astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

kirola

Urtez urte, gaztetzen

Imanol Magro Eizmendi

Urtez urte, gaztetzen

Pilota profesionala gaztetzen ari da. Tira, ezer ez da gaztetzen, logikak baitio gauza guztiak, sorreraren unetik bertatik, zahartzen hasten direla. Zehatzagoa da esatea pilotari koadroen batez besteko adina urtez urte jaisten ari dela, eta bilakaera horrek puntako pilotariei ere eragiten die. Ez da lehen edo hirugarren partidei bakarrik eragiten dien fenomenoa; Binakako Txapelketako parte hartzaileen adinak ere behera egin du. Aurtengoak du inoizko batez bestekorik baxuena: 25,6 urte, iaz baino urte erdi gazteagoa. Kalkulua kopuru absolutuetan egin da, hilabeteetan sartu gabe.

Binakako Txapelketak neurtzen du pilota profesionalaren egoera, aurrelari adina atzelarik parte hartzen dutelako. Azken hamar urteetan finkatu egin da parte hartzaileen kopurua, hamasei, eta, urtez urteko alderaketa bat eginez gero, datu argigarriak aurkitu daitezke. Esaterako, zenbat jaitsi da batez besteko adina? Bada, 2011tik ia bost urte. Orduko txapelketako batez besteko adina 30,9 izan zen. Olaizola I.aren, Belokiren eta beste batzuen azken urtea izan zen. Hala ere, txapelketa hartan Titin izan zen zaharrena, 42 urte baitzituen. Triciokoak beste bi txapelketa jokatu zituen.

2009tik 2013ra 29-30 urte inguruan finkatu zen batez beste, eta hortik aurrera hasi zen adinaren jaitsiera prozesua. 2013tik 2014ra urte erdi jaitsi zen, eta 2014tik 2015era, 0,7. Titin gabeko lehen txapelketa izan zen. Jaitsiera handiena, dena den, 2016tik 2017ra gertatu zen, 27,5 urtetik 26,2ra. Juan Martinez de Irujo, Aitor Zubieta eta Pablo Berasaluzeren azken urtea izan zen. Iaz, aldiz, Abel Barriolak jokatu zuen azkenekoz, eta haien tokia bete duten gehienak oso gazteak dira.

Aurtengo parte hartzaileen artean, hasieratik lehenbiziko aldiz ari diren hiru daude: Victor Esteban, Ander Imaz eta Julen Martija, eta zazpi dira bakarrik txapelketan hiru aldiz baino gehiago jokatu dutenak. Alde horretatik, eskarmentu gutxien duten pilotariekin osaturiko inoizko txapelketa da. Eta hori kontuan hartuta Aimar Olaizola hemezortzigarren aldiz ari dela, eta Oinatz Bengoetxea hamalaugarrenez. Hurrengoa zerrendan David Merino da, zortzigarrenez.

Arrazoia aurkitzea erraza da: enpresek ez dituzte nahi maila eta adin ertaineko pilotariak. Izarrak eta gazteak nahi dituzte. Izar ez diren adin ertaineko pilotariak ez du tokirik. Era berean, pilotari gazteek jendearen arreta bereganatzen dute. Adin ertainekoak baino amu hobea dira jendea erakarri eta jaialdiak saltzeko.

Ia beteranorik gabe

Adin ertaineko pilotarien hutsuneak beste datu adierazgarri bat uzten du. Aurten parte hartuko duten hamasei pilotarietatik bik bakarrik dituzte 30 urte edo gehiago: Olaizolak (38) eta Bengoetxeak (33). 25 urtetik beherakoak, aldiz, zortzi dira, erdiak. Bi datu horiek aurreko urteetakoekin alderatzen jarrita, aldaketa harrigarria da. Esaterako, 2011n, hamabi ziren 30 urtetik gorako parte hartzaileak, eta bakarra 25 urtetik beherakoa: David Merino. 2012an, 7-2 zen proportzioa; 2013an, 8-3; 2014an, 6-4; 2015ean, 7-7; 2016an, 6-5; eta 2017an, 3-5.

Azken hamar urteetan 40 pilotari ezberdinek ekin diote hasieratik txapelketari, eta ez da erraza asmatzen zein izan den zaharrena. Titin izan zen, 2014ko txapelketa 44 urterekin jokatu zuenean. Hura izan da urteotan jokatu duen 40 urtetik gorako bakarra. Olaizolak 38 ditu, eta esana du 40-41 urte arte jarraitu nahi duela. Gazteenak, aldiz, Iker Irribarria eta Jokin Altuna dira. Biek 19 urte zituzten 2016ko txapelketari ekin ziotenean.

BERRIAn argitaratua (2017/11/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA