bizigiro
Erdigune gosez
Iker Tubia

Urteak eman dituzte bueltaka; zazpi, hain zuzen ere. Alkatetzak epaitegietara jo du McDonald'sek kale horretan jatetxerik jar ez zezan, eta bitan galdu du auzia. Azkenik, janari lasterreko multinazional handienak lortu du nahi zuena. Montorgueil kalea Reamour kalearekin batzen den izkinan, hor bertan irekiko dute. Berriz ere kalearen sarreran pankarta handi bat jarri dute: Montorgueil kalean janari lasterraren erraldoirik ez! McDonald's-en ikurra ezabaturik ere ageri da. Azkenengo protestetan Jacques Boutault Parisko bigarren barrutiko alkatea ere kalera atera da. Baita megafonoa hartu ere.
Anti Malbouffe kolektiboko kideek haurren osasunarekiko kezka nabarmendu dute haien protestetan, eskola batetik gertu dagoelako, eta gisa horretako jatetxeetako hanburgerrak batere osasungarriak ez direla ezagun baita. Komertzio aniztasunaren kontrako erasotzat ere jo dute McDonald's-en lur hartzea. Jatetxe horrek 500 metro koadrotik gora izanen ditu, hiru solairu, 160 lagunentzako tokia, eta asteko egun guzietan irekiko ditu ateak, gauerdira arte. Auzo historiko horretan, nahiago dituzte historia duten komertzioak.
«Mando bat portzelana denda batean sartzen den bezala sartzen dira». Ion Martinez NUPeko soziologoak uste du horrek pizten dituela multinazional handien frankiziak gune batzuetan irekitzearen aurkako mugimenduak. «Indar handia dute komertzioen eredua ezartzeko». Horrek, noski, bertako komertzioan eragina du, baita komertzio horren erabiltzaileengan ere. Martinezek azaldu duenez, hiru alor nagusitan eragiten dute. Alde batetik, multinazional horien frankiziek aise ordaintzen ahal dituzte lokalen errentak, eta hori alde dute bestelako komertzioekin lehiatzeko orduan. Bestetik, bestelako lan eredu bat ezartzen dute. «Halako lanak prekaritateari lotuak izaten dira, eta langileak kalteberak izan ohi dira».
Azkenik, espazioaren erabileran eragiten dute. «Monotonia komertziala sortzen da. Askotan hiriek elkarri kopiatzen diote, eta neurri ertaineko hirietan Iruñea, Gasteiz, Donostia, Bilbo..., kanpoko jendea erakarri nahian, toki guzietan dauden frankiziak sartzen dira. Monotonia horrek bertako komertzioari kalte egiten dio; hain zuzen ere, bereizgarri den komertzio horri». Horri loturik, beste inposizio bat dakarte: hiria nork erabiltzen duen erabakitzen dute. Bezero jakinak erakartzen dituzte, eta ordura artekoak zokoratu. «Bateraezintasuna dakarte, eta komertzio tradizionala desagerrarazten dute».
Eragin hori berbera izaten da toki guzietan, baina alarmak hiriguneetara sartzean piztu ohi dira. Horren aurretik, baina, hiriaren kanpoaldean kokatu ohi dira. «Hiriguneen inguruan egoteak mapan jartzen ditu prezio apaleko multinazional handiak», azaldu du Patricia Campelo EHUko soziologoak. Baina hiri batean lur hartu ondoren, ez dira horrekin asetzen. «Periferiak erakargarritasuna galdu du enpresa horientzat, erdiguneak nahi dituzte, baita eraikin historikoak ere». Izan ere, erdiguneak dira turismo foku nagusiak, historiaren eta monumentuen aldetik duten garrantziarengatik. «Azken urteotan, hiriaren erdigunea ere bada kontsumo erdigune; beraz, inguru gutiziatua da».
Campelok dioenez, azken urteotan enpresa estrategia hori erabiltzen ari dira multinazional handiak hiri guzietan. Hala ere, kontrako mugimenduak ere sortzen dira. «Janari lasterreko kateek kostu baxuko lehiakideak sartzen dituzte, eta kontsumitzeko modu jakin bat». Baina bada beste zerbait: «Janari zaborraren paradigma dira, masako kontsumoarena, eta tradizioz gune horietan dauden komertzioek ez dute irudi hori nahi». Izan ere, bat sartzen denean, beste batzuk inguratzen dira. Ez soilik gisa horretako negozioak: multinazionalen menpeko hotel kateak edo moda frankiziak ere bai. Horiek denak daude erdigune gosez.
Martinezek uste du hiriguneek periferiari kopiatu diotela eredua. Gainbeheran egon diren alde zaharrak berpizteko eredu horren alde egindako politikei erantzuten diola. Baina gogorarazi du, horrelako negozioek ez dutela auzoarekiko konpromisorik eta ez daudela bertan erroturik. «Ez badute espero dituzten emaitzak lortzen, itxi eta alde egiten dute».
Egoera hori ez da soilik hiri handietan ematen. Euskal hirietan ere ikus liteke. Campelok aipatu du Bilbon, Gasteizen eta Donostian agerikoa dela: «Hotelak biltegi zaharretan, marka ezagunen arropa dendak eraikin historikoetan, eta janari lasterreko kateen lokalak hirigunean». Kontsumo turismoa sustatzen ari dira. Iruñean ere ikusten dira prozesu horiek. Martinezek nahiago du zuhur jokatu hitzekin, baina uste du gentrifikazioari dagozkion sintomak agertzen ari direla, «modu sotilean» bada ere. «Gentrifikazioa bultzatzen duten elementuak kontuan hartu behar dira», ohartarazi du.
Hemen ere borrokatu dira
Parisen bezala, Euskal Herrian ere hainbat izan dira gisako multinazionalen frankizien aurkako mugimenduak. Donostiako Bretxa saltokian aspaldi paratu zuten McDonald's bat, hirigunearen atarian, Bulebarreko erakusleihoa baliatuta. Langileen grebetan behin baino gehiago agertu da margoturik, eta hainbat protesta egin dituzte haren atarian. Berriki, Askekintza izan da McDonald's atarian protesta egiten.
Bestelako bidetik, Aitzina gazte erakundeak ere protesta egin du aurten Hendaiako McDonald's-en. Burujabetzaren aldeko kanpainaren barruan, gisako multinazionalek eragiten duten kaltea salatu zuten, besteak beste. Horretarako, bertako produktuekin prestatutako herri bazkaria egin zuten McDonald's-en barnean. «Ordena agroalimentarioaren ikurra da McDonald's. Ipar Euskal Herrian laborariek bizirik irauteko geroz eta arazo gehiago dituzten honetan, ikusten dugu zabor elikaduraren alde egiten dela, hazkuntza industriaren alde», azaldu du Aitor Servier Aitzinako bozeramaileak. «Multinazional horien kasuan, herriaren bizitza eta kapitala talkan ageri dira inoiz baino gehiago».
Gazteei dagokienez, beste arazo bat ere ikusi du Aitzinak janari azkarreko multinazionaletan: haiek direla, batik bat, toki horietan lan egiten dutenak, eta, gainera, baldintza prekarioetan. «McDonald's-eko datuak krudelak dira gazteontzat, jakin baitakigu kate horretako egoitzetan langile soil batek zuzendari batek baino hamar aldiz gutxiago irabazten duela». Haren aburuz, hainbat tokitan bada kontzientzia, batik bat Ipar Euskal Herriko barnealdean. «Badugu ardura berezia kontsumitzaile gisa, guk dugu hautua». Egindako protesta ongi baloratu dute. «Oso pozik gelditu ginen oihartzunarekin, uste dut gazteengan eragina izan duela».
Arazo sakonagoa agerian
Iruñean gogoan dute Burger King Alde Zaharrera ailegatu zen eguna. Lau urte igaro dira orduz geroztik, baina askok atzoko kontua balitz bezala dute buruan. Dagoeneko hasia zen aldaketa Iruñeko bihotzean, baina orduan antzeman zen gaitzaren sintoma agerikoetako bat: Burger King. «Aurretik ikusten genuen zerbait gertatzen ari zela auzoan. Gutxika multinazionalen frankiziak irekitzen ari ziren. Ikusi genuen Burger King auzo hau merkataritza gune bihurtzeko planaren isla baizik ez zela», kontatu du Marc Fernandez gazte iruindarrak. «Jakin genuenean, gainera, Mercaderesen izanen zela, argi ikusi genuen auzo sozial hau kontsumora eta turismora bideratzeko asmoa zutela».
Burger King-en aurkako borroka hasi zen, Fernandez tarteko. Jatetxearen irekiera galarazi ez ezik, horren irekieraren atzean zegoen arazoa mahai gainean jartzeko aukera ikusi zuten bertako gazteek. Baina, berandu zen. Obrak hasi zirenean ohartu ziren bertan ireki nahi zuten negozioa multinazional baten frankizia zela. «Agian ezustean harrapatu gintuen negozioaren irekiera saihesteko», onartu du gazte iruindarrak. Hala ere, auzoan batzar bat eratu zuten. «Burger King-en irekiera salatzen zuen diskurtsoa egin genuen, baina, betiere, inposatzen ari ziren auzo ereduaren kritikaren barruan». Hainbat ekintza egin zituzten: protestak, informazioa zabaldu...
Ez zen proiektua gelditzerik lortu. Mercaderesen, Alde Zaharreko sarreran dago. Baina, halere, jende anitz jarri zen aurka. Fernandezek bi arrazoi posible ikusten ditu: «Batetik, Burger King da kapitalismoaren adierazpen bereizgarrienetako bat: multinazional handi bat bere menpe esplotatutako milaka langile dituena. Bestetik, jendeak ikusi zuen Burger King-en ondoren beste batzuk etorriko zirela, eta atea irekitzen zitzaiola merkantilizazioari, turistifikazioari eta gentrifikazioari. Gainera, auzoaren aurkako erasotzat ikusten dute askok».
Proiektua gelditu ez, baina gaia mahai gainean jarri bai. Hori lortu zutela uste du gazte iruindarrak. Balorazio ona egin du: «Garai hartan egindako analisia egiaztatu da. Ez genuen indar aski izan Burger King-en irekiera gelditzeko, baina hondarra utzi genuen urte gutxira gentrifikazioaren eta merkantilizazioaren diskurtsoa publikora modu zabalean ateratzeko». Ez baita soilik McDonald's edo Burger King. Horrek atzetik dakarren guzia baizik.