astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

EKHI LOPETEGI

«Mikel Laboak konpromiso handia zuen bere obrarekin»

Mikel Lizarralde

«Mikel Laboak konpromiso handia zuen bere obrarekin»

Enkargua izan zuten lehendabizi. Mikel Laboaren musikan oinarritutako kontzertu bat ematea Adarra sariaren banaketa ekitaldian. Esperientzia harekin gustura gelditu, eta proiektua disko bilakatu du orain Delorean taldeak. Laboaren grabazioetatik abiatuta, haien «interpretazioa» egin dute Mikel Laboa diskoan (Elkar) .

Mikel Laboa erreferentzia handia da euskal kulturan. Zuentzat ere hala izan da?

Euskal Herrian jaio izanda, Laboa giroan dago... Txikitatik entzun ditugu haren kantuak, eta abestu ere abestu ditugu, familian eta baita lagun artean ere. Baina egia da, era berean, Laboaren parte bat besterik ez genuela ezagutzen, edo ez genuela sakon ezagutzen. Haren alderdirik esperimentala ez genuen hainbeste ezagutzen, eta proiektu honek eman digu aukera hor sakontzeko.

Orain dela hiru urte sortu zen proiektu hau, Adarra sarien banaketari lotuta.

Bai, eskatu ziguten Mikel Laboaren bertsioekin kontzertu bat emateko, baina ez genekien nola egin. Nik ez nuen garbi ikusten Laboaren hitzak abestearena... Eta azkenean erabaki genuen nolabaiteko remix batzuk egitea. Hor ikusi genuen bagenuela material bat. Muzik diskoa kaleratu ondoren, tarte libre samar bat izan genuen, eta iruditu zitzaigun bagenuela Laboaren proiektuari heltzeko aukera eta denbora.

Enkargu bat zenak pisu bat hartu du gero...

Kontzertu hura oso berezia izan zen. Esango nuke urduri geundela, gure elementutik guztiz kanpo geundelako lehenengo aldiz. Laboa figura sakratua da Euskal Herrian, eta urduri hartu genuen enkargua. Baina ondo atera zen, eta emanaldiaren ondoren Marisol [Bastida] etorri eta zoriondu egin gintuen. Horrek lasaitu egin gintuen... eta esan genion geure buruari: «Hain gaizki ez dugu egin!».

Asko aldatu da proiektua formatu batetik bestera?

Kontzeptua ez da aldatu, azken batean metodo bera erabili baitugu. Jendeak uler dezan... Mikel Laboaren kantuak sampleatu ditugu. Hau da, jatorrizko grabazioetako soinua erabili dugu abesti elektroniko hauek egiteko. Eta, hala ere, prozesuan aldatu dira gauza batzuk. Abesti batzuk guztiz moldatu ditugu, eta estudioko lan handia egin dugu.

Nola egin duzue lan? Jatorrizko grabazioetara jotzeko aukera izan duzue?

Bai, material hori guztia Elkarren esku dago, eta gakoa izan da diskoetxeak grabazio horiek guztiak guri utzi izana. Zinta magnetofonikoan jasota zeuden, eta guk eskatutako parteak digitalizatu egin zituzten. Gainera, estudioko material gehigarria ere gure esku utzi zuten. Horrek eman digu aukera diskoetan ez den elementuren bat edo beste sartzeko. Adibidez, Orreagarako introa-n txalaparta pasarte bat sartu dugu, grabatu grabatu zutena, baina diskoetatik kanpo gelditu zena. Laboak ez sartzea erabaki zuen, eta guk, aldiz, erabili dugu.

Zer-nolako zailtasunak izan dituzue material horretan guztian arakatzean?

Ez da prozesu erraza izan. Gainera, zinta batzuk kaltetuta zeuden. Guretzat izan da artxiboko lan bat egitea bezala. Ikusi dugu zer eta nola grabatu zuen, eta oso interesgarria izan da ulertzeko nola egiten zuen lan. Estudioko zinta horietan dena entzuten da, eta ohartzen zara zer-nolako probak egiten zituen, nola bertsio asko egiten zituen... Horrek asko aberastu du guk Laboaz genuen ideia.

Laboaren bi disko dira zuen lanaren ardatza: Lau-Bost (1980) eta Sei (1985). Biak elkarren segidan argitaratu zituenak. Zergatik bi horiek?

Laboaren obra guztia interesatzen zaigu, baina bere obraren eta gure lanaren arteko zubia eraiki behar genuen, eta hori ez da erraza izan. Intuitiboa, behintzat, ez. Laboaren alderdi esperimentalenak abstrakziorako joera bat duenez, baliabideak eman dizkigu zubi hori eraikitzeko. Eta inorena ez den eremuan mugitu gara.

Lekeitioak izan dira neurri handi batean abiapuntua.

Bai, gu orain joan gara deskubrituz Mikel Laboa hori. Euskal jende guztiak bezala, haren kantuak txikitatik entzun izan ditugu, baina klasikoak direnak, Txoria txori eta abar... baina lekeitioak deskubritzea argigarria izan da guretzat, ikusi dugulako alderdi ezagun horrez harago beste alderdi berritzaile eta esperimental bat ere bazuela. Eta konpromiso handia zuen bere obrarekin.

Ez duzue moldaketa guztietan berdin jokatu. Kantuz eta Bentara noa-n adibidez, Laboaren beraren ahotsak egiten du melodia. Dialektikaren laudorioa, berriz, erabat urruntzen da jatorrizko melodiatik.

Nahi genuen Laboaren kantagintza errespetatu, gustatzen zaigulako eta maite dugulako, eta horren isla dira Kantuz eta Bentara noa. Baina, bestetik, bai Elkarrek eta bai Marisolek askatasun osoa eman digute lan egiteko. Laboak eta Bastidak sakratua dute askatasuna, eta guk horri erantzun diogu.

Non kokatzen da disko hau Deloreanen diskografian?

Bada, nolabait, ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera. Uste dut hori taldekide guztiok sinatuko genukeela. Subiza eta Apar atera genituenean izugarrizko jauzia egin genuen, nazioartean ateraz gure lanak. Muzik-ekin pixka bat erlaxatu egin ginen, eta Mikel Laboa-k hori guztia atzean utzi eta etorkizunera begira jartzen gaitu. Gainera, iraganeko zama horretaz guztiaz libratzen gaitu.

KONTZERTUAK

Gaur. Hernaniko Biteri kultur etxean, 22:30ean.

Bihar. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 23:00etan.

BERRIAn argitaratua (2017/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA