astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

kultura

LORALDIAREN ITZALETIK

Nora Arbelbide Lete

LORALDIAREN ITZALETIK

Asteburua. Baionatik Bilbora, film beraren publizitateak karrikan. Batean Justice league, bestean Liga de la justicia, baina film bera jatorrian, Zack Snyderena, AEBetakoa. Bi aldeetan egun berean estreinatua. Estatubatuarra izan behar, nazionala izateko.

Asteburu bera. Bilbotik Iruñera, Gasteiztik pasatuz, Handia (Jon Garañok eta Aitor Arregi) filma ikusteko aukera. Irundik muga pasatu, eta, berriz, Hendaiatik Maulera, Handia-ren ikusteko aukerarik ez. Ez eta asteburu horretan berean ospatu euskal zinemaren Hazparneko Zinegin jaialdian ere. Euskal zinema Ipar Euskal Herrian ezagutzeko sortu egitasmoa saiatu da, alta. Baina, «arrazoi komertzialengatik» aurtengo film «handienak» ezin dituztela ekarri damutu dira jaialdikoak. Eta ez da lehen urtea. Euskal film batzuk etorri etortzen dira. Baina etortzeko, berantago. Arrazoi komertzialak baieztatu ditu Iñaki Gomezek. Handia filmaren produktoreetako bat da. Filmen hedapena estatuei erabat lotua izateaz gain, diru anitz eskatzen duen industria ere badela baieztatzeko balio du Handia filmaren adibideak, hain zuzen.

Hegoaldeko estrategia Espainiako Estatuari lotua da. Aitzinetik saldu eskubideek osatzen dute aurrekontuaren parte handia. Ipar Euskal Herria nazioarterako estrategian sartzen da. Bartzelonako Film Factory enpresak finkatua. Enpresa horrek Frantziako Estatuko banatzaileekin duen negoziazioen menpe dago.

Izan, badago banatzaile bat interesatua. Baionako Atalante zinema gelatik sortu Gabarra Films. Sortu zuten duela lau bat urte, justuki, euskal filmei pantaila bat eskaintzeko Ipar Euskal Herriko zinema geletan. «Baina eskaintzen dutena oso eskaintza txikia da. Ez dute lan egiten Frantziako telebistekin. Komertzialki biziki arrakastatsua ez den pelikula batentzat telebistetan dago ekonomia garrantzitsuena», esplikatu du Gomezek. Eta Handia kasu honetan da. Horregatik, Frantziako telebistekin zerbait lortzeko xedez, «gure agente horrek nahiago izan du itxaron. Negoziazio fase horretan, guk zer esan behar diogu? Guretzat oso gogorra da aukera hori galtzea».

Negoziazio horretan estatu mailako esklusibotasun kontuak ere negoziatzen dira. Horregatik, Zineginen proiektatzea ez du onartu Bartzelonako enpresak. Badaezpada ere. Frantziako Estatuko banatzaile bat aurkitu izan balute lehenago, gerta zitekeen lehenago iristea Ipar Euskal Herrira. Baina mementoko ez dute aurkitu. Dena dela, Ipar Euskal Herrikoek pelikula ikusiko dutela, hori segurtatu du Gomezek. Banatzaile igurikatu hura ez bada heltzen ere. «Arduratuko gara gu esateaz agenteari guk interes berezia dugula Iparraldean pelikula hau eskaintzeko. Eta orduan Gabarrakoekin edo beste edonorekin egingo dugu akordio bat pelikula hori ikus dadin euskaraz Iparraldean».

Gabarra Filmseko Anaiz Agirrek ere argi du: «Ez gara Pariseko banaketa etxe batekin konkurrentzian ariko. Horiek business harreman batean dira. Gure xedea, aldiz, ekintza kultural bat egitea da. Euskarazko filmak hemen eskaini ahal izatea guretzat garrantzitsua delako». Esperientzia baikorrak badituzte. Adibide bat ematearren, Asier Altunaren Amama. Ipar Euskal Herrira ez ezik, Frantziako Estatuko zenbait zinema gelatara ere zabaldu zuten Gabarrakoek. 11.000 sartze inguru orotara. Sari bat ere eman zieten CNCkoek banaketa horregatik. Konparazione, Parisko Bodega Filmsek banatu Ander-ek (Roberto Caston) ere sartze kopuru berdintsua lortu zuen.

Baina, aldi oroz, berriz hasi behar. «Betikoa», damutu da Agirre: «Iparraldean euskarazko edozer eskaintzeko borroka bat da. Hizkuntza ez da ofiziala. Diru laguntza publikoak ez dira hain errazki isurtzen...». Egonkortasun eskasa sentitzen du Agirrek. Funtsean, bere lan kontratu lagundua ere ez da errana berrituko diotenik.

Azken urteetan aipatu «euskal zinemaren loraldiaren B aldea» dela hori dio Josu Martinez zinemagile eta ikerlariak. «Albo kalteak» dakartzan loraldia: «Iparraldeko merkatua ez da baitezpada handia edo interesantea, ez baldin bada arrazoi sentimental edo ideologikoengatik, eta orduan, ba, ez da lehentasun bat».

Nahiz eta Martinez konbentzitua izan ez dela nahitara egina, «euskal pelikulek beren publiko potentziala, hau da, euskaldunak, bi multzotan sailkatzen dituzte de facto. Lehen mailako euskaldunak eta bigarren mailakoak». Lehen mailakoek filma ateratzen denean ikus dezakete, bigarren mailakoek, «ikusten baldin badute, handik eta ez dakit zenbat hilabetera». Are gehiago, horrek sortu «eragin txarraz» ohartarazi nahi du Martinezek: «Hegoaldean arrakasta ukan ez dutenak bakarrik baldin badira etortzen, ba, orduan nekez lortuko da prestigiozko irudi bat. Jadanik euskarak aski prestigio gutxi duela iparraldean, ba, pentsa...». Agirreren analisia ere bide beretik doa. Haren ibilbide pertsonala bada horren lekuko. Ezezagutza nagusi ikusten du: «Nihaurrek euskal zinema bat bazela biziki berant jakin dut». Baionan Cassin lizeoari loturik zinema sail bat badago, Agirrek segitu duena. Baina ez diote nehoiz euskal zinemarik aipatu.

Azken finean, «sistema globalki pentsatzea», hori dela eskas borobildu du Martinezek. «Prestaketarekin, ekoizpenarekin, hedapenarekin, telebista batekin... Martxan egonen den ekosistema bat».

Ekoizpena aipatu du Martinezek, hain zuzen, ekoizpenean ere arazoak ez baitira txikiak. Txintxua ekoiztetxeko Marian Fernandezek kontatu esperientzia horren adibide da. Telmo Esnalen Dantza filma proiektuarekin dabiltza: «%100 ekoizpen espainola, zoritxarrez». Bi urtez saiatu dira Ipar Euskal Herriko ekoiztetxe batekin koprodukzio «natural» bat osatu nahian. Hendaiako Ateka Filmsekin lehenik, Urruñako La Fidelekin gero. Baina ez dute lortu. Ez dituzte lortu espero diru laguntzak.

Ipar Euskal Herriko proiektuak ezin lagunduz ere ari direla damutu da Fernandez. Arau aldetik mugatuak eta finantzaketarik ezin ekarriz ari direla: «Hori oso frustragarria da. Niretzat horrek erakusten du zinemagileak politika kulturalak eta araudiak baino asko aurreratuagoak garela. Orain eskas zaiguna da diru laguntza publikoak errealitate horretara egokitzea, lagundu gaitzaten indartzen». Halere, ez du amore eman Fernandezek. Eta Dantza Euskal Herri osoko zinema geletan une berean estreinatzeko ariko dela lanean dio.

Bitartean, beste leiho bat ere irekitzear dago Ipar Euskal Herrian bertan. Ekoizpenetik banaketara, proiektuak hasieratik bururaino eramanen dituen enpresa sortzekoa dute urtea bukatu baino lehen. Tresna bat «euskal zinema sustatzeko eta egiteko», Josu Martinezek dioenez. Martinez bera proiektuko kide da, hain zuzen. Beste batzuen artean, Non filmeko Manex eta Ximun Fuchs anaiak eta Eñaut Castagnet, eta Ximun Karrere, bestalde Kanaldudeko arduradun dena daude. Sortzaileek elkarren artean partekatu kezketatik sortzen den proiektua da. Aldi berean ekoizle eta banatzaile den egitura bakarra litzateke Ipar Euskal Herrian. Arlo bakoitza bakarrik eta puntualki pentsatzeko ordez, osotasun batean hartu nahi dute gaia. Euskal filmak Euskal Herri osora hedatu, eta estreinaldi nazionalak lortzea. Frantziako Estatuan izatea ere baliatzekoa dute: «Frantziako sistema sistema protekzionista da. Film frantsesek badute abantaila anitz estatuaren partetik Hollywoodeko zinemari aurre egiteko. Euskal filmak film frantsesak ere balira, abantailak lituzkete hedapena eta ekoizpenerako». Dena esplotatzeko dagoela dio Martinezek. Azkenean, traba indar bilakarazi.

BERRIAn argitaratua (2017/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA