astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

kirola

GORKA ETA ION IZAGIRRE

«Oreka bilatzen dugu bion artean»

Eñaut Agirrebengoa

«Oreka bilatzen dugu bion artean»

Eguerdia da Ormaiztegin (Gipuzkoa). Entrenamendua eten, eta tabernara sartu dira Ion (Ormaiztegi, 1989) eta Gorka Izagirre (Ormaiztegi, 1987). Kafea mahaira eraman ostean, paretaren zati handi bat hartzen duen argazkiari so gelditu dira. Beren buruak ageri dira, Euskaltel-Euskadiko maillota soinean dutela. «Lokartu aurpegi ederra daukat!», bota du Gorka Izagirrek. «Denbora pasatu da», Ionek. Bai, baditu urteak argazki horrek. Ordutik aldaketa asko izan dituzte Izagirre anaiek. Baina bada apenas aldatu denik: hala nola haien arteko harreman estua. Hezur eta mami izan ziren Euskaltelen eta Movistarren, eta gisa berean ariko dira Bahrain Merida taldean, datorren urtetik aurrera.

Denboraldia duela gutxi bukatu da, baina jadanik hasiak zarete hurrengo sasoia prestatzen. Atseden hartzeko ez duzue ia betarik.

GORKA IZAGIRRE: Hilabete bat izaten dugu gure gauzak egiteko. Kanpotik begiratuta, agian ez da denbora asko, baina gu ahal den gehien aprobetxatzen saiatzen gara. Urte osoan egin ezin ditugun gauzak egiten ditugu egun hauetan.

ION IZAGIRRE: Deskonektatzeko ondo etortzen da. Urte guztian txirrindularitzan zentratuta izaten zara. Entrenamenduak, kontzentrazioak, lasterketak... Dena izaten duzu programatuta, eta, gainera, egun asko egiten ditugu etxetik kanpo. Hilabete horretan gure jendearekin egotea gustatzen zaigu. Eten hori beharrezkoa da denboraldiari ilusioz eta indarberrituta ekiteko.

Nolakoak izaten dira zuen opor normal batzuk?

G.I.: Ni ez naiz oso opor zalea. Orain arte, asteburuak hartu izan ditut norabait joateko. Gehiago gustatzen zait etxe inguruan egotea, hor zehar ibiltzea baino. Nahikoa bidaia egiten ditugu urte osoan.

I.I.: Nik familia izan nuen iaz, eta, umea txikia denez, ezin dut bidaia luzerik egin. Baina gustuko dut kanpora joatea. Oporraldia urri eta azaro partean izaten dugu, eta zaila izaten da hemen eguraldi onik topatzea. Cancunera edo Riviera Mayara joan izan naiz, eguzki bila. Eta turismo asko egin izan dut ere. Thailandia, Egipto... Bikotekidearekin mundua apur bat ezagutzeko aprobetxatu izan ditut oporrak.

Zuk, Ion, nahi baino denboraldi motzagoa izan duzu aurten. Emaitza onak ari zinen lortzen, baina Frantziako Tourreko lehen etapan eroriko larria izan, eta hortxe bukatu zitzaizun sasoia. Kolpe galanta jaso zenuen, zentzu guztietan.

I.I.: Momentuan, min ikaragarria nuen, eta ez nuen ezer pentsatzen. Baina behin ospitalean, neukan lesio motaren berri eman zidatenean, mundua gainera etorri zitzaidan. Egindako lan guztia hankaz gora joan zela pentsatu nuen. Hori bai, berehala txipa aldatu, eta nire osasunari begiratu nion, bizikletari baino gehiago. Ikusi nuen lesioa oso larria zela, eta bizitza honetan dena ez dela txirrindularitza.

Nola joan zaizu errehabilitazioa?

I.I.: Egoera zenbat eta lehenago onartu, orduan eta azkarrago hasten zara osatzen. Ebakuntza oso ongi joan zen. Nire lehen ebakuntza izan zen, atzerrian gainera, eta gauza serioa zen, lesioa bizkarrezurrean bainuen, orno batean. Banituen zalantzak eta beldurrak, baina ez zen arazorik izan. Geroztik, masajistaren, taldearen eta familiakoen laguntza izan dut. Etxera iritsi eta berehala hasi nintzen errehabilitazioan. Zaila izan den arren, ondo atera zaizkit gauzak. Bizitza bera ere ez da erraza. Garrantzitsua da halako egoeretatik ateratzen jakitea. Jada hasia naiz normal antzean entrenatzen; beraz, ezin naiteke kexatu.

Zuk nola ikusi duzu anaia, Gorka?

G.I.: Oso ondo ikusi dut. Oso motibatuta, beti aurrera egiteko prest. Erorketa izan zuenetik ez gara elkarrekin asko egon, azken hilabetea kenduta. Baina telefonoz edo mezu bidez geundenetan, oso gogotsu ikusten nuen. Haren masajistarekin ere hitz egiten nuen, eta hark esaten zidan oso ondo zihoala gauza. Psikologikoki indartsua izan da. Kanpotik behintzat, itxura hori eman du.

Zu ez zaude kexatzeko moduan. Movistar taldeak ez ditu helburu batzuk bete, baina zu fin aritu zara lanean, eta bakarka distira egiteko aukera ere izan duzu.

G.I.: Bai, lehen zatian batez ere. Gauzak oso ondo atera zaizkit, eta uste dut salto bat egin dudala aurrerantz. Hori baloratzen dut gehienbat. Gero emaitzak iritsi daitezke edo ez, baina zailena pauso hori ematea da. Kirolariok beti saiatzen gara urtetik urtera aurrera egiten, eta izan dudan garapena asko baloratzen dut.

Italiako Giroan etapa irabaztea ez da edonolako pausoa.

G.I.: Garaipen hura ez nuen inondik inora espero. Itzuli handietara lider sendo batekin joaten zarenean, talde gisa helburu bakarra izaten duzu: itzulia irabaztea. Kasu horretan, Nairo [Quintana] genuen lider; beraz, Giroa irabaztea ez zen beste ezertan ez genuen pentsatzen. Ni fisikoki bete-betean nengoen, baina ez nuen asmorik etapa garaipenen jokoan sartzeko. Horregatik izan zen ezusteko handia egun hartan irabaztea. Oso pozik nago. Gauza handia da Giroan etapa bat irabaztea. Hori bai: agian, lortutakoaz gehiago ohartzen zara gerora. Momentuan garrantzia ematen diozu, baina lasterketan sartuta jarraitzen duzu. Ez duzu astirik hotzean lortu duzuna pentsatzeko. Orain balio handiagoa ematen diot lortutakoari.

Zuretzako ere, Ion, ezusteko handia izan zen anaiaren garaipena?

I.I.: Bai. Hegazkinean nintzen, eta ez nuen zuzenean ikusi ahal izan. Lurreratzera gindoazenean mezu mordoa iristen hasi zitzaizkidan. Poz ikaragarria izan zen. Anaia besteengatik beti asko eman duen txirrindulari bat da. Beti lanean izan da, eta arazorik ez du izan horretarako. Merezi zuen halako sari bat.

Bien artean, hiru garaipen dituzue itzuli handietan: zuk, Ion, bana Giroan eta Tourrean, eta zuk, Gorka, Girokoa. Bada zerbait.

I.I.: Zenbaki polita da. Oraingoz, bi garaipen Giroan eta bat Tourrean. Espero dugu hurrengo urteetan handitzea. Ez da erraza izango, baina horretarako lan egingo dugu.

Profesionaletan zabiltzatenetik, aurten aritu zarete lehendabizikoz talde ezberdinetan. Arraro egin zaizue?

G.I.: Niri ez zait iruditu aldaketa handia izan denik. Azkenean, etxean geundenetan, beti elkarrekin entrenatzen ginen. Lasterketetan, bakoitza bere hotelera joaten zen, eta bakoitzak bere koloreekin korritzen zuen. Baina oso gutxitan aritu gara proba berean; Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian bakarrik.

G.I.: Nik nabaritu dut falta. Beti esan izan dut niretzat babes handia dela anaia nire alboan izatea. Eguneroko martxan batera aritu izan gara maiz, baina lasterketetan ez, eta arraroa izan da. Lasterketa gutxitan aritu gara batera, baina, adibidez, Paris-Nizan biok izan ginen sailkapen nagusiaren lehian. Horretara ez geunden ohituta.

Datorren urtean anaiaren alboan izango zara berriz ere, Gorka. Beraz, pixka bat bada ere, sumatuko zenuen haren falta.

G.I.: Noski. Gero, pertsonalki, aldaketa bat behar nuen. Lau urte egin ditut Movistarren, lan jakin batekin. Orain lanean jarraituko dut, baina askeago. Horrek ere bultzatu nau pausoa ematera, eta, nola ez, anaiarekin egoteko aukera izango dudala. Eta Ibai masajistarekin ere bai. Familia moduko bat osatzen dugu. Horrek asko laguntzen du. Gogotsu nago.

Zer egutegi izango duzue?

G.I.: Biok egutegi bera izango dugu. Australian hasiko gara, handik Abu Dhabira joango gara, hurrena Paris-Niza izango dugu, gero Euskal Herriko Itzulia, ondoren Ardenetako klasikoak, eta, Erromandiaren ostean, atseden txiki bat izango dugu. Gero Dauphineko Kriteriumera edo Suitzako Itzulira joango gara, Frantziako Tourrera joan aurretik. Printzipioz, hori da plana. Astebeteko itzulietan aurrean izaten saiatuko gara, eta Tourrera Nibalirentzat egingo dugu lan. Bertara ahalik eta talde indartsuena eraman nahi du Bahrainek. Guretzako ederra da han izatea, eta uste dut pieza garrantzitsuak izango garela.

Beraz, Ion, datorren sasoian lasaiago hartuko duzu Tourra.

G.I.: Bai, eta nahiago horrela izatea. Denboraldia astebeteko itzulietara begira egingo dut. Horiek dira gustatzen zaizkidan lasterketak, eta ondoen datozkidanak. Eta, gero, gustagarria izango da Tourrean Vincenzo [Nibali] bezalako lider bati laguntzea. Ez daukat arazorik.

Jatorriei erreparatuz, zuen aita ere ziklista profesionala izan zen; beraz, zainetan daramazue ziklismoa.

I.I.: Hala da. Aita 1994 arte ibili zen ziklo-krosean profesionaletan. Etxean beti ikusi izan dugu txirrindularitza. Txikitan aitaren lasterketak ikustera joaten ginen, eta VHSn grabatutako bideoak ere ikusten genituen. Gainera, Tourrera ere hurbiltzen ginen, lasterketa Pirinioetatik pasatzen zenean. Hortxe sortu zitzaigun zaletasuna. Hasieran jolas baten modukoa zen, eta orain bizibide dugu.

Baduzue lehia elkarren artean?

G.I.: Asko ere ez. Bi urteko aldea dagoenez bion artean, lasterketetan askorik ere ez gara elkarren aurka lehiatu. Entrenamenduetan, agian, izan dugu lehia noizbait, jolasean-eta hasi izan garenetan. Baina gutxitan zirikatzen diogu elkarri.

Izaeraz oso ezberdinak al zarete?

I.I.: Gorka beroagoa da. Hori eguneroko bizitzan ikusten da, eta lasterketetan ere bai. Gauzak oso serio hartzen ditu, eta buruan helburuak dituenean, betetzen saiatzen da. Ni lasaiagoa naiz. Eta hori ere arlo guztietan nabaritzen da: entrenamenduetan, egunerokoan, lasterketetan... Nik lasaiago hartzen ditut gauzak, eta berak, serioago. Alde horretatik, desberdinak gara anaia eta biok. Horregatik, uste dut ondo uztartzen garela. Adibidez, egoera batean nik lasaiegi joka dezaket, eta orduan anaia azaltzen da: «aizu, esnatu». Oreka bilatzen dugu bion artean.

G.I.: Hala da, ondo uztartzen gara elkarrekin.

Profesionaletara Euskaltel-Euskadi taldearekin egin zenuten salto. Garai ederrak izan ziren haiek Euskal Herriko ziklismoarentzat. Itzuliko ote dira?

I.I.: Hura inork uste ez zuen garaian bukatu zen. Hutsunea utzi zuen, baina, ematen duenez, ari dira kimu batzuk sortzen, Muriasekin eta Euskadi fundazioarekin. Behar zen. Hemen beti izan da afizioa eta gogoa txirrindularia izateko, eta, irtenbiderik ez badago, zaila da gazteek saiakera egitea.

G.I.: Batez ere gazteei begira behar da mugimendua. Hemendik aurrera, ikusi beharko da Ionek aipatutako talde horiek zer jarrera eta bide hartuko duten. Pauso politak eman dituzte, eta ea aukerak eskaintzen dizkioten gazte jendeari.

I.I.: Pazientzia eduki behar da. Erraza da Euskaltel bat World Tourrean nahi dugula eskatzea. Baina, aurrekontu handia behar da hori mantentzeko, eta, gaur egun, inor ez dago prest halako inbertsio bat egiteko. Talde txikiak datoz azpitik, eta itxaron beharra dago.

BERRIAn argitaratua (2017/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA