astekaria 2017/12/15
arrowItzuli

kultura

BEñAT GAZTELUMENDI

«Kantatzen dudana barruko emozioetatik ekarri nahiko nuke»

Miren Garate

«Kantatzen dudana barruko emozioetatik ekarri nahiko nuke»

Beñat Gaztelumendirentzat (Donostia, 1987), diskurtsoan lan egitea tokatzen zaie gaur egun bertsolariei. Eta, alde horretatik, iruditzen zaio «interesantea» izan dela txapelketa, proposamen ezberdinak egon direlako. Berea zein den ere argi du: arrazoi potolorik gabeko bertsokera, hizkera lehorrekoa, konkretua eta detaileetara iristen dena.

Hirugarren txapelketa nagusia duzu. Aurtengoan zer landu duzu bereziki?

Oholtzara igo eta gai bat entzundakoan, gure lehen erreakzioa beldurra edo kezka izaten da: «Ea nola ateratzen naizen ni hemendik». Umetatik, beldur horri kapak jartzen ikasten duzu bertso eskolan, momentu horietan ateratzen asmatzeko. Sentsazioa neukan urte askoan ari nintzela kapa horietatik kantari, baina ez nuela nire barrutik kantatzen, oso gauza entrenatua eta automatikoa zela. Eta Gipuzkoako txapelketan eta txapelketa honetan bereziki saiatu naiz kapa horiek kentzen, eta lurretik gehiago kantatzen, hau da, naizenetik, gorputzetik gehiago kantatzen.

Eta nola kentzen dira kapa horiek?

Oholtzan zaudenean momentu horretan eta leku horretan egonez. Zerk sortzen dizu beldurra? Zure itxaropenek, ingurukoenek, aurretik entzundako bertsoek… Hor masa moduko bat izaten duzu, zure eta gaiaren artean sartzen dena. Kapak kentzearena da batez ere aurkitzea zu non zauden eta nondik kantatu nahi duzun, eta, hori lortutakoan, kapa horiek ere desagertu egiten dira. Horretan saiatu naiz. Nola ez dakit; erraza da teknika nola lantzen den esplikatzea, baina diskurtsoan eta gorputzaren lanketan egiten duzun guztiak eragiten dizu.

Gorputzetik kantatu nahiko zenukeela aipatu duzu.

Uste dut gakoa dela gai bat entzuten dugunean gai hori usaintzea, ukitzea, sentitzea gai horrekiko zu nola zauden gorputzez ere, ez bakarrik ideologikoki; hau da, zer sentimendu sortzen dizkizuten pertsonaia eta gertaera horiek. Kantatzen dudana barruko emozioetatik ekarri nahiko nuke. Egia da oso diskurtsiboa dela bertsoa normalean, eta oso zaila dela zuk usaintzen duzuna usainaraztea, baita 14.000 lagun aurrean dituzunean zure gorputza sentitzea ere, baina hori landu dut lau urteotan.

Zeuk esana da gaur egun bertsolari bat ez duela teknikak egiten hobeago edo okerrago, teknika denok menderatzen duzuela oso ondo, eta gustu kontuak direla indarra hartzen dutenak.

Txapelketara denok gatoz ondo prestatuta. Neurgarriak diren gauzetan —ondo errimatzea, neurrietan sartzea eta abar— denok moldatzen gara ondo, eta hortik aurrerakoa oso subjektiboa da: zer gustatzen zaizun, zer estilo, zer forma... Teknikan denok antzeko mailan baldin bagaude, hurrengo pausoa da denok eman behar duguna, bakoitzak bere diskurtsoa osatzea. Euskalkiari nola heltzen diozun, zer hizkera erabiltzen duzun, gaietan non zentratzen zaren, baliabide estilistiko asko erabili nahi dituzun edo hizkera lehorrago bat egin nahi duzun… Hori dena zure diskurtsoaren parte da, eta uste dut orain hor lan egitea tokatzen zaigula bertsolarioi. Txapelketa honetan nahiko nabarmen geratu da hori: oso proposamen ezberdinak egon dira, eta hori da interesgarria; denok ariko bagina gauza bera egiten, txapelketak ez luke graziarik edukiko.

Zein da Beñaten proposamena?

Diskurtsoz garbi daukat zer egin nahi dudan; gero, praktikan, zailagoa da. Saiatzen naiz arrazoi biribilei eta diskurtso potoloei ihes egiten; nahiko nuke bertsotan ahalik eta hizkera lehorrenarekin egin, ahal den normalenarekin; gaia leku bihurtu eta hor kolokatu, konkreziora eraman asko; gaia leku batera eraman eta narrazio bat sortu hortik, eta barrutik egin bertsotan; nire helburua beti da detailera iristea. Batzuetan bidean galdu arren, saiakera hori da. Orain arte, bakarkakoetan gehiago atera izan zait.

Zutaz gehien aipatzen diren ezaugarrietako batzuk segurtasuna eta erregulartasuna dira.

Nik ez dut neure burua hala ikusten. Nik bertsotan oso mugatua sentitzen dut nire burua. Beti iruditzen zait besteak oso erraz ari direla, eta niri kosta egiten zaidala: erantzutea gehiago kostatzen zaidala, bertsoak ez zaizkidala hain azkar etortzen... Norbere sentsazioak horiek dira, eta horrek eraman nau asko lantzera egiten dudan guztia. Bizitzan ere oso konstantea naiz, eta lan horrek uste dut sare bat ematen didala, eta sare horrek salbatzen nauela oso behera erortzetik. Baina nik ez dut erregularra edo segurua izan nahi, gustura izango nintzateke gorabeheratsuagoa; behera ez nuke egin nahi, baina gora egin nahiko nuke, eta horretan saiatzen naiz. Finala, adibidez, ez zait iruditzen ez erortzeko saio bat: uste dut arriskatzeko saio bat dela. Erortzen bazara ariketa batean, ez da ezer pasatzen, hurrengoan asmatuko duzu, edo hurrengoan. Filosofia horrekin noa BECera.

Bigarren finala duzu hau. Zertan aldatu zara aurrekotik?

Uste dut kontzienteago naizela egiten dudanaz, bere alde on eta txarrekin. Gipuzkoako Txapelketa ere izan dut tartean, plazan dezente ibili naiz, Bertsozale Elkartean ere ordu asko pasatu ditut… Oso kontziente ez zarenean, aukera gehiago duzu lotsagabe izateko, eta orain jabetzen naiz askotan ardurak hartzea tokatzen zaidala saioetan. Horrez gain, uste dut orain dela lau urte asmatzen nuela nire ahotsa bilatzen, baina oso gai konkretuetan, alde etortzen zitzaizkidan gaietan, eta orain erregistro gehiago ditudala iruditzen zait. Hala ere, oso mugatua sentitzen naiz oraindik.

Bazirudien zure belaunaldiko besteren bat ere sar zitekeela finalean, baina berriz ere zu zara finalista gazteena.

Gure belaunaldian nik uste dut badugula sentsazioa gure aurreko belaunaldiak bertsolaritza oso maila altura eraman zuela: gizarteko gune oso ezberdinetara eraman zuela, bestelako gaitegi sozialago bat ekarri zuela, bertsokera intimoagoa... Eta herri honetan, badirudi hurrengo belaunaldiak aurrekoa gainditu behar duela, eta gure belaunaldiak askotan pentsatzen duela gainditu behar dugula aurrekoa, eta ez dugula lortzen. Baina uste dut mito bat dela belaunaldi batek bestea gainditzearena; ez da existitzen hoberik eta okerragorik.

Zein dira zure belaunaldiaren erronkak?

Niretzat, gure belaunaldiari tokatzen zaio bertsolaritza zabaltzen jarraitzea, gaitegi berriak bertsotara ekartzea, sentsibilitate berriak, gorputz berriak… Eta horretan ari gara. Gainera, bertsolaritza finaletan baino gehiago plazako ibilbidean egiten da, eta hor sortu dira Ez da kasualitatea eta halako egitasmoak, gune berrietan kantatzen da, bertsolari gazte diferenteak agertu dira… Eta salto are handiagoa egongo da gure belaunalditik hurrengora, gurea delako borroka armatua ezagutu zuen azken belaunaldia, eta horrek asko markatu zuelako bakoitzak nola bizi duen mundua. Pena litzateke txapelketa hau finalarekin bakarrik geratzea; ez dakit nola, baina asmatu behar dugu finaleko argazkia pixka bat zabaltzen.

BERRIAn argitaratua (2017/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA