astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

Azoka sendo eta orekatua

Ainhoa Sarasola

Azoka sendo eta orekatua

Iluntzean itxiko ditu ateak Durangoko 52. Azokak datorren urtera arte. Gaurko eguna du aurretik oraindik, baina atzo, lau azoka egun igarota, lehen balorazioa egiteko moduan ziren bertan bildutako argitaletxe, ekoiztetxe eta kolektiboak. Datu zehatzen faltan, pertzepzioetatik mintzatu ziren BERRIArekin atzo eguerdian, eta gehien-gehienak bat etorri ziren bi ondoriotan: jendetsua izan dela aurtengoa, azoka eta kulturgintza sendo dauden seinale, eta orekatua izan dela, egun guztietan paretsu ibili baita jende kopuruari dagokionez, edo gorabehera handirik gabe behintzat.

Gerediaga elkarteak ere, lehen balorazioan, «sormenaren lurraldea bizi-bizirik» dagoela ondorioztatu zuen. «Sortzaileen aldetik ugaria eta aberatsa izaten ari da, eta egitarau oparo eta erakargarria aurkitu dute bisitariek gune desberdinetan». Azoka kultur lanak erakusteko, salmentarako eta sortzaileak eta hartzaileak elkar topatzeko lekua dela, eta hemendik aurrera, aurkeztu berri duten sormen bekaren bidez, eragile ere izango dela gogorarazi zuen. Publikoaren erantzunarekin ere pozik agertu zen elkartea. Bi jaiegunen tartean egonik ikasleen egunak izango zuen harrerarekin kezka bazutela baina tailer guztiek parte hartze handia izan zutela azaldu zuten, «aurreikuspen guztiak gaindituz». Oro har, jendearen ibiliarekin pozik agertu zen elkartea, «egunero Landako gunea eta zenbait unetan beste guneak ere beteta egon baitira».

Hain zuzen, Landako gunea bisitariz lepo egon da hainbat unetan. Joan den asteazkena eta ostirala, lehen eta hirugarren egunak, izan dira jendetsuenak ziurrenik, orain artekoan behintzat. Ikasleen egunez eta atzo, goizez behintzat, jende apur bat gutxiago zebilela zirudien, baina arratsaldean berriro bete ziren erakusmahaien arteko korridoreak.

Guneetan ere ekitaldi sorta zabala izan da egunotan, eta jende asko batu dute hainbatek. Egunero izan da aurkezpen jendetsu bat baino gehiago areto nagusian, eta Plateruenako kontzertuek ere lagun ugari erakarri dute amaitu egin ziren, esaterako, atzo iluntzean Glaukoma ikusteko sarrerak. Alde horretatik, Ahotsenearen egunotako martxaz balorazio ona egin zuen Lutxo Egia koordinatzaileak, bai solasguneari bai zuzeneko kontzertuen karpari dagokionez. Inoiz baino jende gehiago sumatu dutela aipatu zuen. Edonola, hamar urte bete berritan, Ahotsenea dagoeneko «toki ezaguna» dela baieztatu dute. Solasguneko ekitaldien artetik, emakumeek idatzitako liburuen aurkezpenetan sumatu du interes gehien jendearen parte hartzearen aldetik. Zuzenekoen gunean, berriz, eguerdia izaten dute termometro nagusia jende asko ote dabilen jakiteko, eta lau egunetan hala izan dela baieztatu dute. «Iaz aldatu genuen kokalekua, eta oso pozik gaude. Neurri egokia duela uste dugu. Formatu txikiagoan hainbat talde erosoago sentitzen dira, eta bestelako proposamen batzuk ere hurbildu zaizkigu». Batean nahiz bestean, askotarikoa izan da eskaintza.

Kabi@ gunean iaz baino parte hartze handiagoa izan dela sumatu du Gorka Julio koordinatzaileak. «Esango nuke izatetik ekitera pasatu dela. Komunitate antolatuak izan dira hemen, jendeari zer egiten duten aurkezten: Game Erauntsia-koak, Wikipediakoak, hezkuntza mailan antolatu direnak... Elkar ezagutzeko eta eraikitzeko gune bat izan da, eta protagonismoa komunitateek hartu dute». Saguganbaran, haurrentzako eskaintza biltzen duen gunean ere igarri dute aurten jende gehiago joan zaiela. Itsaso Gangoitia koordinatzailearen hitzetan, lasaiago joan zen atzoko goiza behintzat -Ene Kantak-en ikuskizuna salbu, jende andana bildu zuena eguerdi aldera-, baina aurreko egunak «positiboki zoramena» izan dira hainbat unetan. Eider Eibarrek herenegun egindako ilustrazio saioa aipatu zuen, besteak beste.

Irudieneak ere hamaika ekitaldi hartu ditu, eta hainbat proiekziotan, Handia filmarenean kasurako, bete egin da Zugaza zinema. Pozik Szenatokia guneko arduradun Itziar Elias ere, arte eszenikoen gunean prestatu dituzten ekitaldiek izan duten harrerarekin. Denen artetik Landakotik urrunen dagoen gunea izanik ere, jendetzatik aldentzea eskertu dute askok, haren iritziz. Lehen egunean Ele! ikuskizunak izandako harrera nabarmendu zuen. Atzoko mikroantzerki maratoiak ere arrakasta handia izan zuen.

Argitaletxeak, pozik

Salmenten datu zehatzik ez zuten artean, baina argitaletxeetako arduradunak pozik zebiltzan atzo eguerdian orain artekoak emandakoarekin. Egunero jende ugari ibili dela eta batean edo bestean bisitarien joan-etorria egonkorra izan dela aipatu zuen Erein argitaletxeko IƱaki Aldekoak. Toti Martinez de Lezearen lanek izandako arrakasta agerikoa zen Ereineko erakusmahaian, eguneroko jende ilarek erakutsi dutenez. Baina, horiez gain, haur literaturako lanek izan duten arrakasta nabarmendu zuen. Helduentzako eskaintzari dagokionez, Anjel Lertxundiren Horma eta Alaine Agirreren Txoriak etortzen ez diren lekua nahiz Maren eta Libe izan dira gehien saldu dituztenak. Haur eta gazte literaturako lanek piztu duten interesa azpimarratu zuen, halaber, Pamielako Pello Eltzaburuk; Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak ondutako Mokotxiki lanak bereziki, eta poztu egin zuen horrek, «irakurzaletasunaz hezkuntza mundutik iristen ari diren berri kezkagarriak ikusita». Helduen literaturan, Rocka puntua! (Alberto Irazu), Txoriak dira bederatzi (Tere Irastortza), Bidean ikasia (Arantxa Urretabizkaia) eta Herejeen alaba (Ander Berrojalbiz eta Joseba Sarrionandia) eskatu dizkiete gehien.

Elkarreko salmahaian ere haurrentzako liburu ugari saldu dituzte egunotan, Olatz Osaren hitzetan. «Jendeak oso ondo erantzun du, eta oso eskertuta egoteko moduan gaude». Helduentzako lanen artean, Eskafandra bilduma feministako lanak, oro har, eta Silvia Federiciren Caliban eta sorgina, bereziki, aipatu zituen, baita Aleka bildumako Ekialde Hurbila (Mikel Aiestaran, Ane Irazabal, Karlos Zurutuza) ere. Horiekin batera, Koldo Izagirrek egindako Xabier Leteren poemen antologia eta Kattalin Minerren Nola heldu naiz ni honaino izan dira gehien eskatutakoak.

Azoka egunen arteko oreka nabarmendu zuen Txalaparta argitaletxeko Mikel Sotok ere, eta iazko salmentak gainditzea litekeena dela zioen. Euskarazko lanen artean, Garazi Arrularen Gu orduko hauek, Julen Kaltzadaren Umezurtzen aberria eta Mila Salterainen Azeri-dantza izan dira salduenak, ordena horretan. Igela-ko Joseba Urteagak, berriz, Agatha Cristieren lanak, «gezurra badirudi ere», oraindik asko saltzen direla aipatu du, baita gazteen artean ere. Horiez gain, lan berrien bila joan da jendea: Josep Plaren Kale estua eta Amelie Nothomben Hodien metafisika batez ere.

Susaren erakusmahaian, berriz, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia eta Arantxa Iturberen Honetara ezkero eskatu zizkieten gehien erosleek, eta oso balantze ona egin zuen Gorka Arresek. Azken urtea du argitaletxeko editore moduan, eta atzera begira ere bizi izan du aurten azoka. «Ateratzen dudan ondorio edo gogorapena da azken hamar-hamabi urteetako literaturaren eta musikaren emana historia osoan izan den onena dela. Oso gauza serioa da, eta hain serioa da, oso pozik egon behar dugu».

Diskogintza ere, osasuntsu

Ongi joan da aurtengo disko salmenta ere. Hainbat taldek stand propioa jarri dute, eta ikustekoak izan dira egunotan haien inguruan sortu diren ilarak edo jende taldeak: Berri Txarrak, Zea Mays, Izaro, Gatibu... haien lanak izan dira sinatzen taldekideak. Bidehutsen erakusmahaiaren atzean zebiltzan atzo Baxi Ubeda eta Ivan Zabalegi, eta kolektiboak kaleratu berri duen Mirailak bilduma zein Audienceren Isla aipatu zituzten disko salduenen artean. MusikaZuzenean atariaren mahaian zeuden 52 taldeen diskoen artetik, berriz, Mice (Miren Narbaizaren bakarkako proiektu berria) eta Rotten XIII taldeen lanak izan ziren interes gehien piztu zutenak, Koldo Otamendiren hitzetan. Elkarren funtseko garai bateko lanak oraindik ere ongi saltzen direla azaldu zuen Anjel Valdesek, eta berrien artean, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Deloreanen azken lanak aipatu zituen.

Musikaz, eta indartsu hasi zen atzoko eguna. Berri Txarrak-ek Infrasoinuak lan berria aurkeztu zuen Ahotsenean, eta jende ilara luzea osatu zen hara sartzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/12/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA