astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

ekonomia

ZER ALDETARA ERORIKO DA TXANPONA?

Irune Lasa

ZER ALDETARA ERORIKO DA TXANPONA?

Isaac Newtonek esan omen zuen: «Izarren mugimendua kalkulatu dezaket, baina gizakien eromena ez». Bere buruaz, bere eromenaz ariko ote zen Newton? Zientzialari handiak dirutza galdu zuen 1820. urtean Ingalaterran lehertu zen finantza burbuila batean, South Sea Company delakoaren akzioak amildu zirenean.

Hainbat jenderi gauza bera gertatuko zaio bitcoinarekin? Lehen kriptodiruak berekin al dakar dibisen merkatua erabat eraldatuko duen paradigma aldaketa bat? Edo lagun gutxi batzuk aberastu eta beste askori erreka joaraziko dien burbuila bat da haren prezioarekin gertatzen ari dena? Etorkizunak dauka erantzuna.

Ezin da ukatu kriptodiru honek sukarra eragin duela, eta sukar kutsakorra dela. Horren erakusle, aste honetako albistea: Chicagoko Cboe Global Markets etxeak bitcoinen eperako salerosketarako plataforma abian jarri zuen astelehenean. Eskari ikusgarriarekin, besteak beste, urtarrilerako bitcoinaren balioa 18.850 dolarrean ezartzen duten kontratuak hitzartu dira etxe horretan.

Eta sukar berean, bitcoinaren beraren trukeak 17.000 dolarreko langa gainditu du. Zer esan nahi du horrek? Urtebete eskasean bitcoin baten balioa 17 bider handitu dela; urtarrilaren lehen egunetan, 1.000 dolarren inguruko balioa zuen kriptodibisak.

Biharko egunez, abenduaren 18an, CME Group truke etxeak ere bere plataforma zabalduko du -Chicagokoa da konpainia hau ere- bitcoinen eperako operazioak ahalbidetzeko, eta agian beste gradutxo bat igoko du bitcoinaren kalentura, nahiz eta gero eta ahots gehiagok -pisuzkoak asko- ohartarazi laster eztanda egingo duen burbuila bat dela.

Eperako merkatuek, besteak beste, laburrerako salerosketa ahalbidetzen dute, hots, bitcoina merkatu edo garestitu, batera edo bestera jokatzea egunean bertan ere. Espekulatzaileen baliabide gogokoenetako bat izaten dira. Eta burbuilaren teoria defenditzen dutenentzat, gainera, bitcoina eperakoen merkatuan sartu izanak puspulu izaera hori berretsi besterik ez du egiten. Leherketarako beste pauso bat.

Aldiz, bitcoinaren fededunentzat eperako merkatu horiek modua ematen dute kriptodiru horrekin lotutako operazioak modu arinagoan egiteko, preseski bitcoinik erabili behar izan gabe, kontratuak kitatzeko unera arte. Horrekin, beste arazo bat saihesten da: bitcoinak berak erabiltzen duen teknologiak transakzioak egiteko duen erritmo nahiko motela.

Eta ez hori bakarrik; espekulaziorako bidea baino gehiago, bitcoinarentzat eperakoen eta antzeko finantza merkatuak zabalduz joatea legitimaziorako bidea da askorentzat, are gehiago kontuan hartuta merkatuok AEBetan zabaltzen ari direla. New Yorkeko Nasdaq balio merkatuak ere datorren urte hasierarako iragarri du bitcoinak salerosteko eperako merkatua zabalduko duela. Legitimazio hori handitzeko ere balio izan dute urte honetan hedge fund delakoek kriptodiruetan egindako inbertsioek.

Izan ere, bitcoinak eta beste kriptodiruek modu alternatiboak behar dituzte dibisa baliagarri gisa sinesgarritasuna eta legitimitatea lortzeko, ez baitute bermea eskainiko duen inongo herrialderik edo banku zentralik beren bizkarra zaintzen.

Inork jaulkitzen ez baditu, nola sortzen dira kriptodiruaren unitatek? Bitcoinaren protokoloa mantentzeko beharrezkoak diren zifraketa lan lehiakorren truke meatzariek ordain gisa bitcoinak jasotzen dituztenean sortzen dira. Gero, meatzariek bitcoinak saltzen dituzte, besteak beste, haien konputagailuek gastatzen duten argindar guztia pagatzeko. Eta horrela sartzen dira bitcoin berriak merkatura.

Transakzio guztiak zifratutako datuen blokeez osatutako kate batean gehitzen dituen sare bat da bitconaren oinarrian dagoen teknologia. Eta sare hori banatua da, maila berean konektatuta dauden eta kontsentsuz lan egitera behartuta dauden nodoez osatuta. Kontu liburu eraldaezina da, eta aldi berean eguneratzen da nodo guztietan, beti gehiketa bidez, agintegune zentralizaturik behar gabe.

Esku hartze politikorik gabe

Hain zuzen horretarako sortu baitzen bitcoin: banku zentral edo halakorik ez izateko. Ideia hori gustatzen zaio Laura Baselga-Pascuali. Finantzetako doktorea da, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, eta finantza arriskuak dira haren lan esparruetako bat. «Gustatzen zait moneta fiduziarioaren alternatiba izan daitekeen zerbait sortu izana; nahi dutenean diru eskaintza handitu edo murrizten duten gobernu edo banku zentralen politikatik at egongo den zerbait». Baselga-Pascualen ustez, «halako politikek dezenteko kaltea egin ohi diote ekonomiari, ikuspegi laburrekoak izaten direlako. Horiek dira, egiaz, burbuilak sortzen dituztenak, historiak erakusten duenez. Horregatik, hortik at dagoelako, nik maitasun pixka batekin begiratzen diot bitcoinari».

Arrazoi ideologikoez gain, segurtasunaren argudioa ere ematen duten bitcoinzaleak ere badaude. Mugen, aginteguneen, interes tasen, debaluazioen menpekotasunetik aske dagoen diru bat seguruago dela uste dute.

Erabilgarritasuna da bitcoinaren balio nagusia, kriptodiru horrek ez duelako berezko baliorik -ez da berezko balioa duen lehengai bat, eta ez du gobernu/estatu baten bermerik ere-. Gero, bada beste aldagai bat ere bitcoinaren balioan eragiten duena: bitcoin kopurua mugatua izango da. Gehienez 21 milioi bitcoin egon daitezke, hala erabaki zutelako diruaren sorkuntzan. Oraingoz, 16,7 milioi bitcoin sortu dira.

«Kriptodibisa horrek onarpen zabala lortzen badu, benetan paradigma aldaketa bada, horren zentzugabea da pentsatzea bitcoinak munduko dibisa erreserben %4 hartzea, egun Japoniako yenak duen pisua? Hori gertatzen bada, 21 milioi unitateko muga horrekin, bitcoinaren prezioa asko handitu daiteke oraindik» dio Baselga-Pascualek. John McAfee zibersegurtasuneko aditu ezagunak iragarpena egin du orain gutxi: 2020. urte amaieran bitcoin batek milioi bat dolarren balioa iritsiko du (850.000 euro).

«Dolar bat edo milioi bat dolar, oso zaila da jakitea zein den bitcoin baten egiazko balioa». Hori dio Richard Turnillek. Eta ez da nornahi: inbertsio funtsen kudeaketan aritzen den munduko konpainiarik handienaren, Black Rocken estrategia arduraduna da. Enpresa horrek gomendio argia egin die bere bezeroei: «Bitcoinetan inbertitzen duenak prest egon behar du diru hori guztia galtzeko». Black Rockeko zuzendari nagusia gogorrago mintzatu zen hilabete hasieran: «Bitcoinak zera erakusten du soilik: munduan zenbat eskari dagoen dirua zuritzeko». Esku anonimo edota beltzen arriskua ere hor dauka bitcoinak, anonimotasunak abantailak eta desabantailak baititu. Gertatu izan da hacker gaiztoek bitcoinak ostea.

«Bitcoinaren arriskuetako bat aldakortasuna da», uste du Laura Baselga-Pascualek. Hasiera-hasieratik gorabehera handiak izan ditu haren errentagarritasunak. Are gehiago, lehen urteetakoa baino txikiagoa da orain kriptodiruaren aldakortasuna, azken hilabetean egonkortzen baitzihoan.

Hala ere, bitcoinarentzako arriskurik handiena hain zuzen haren helburuan dagoela uste du. «Arrisku handiena, nire ustez, gobernuak dira. Lehiakide bat agertu zaie, eta, agian, saiatuko dira bitcoina arautzen edo debekatzen, eta bertan behera uzten bitcoinak transakzio mekanismo gisa, likidezia bitarteko gisa eta moneta aktibo gisa dituen abantailak». Txinak eta Hego Koreak, esaterako, eginak dituzte mugimenduak kriptodiruak debekatzeko.

Baselga-Pascualen ustez, gauza erabat berria dira kriptodiruak, eta, ziurrenez, nahiz eta unean uneko gorabehera handiak izan, oso posible da bitcoinaren prezioa egonkortuz joatea, gero eta onartuagoa izan ahala. Edonola ere, bitcoinarena burbuila bat balitz eta lehertuko balitz, ez lioke egiazko ekonomiari kalte handirik egingo: «Ez litzateke izango beste burbuila batzuen parekoa». Finantzetako doktorearen aburuz, bitcoinarekin badago jendea epe laburrera dirua azkar irabazteko jokatzen duena. «Baina badago jendea luzera espekulatzen, inbertitzen ari dena, besteak beste proiektuan sinesten duelako».

Izan ere, bitcoinaren fededunen artean badago burbuila bat egongo dela uste duenik ere. Eta burbuila horretatik bizirik aterako dela kriptodirua. Haientzat, bertan geratzeko iritsi da bitcoina.

BERRIAn argitaratua (2017/12/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA