astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

politika

Bost urtez giltzen jabe

Edurne Begiristain

Bost urtez giltzen jabe

Patxi Lopez sozialistak utzitako lekua hartu, eta Ajuriaeneko giltzak eskuratu zituen Iñigo Urkulluk (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) gaur bost urte. Jeltzaleek Urkullu aurkeztu zuten lehendakaritzarako 2012an, eta 27 eserlekurekin berreskuratu zuten agintea. 2016ko bozetan atzera aukeratu zuten hautagai, eta eserleku bat gehiago lortuta jarraitu zuen Ajuriaenea jauregiko maizter gisa.

Bakarrik eta gutxiengoan gobernatu zuen Urkulluk lehen agintaldian, baina, PSErekin eta PPrekin itun fiskala ixtea lortu ostean, haien babesa izan zuen legealdiko aurrekontuak aurrera ateratzeko. Orain, PSErekin koalizioa osatuta ari da gobernatzen, eta PPrekin lortutako akordioak direla medio, babes nahikoa bermatuta dauka, gutxienez, aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Bere izaera eta lan egiteko moldea ezarri ditu Urkulluk: lasaia, zuhurra, moderatua, serioa, metodikoa, zurruna... Agintea hartu zuenetik, hainbat lehentasun finkatu ditu egitekoen zerrendan; tartean, autogobernua garatzea, bakea eta bizikidetza bermatzea, eta ekonomia suspertzea.

AUTOGOBERNUA

Gakoa, aldebikotasuna

2012ko abenduaren 15ean aginte makila lehen aldiz hartu ondoren aurkeztutako legealdiko gobernu programak jasoa zuen EAEko estatus politiko berria egiteko konpromisoa —202. orrialdean—. Konpromiso bera hartua zuen EAJk hauteskunde programan, baina ñabardura garrantzitsu bat zuen lehendakariaren gobernu egitasmoak: ez zuen aipatzen 2015.urtean erreferenduma egitea, ezta testu artikulatuari buruzko erreferendum bat egingo zenik ere. «Autogobernuari buruzko txostena jendaurrean erakustea, bere iritzia eman dezaten», zioen, zehazki.

EAJren hauteskunde konpromisoa ez ezik, Urkulluren lehen gobernu programaren ardatzetako bat ere izan zen EAErako estatus politiko berria lortzea. 2013. urteko politika orokorreko eztabaidan iragarri zuen Urkulluk estatus politiko berria alderdiekin hitzartu nahi zuela, eta legebiltzarraren esku utzi zuen testu berri bat hitzartzeko ardura. Eusko Legebiltzarrean lantalde bat eratzeko proposamena egin zien, bertan gaia eztabaidatu eta adostasunak bilatzeko. Hilabete gutxian lortu zuten EAJk eta PSEk akordioa autogobernuaren inguruko lantaldea eratzeko. Autogobernuaren «garapena» eta «lorpenak» aztertzeko lantaldea sortzea adostu zuten bi taldeek otsailean. Lantaldeak, baina, ez zuen fruitu askorik eman, eta legealdiarekin batera amaitu ziren haren lanak.

Bigarren agintaldi honetan ere lehendakariak mahai gainean jarri du estatus politiko berri baten beharra, eta proposatzen duen bide orriaz xehetasunak eman ditu. Espainiako Gobernuarekin elkarrizketaren, aldebikotasunaren eta akordioaren bideak jorratu nahi ditu Urkulluk. Quebeceko Argitasun Legea eta Eskoziako galdeketa eredu hartuta, «partekatutako burujabetza» kontzeptua bere egingo duen eta «euskal nazioaren berezitasunak» aintzat hartuko dituen estatus berria lortu nahi du.

Kataluniako auzi politikoa oso presente egon da azken hilabeteotan Urkulluren mezuetan. Hango korapilo politikoa konpontzeko elkarrizketa eta akordioa aldarrikatu ditu, baina ez du Kataluniako bidea babestu. Kataluniako afera politikoak autonomien estatuaren ereduaren porrota ekarri duela uste du lehendakariak, eta hori konpontzeko bidea ere proposatu du: estatu konfederal bat eratzea.

TRANSFERENTZIAK

Zerrenda eguneratua

1979ko autonomia estatutuan ageri bai, baina oraindik Eusko Jaurlaritzaren esku ez dauden eskumen guztiak eskualdatzeko eskaera beti egon da lehendakariaren lehentasunen artean. Baina bigarren legealdi honetan hartu du gaiak indar handiagoa. Eskumen horiek zeintzuk diren xehatu ditu Urkulluren gobernuak txosten mardul batean, 1992an Jaurlaritzak berak onartutako Zubia txostena eguneratuta. Azterlan horren arabera, gaur egun 37 eskumen daude transferitzeko. Horietatik sei berriak dira: Immigrazioa; Farmaziako produktuei buruzko legeria; ISBNeta ISNN adjudikatzea; Itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa; Eskola asegurua eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza.

Eusko Jaurlaritzak, bere gobernu programan, lehentasunen artean dauka espetxeetako eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eskuratzea. Gaur- gaurkoz, baina, Madrilek eskumen bakar bat bera ere ez dio eskualdatu Jaurlaritzari, nahiz eta Madrilen EAJ eta PPren arteko negoziazioak irekita dauden. Lehen pausoa Espainiako Gobernuaren esku zeuden bi trenbideren —Basurtu ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo— eskumen aldaketa hitzartea izan da; 2018rako adostu dute.

BAKEGINTZA

Aro berri baten erronkak

ETAk jardun armatua bukatu ostean irekitako garai berriari heltzeko, erronka nagusi bat ezarri zuen lehendakariak Ajuriaenera iritsi zenean: legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldea eztabaidagune nagusia bilakatzea. «Lau familia politikoak» elkarren baitara ekartzea helburu hartuta abiatu zen 2013ko apirilean, baina aurreko legealdian EAJk, PSEk eta PPk adostutako zoru etikoaren eztabaidan korapilatu ziren alderdiak, eta ez zuen aurrera egin. Bigarren agintaldian eman zaio bultzada berriro lantalde horri.

Lantaldearen egitekoaz harago, Bake eta Bizikidetza Plana izan zen Urkulluren lehen agintaldiko bakegintza alorreko epizentroa. Plan horren barruan, presoei eta autokritikari lotutako hiru egitasmo abian jarri zituen: Hitzeman —presoen gizarteratzea lantzen duena—, Zuzen Bidean espetxe politika berri baterako neurriak proposatzen dituena eta Zuzendu —autokritikari buruz jarduten duena, bereziki ezker abertzaleari zuzenduta—.

ETAk armak utzi osteko aroa kudeatzea egokitu zaio Urkulluri, eta armagabetzean bere rola jokatu nahi izan du. 2014ko abenduan, Urkulluren gobernuak armagabetze «azkar, bideragarri eta eraginkor» baterako bide orri bat planteatu zion ETAri; besteak beste, gizarte eragilez, nazioarteko egiaztatzailez eta Jaurlaritzako ordezkariz osatutako batzorde baten aurrean desarmatzeko proposamena egin zion. Ondoren, ETA prest agertu zen armagabetzeko diseinua Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako eragile politikoekin egiteko. ETAk desarmatzea iragarri zuenean, berriz, Urkulluk azpimarratu zuen urrats hori egin zedin laguntzen aritu zela gobernua, eta inplikatutako aldeekin harremanetan egon zela.

Baketzea ez ezik, bizikidetza ere lehentasunen artean ezarri du Urkulluk, eta, besteak beste, biktimak bere jardueraren erdigunean jarri ditu. Abian jarritako egitasmoen artean, bat nabarmentzeko: 1976. eta 1999. urteen artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketen biktimei ordaina emateko legea onartzea. 2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak lege hori. Alabaina, arauak buruhauste franko ekarri dizkio Jaurlaritzari. Izan ere, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu dio Konstituzioaren aurka doala argudiatuta, eta legearen hainbat artikulu bertan behera utzi ditu.

Biktimen oroimenaren aldeko beste urrats bat Gogora institutua sortzea izan da. 2015eko azaroan zabaldu zituen ateak, Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskubide urraketen aurrean hausnarketa egin eta guztiak gogora ekartzeko xedez.

EKONOMIA

Auzi historikoa, itxita

Azken bost urteotan Urkulluren gobernuak lortu dituen akordio ekonomiko garrantzitsuenak, dudarik gabe, kontzertu eta kupoaren legeen ingurukoak izan dira. Aurten sinatu dituzte bi itunak, eta agerian utzi dute EAJren eta PPren arteko harremana indartzea ekarri dutela Rajoyren eta Urkulluren agintaldi berriek. Akordioarekin, hamar urte iraun duen gatazka amaitutzat eman dute bi aldeek.

Bi itun horiek alde batera utzita, bestelako erronkak izan ditu Urkulluk mahai gainean 2012ko abendutik. Horietako bat, Ekarpen Legearen eguneraketa da. EAEko finantzaketa sistemaren hirugarren hanka da Ekarpen Legea, eta 2007.urtetik eguneratu gabe dago. Beste helburu bat ere jarria zuen lehendakariak aginte makila hartu zuenetik: Enplegu Publikoaren legea onartzea. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaitik ari dira 1989. urtetik indarrean dagoen Funtzio Publikoaren Legea aldatzen saiatzen. Joan den legealdian ere ahalegindu zen Urkulluren gobernua. Lau sindikatuen ezezko borobila jaso ondoren, tramitearekin jarraitzen saiatu zen, baina Eusko Legebiltzarrean ez zuen beste inork babestea lortu, eta, azkenean, bertan behera uztea erabaki zuen. Orain, egitasmo berria aurkeztu du Jaurlaritzak, eta hura aurrera ateratzen saiatuko da.

GASTEIZ-MADRIL

Urtuz doan harremana

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak hotz hasi ziren, baina denborarekin urtzen joan dira, bereziki azken urtebetean. Urkullu- ren lehen agintaldian, Gasteizen eta Madrilen arteko lankidetzak apenas eman zuen fruiturik. Ez bederen Jaurlaritzak nahiko lukeena. Tenkatu ere egin ziren bi gobernuen arteko harremanak Mariano Rajoyren gobernuak EAEko legebiltzarrak onartutako hainbat lege auzitara eramatearen ondorioz. Urkulluren lehen agintaldian, EAEko legebiltzarrak onartutako hamazazpi legeren aurka jarri zituen helegiteak PPren gobernuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta lege horien garapena eten zuen. Horietako batzuk esangura politiko handikoak dira: besteak beste, Espainiako polizien eta talde parapolizialen indarkeriaren biktimen erreparaziorako legea, Etxebizitza legea, fracking-aren aurkakoa, eta Ertzaintzaren lantaldea berritzeko Jaurlaritzak esleitutako oposizioena.

Bi gobernuen arteko harreman hotza hautsi nahian, 2012tik 2014ra bost bider batzartu ziren Rajoy eta Urkullu Moncloan. Bilera horietatik, baina, esku-hutsik itzuli zen Urkullu, eta sarritan kexu izan zen Rajoyk ez zituela aintzat hartzen hark egindako eskaeretatik bat bera ere.

2016tik aurrera hasi dira bi gobernuak elkar ulertzeko pausoak ematen, eta aro berri baten hasiera irudikatu dute. Bi agintariak aurtengo uztailean batzartu ziren berriro. Harreman berri hori PP Madrilen gutxiengoan dagoenetik sortu da, eta bereziki aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJren zortzi botoren beharra duenetik. Harremanak leuntzeko lehen keinua urte honen hasieran ikusi da, Madrilek EAEko Udal legearen aurkako helegitea ez jartzea iragarri zuenean, eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria aldatu zuenean. Baina elkar ulertze berriaren adierazle behinena, dudarik gabe, kontzertuaren eta kupoaren inguruko akordioak izan dira.

LEGEGINTZA

Udal legea, mugarria

Kudeaketari eta eguneroko politikari garrantzi handia ematen dio Urkulluk, eta erronken artean jarrita dauka lege egutegia ahalik eta osoen betetzea. Joan den legealdian 29 lege onartu zituen Eusko Legebiltzarrak, horietatik hogei inguru Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Munta handiko zenbat gairen ingurukoak izan dira batzuk, eta azpimarratzeko bat nagusiki: Udal Legea. EAEko Tokiko Erakundeen Legea joan den urteko apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta EH Bilduren botoekin. Urkulluk berak ere balio handia eman zion, 1979tik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen funtzionamendua arautzeko lege propiorik gabe zeudelako. Lege horretaz landa, fracking-ari buruzkoa, Etxebizitzarena, heriotza duinarena eta Poliziaren biktimena ere onartu ditu legebiltzarrak.

2016-2020 legealdirako, berriz, 28 lege egitasmo iragarri ditu Jaurlaritzak, gai garrantzitsuen inguruan horiek ere: indarkeria matxistaren aurkakoa, hezkuntzari buruzkoa eta enpleguarena, besteak beste.

BERRIAn argitaratua (2017/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA