astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

MAIALEN LUJANBIO

«Epeltasuna, horixe ez nuke nahi»

Miren Garate

«Epeltasuna, horixe ez nuke nahi»

Irungoaren ostean, Donibane Lohizunen bazegoen halako ikusmin berezi bat Maialen Lujanbioren kartzelakoaren aurretik (Hernani, Gipuzkoa 1976). Konparaketaren presiorik ez zuela izan dio berak. Beste bi bakarkako behintzat izango ditu BECen, eta, aurreko finaletako eskema errepikatuz gero, ireki samarra izango da goizeko kartzelako gaia. Alabaina, halako gai zabalen aroa «pixka bat akituta» dagoela iruditzen zaio hernaniarrari: «Emaitza ederrak ematen dituzten arren, eragiten duten bertsokera oso molde batekoa bihurtu da».

Amaierara iritsi da aurtengo txapelketa. Hasterako, zer erronka jarri zenizkion zeure buruari?

Aurten ere, bestetan bezala, ni orain nagoen bizi eta bertso momentua lantzeko aitzakia gisa hartu dut txapelketa. Txapelketarako egiten den lan horrek uzten du bere ubera gerorako ere, zer pentsa uzten zaitu zure bertsokerarekiko, bertsoaren funtzioarekiko eta abar. Nire jardun nagusia ez da txapelketa, urte guztiko plazak dira, eta etengabe aritzen gara bertsokera errebisatzen, baina txapelketak jartzen du lupa handi bat, eta intentsitate askoz handiagoz eta detaile askoz gehiagorekin hasten zara begiratzen etengabe begiratzen diozun horri.

Orain lau urte, edertu eta idortu aipatu zenituen; ahalik eta ertz gehienekin eta ahalik eta biribilen egin nahi zenukeela bertsotan ere esan izan duzu. Zein dira bertsokerari lotutako zure helburuak?

Lau urtetik hona ez da nire helburua aldatu. Igual apuntatu nuen, baina ez nintzen iritsi nik nahi nuen eder eta idor horretara, eta segitzen dut horrantz hurbildu nahian. Biribila esaten dudanean, saioari buruz ari naiz gehiago; osotara nahiko nuke saio bat biribila edo ni gustura geratzeko modukoa egitea, orain artekoek zuloren bat izan dutelako. Aldiz, bertsoak, banaka, zorrotzak eta ertzdunak egin nahi nituzke, ederrak eta idorrak. Ederrak eta idorrak esaten dudanean, lurrari lotuak ere esan nahi dut; hau da, errealitateari, nire kezkei, nire ideologiari doitutakoak.

Lurtarra hitza asko erabili duzue aurten bertsolariok.

Nik uste dut bertsolariak baduela bere inguruari kantatzeko funtzioa. Gertatzen dena da txapelketa nola espazio neutro moduko bat den, ematen duela ez dagoela ez inongo garaitan, ez inongo lurretan, ez inongo herri zehatzetan. Halako neutraltasun bat bilatzen da, eta neutraltasun horrek apartatu ere egin zaitzake errealitatetik edo lurretik. Badirudi lurretik metro batera eta burbuila batean ari garela kantatzen, inon ez batean eta denborarik gabeko eremu batean. Hala balitz, izango litzateke ariketa estilistiko hutsa; alegia, bertsoak osatzea, gauza gimnastiko bat, ariketak ebaztea errimatuz eta neurtuz. Niri hori ez zait batere interesatzen, interesatzen zait horren bidez zerbait esatea, zerbait asko ustea izan gabe, zerbait txiki bat. Badakit ez dugula mundurik aldatuko guk esandakoekin, baina urratu bat, printza bat, umore txispa bat uztea.

Funtzioak aipatuta, bertsolarioi eskatzen zaizue umorea egiteko ere. Txapelketan zergatik kostatzen da gehiago?

Halako tentsio giroa nola egoten den, norbere aldartea ere ez da oso umoretsu egoten. Nire ustez, horrek esplikatzen du umore printza txikiarekin edo txiste labainekin jendea lehertzea ere, erlaxazio momentu batek kristoren eztanda ekartzen du, plazan ekarriko ez lukeena; baina umore fin samarra egitea zaila da txapelketan. Aurretik esandako espazio neutro horrek ere badu eragina. Gaiak ez dira leku, errealitate, plaza eta momentu horri lotutakoak izaten. Demagun Bilboko Aste Nagusikoan edo Altzoko plazan, inguruari lotutako gaiak izaten dira, eta hor umorea errotuago egoten da, errazagoa da.

Irunen egin zenuen bakarkakoak izugarrizko oihartzuna izan zuen. Aste batzuetako perspektibarekin, nola ikusten dituzu hiru bertso haiek?

Norbere bertsoaldi batek hartzen duen dimentsioa ez dago norbere esku, eta zer esanik ez gaur egun sare sozialek denari ematen dioten oihartzun erantsiarekin. Batzuetan, izugarrizko burrunba hartzen dute gauzek, eta gaindimentsionatzeko arriskua ere egon daiteke, eta ez zait gustatzen gauzek olatu tamaina hartzea. Ni oso gustura nago egindakoarekin; batez ere ikuspuntuarekin eta gai hori tratatzeko moduarekin geratu nintzen gustura, baita bertsoak egiteko moduarekin ere. Niretzat ederra izan zen, eta gustura nago, baina pasatu zen eta listo, bere bidea egingo du edo ez, eta balio dionari balioko dio. Ni poztasun horrekin geratuko naiz, baina kapitulu hori itxita daukat jada.

Donibane Lohizunen, zure kartzelakoaren aurretik, igartzen zen «ea gaur zer» moduko sentipen bat publikoaren artean. Zeuk ere nabaritu zenuen?

Ez nuen eduki konparaketa horren presiorik inongo momentutan; gainera, bakarkako txukuna egin nuela uste dut, bere poto eta guzti, eta BECen ere beste pare bat egiteko aukera izango dut. Irungoa ez dakarkit arrastaka.

Normalean, kartzelakoan, gai irekia izaten da BECen, eta arratsaldeko bakarkakoan, itxiagoa. Zeinetan aritzen zara erosoago?

Txapelketako kartzelako gaikera hau ez da gaikera arrunta, urtean zehar ez dugu halakoekin kantatzen, txapelketarako bertso eskolan espresuki lantzen dugun zerbait da. Baditu bere alde ederrak, ze iruditzen zait emaitza ederrak eman dituela, baina uste dut gai zabal hauen aroa ere pixka bat akitua dagoela, pareta jo duela, eta bueltan etorri behar dugula. Emaitza ederrak ematen dituzten arren, eragiten duten bertsokera oso molde batekoa bihurtu da. Ez dakit gaiek eragiten duten, edo guk aukeratzen dugun bertsokera oso narratibo eta deskriptibo horrek, baina pixka bat nekagarria izatera iritsita dago. Arratsaldekoek, orain artekoek behintzat, antz handiago izaten dute plazako bakarkakoekin. Toka dakizuke asko interesatzen zaizun zerbait, edo batere interesatzen ez zaizuna, hor egoten da aldea.

Badago zerbait finalari begira bereziki kezkatzen zaituena?

Aldez aurretik, ez. Emaitza bezala, kezkatuko ninduke epeltasunak, horixe ez nuke nahi; hau da, txukun, baina ezer esan gabe edo ezer utzi gabe pasatzea.

Donibane Lohizunekoa saio epela izan zen zuretzat?

Bai, motel samarra izan zen, zuzena, baina nik zuzentasuna baino gehiago eskatzen diot neure buruari. Emaitza aldetik ez zen txarra izan, baina ez nintzen gustura atera, ez nuen gozatu, ez nituen sentsazio onak eduki. BECera argi samar joatea espero dut, aldarte onean, eta ea asmatu ere egiten dudan.

BERRIAn argitaratua (2017/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA