astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

gizartea

Bidea zabaltzeko bidelagunak

Garikoitz Goikoetxea

Bidea zabaltzeko bidelagunak

Ezohiko mezu bat erredakzio erdian. Lurrean, zabal. Geroa zugan leloa. Hamabost urte beteko ditu BERRIAk datorren urtean, eta beste jauzi bat eman nahi du. «Bidelagun» gehiago bildu nahi ditu egitasmora, euskarazko komunikazioaren esparrura. Horretarako, bidelagun talde bat eratu du: BERRIA Berri taldea, euskalgintzako, euskal kulturako eta hezkuntzako hemezortzi lagun ezagunek osatua. Proiektua hedatzeko bidelagun dira: herritarren eta administrazioaren «konpromisoa» lortzeko. Ohartarazi dute BERRIAk ezin diela bakarrik aurre egin «zailtasunei eta oztopoz beteriko etorkizunari». Horrenbestez, «bidelagunak» nahi dituzte aurrera segitzeko.

Hamazazpi lagunekin abiatu da BERRIA Berri taldea, eta zabaltzen joango da. Orain kide hauek ditu: Sagrario Aleman, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Amelia Barquin, Eñaut Elorrieta, Elixabete Garmendia, Iñaki Goirizelaia, Maite Goñi, Zuriñe Hidalgo, Joanmari Larrarte, Xabier Mendiguren, Olatz Osa, Eider Rodriguez, Eneko Sagardoi, Joan Mari Torrealdai eta Beatriz Zabalondo. BERRIAren erredakzioan bertan aurkeztu dute taldea. Taxutu duten manifestua ere bai. Berria: geure oinarrietatik goiburua du dokumentuak, eta, horren bidez, dei egin dute hausnarketa egitera eta konpromisoa hartzera.

Komunikabideek duten egiturazko garrantziaz ari dira manifestuan. «Gaur egun hedabideetan biltzen da bizitzaren joan-etorriaren parte inportante bat: plaza publikoaren eremuari dagokion errepresentazioa horietan gauzatzen da, eta horietan sortzen eta birsortzen da iruditeria kolektiboa ere». Euskarazko komunikabideek ere badaukate rol hori, sinatzaileen esanetan. Are, azaldu dute hizkuntzarentzat berarentzat ere funtzio giltzarria daukatela. «BERRIA eta euskal hedabideak, oro har, hainbat indar eta jardueraren sustatzaile dira: hizkuntzaren normalizatzaile eta berritzaile, herritarren adierazpiderako gune, kulturgile, ondasun sortzaile, gizarte eraldatzaile... Indar kohesionatzaile eta integratzailerako kultur baliabide modernoak dira euskal hedabideak, eta tresna sozial bateratzaileak».

Euskaldunen hizkuntza eskubideak ere hartu dituzte gogoan: informazioa beren hizkuntzan jasotzeko aukera izan behar dutela. «Hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzaren kristaletik ikusi eta kontatzeko beharra eta eskubidea: BERRIA eta euskal hedabideok zeregin funtsezko horren muinean gaude».

Gero eta jende gehiago

Otsailean beteko dira hamabost urte Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela. Euskarazko eguneroko nazionalak eutsi zion kioskoetan; Egunero izan zuen ordezkoa, biharamunean bertan, eta BERRIA sortu zen ekainean. Hamabost urte beteko ditu kazeta honek ere, hortaz. «BERRIA egunkari zabala eta independentea izateko sortu zen, euskal komunitateko sentsibilitate guztiak kontuan hartzekotan sortu ere», azaldu dute. «Ezaugarri horiek bermatu, eta pluraltasunaren aldeko konpromisoarekin kaleratzen du lantaldeak BERRIA, kazetaritzako irizpide profesionalak ezarriz iritzi publikoari eskaintzen dion eguneko informazio jarioan». Alegia, BERRIAk eguneroko zerbitzua ematen diola gizarteari.

Horri ekonomikoki nola eutsi, hor dago erronka. «Hori guztia ez da kosturik gabekoa. Ez papereko BERRIA, ez Internetekoa», ohartarazi dute adierazpenean. «Erabiltzaileek esku-eskura duten material guztia prestatzeko, dozenaka profesionalen ordu askotako lana dago atzean, ahalegin handiak, erabaki zorrotzak». Asko aldatu da kontsumo eredua urteotan, eta BERRIAri ere nabarmen eragin dio. Audientziari dagokionez, Internetek gero eta pisu handiagoa dauka; paperak, berriz, txikiagoa.

Bi aldeko txanpona jarri du mahai gainean egoera horrek. Batetik, kontsumo datuei erreparatuta, inoiz baino indartsuago dago proiektua. Paperean eusten ari da irakurle kopuruari -CIESen arabera, 63.000 herritarrek irakurri ohi dute kazeta-, eta Interneten goraldi etengabean dago. Iaz 6,4 milioi bisita izan zituen BERRIAren webguneak, aurreko urtean baino %16 gehiago, eta igoera berretsi dute aurtengo orain arteko datuek. Sare sozialetan ere, gorantz: iaz %29 igo zituen Twitterreko jarraitzaileak, eta %24 Facebookekoak. Norabide berean aurten ere.

Txanponaren beste aldeak, diruari dagokionak, ez du horrelako distirarik. Papereko egunkaria hartuta, kioskoko salmenta jaisten ari da pixkanaka -jaitsiera leunagoa da BERRIArena, harpidedun sareagatik-, eta publizitatea asko gutxitu da krisiarekin batera. Interneten dago goraldi nabarmena, baina diru iturriak eskas dira hor: eduki guztiak sarean jartzen ditu BERRIAk, euskarazko informazioari atakarik jarri gabe, edonoren eskura. Ahalegin horri erantzuteko eskatu dute, beraz, BERRIA Berri taldearen adierazpenean: «BERRIAk etsi barik eutsi dio egoerari, baina zailtasunei eta oztopoz betetako etorkizunari ezin dizkio argi izpiak bakarrik aurkitu: bidelagunak behar ditu».

Erakundeak eta herritarrak

Bidelagunak, bi esparrutan. Batetik, administrazioa. Adierazi dute BERRIAren urteotako ibilbidean «ekarpen garrantzitsua» izan dela erakundeek egindakoa, eta aurrerantzean «are garrantzitsuagoa» izan beharko lukeela. «Instituzioak gizarteko beste sektore askorekin estuki inplikatuta daude, herriaren trakzionatzaile direlako, eta gurekin ere hala izan behar dutela uste dugu. Aurrera goaz, eta urratsez urrats egindakoa sendotzea da bidea».

Bestetik, herritarrak. «Ezinbesteko bidaide izan ditugu irakurleak, harpidedunak, BERRIAlagunak». BERRIAren bueltako komunitatea nabarmen indartu da urteotan, BERRIAlagunen eskutik, eta proiektuaren ezinbesteko zutabea da haien ekarpena. Urtez urte ari da hazten BERRIAlagunen kopurua: 13.000 dira.

Bide hori sendotzeko deia zabaldu dute: gizarte eta kultur eragileei, sindikatuei, enpresariei, ikertzaileei, hezkuntza arlokoei, kirol eragileei... «Dei egin nahi diegu guregana bil daitezen, etorkizuna eraikitzen bat egin dezagun. Euskal hedabideen prestigioaren eta erabileraren etorkizuna denona da». Hain justu ere, hainbat eragilerekin bilerak egingo dituzte proiektua azaltzeko, BERRIA Berri taldea handitzeko, eta beren eremuan BERRIAlagun gehiago egiteko bidea adosteko.

Herritarrei dagokienez, bereziki indar egin nahi dute BERRIAren sareko kontsumitzaileengan. Milaka euskaldunek jotzen dute BERRIAren Interneteko eskaintzara. Zabalik dute dena. Gogoeta eskatu diete hori eskaintzeak eskatzen duen ahaleginaz. «Herritar guztioi dei egiten dizuegu BERRIAren eta euskal hedabideen zereginaz hausnar dezazuen». Jasotako zerbitzuari diru ekarpena egiteko deia da. «Bakoitzak bere neurrian, baina egunean-egunean gehixeago irakurri eta gure lana babestuz: konpromisoa hartuta».

Ekainaren 21ean beteko ditu BERRIAk hamabost urte. Hainbat ekitaldi egingo dituzte ordura bitartean, eta parte hartzeko deia egin du taldeak. BERRIAlagunak biltzeko asmoz, bitarte horretan deiak egingo dituzte webgunean, edukiak kontsumitzen ari direnei BERRIAlagun izatea eskaintzeko. Erronka bat ere jarri dute: 5.000 BERRIAlagun gehiago biltzea urteurrenerako. Kontagailu bat ezarriko dute webgunean bertan.

BERRIAn argitaratua (2017/11/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA