astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

IGOR ELORTZA

«Bakarkakoarekin daukat neure buruarekin zorra»

Miren Garate

«Bakarkakoarekin daukat neure buruarekin zorra»

«Zaldi belaunaldikoa» dela esaten du Igor Elortzak (Durango, 1975): hanka bat XX. mendean eta bestea XXI. mendean duen belaunaldikoa. Adinkideen artean eta inguruan ikusten dituen kezkei buruz kantatzea du gustuko, «nire gure txiki eta handiei»; aukeran, bizipenetatik eta emozioetatik, ez hainbeste modu arrazional eta ideologikoan.

Aipatu izan duzu garai interesgarriak iruditzen zaizkizula horiek bertsotarako, plazan dabiltzan gai, estilo eta abarrengatik. Txapelketa ere hala ari zaizu iruditzen?

Bai, txapelketa batean, beti egiten duzu lanketa bat zer gai nahiko zenituzkeen erabili ikusteko, eta nik neure buruari esaten diodana da nire gu txiki eta handiei nahiko niekeela kantatu. Aurtengo gai moldeak, ofizioetan-eta, eguneroko bizitzari lotutakoak dira, prosaikoak, eta hori bera esanguratsua da. Hala ere, ez dira gozoki bat. Plazan, lehen bi bertsoetan ez bada sortzen gogoeta, eztabaida edo elkarrizketa interesgarririk, beti luza daiteke bertsoaldia, baina hiru bertsoko mugarekin lantzea gaia ez da erraza, gura izaten dugulako pertsonaia bat egin, gauza esanguratsu edo bizipen esanguratsuak kantatu eta abar.

Zer esan nahi du nire gu txiki eta handiei kantatzeak?

Nire gu esaten dudanean, esan nahi dut neure bizipen edo intereseko gai bat izan daitekeela, baina izan daitekeela nire inguruan ikusten dudana ere: hanka bat XX. eta bestea XXI. mendean dugun zaldi belaunaldiko euskaldunon bizipenak, gure iragana gure orainean nola bizi dugun, norberarengandik gertu dauden kontuak, gurasotasuna, bikote harremanak, aspaldiko adiskideei nola eutsi... Gai potoloagoak edo txikiagoak izan daitezke, eta horiek nola kantatu ere gogoetatzen duzu. Horri lotuta, beharbada modu arrazional eta ideologiko batetik baino nahiagoko nuke bizipenen aldetik edo emozioetatik kantatu. Eta emozioak ugari izan daitezke: mina, barrea, gogoeta... Lehen gehiago lantzen nituen irudimena, gauza biziak esatea, originala izan nahia, eta halakoak.

Itxura batera, bakarkakoa izango da norbere lanketa plazaratzeko ariketa errazena, ezta?

Bakarkako gai hauek ematen dute aukera horretarako, baina betekizun bat jartzen dizute: niri aurten egokitu zaizkidanetan, batean, gonbidapen bat ez duzu jaso, baina bazoaz; eta bestean, gezurra esan duzu, baina merezi izan du. Pare bat betekizun sartu behar dituzu. Eduki zenezake intentzioa nahi duzun gaia lantzeko, baina behin baino gehiagotan sentitu dut betekizun horietan sartu beharrak justu zure egia desfiguratu dezakeen ideia bat ekartzen dizula, eta zure egia hori traizionatu dezakezula hor kabitzeko. Borrokatxo horretan sentitzen dut neure burua. Txapelketa honetan, bakarkakoarekin daukat neure buruarekin zorra, eta ea BECen argitasun handiagoa dudan. Hala ere, ofizioetan ere aukera asko egoten da zuretik uzteko; dialektika moduan, elkarrizketa ere izan daiteke interesantea, zure ikuspuntua besteenarekin osatuta, bakarrik helduko ez zinatekeen puntuetara hel zintezkeelako.

Aurreko finalean, zuk egindako lanen artean, puntuka Mendiluzerekin batera Aita Noelen eta Olentzeroren roletan egindakoa izango da gehien gogoratzen dena. Gogoeta aldetik-eta halako lanketak egin ondoren, amorragarri samarra ere ematen du.

Umoretik ere arrasto handia utz daiteke, eta egindako lanketa guztia berdin ager daiteke. Gai hori entzun nuenean, niretzat gaia globalizazioa zen. Antzerki gidoi batean ere bereizi behar da gaia maiuskulatan zein den, eta trama zein den, eta nik hor segituan ikusi nituen Obama, NATO... Sartu nituen CIA eta Nasa, eta Coca Colara arte iritsi nintzen, baina Mendiluzek beste bide bat hartu zuen, eta bestearen karrilera ere sartu behar duzu. Ustez gai banalenek eta estereotipatuenek ere ia beti izaten dute sakonean gai interesgarriren bat. Hala ere, bertsolaritzan orokorrean eta txapelketan ere bai, jolas hutsa ere egin behar da, transzendente jartzeko ohitura dugun arren.

Zortzi finalistetatik zazpi aurreko berberak zarete, eta final zaharra izango dela esaten da. Aipatu duzun bizipenetatik kantatu nahi izate horri lotuta, abantaila izango da final zaharra izatea, ezta?

Egia da finalaren osaketak gabezia batzuk badituela; aurten, ikuspegi aldetik-eta, oso gauza interesgarriak etorri direlako hurrengo belaunaldi batetik, emakumeak protagonista dituen belaunaldi batetik. Baina neure aldetik behintzat, iruditzen zait gauza interesgarriagoak ditudala esateko orain, logikaz, 40 urterekin gauza gehiago pasatu zaizkizulako. Gero, noski, egunean bertan asma dezakezu edo ez. Baina hori neuri dagokionez, ze badago 20 urterekin esateko gauza interesgarriak dituen jendea ere.

Bertsolari fintzat eta dotoretzat hartu izan zaituzte. Zeure ahalegina ere bide horretatik al doa?

Aspaldi ipinitako adjektiboak dira. Arteetan, eta bertsotan zer esanik ez, gai errepikakorra da edukiarena eta formarena, eta nik batera ulertzen ditut; topikoa da, baina batera bizi ditut. Horri lotuta, neure buruari esaten diot, gaur egun, bertsotan zoli, soil eta sotil egin nahiko nukeela. Ez da fin eta dotore zehazki, baina ez da urruti ibiliko. Zoli esaten dudanean, eduki, ikuskera, gaitegi eta horri guztiari buruz ari naiz; eta soil eta sotil esaten dudanean, berriz, bertsokera landuagoa, edo zentzu batean dotore edo fin bat egitea, baina artifiziorik gabekoa.

Zer moduz ikusten duzu zeure burua finalari begira?

Bastidan eduki nuen lehen kontaktua txapelketarekin, eta zalantzagarri samarra izan zen, baina gero Donibane Lohizunen ondo ikusi nuen neure burua, argi eta sendo. Saio bete-betea egiteko bakarkako on-on bat egitea falta izan zitzaidan. Ea finalean ere Donibane Lohizuneko argitasun horretan egiten ditudan ofizioak.

BERRIAn argitaratua (2017/12/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA