astekaria 2015/12/04
arrowItzuli

gizartea

Irakasleari nota jartzera

Garikoitz Goikoetxea

Irakasleari nota jartzera

Planteamenduak argi egiten dituela ezin zaio ukatu Jose Antonio Marina filosofoari. Irakasle lanbideari buruzko liburu zuria aurkeztu dio Espainiako Hezkuntza Ministerioari. Besteak beste, irakasleak ebaluatzea proposatu du, eta soldatan eragitea horrek. Argi esan du: «Irakasle txar batek ezin du on batek adina kobratu». Testuinguruan jarri du planteamendua: proposamen orokorrago baten zati bat bakarrik dela hori. Baina, finean, gai horrek sortu du desadostasunik handiena Marinaren eta hezkuntza komunitatearen artean. Eragile horietako batzuen iritziak bilduta, helburuan sumatzen dute desadostasuna: zertarako ebaluatu behar ote den.

Zalantzazkoa da Marinaren liburu zuriak zer bide izango duen. Asteon aurkeztu dio gobernuari, hauteskundeetarako bi aste falta direla. Iñigo Mendez de Vigo ministroaren enkargua izan da; sei hilabeterako izendatu zuten ministro, Jose Ignacio Wertek alde egin ondoren. Hezkuntza arloko soslairik ez du Mendez de Vigok, eta iradokia du ez duela segituko nahiz eta gobernua PPk eskuratu. Gainerako alderdi politikoek hotz hartu dute liburua —baita PSOEk ere, nahiz orain arte Marina sozialisten ingurukotzat hartzen zen—.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzeaz asko hitz egiten den garaiotan, eztabaidarako gaiak jarri ditu mahai gainean, nolanahi ere. Izatez, debatea sustatzea izan du helburuetako bat, uste baitu gizartean hezkuntzari ez zaiola ematen behar adinako garrantzirik. Ekarpenak egiteko aukera zabaldu du.

Aurkakoak azaldu zaizkio. Sindikatuek, adibidez, ez dute ontzat jo maisu-maistren soldataren zati bat ebaluazioaren araberakoa izatea. Steilas sindikatuak ere ez. Aitor Idigoras ordezkariak uste du bereizketa egin behar dela: «Gauza bat ebaluazioa da, eta beste bat, neurtzea. Marinak neurtzea nahi du». Hori LOMCEk zehaztutako bidea dela ohartarazi du, emaitzen araberako baliabideak ematea; Heziberrik ere ildo hori baduela salatu du. «Joko tranpatia da: enpresa munduko eredua hezkuntzara eraman nahi dute».

Ebaluazioaren atzetik

Ebaluatzearen aurka ez dago inor. Orain ere ebaluazioak badaudela dio Steilaseko ordezkariak: «Guk geure burua, gurasoek, ikerketetan...». Ebaluatzeko sistema zehaztu eta orokorturik ez dago, ordea. Hala azaldu du Josu Etxaburuk, Bihe institutu publikoetako zuzendarien elkarteko lehendakariak: «Ez dago, lanpostu gehienetan bezala». Hezkuntzako eragile gehienak bat datoz salaketa batean: ebaluazioa zergatik egin behar zaien irakasleei soilik, zergatik ez diren beste langile batzuk ere aipatzen; medikuak, adibidez. «Sistema osoa» ebaluatu beharko litzateke, Etxabururen iritzian.

Ebaluazioaren helburua hobetzea izan behar da, Idigorasen eta Etxabururen ustez. Bestelako ondorio batzuetarako atea ere irekita utzi du Biheko lehendakariak. «Ezin da ondoriora pasatu erdiko guztia janda. Ebaluazioaren alde nago hobekuntzari begira; norberak ikasi, eta sistemari itzuli. Halako batean iritsiko da gehiago edo gutxiago kobratzea, edo norbaiti esatea: 'Hau ez da zure ofizioa'». Hobetu beharra izan arren hobetzen ez dutenentzat litzateke.

Azken urteetan unibertsitatean hartu du pisua ebaluazioak, Bolognako prozesuarekin. «Barneratua» dago ebaluatzearen garrantzia unibertsitatean, Gloria Zaballaren ustez; Deustuko Unibertsitateko Kalitate zuzendaria da, eta ebaluatzailea ANECA Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Espainiako Agentzian. Marinak horrelako agentzia bat sortu nahi du unibertsitatez kanpoko hezkuntzan irakasleak ebaluatzeko.

Zertarako ebaluatu, horixe da koska nagusia. Deustuko Unibertsitatean, adibidez, emaitzek eragina badutela azaldu du Zaballak: «Promoziorako eta etengabeko hobekuntzarako erabiltzen dira». Beste leku batzuetan eragin ekonomikoa ere badute. «Baina kontua ez da ebaluazio hutsa egitea: hobetu egin behar da. Ahulguneak identifikatu, eta neurriak hartu hobetzeko». Docentia programan ari da Zaballa; gehienetan urtero egiten dituzte ebaluazioak.

Beste giltzarri bat da nola egin. Iturri bat baino gehiago erabiltzea garrantzitsua dela azaldu du Zaballak: irakaslearen beraren txostena, zuzendariarena, ikasleena... Azken horrek sortzen ditu dudak: estudianteen iritzia benetakoa ote den, irakasleen exijentzia mailak eragina ote duen. «Inteligentziaz jokatu behar da», erantzun du. «Jakiten da emaitzak zergatik diren onak edo txarrak. Alderaketa egin behar da: 40k gauza berbera esaten badute urtero-urtero...».

Ebaluazioa zabaltzearen aldeko da irakaslea, baina kontu handiz: «Errealitatera egokitu behar dira. Oso garrantzitsua da hori. Zentro bakoitzaren egoera eta beharrak aztertu behar dira. Guztientzako botikarik ez dago alor horretan».

Irakasleen prestakuntzaz

Hasieratik bertatik ere ikusi ditu arazoak Marinak: unibertsitatean, irakasleen prestakuntzan. Irakasle izaten ez dutela irakasten.

Steilaseko ordezkariak uste du irakasle eskolak ez daudela «eguneratuta», eta hutsuneak daudela: «Praktikan gehiago oinarritu beharko lirateke ikasketak». Bidenabar, prestakuntzaren arloan murrizketa handiak egin dituztela salatu du. Azkenaldian asko aipatzen duten kontzeptu bat hartu du ahotan zuzendarien elkarteko kideak: ikasleen irteera profila. «Horri begira hasi behar gara bideratzen prestakuntza osoa». Eta zer hobetu badagoela dio, irakasleen prestakuntza «berrikusi» beharra dagoela. Jakintzak bakarrik ez, gaitasunak ere funtsezkoak direla esan du: «Ikasketak hartzen dituztenek jakin behar dute dena ez dela jakitea, baizik nola komunikatu hori 20-25 ikasleri».

Unibertsitateko ikasketei lotuta, bi kritika nagusi egin ditu Marinak: batetik, heziketa «oso teorikoa» dela; bestetik, nota baxua eskatzen dela sartzeko, eta ikasle asko «beste ezer ikasteko notarik ez dutelako» hasten direla irakasletzan. Ez da hori EHU Euskal Herriko Unibertsitateko egoera, Bilboko Irakasle Eskolako zuzendari Gurutze Ezkurdiak dioenez. «Gure ikasleen profila oso desberdina da». Sarbide nota 7,5 baino handiagoa da, eta Ezkurdiak azaldu du gehienek lehen aukeran hartzen dutela. «Gainera, Lehen Hezkuntzako ikasketak hartzen dituztenen artean gero eta mutil gehiago dago, eta horrek esan nahi du, besteak beste, gero eta preziatuagoa dela lanbidea».

Irakasleen prestakuntzan Euskal Herriko egoera beste bat dela azaldu du: «Marinaren ekarpena Espainia mailako irakasleen formakuntzan zentratzen da. Gure irakasle eskoletan formakuntza teorikoa teoriko-praktikoa da, metodologia berritzaileen bidez landua». Errealitatera hurbiltzen direla esan du, benetako kasuak aztertzen dituztela, eta ikasleek hiru praktika aldi izaten dituztela. «Guretzat, praktika aldia da irakasgairik garrantzitsuena». Ezkurdiak nabarmendu du egoera oso diferentea dela Espainian eta Euskal Herrian, eta Marinak Espainiakoari bakarrik heldu diola.

Irakasleei medikuntzako BAME (barne mediku egoiliar) gisako bat jartzeko aukera aipatu du Marinak. Inork ez dio atea ixten zuzenean. Etxaburuk dio «beste era bateko sarrera» beharko litzatekeela irakaskuntzara. «Nahikoa da titulazio bat?». Ezkurdiak uste du «eztabaida sakona» behar dela. Hutsune batzuk badaudela aitortu du: euskararen aldetik, adibidez. «Maisu-maistren hizkuntza gaitasunak oso ona izan beharko luke, eta hori bermatzeko, akaso, egin beharko litzateke BAME horren antzerako azterketa bat».

Zuzendarien eskumenak

Sektore batzuetatik Marinari kritika egin diote enpresa ikuspegia duela; bankuekin dituen erlazioez ere hitz egin dute. LOMCEren ildoko proposamen bat egin du: zuzendaritzek aukera izatea irakasleak hautatzeko. Horrek aurkakotasuna sortzen du hezkuntza komunitatean, oro har. «Kudeatzaile eredurik ez dugu nahi», ohartarazi du Steilaseko ordezkariak. Salatu du hezkuntza erreforman badirela norabide horretako neurri batzuk: ordezkoei ezezkoa emateko aukera du zuzendariak. Hala ere, egia da eredu hori badutela herrialde batzuetan: Katalunian, adibidez, lantaldearen zati bat aukera dezake zuzendariak.

Autonomiaren ikuspegitik zer egina badela, gogoeta hori egin du zuzendarien elkarteko kideak: «Ikastetxe publikoek autonomia oso mugatua dute. Eskola askok ahalduntze prozesu bat izan dute, eta kortse estuetan gabiltza». Zuzendariek lantaldea hautatu ahal izatea ez du argi ikusten. «Parte hartzearekin ikuspegitik, kontua ez da zuzendariaren eskumenak zabaltzea; eskola komunitateak izan behar du eskumena». Idigorasek ere bide beretik jo du: «Izatekotan, komunitateak zehaztu behar luke postuen profila, hezkuntza proiektuaren arabera». Horren gainetik, irakasleen inplikazioa behar dela nabarmendu du Etxaburuk: «Irakasleek ulertu behar dute sistema baten barruan daudela, eta eskola proiektuarekiko atxikimendua behar dela».

Gogoeta behar dela uste du Ezkurdiak, baina diferentziak kontuan hartuta: «Espainian lortzen diren emaitzak eta gureak desberdinak dira. Gure kasuan ez gabiltza hain desbideratuta emaitzetan eta ebaluazio moduetan».

BERRIAn argitaratua (2015/12/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA