astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

kirola

Heroiak eta alfer zorriak

Jon Artano Izeta

Heroiak eta alfer zorriak

Las Lunas chazodromora sartu direnean, Pasto-ko pilotazaleek, superheroiei bezala begiratu diete. Batak izoztutako arraina inportatzen du, bestea kirol kudeaketa ari da ikasten, hurrengoa postaria da… kolonbiarrek Europarekiko duten miresmen itsuak gainezka egiten du ordea ia bi metroko frisiar ilehori hauek bistaratzen diren bakoitzean, eta gaur txapelketako une gorena heldu da: Chazako finala, Herbehereak eta Kolonbia zein baino zein.

«Herriaren kirola da chaza». Eslogan merkea dirudi. Enano-k esan digu ordea, esaten zuenari garrantzirik eman gabe gainera; begi bistako egi bat dioenaren patxadaz. Final handia ikusteko etorri da gainerako milaka pastusoen moduan. Besteek baino bide motzagoa egin du, ordea, Enanok. Harmaila desmuntagarriak bere lantokiaren pare-parean jarri dituzte eta.

Izatez baino luzeagoa da izenez Carlos Jesus Ceron Timana. Horregatik, enano [ipotx, gaztelaniaz] esaten diote. Tailerra ere txikia du, kolore hori biziko edukiontzi industrial bat. Ibilgailuentzako piezak soldatzen ditu bertan, «eta astean hiruzpalau aldiz, lanez arin gabiltzanean, kontainerreko atea itxi, eta chazan aritzen gara». Harenaren moduko beste dozena eta erdi garaje daude jokaleku ondoko orubean. 120ren bat mekanikari enplegatzen dira hemen, eta «horietako hamabosten-bat chaceroak [chaza jokalariak] gara».

Chaza finala, 6-0, airean irabazi dute etxekoek eta, hala ere, «zeuon, atzerritarron maila» hobea goraipatzen dihardu Enanok. Valentziarrak Llarguesen eta Nazioarteko Jokamoldean gailendu dira, bietan Belgika garaituz. One wallean Euskal Herria dominatzaile emakumezkoetan eta Mexiko gizonezkoetan. Guztira hamasei herrialdetako 128 kirolari izan dira Paston, Kolonbiako hego-mendebaldeko Andeen bihotzean, jokatu diren CIJBen (Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren) munduko txapelketetan.

Chaceroen estigma

Esku pilotako joko zuzenen saldokoa da chaza, Euskal Herriko bote luzearen antzekoa, laukiluze formako eremu batean aritzen dira bi talde, hormarik gabe. Jokalarien ospean dago alderik handiena. «Chaceroak alferrak, jokozaleak ez dago apusturik gabeko partidarik eta zurruteroak dira jendearen iruditerian. Jokalari askok ez dizute onartuko chazan aritzen direnik ere, lotsatu egiten dira», arrazoitu du txapelketako komunikazio arduradun batek. Gaitzespena igarri egiten da gaiaz edonori galdetuta. «Pobreen jokoa da, ez duzu gaztetxorik ikusiko horretan, atzeraka eragiten die, baita jokalarien semeei ere».



Kolonbia beti gorenean izan ohi duen rankinga berritu du duela egun gutxi Munduko Bankuak. Latinoamerikako bigarren herrialde disparekoena da, Haitiren atzetik. Kolonbiako eskualde pobreenetakoa da Nariño, chazaren sehaska. 50.000 jokalari ba omen daude, «gehienak herri txikiagoetan, desprestigioa ez delako hain handia. Baina egingo nuke ez dagoela unibertsitario bakar bat horien artean» bota du komunikazio aholkulariak.

Euskal Herriko larruzko pilota zuri leunen ondoan, zera mistiko bat du chazakoak. Erdoil eta lizun koloreak nahasten zaizkio azalean, planeta exotiko bat balitz bezala. Eta zimurra da gainera. «Gasolinagatik da» azaldu digu Enanok. Kautxuzko bola trinkoa da berez, eta 70 gramoko pisua du. Chacero-ek ordea otzandu egiten dute jokorako. Hogei minutuz gasolinatan edukiz gero, pilota eskura gozoagoa dela eta punpa mantsoagoa egiten zuela ikusi zuten, eta horixe da pilotaren preparazioa. Orokorrean bataio kimikoa hartutako pilota horiek urtebetean balio dute jokorako.

Chazarako pilotak egiten zituen Kolonbiako azken fabrika Bogotako Restrepo auzoan zegoen. Eskaria urritu zela-eta, baina, ekoizpena utzi zuten, eta ordutik komeriak: «Sei hilabetean prezioak itxuragabe igo dira. Lehen 4000 peso [euro bat pasatxo] egiten zuen aleak, orain 50.000 eta 60.000 [hamasei euro inguru] ere eskatzen dute» esplikatu digu ordura arte albotik beha, mutu, zen Braianek. «Venezuelatik ekarri ohi dituzte, kontrabandoan», errematatu du Enanok kazetariaren arreta berreskuratzeko.

BERRIAn argitaratua (2017/11/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA