astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

iritzia

Titiak

Miren Amuriza

Titiak Miren Amuriza

Bazen behin, titi handiak edukitzea arazotsua zen garai bat, gure gelako mutikoek «Geri-geri» esanaz (Spice Girls-eko Geri Halliwellengatik) barre egiten zigutenekoa.Titi txikitxoak izatea ere arazotsua zen garai hura, mutikoek «Barilla» (espageti marka baten omenez) deitzen ziguten garaia.

Bazen behin, esku hotzak zituen ginekologo bat «erantzi gerritik gorakoak eta etzan» esaten zuena. Izebak okela pikatua zanpatzen duen modu-moduan bularrak haztatzen zizkigun hura; ohatilan sabelaz gora etzanda nora begiratu ere ez genekiela edukitzen gintuen ginekologoa.

Baziren bularretatik heldu besterik egiten ez ziguten maitale dorpeak: «Eo! Ba al dakizu bi beso, bi zango, bizkar bat, ipurdi bat eta sabel bat ere baditudana?». Eta gure titiei izenak jartzera ausartu ziren ohaide erromantikoak: «ai, nire Thelma eta Louise!». Erromantiko posesiboak.

Bazen behin bularretako bat saldu gura izan zigun dendaria, laugarrena itzuli eta bosgarren bat ekartzeko eskatu genionean sujetadorea ganoraz jartzen ez ote genekien galdetu ziguna. «Ezkerrekoa eskumakoa baino dezente handiagoa daukat, aizu!». Pazientzia gutxiko dendari hura.

Bazen behin, udalekuetan, biluzik ikusi gintuen ume bat; igerilekuko aldageletan titiburuko ileetara begira-begira geratu zitzaiguna. Bazen behin bere amak eta amonak bularrak zituztenik ere ez zekien ume bat.

BERRIAn argitaratua (2017/12/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA