astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

ekonomia

URAKANEK UZTEN DUTENA

Ivan Santamaria

URAKANEK UZTEN DUTENA

Urakanen garaia datorren astean amaituko da Atlantikoan, ofizialki. Azken asteotan egoera baretu da, baina urte gordina izan da. Urte arrunt batean, hamabi bat ekaitz tropikali izen propioa jarri ohi zaie, euren indarraren ondorioz, eta erdiak urakan bihurtzen dira. Aurten, hamazazpi ekaitz tropikal izendatu dituzte, hamar urakan bihurtu dira, eta horietatik seik hirugarren maila gainditu dute. Harvey, Irma eta Maria izenak suntsiketaren sinonimo bihurtu dira. Giza hondamendiari ekonomikoa gehitu zaio. Birrindutakoa berriro eraiki behar da. Ez da merke aterako.

Adituek zorpetze krisi isila deitu izan diote. Karibeko estatu independente gehienak daude zorrak itota. NDF Nazioarteko Diru Funtsak BPGaren %60tik gorako zorpetze tasa bat jotzen du arriskutsutzat. Karibeko hamalau herrialdeetatik 11k gainditzen dute gaur egun kopuru hori. Nahiz eta herrialde independente ez izan, Puerto Rico ere sar liteke zordun handien zaku horretan. Ekonomia iraunkorrak izateko eta garapenari eusteko aukera trabatzen ari da zorpetzea. Ez da arrazoi bakarra, baina herrialde horiek hondamendi naturalekin duten harremana kontuan hartu behar da ezinbestean egoera ulertzeko.

Barbuda uhartean jendea bizi izan da 300 urtez. Irailaren 5eko gauean, Irma urakanak bete-betean jo zuen, indar guztiz, eta goitik behera suntsitu zuen. 1.800 biztanleak ordurako eramanak zituzten Antiguara, ondoan dagoen beste irlara. Barbudarekin batera Karibeko estatu txikietako bat osatzen du Antiguak. Irla garaiz husteak libratu zituen herritarrak, baina hondatutakoa konpontzea 200 milioi eurotik gora kostatuko zaio urtean 850 milioi euro eskas ekoizten dituen ekonomia horri. Faktura astronomikoa da aurrez ere zorpetze arazoak zituen irla horrentzat.

Ronald Sanders Antigua eta Barbudako enbaxadorea da AEBetan eta Amerikako Estatuen Erakundean. Luze eta zabal idatzi du Karibeko herrialdeek zorpetzearekin duten arazoari buruz. Irma-ren hondamendia gertatu aurretik, maiatzean, «belaunaldi oso bat galtzeko» arriskua azpimarratu zuen, neurriak hartzen ez badira. «Nazioarteak arazo larri honi erantzun egokia ematen ez badio, herrialde hauek ez dituzte galduko XXI. mendeko lehen hiru hamarkadak soilik, pobrezia eta langabezia handituko dira, eta hazkunde ekonomikorako aukerak galduko dituzte», haren hitzetan. Sandersen aburuz, egia da zorpetzearen atzetik arrazoi ezberdinak daudela -esaterako, politika desegokiak-, baina argudio sendoa iruditzen zaio klima: «Ez zuten sortu klima aldaketa. Nazio industrializatuen xahutzearen biktima dira, eta berreraikitzeak ordaindu behar dituzte; eta, ondorioz, gehiago zorpetu».

Karibeko zorpetze krisiaren inguruko azterketa interesgarria plazaratu zuen apirilean Kanadako CIGI Centre for International Governance Innovation erakundeak. Egilea, Cyrus Rustomjee, Commonwealtheko idazkaritzako ekonomia arduraduna izan zen. Besteak beste, hondamendi naturalek zorpetze pilaketan izan duten eragina gutxietsi izan dela ondorioztatu du. «Hondamendi naturalen erasana neurriz kanpokoa izan da, eta horrek zor pilaketa eragin du hondamendiari berehalako erantzuna emateko, baita luzera begirako susperraldia ordaintzeko ere», dio Rustomjeek.

Tobias Rasmussen ekonomistak sakon ikertu zuen harreman hori. NDFrentzat aspaldi egindako azterketa batean zehaztu zuen urtero hondamendi naturalek 200 milioi pertsonari kalte egiten dietela eta 40.000 milioi eurotik gorako galerak uzten dituztela. Rasmussenen arabera, hondamendiak izateko joera handiena duten munduko hamar herrialdeetatik sei daude Kariben, eta 250 hondamendi baino gehiago izan dira azken mende erdian.

Uholdeen eta urakanen ondorioz urtero egondako galerak BPGaren %1aren parekoak izan dira 1960ko hamarkadatik hona, eta %1,3ren parekoak 2000. urtetik aurrera. Urakan batek urtero eremu horri kalte egiteko arriskua %10-20 bitartekoa da. Kalte ekonomikoa ez da soilik hondamendian geratzen. Inguruko herrialde gehienek turismoarekiko menpekotasun handia dute, eta hondamendi batek ditu iturri preziatua kentzen die, justu gehien behar dutenean.

Karibeko herrialde gehienak gurpil zoro batean sartuta daude. Zorpetze maila handiak dituzte, hazkunde eskasa, zorpetze gastu geroz eta handiagoak barrura eta kanpora begira -Jamaikak, esaterako, hamar eurotik lau gastatzen ditu zorpetzea bueltatzeko-, kreditu bigunak jasotzeko geroz eta baldintza gogorragoak, finantza merkatu ahulak, eta finantzaketa iturrietarako sarbide zaila, besteak beste.

Hamar urte austeritate programa luze eta zorrotzetan sartuta pasatu dituzte herrialde ugarik, baina zorpetzea kontrolpean jartzeko arazoak bere horretan segitzen du. Ezer aldatzen ez bada, Karibeko ekonomia txikien zorra eramanezina bihurtuko da 2020. urterako.

Zer egin liteke egoera onbideratzeko? Doikuntzen bidez superabit primario handiak izaten segitzea ez da irtenbide bat. Rustomjeeren ustez, alternatiba bat izan daiteke HICP ekimenaren antzeko bat abiatzea Kariberako. 1996. urteko programa horren bidez, pobrezia handiena duten munduko 30 bat herrialderi lagundu zaie zorpetzea murrizten. Karibe inguruko hiru herrialdek baino ezin izan dute baliatu bide hori: Haitik, Guyanak eta Surinamek. Zorra arintzea ez ezik, finantzaketa hobetzeko tresnak martxan jartzea beharko litzateke. Esaterako, kreditu bigunen bidez. Gainerako herrialdeak halako ekimen baten onurak baliatzeko aberatsegitzat jo izan dituzte, ordea.

«Irudimena» erabiltzeko eskatu du Sandersek. NDFri eta Munduko Bankuari kreditu bigunen iturria berriz irekitzea eskatu die, eta inbertitzaileei zorraren parte bat barkatzea. Gobernuek urtero gastu muga bat ezarri beharko lukete. Klima aldaketari aurre egiteko neurrietan ordaindutakoa zorpetzetik kentzea ere proposatu du. Aldaketarik ezean, hondamendien, zorpetzearen eta austeritatearen katean betiko harrapatuta geratzeko arriskua du Karibek.

BERRIAn argitaratua (2017/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA