astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

SUSTRAI COLINA

«Olatua hartzen duenak bertsotan asko egiten du BECen»

Miren Garate

«Olatua hartzen duenak bertsotan asko egiten du BECen»

«Nik zer egin nahi dut?» galdera ardatz hartuta ari da azken urteotan Sustrai Colina (Urruña, Lapurdi, 1982) buruan duen bertsolaria eraikitzen. Eta galdera horri erantzuteko, beste hamaika galdera egiten dizkio bere buruari; adibidez, zinematik, musikatik edo literaturatik zer gustatzen zaion; ea ezinbestean zortziko txikia umorez egin behar den; edo diskurtsiboki sendoa den ideia bat bakarrik izan ote daitekeen arrazoi indartsua. Probak eginez eta bere buruari baliabideak emanez ari da erantzunak bilatzen. «Ordu askoko lana dago atzean».

Amurrion, publikoak modu batera baino gehiagotara interpretatu zuen zure bakarkakoa. Maitalea ikusi zuten batzuek, beste batzuek ez…

Nahita zegoen anbiguotasuna, eremu anbiguo horretan ibiltzeko intentzionalitatea. Nik buruan istorio bat nuen, baina saiatu nintzen beste istorio posible batzuekin gurutzatzen. Bastidan, kartzelakoan, gauzak oso garbi eta zehatz esan nituen, eta erregistroz aldatzeko gogoa nuen. Doinuak ere horretan laguntzen zuen, Laboa zegoen atzean, eta Laboa bada interpretazioari irekitako mundu bat. Ni neu, adibidez zineman, asko amorratzen nau kredituak hasi eta segituan jendea ia zure gainetik pasatuz alde egiteak. Gustatzen zait pixka bat egon, eta mezuaren interpretazio eta anbiguotasun posible horietan ibiltzea. Eta, batzuetan, bertsoak ere eskatzen du hori, bestela oso formatu karratua da: esan, ulertu, txalo jo, eta bukatu da. Uste dut Amurrion ondo atera zitzaidala bazegoelako elementu konkretu bat: perfume jakin baten usaina. Laino horretan, bazegoen helduleku bat.

Anbiguotasun hori ez al da arriskutsu samarra txapelketan?

Bai, baina txapelketa bera ere bada probetarako toki bat, plaza bezainbat. Erortzen bazara, kolpe handiagoa hartzen duzu agian, baina ondo ateraz gero, oihartzuna ere handiagoa da. Dena da arriskutsua, ustez segurua dena arriskutsuago ere izan daiteke txapelketan, inertzietara eraman zaitzakeelako. Batzuetan, zerbait diferentea egin nahiak burua ireki egiten dizu, eramaten zaitu beste eremu batzuetara, eta beste belarri batzuetatik entzuten da zure bertsoa. Gorka Urbizuri entzun diot egunotan zeuk maneiatu behar duzula egin nahi duzuna. Eta orain arte molde bateko zerbait egin izanak ez du esan nahi ezin duzula beste ezer probatu; gauzak probatzeko daude.

Askotan aipatu izan duzu bide baten moduan bizi duzula bertsolaritza. Txapelketari begira, zertan jarri nahi izan duzu indarra?

Orain dela bost urte, agortuta bezala ikusi nuen neure burua, eta hasi nintzen pentsatzen zer bertsolari izan nahi nuen, zer ezaugarri potentziatu nahi nituen. Konturatu nintzen inertzia pila bat nuela, bertsoa egiteko modu bat neukala, beti eremu berdintsuetara joaten nintzela... Urteotan joan naiz hurbiltzen buruan dudan bertsolari horretara, probak eginez eta neure buruari baliabideak emanez. Ordu askoko lana dago atzean, eta saiatu naiz, bada, gaien aurrean beste ikuspegi batzuk bilatzen, beste tematika batzuei erantzuten, bertsoa beste toki batzuetatik pentsatzen, beti teknikatik edo bukaeratik pentsatu beharrean, irudi batetik edo soinu batetik abiatzen... Garrantzitsua izan da pertsonak gauza asko garela konturatzea ere, bertsoetako ofizioen %95ean gauza bakarra direlako pertsonak, ofizio horrek eskatzen duena, eta uste dut horrek asko mugatzen edo zabaltzen duela espektroa. Eta autokonbentzimendu lan bat ere egin dut: nik hau egin nahi dut, eta hau egingo dut. Batez ere, norbere buruari begira jarri, eta galdetu: nik zer egin nahi dut? Jendea hori ari da egiten, baina nik hori nahi dut.

«Nik zer egin nahi dut». Galdera horren erantzunen bat aipa zenezake?

Banuen sentsazioa gustatzen zitzaidanaren (irakurtzea, musika, zinema) eta egiten ari nintzenaren artean amildegi bat zegoela, eta saiatu naiz gustatzen zaizkidan gauza horiek nire jarduerara ekartzen: azkenaldian, pelikula anbiguo batzuk gustatu zaizkit, eta ekarri ditut; liburuetan, gustatzen zaizkit ondo ezaugarritutako pertsonaiak, eta saiatu naiz ekartzen; ipuinetan, gauza askori buruz hitz egiteko talaia duten pertsonaiak gustatzen zaizkit... Zortziko txikia umoretik egitea ondo dago, baina zergatik egin behar da hala? Edo zer da, arrazoi indartsu bat? Irudi bat ere izan daiteke. Era berean, tradizio batetik edan dut, eta hor dauden gauza asko gustatzen zaizkit, eta ez dira kontrajarriak. Orduan, masa bat eduki eta zure ogia egitea bezala da, eta nahiko nuke ogi horrek nire ezaugarriak izatea, okinaren eskua igartzea, ez izatea moldeko ogia.

Zure ezaugarriak aipatuz, ihesbiderik ez dagoela diruditen egoeretatik ateratzeko erraztasuna izan da horietako bat.

Bai, baina azken urteotan konturatu naiz gehiegi jokatzen nuela horrekin: 'Jar nazatela ihesbiderik gabeko egoeran, hortik ateratzeko'. Nahi izaten nituen halakoak, eta orain ere saiatzen naiz airoso ateratzen, baina ahalegin handiagoa egiten dut ofizioetan ekimena eramaten, gidaritza hartzen, esan nahi ditudanak esaten... Esango nuke hori ere lotuta dagoela adin bati, estu hartutako gaztetxoa ateratzen denean beti da denok pozten gaituen zerbait, baina, hain gaztetxoa ez zarenean, beste toki batzuetan ere erakutsi behar duzu zerbait bazarela.

Esan zenuen Bastidatik Amurriora koska bat gora egin izana igarri zenuela, eta beste koska bat igo nahiko zenukeela BECen. Zertan ikusi zenuen hobetzeko tartea?

Puntuak Bastidan baino hobeto erantzun ditzaket; puntutan Amurrion baino libreago aritu; kontzentrazio maila estutu dezaket oraindik... Jarreran ere zer hobetua badut bi saio horietatik: Bastidan baino tenple hobean eta Amurrion baino gose gehiagorekin igo nahi dut BECera. Kantatu behar zaionari konplexurik gabe eta libreago kantatuz gero, horretan asmatuz gero, bertsotan hobeto egin dezaket. Ez dut ariketak ebaztera joan nahi, baizik eta bertso bakoitzean zerbait uztera; detailearen kezka etengabe eduki nahi dut, sekula ez askietsi, bertso oso ona edukitakoan ere bikain bat bilatzeko jarrera eduki. Gauza horietan dago hobetzeko koska. Eta, horretarako, kondizio optimoetan egon behar duzu, BEC zer den ere jakin. Nik badakit zer den korrontearen eta zeure buruaren kontra pasatzea egun osoa, eta ez da atsegina.

Bertsotan ondo egitea bezain garrantzitsua da han goian egoten jakitea, ezta?

BEC olatu bat eta egoera animiko bat ere bada, eta olatu hori hartzen duenak, tenple hori duenak, bertsotan asko egiten du, ez teknikoki hobeto egiten duelako, baizik eta horrela zaudenean, dena parera etortzen zaizulako, kanpotik igartzeko zailak diren kontuak dira. Uste dut jarrera aldetik saiatu behar dudala ez txikitzen, sentitzen bertso bakoitza aukera bat dela, zer esana badudala, egin dudana baino hobeto egin dezakedala, nire bertso onenak kantatzeko dauzkadala oraindik eta horra iristeko lan handia eginda nagoela. Horrelako gauzetan dago diferentzia.

Nola lantzen dira aipatutako kontu horiek?

Bakoitzak bere modura egiten du: bere anbizioekin, bere beldurrekin, bere izaerarekin. Nik ez dakit besteek zer egiten duten; dakidana da batzuek besteek baino gutxiago huts egiten dutela. Zure buruan sinestetik hasten da dena, eta azken asteetako entrenamendu inportanteena hori izaten da; ez errima, ez arrazoi, ez irakurketak.

BERRIAn argitaratua (2017/12/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA