreparatzea gustatzen zaio Luis Mari Ormazabali (Muskiz, Bizkaia, 1924). «Oraintxe ez dut ikusten behar bezalako ordezkari politiko bakar bat ere». PCEko Bizkaiko arduraduna izan zen frankismo garaiko klandestinitatean, eta, horren eraginez, hainbat bider egon behar izan zuen kartzelan. 1959. urtean alderdiak Pragan egin zuen VI. Kongresuko euskal ordezkaria izan zen, eta handik itzuli ostean, 1960an, atxilotu egin zuten. 40 egunez galdekatu zuten, eta han jasandako torturen testigantza eman nahi izan zion Maria Servini epaileari iaz frankismoaren aurkako kereilaren barruan. Bilboko epaile batek, ordea, bide hori oztopatu, eta ez zuen bere testigantza jaso. Atzo bete zituen 93 urte, eta, hala ere, borrokan jarraituko duela dio, horretarako indarrak badituelako. Bere bizitzari errepasoa ematen dion liburu bat ere argitaratu berri du, Los ecos del silencio (Isiltasunaren oihartzunak), eta bertan jaso ditu pasarte horiek guztiak.

Muskizen jaio zinen, meatzari familia batean. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Gogoan dut gerra aurreko urteak gogorrak izan zirela. Familiako errotan jaio nintzen, baina ordurako ez zegoena martxan. Kasualitatez jaio nintzen han, gurasoak beste etxe batean bizi ziren eta. Baina han oso zoriontsu izan nintzen, garai gogorrak izan arren ingurua ederra zelako. Estrata bat zegoen etxe ondoan, eta pagadi bat handik gertu.

Handik ez oso urrun ere meatzeak egongo ziren. Aita zulatzailea zenuen; gertutik ezagutu zenuen bizimodu hori ere.

Bai, etxetik mendi aldera joanda, Carrascal aldean zeuden meatzeak. Aitak han egiten zuen lan, harri zulatzaile, eta ni ere han hasi nintzen lanean, 14 urterekin. Laguntzaile moduan hasieran, mandatuak egiten. 16 urterekin hasi nintzen zulatzaile. Eskuz egiten zen lana. Garai hartan bazeuden aire konprimituko zulatzaileak, baina meatzea kudeatzen zuenak, Muskizko alkateak, ez zuen halako tresnetarako behar adina diru, antza, eta eskuz zulatzen genituen harriak.

Lan gogorra, beraz.

Bai, baina ohituta nengoen. Aurretik, lanean hasi baino lehen, aitonarekin egur bila joaten nintzen mendira. Okindegira eramaten genuen egur guztia, eta horrela ordaintzen zuen aitonak eguneroko ogia. Baina ez pentsa egurra gertu zegoenik: mendian urrun geneukan. Ordutik ohituta nengoen lanean gogor aritzera.

1936ko gerra piztu zenean, mendian aritzen zinen beharrean aitonarekin?

12 urte bete gabe nituela piztu zen gerra, eta bai, egurretan ibiltzen ginen.

Nola oroitzen duzu gerra?

Deigarria egin zitzaidan ikustea zenbat jende joan zen gerrara. Zenbat gaztek ez ote zuen izena eman, eta zenbat ez ziren hilko... Haurra nintzelako ez nintzen joan ni; bestela, han izango nintzen, ziur.

Muskizen zeunden zu Bilbo erori zenean. Hala ere, azken borrokak Enkarterrin izan ziren. Gudaren azken kolpeak bertatik bertara izan zenituzten, etxe parean.

Bai, bonbardatzeak oso gogoan ditut, asko egon baitziren. Meategietako kobetara joaten ginen babes hartzera. Egunez joaten ginen, eta gauez etxera itzultzen ginen lotara. Baina Bilbo erori zenean, bonbardatzeak gauez egiten hasi ziren. Koltxoiak eta denetarik eraman genuen kobetara, eta han igaro genituen egun eta gau horiek. Ikusten genuen nola Bilbotik milaka pertsona ihesi zihoazen, Kantabria aldera. Batzuk Muskizera iristen ziren trenez, eta oinez abiatzen ziren; besteak oinez zetozen Bilbotik. Horien aurka ere bota zituzten bonbak. Gerratik ihesean zihoazen pertsona horiek, eta bizkarretik egiten zieten eraso. Oso gogorra izan zen.

Noiz arte egon zineten kobetan?

Tropa frankistak sartu zirenean atera ginen kobetatik, baina ez ginen errotara jaitsi. Ama, arreba eta hirurok bakarrik geunden, eta Villanueva auzora joan ginen, izebak bizi ziren-eta han. Pasionaria [Dolores Ibarruri] ezkondu zenean, han bizi izan zen, eta haurra nintzela ezagutu nuen. Argazki bat ere badut harekin, auzoko hainbat haurrekin batera. [Egongelan duen argazki bat erakutsi du]. Soldaduek, ordea, Muskizen jarraitu zuten tropa frankistek Santander hartu zuten arte. Aita urtebete geroago itzuli zen.

Non egon zen?

ANVko lehen batailoiko gudaria izan zen, baina Kantabrian harrapatu zuten. Laredoko hondartzara eraman zuten, eta bertan 30.000 preso eduki zituzten pilatuta. Handik Zaragozara eraman zuten aita, eta han langile batailoi batean atera zen. Baina denbora gutxira itzuli zen etxera, 1938. urtean, meategiaren jabeak jendea behar baitzuen, eta norbait konbentzituko zuen aita bueltan ekartzeko.

Gerra amaituta hasi zinen meatzean lanean?

Gerra amaitu baino lehen. Tira, 1939ko apirilaren 1ean gerra amaitutzat eman zuten, baina oraindik ez da amaitu... Hori beste kontu bat da, ordea. Gerra amaitu baino lehen hasi nintzen meatzean. Ostera Bizkaiko Labe Garaietan aritu nintzen lanean; garai hartan, 13.000 langile aritzen ziren han...

Non hartu zenuen konpromiso soziala?

Betidanik eduki dut, 13 urte nituenetik. Gauza bat da konpromisoa edukitzea, eta bestea militatzea. Gaztetan Socorro Rojo Internacionaleko kide egin nintzen, eta presoentzako dirua batzen nuen. Hori izan zen hasieran izan nuen konpromiso bakarra, Arrigorriagara etorri nintzen arte. Garai hartan labe garaietan egiten nuen lan, eta egunero oinez joaten nintzen Bilboraino, 05:30eko trena hartzeko. Eguna oso luzea egiten zitzaidan, eta, gustura nengoen arren, Arrigorriagako papertegian hasi nintzen. Han zelula komunista bat sortu nuen, eta alderdi komunistan militatzen hasi ginen.

Nola sortu zenuen zelula hori?

Jendearekin hitz egin, eta ikusten nuen nola pentsatzen zuen... Azkenean sei pertsonako zelula bat sortu genuen. Propagandaz arduratzen ginen batez ere; garai horretan oso zaila eta arriskutsua zen... 1954. urtean sortu genuen zelula hori, eta horrela aritu ginen demokrazian sartu arte. Ostera ere bai, baina horrek meritu gutxiago du.

1960. urtean PCEk Pragan egin zuen VI. Kongresuan izan zinen, Bizkaiko arduradun gisa...

Bai, eta handik itzuli berritan harrapatu gintuzten ia denak. Ostera jakin genuenagatik, norbaitek saldu gintuen, eta Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusira eraman gintuzten.

40 egun eta beste horrenbeste gau Poliziaren eskutan.

Denetara, 90 galdeketatik gora egin zizkidaten. Jo egin ninduten, baita umiliatu ere. Nik uste dut horiek kolpeak baino okerrago izan zirela. Errusiar erruleta egin zidaten bi aldiz gutxienez. Arma kargatu gabe egongo zela pentsatu nahi dut, eta, niri momentu hartan hiltzea axola ez zidan arren, tiro egiten zuten bakoitzean ezinegon bat sentitzen nuen gorputzean. Etxetik eraman nuen arroparekin sartu ninduten, eta ziegako lurrean ezer gabe egiten nuen lo, ez koltxoi, ez manta, ez ezer. Une txarrak izan ziren horiek. Han ezagutu nituen Arias Navarro segurtasuneko zuzendari nagusi zela, eta baita Meliton Manzanas ere. Jende famatua. [Barreak].

Eta handik kartzelara.

Eta nolako lasaitua hartu nuen! Pentsa: pozik joan nintzen kartzelara! Komisariako egonaldi hori luzea bezain gogorra izan zen. Horregatik, 1971n salbuespen egoera baten ondorioz berriz atxilotu nindutenean, erabaki nuen ez nindutela berriz 40 egunez euren eskuetan edukiko. Gose greba bat hasi nuen, eta hamabost egunera espetxera eraman ninduten.

Tortura kasu horien testigantzarik ezin izan zenuen eman iaz Maria Servini epailearen aurrean. Nola sentitzen zara?

Ilusioa galduta, aurrera jarraitu nahi duzulako. Serviniri ez diote etortzen ere uzten; lotsagarria da. PPk ez du kontua ikertu nahi, eta ez du ikertu dezaten ere uzten.

Kartzelan behin eta berriz egon behar izan zenuen...

Bai, Basauriko kartzelan hainbat aldiz egon nintzen, baita Burgos, Carabanchel eta Jaengoetan ere. Nire fitxan preso arriskutsua nintzela jartzen zuen, eta behin kartzelazain batek esan zidan ez nuela hainbestekoa ematen... Bai, kartzelan hainbat aldiz egon nintzen, klandestinitatean lan egin behar zelako, eta bertatik bertara, gainera. Hainbat kidek erbestera alde egin zuten, eta ez diet hori egin izana leporatzen, kartzela oso gogorra baita. Baina nik hemen geratzea erabaki nuen, kaleko giroa arnastu beharra dagoelako borroka egin nahi izanez gero.

Zenbat denbora egin zenuen PCEko arduradun?

Klandestinitatean batez ere. [Roberto] Lertxundi eta konpainia etorri arte egon nintzen bertan. Horiek ere non bukatu zuten... [Lertxundi Euskadiko Ezkerrara joan zen, eta handik PSE-EEra]. Ardura utzi nuenean etorri zen [Santiago] Carrillok PCE saldu zuenekoa, eta hori gainbehera izan zen.

Nola gogoratzen duzu garai hura?

Etsigarria izan zen. Nik klandestinitatean jarraitu nahi nuen: haustura lortu, ala ezer ez. Nahiago nuen zegoen guztiarekin apurtu. Garai horretan zerbait lortu ahal izango genuen, eusten saiatuz gero. Baina Espainiak Europako Batasunean sartu beharra zeukala zioten askok; noski, hala nahi zuen kapitalismo espainiarrak. Horregatik, eustea zen asmoa, baina trantsizioa deiturikoa egin zuten, eta alderdi komunista saldu egin zen. [Adolfo] Suarezek eta konpainiak ardura gehiegi hartu zuten PCE eskutik eramateko. Zerbaitegatik izango zen...

Carrillo ezagutu zenuen?

Bai, eta baita idazkari nagusi izan zedin bozkatu ere! [Barreak]. Ederki asmatu nuen! [Barreak]. Tira, ordurako bazen, Ibarruri Errusian zegoelako, eta berak egiten zuen idazkari lana...

Haurtzaroaren ostean Ibarrurirekin egon zinen berriz?

Bai, Pragako kongresuan topatu nuen, eta gero Bilboko Erakustazokan egindako mitinean berriz ere. Jendez lepo zegoen erakustazoka, eta huts egin zuten. Carrillok hitz egin zuen, eta ez zen jendeak eskatzen zuena izan. Jende askok alde egin zuen, eta oinarri handia galdu zuen alderdiak orduz geroztik.

Gaur da eguna Izquierda Unidak trantsizioko jokabidearen inguruko kritika egiten duena.

Bai, baina asko kostatu zaie kritika horretara iristea. Hobe horrela, baina beranduegi dator.

BERRIAn argitaratua (2017/12/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA