astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

bizigiro

Aktualitateari, irri jostalari

Urtzi Urkizu

Aktualitateari, irri jostalari

Ostegun gauetan TV3eko ikus-entzuleek zita berezia dute. Aktualitate politikoak ematen duenarekin irri egiteko aukera dute, Polonia umore saioari esker. Kataluniako eta Espainiako politikarien imitazioak egiten dituzte, esketx dibertigarrietan. 2006ko otsailean estreinatu zuen kate publikoak programa — %34,4ko ikusle kuota lortu zuen lehen egunean—. Orduz geroztik, datu apartak lortu ditu astero —joan den ostegunean %23,4ko kuota eta 689.000 ikusle izan zituen—.

Mariano Rajoyren eta Carles Puigdemonen rolak betetzen ditu Queco Novell kazetari eta aktoreak. Saioaren hasieratik ari da saioan lanean. «Kazetaritzan aritzen nintzen, eta Toni Soler lagunak gonbidatu ninduen umorearekin lotutako proiektuetan hastera». Nabarmendu du hamabi urteotan programak «garapen handia» izan duela, zentzu guztietan: «Ikusle askorentzat, astean gertatu denaren erreferentziazko saio bilakatu da. Umorearen eta satiraren filtrotik pasatzen dugu gertatutakoa». Erredakzioan hogei lagunek egiten dute lan egunero saioan, baina grabazio egunetan kopurua handitu egiten da.

Toni Soler izan zen urte luzez programaren zuzendaria, baina irailetik Está passant albistegi satirikoan ari da. Erreleboa Jaume Buixo gidoilariak hartu dio. Hark esan du denboraldi honetan lan egiteko modua aldatu dutela, aktualitatearen eraginez: «Taldeen dinamikak leherrarazi egin dira, eta sormen prozesua egun gutxitan kontzentratzen dugu orain, azkeneko berrietara iritsi ahal izateko. Lehen, prozesuak aste osoa irauten zuen. Amaitu da hori, ostegunean edo ostiralean pentsa zenezakeena erabat iraungita dagoelako hurrengo ostegunerako». Emisio egunetik hurbilago egiten dute orain dena: «Astelehenean edo asteartean hasten gara idazten, asteartean asteazkenean grabatuko duguna idazten dugu, eta asteazkenean idazten dugu ostegunean grabatu beharrekoa». Modu horretan, aktualitatearen parterik handiena jasotzea lortzen dute saioan. «Zaila da hori, denbora gutxi daukazulako pentsatzeko eta jakiteko zer esan nahi duzun, eta zaila da talde guztientzat», gaineratu du saioko zuzendariak. Antzera mintzo da Julia Cot gidoilaria —sei urte baino gehiago daramatza programan lanean—: «Gidoiak aktualitateari askoz lotuago daude orain. Ni hasi nintzenean, egoera politikoa erlaxatuagoa zen, eta aste bat lehenago hasten ginen gidoiak idazten. Baina, azkenaldian, ia egunero gertatzen da ezohiko zerbait. Ostegunean, azken ordura arte egoten gara orain gidoiekin lanean, azkeneko berriak sartzeko. Ikusleak eskertu egiten du hori». Coten arabera, kaleko jendeak bizi egiten du saioa. «Horregatik, eguneratuak egoten saiatzen gara, eta ikusleak dakienaren parean egoten».

Umorea, aste berezietan

Ostegun batean baino gehiagotan salbuespenezko egoeran lan egin behar izan dute aurten Polonia-koek. Urriaren 1eko erreferendumaren ostean, saioa ez egiteko eztabaidatu zuten, baina aurrera egin zutela azaldu du Buixok: «Erabaki genuen saioa egitea. Hasierako oharrean, esan genuen Poliziak zauritutako jendeari eskaintzen geniola atala. Tonu perfektua aurkitu genuen, gainera, eta saioa kritikoa zein emozionala izan zen. Katarsi kolektibo baten moduan bizi izan genuen, iritziak ikusita».

Novellek oroitu du urriaren 26an dena gelditu zela, Puigdemontek hauteskundeetara deitu ez deitu, eta agerraldiak atzeratzen aritu zenean. «Talde guztiak gelditu behar izan ginen, eta esketx pare bat zakarretara bota genuen». Hala ere, egun horretako saioak %30ko ikusle kuota gainditu zuen. «Egoera ez zen dibertigarria. Baina ikusleek gertatzen ari zenaren bertsio dibertigarria nahi zuten 40 minutuz».

Azaroaren 2an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak kartzelara bidali zituen Generalitateko zortzi kontseilari. Egun horretan, saiokoek grabatua zuten atala ez emititzea erabaki zuten. Arrazoiak azaldu ditu Buixok: «Txio bat idatzi genuen, 'No tenim ganes de riure' esaldiarekin [Ez dugu barre egiteko gogorik]. Kontua da hainbat esketx genituela, pertsonaia horiekin kantuan eta dantzan. Materiala ez zela egokia erabaki genuen». Hurrengo astean, aldiz, programaren amaieran, kontseilari presoen eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten ileordeak apal batean gordeta azaldu zituzten. «Jordi Lopez gidoilariaren ideia bat izan zen. Saioak omenaldi bat egin zien erabili ezin ditugun pertsonaiei, kartzelan daudelako», esan du Buixok.

Agnes Busquets aktorea 2006tik ari da saioan pertsonaia ezagunak imitatzen. Espainiako erregina Letiziarekin hasi zen, hura printzesa zenean. Monica Terribas kazetariarena egin zuen geroago. Egun, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearena egiten du. Harekin «sentimendu kontraesanezkoak» ditu: «Oso ondo pasatzen dut pertsonaia jokatzen, baina amorrua ematen dit andre horrek betetzea nire hozkailua».

Urteotan, ikusle datu onak izan ditu beti Polonia-k. Buixoren ustez, produktuarekin beti zorrotzak izan direlako gertatu da hori: «Beti saiatu gara hobetzen. Horrez gain, beti saiatu gara alde guztietakoak kritikatzen. Alderdi guztiekin kritikoa izaten saiatzen da saioa». Entretenimendua eta politika uztartuta, datuak esanguratsuak dira aurten. «Biak izanda, politika eta entretenimendua, jendeak saioa jarraitzeko gogo bikoitza du».

Busquetsen iritziz, saioak eragina dauka Kataluniako gizartean: «Gobernuz kanpoko erakunde sozial-emozional bat bihurtu gara gizartearentzat. Herritar askok esaten digu Polonia oxigenoa dela haientzat. Egiteari uzten diogun egunean, jendeak hutsune bat sentituko du». Aktoreari iruditzen zaio Katalunian elkar ulertze bat dagoela politikariekin barre egiteko, «katalanen izaeraren parte da».

Umorea lantzen duten profesionalen aurkako erasoak, dena den, ez dira nolanahikoak. El Jueves aldizkariko zuzendariak azaroaren 8an epaitegian deklaratu behar izan zuen, Poliziari «irainak» egitea leporatuta. Eduard Biosca umoregileak ere urtarrilean deklaratu beharko du auzitegian, RAC1 irratian fikziozko pertsonaiak Polizia «iraindu» zuelakoan. «Umorearen jazarpenak autozentsura sorrarazi nahi du», dio Buixok. «Idazten zaudenean, pare bat aldiz pentsa dezazun nahi dute umorearen jazarleek. Beldurra izatea, gerta daitekeenagatik. Gu ez gara inoiz autozentsuratzen, umorea tonu onean eta zorroztasunez egiten saiatzen gara». Cotek dio gidoilari guztien artean jazarpenei aurre egiten saiatzen direla: «Autozentsuratu gabe lan egiten saiatzen gara, autozentsura baita umoregile batek egin dezakeen okerrena. Umorea pentsatzeko eta pentsarazteko tresna bat da, eta pentsamendua ezin du organo judizial batek mugatu. Baina kezkatuta gaude, beldurraren eta errepresioaren kultura normalizatzen ari delako». Espero du lanean askatasunez jarraitu ahal izatea. «TV3ek eta ikusleek nahi duten bitartean, jarraituko dugu». Buixok itxaropena du luzaroan jarraitzeko: «Ikusle datuei esker iraun du. Eta jendeak nahi duen bitartean, Polonia egiten jarraituko dugu. Talde lana, bestalde, funtsezkoa da, eta, bajaren bat dagoenean, norbait berria sartzen da, eta aurrera egiten dugu».

BERRIAn argitaratua (2017/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA