astekaria 2017/12/22
arrowItzuli

ekonomia

Bidasoko muga, enplegu hesi

Jon Fernandez

Bidasoko muga, enplegu hesi

«Deigarria eta kezkagarria» da Akitania Berria-Euskadi-Nafarroako euroeskualdearen inkestak emandako datua. Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga inoiz baino banatzaileagoa dela ondorioztatu dute hiru administrazioek, elkarri bizkarra emanda bizi direla han-hemengo lan merkatuak. Azterketa ekonomiko batek jarri ditu mahai gainean ondorioak: lan mugikortasunari buruzko inkestak. Egunero 3.863 pertsonak soilik gurutzatzen dute muga lanera joateko. Huskeria bat, kontuan izanik 8,7 milioi biztanle dituela euroeskualdeak.

Hiru administrazioetako ordezkariek aurkeztu zuten inkesta, atzo, Irunen (Gipuzkoa). Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomikoaren zuzendariak ohartarazi zuen, gainera, nagusiki gazteak direla lanagatik muga gutxien gurutzatzen dutenak. «Hamarkadak daramatzagu Europako Batasunean, eta, pentsa zitekeenaren kontra, beharbada kulturalki urruntzen ari gara».

Ez da beti horrela izan, Goñik gogorarazi duenez. «Orain dela hamarkada batzuk, mugatik gertuko bikoteak mistoak ziren. Benetako muga bat zegoenean, naturalagoa zen muga gurutzatzea». Hori dela eta, «beste aldean dauden aukerak aztertzera» animatu ditu gazteak.

Hobetzeko aukera

Egon bai baitaude aukerak, eta zerrendatu ere egin dituzte lankidetzarako sektore bateragarrienak: aeronautika, espazioa, manufaktura aurreratua, nekazaritza elikadura, energia berriztagarriak, basoak eta zura, itsasoko eta itsasbazterreko baliabideak, eta osasuna eta bio-osasuna. Langileen soslaia ere erakargarria eta bateragarria da: euroeskualdeko biztanleriak EBko batez bestekoak baino prestakuntza hobea du. Hiru soslai dira nagusi langileen artean: zerbitzuen sektorekoa, funtzio publikoan diharduena, eta langile autonomoa.

Aukerak aukera, ordea, gaur-gaurkoz, oztopoak dira nagusi. Funtsean, ondorioztatu dute hiru direla trabak lan bila Bidasoa gurutzatzea erabakitzerakoan: desberdintasun administratibo eta fiskalak, garraioa eta hizkuntza.

Euroeskualdeak 8,7 milioi biztanle ditu —3,1 dagozkio Euskal Herriari—, eta mugaz haraindiko 4.000 behargin eskas baino ez dauzka. Hortaz, Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak aitortu dunez, «ez da existitzen mugaz haraindiko enplegu arrorik». Onartu du hiru eskualdeen arteko lan harremanak «konpondu gabeko arazoa» direla. Baina baikor agertu da etorkizunari dagokionez, ahultasun hori aukera bihur daitekeelako. «Hazteko eta hobetzeko ahalmen handiko lurraldea osatzen dugu».

Baina, horretarako, gauza asko aldatu behar dira, arlo asko bateratu behar dituzte. Zer hobetu adostu dute hiru administrazioek: informazio estatistikoa hobetzea eta bateragarri egitea —harmonizaziorik eza erabatekoa da: gaur egun sektore ekonomikoak ere ezberdin banatzen dituzte—, hizkuntza trebakuntzarako ikastaroak abian jartzea, lan aukerei buruz informazioa bateratzea, eta administrazio eta zerga arloko laguntzarako mekanismoak sortzea, mugaz haraindiko langileen arazo nagusiak gainditzen laguntzeko.

'Hendaia efektua'

Zeintzuk dira, gaur egun, lanerako muga gurutzatzen dutenak? Hendaian bizi diren gipuzkoarrak gehienak. Mugaz gaindiko fluxuen %83 (3.212 langile) Iparraldetik Hegoalderako mugimenduei dagokie; eta soilik %17 Hegoaldetik Iparralderakoei. Egunero Hegoaldeko 651 pertsonak gurutzaten dute muga lanera joateko: gehienak nafarrak dira (%40), bizkaitarrak gero (%34), gipuzkoarrak hirugarrenik (%18), eta, azkenik, arabarrak (%8).

Iparraldetik Hegoaldera joaten direnen %87, ostera, Hegoaldekoak dira jatorriz, nahiz eta Iparraldean bizi. Alegia, Lapurdin bizi diren gipuzkoarrak dira gehienak. Zehazki, Hendaian bizi dira egunero lanera Hegoaldera joaten diren langileen %69, eta, Urruñan beste %13.

Etxebizitzen prezioa da horren azalpena, Mathieu Berge Euroeskualdearen mugaz gaindiko lankidetzarako arduradunaren arabera: «Duela hamarkada bat, Frantzian metro koadroa Espainian baino merkeagoa zen, eta, beraz, mugatik gertuko biztanle askok bizitokia aldatzea erabaki zuten». Horregatik, Gipuzkoan lanean jarraitu arren, Hendaian bizi dira herritar asko, eta horregatik gurutzatzen dute muga egunero Iparraldetik Hegoaldera. Nolanahi ere, etxebizitzarena jada ez da faktore funtsezkoa mugikortasun falta justifikatzeko, higiezinen prezioak parekatu egin baitira, Iparraldean garestitu direnez gero.

Bergek esplikatu du euroeskualdearen enplegu mugikortasun faltak ez duela parekorik EBko mugaldeko gainerako euroeskualdeetan: «Ez dago horrelako kasurik beste mugetan». Datu batzuk, adibide: Frantziaren eta Suitzaren arteko muga 170.000 langilek baino gehiagok gurutzatzen dute egunero; Italiaren eta Suitzaren artekoa, 100.000k baino gehiagok; eta Alemaniaren eta Frantziaren artekoa, 146.000k baino gehiagok.

BERRIAn argitaratua (2017/12/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA