astekaria 2017/12/01
arrowItzuli

gizartea

Milaka glaziar, hamaika galdera

Juanma Gallego

Milaka glaziar, hamaika galdera

Maldan behera doaz munduko glaziarrak. Zentzu literalean, haien natura halakoa baita, baina baita irudizko adieran ere. Ur gezako biltegi naturalik handienak dira izotz eremu erraldoi horiek —ur gezaren %75 poloetan eta glaziarretan dagoela kalkulatzen da—, baina etengabe urritzen ari dira. Mundu mailako fenomenoa da. Gugandik gertuen daudenen inguruko datuak Pirineos aldizkarian kaleratu berri dituzte. 1850ean Pirinioetako glaziarrek hartzen zuten eremuarekin alderatuz, azalera %88 gutxitu dela kalkulatu dute. Kopuruari dagokionez ere, zenbaki gorriak atera dira: duela mende eta erdi, 52 glaziar zeuden; hemeretzi, orain. Munduan, hainbat ikerketaren arabera, 160.000 inguru.

Urritzearen atzean klima aldaketa dagoela argi dago, baina gauzak ez dira beti hain sinpleak. Agian klima aldaketa bai, baina ez klima aldaketa antropogenikoa. Izan ere, kasu honetan agian erru guztia ez da gizakiarena, eta urtze hori ezin dakieke guztiz leporatu CO2 isuriei. «Gehiegitan, galdera bati erantzun bakarra ematen saiatzen gara, baina, glaziarren kasuan, hori ezinezkoa da», esan du Magallanes Unibertsitateko (Txile) Eñaut Izagirre glaziologoak. Euskal Herriko beste ikertzaile bat du bikote ikerketetan, Ibai Rico; hainbat aditu gehiagorekin, Pirinioetako glaziarrak ikertu dituzte. Hipotesi batekin lanean ari dira: «Beti esan dugu gaur egungo glaziarrak azken izotzaldiaren ondorio direla, baina agian kasu guztietan ez da horrela», azaldu du. Izagirrek uste du Pirinioetako glaziarrak azken glaziazioan ez, baizik Izotz Aro txikian —XVI-XVIII. mendeetan— eratu zirela. Monte Perdidon egin dituzten azken laginketako izotz testiguek hala izan zela iradokitzen dute. Horrez gain, historiara jotzen denean ere agertzen dira zantzuak. «Garai horretan Europan glaziarrak sortu eta handitu zireneko erregistro historikoa dago, eta hori irudikatzen duten margolanak ere badira». Zientzian ohikoa denez, ordea, ikerketa gehiago egin behar dituzte hasierako zantzu horiek baieztatzeko. «Vignemaleko glaziarra ikertu nahi dugu orain, glaziar hori horizontalagoa baita, eta bertako estratigrafia hobeagoa izango baita seguruenera».

Adituak gaineratu du Pirinioetakoak Europako hegoaldeen dauden glaziarrak direla, eta, beraz, kliman izandako edozein gorabehera oso ondo adieraziko dutela. Neurketak egiteko, satelite bidezko irudiak, ortoargazkiak eta laser bidezko LIDAR motako neurketak baliatu dituzte, baina in situ ere egin dituzte neurketak.

Masen balantzea

Satelite bidezko azterketak oso baliagarriak diren arren, tokian tokiko neurketak egitea funtsezkoa da. Zenbaitetan, gainera, leku zailenetan egin behar da hori. Hala ibili da, urte luzez, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko glaziologo Jaime Otero. Matematikaria da ikasketaz, eta glaziarrak hobeto ulertzeko eredu numerikoak egiten ditu. Livingston uhartean, Espainiak Antartikan duen basetik gertu dauden bi glaziar bereziki izan ditu jomugan: Hurd eta Johnson. «Urtero, glaziar horietako masen balantzea egiten dugu, eta datuak nazioarteko World Glacier Monitoring Service sarearekin partekatzen ditugu». Balantze horien bitartez, adituek modua dute jakiteko glaziarrek masa galtzen edo irabazten ote duten.

Ipar Poloan ere neurketak egiten dituzte: Svaldbard uhartedian (Norvegia). Georradarraren bitartez, adibidez, glaziarraren ohantzea nolakoa den jakiteko aukera dute, eta baita glaziarraren geometria zehatza hobeto ezagutzeko bidea ere. Satelite bidezko irudi hutsen bitartez, ordea, ezinezkoa da halakorik egitea. Oterok esan duenez, klima aldaketaren indikatzaile onak dira glaziarrak. Halere, eta tamainaren arabera, aldaketen aurrean glaziarrek oso modu motelean erantzuten dutela ohartarazi du. «Izotz masa handiek inertzia asko daukate, eta, teoriari jarraituz, oso modu motelean erantzun beharko lukete. Baina Groenlandiakoak, adibidez, oso azkar erantzuten ari dira». Glaziologoak gaineratu du Groenlandiaren kokapenak ere prozesu hori azkartzen laguntzen duela, Atlantikoko ur lasterraren eragina dutelako hango glaziarrek. Egoera kezkatuta egoteko modukoa dela uste du Oterok. «Egia da klima aldaketari buruz hitz egitean gauzak asko puztu direla, baina, nire ustez, konplikatu samarra den kontu batean sartzen ari gara; honek atzera buelta zaila izango du».

Ur erreserbak, zalantzan

Asian, bereziki, kezka iturri dira glaziarrak. Maiatzean Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, Hamish Pritchard glaziologoak Erdialdeko Asian dauden glaziarren garrantzia kuantifikatu zuen aurrenekoz. Himalaia, Hindu Kush, Karakorum, Pamir, Kunlun eta Tian mendilerroetan dauden glaziarrak kontuan hartu zituen. Era batean edo bestean 800 milioi lagun inguruk glaziar horiekiko mendekotasuna dutela kalkulatu zuen egileak. Udaran urtzen den urak 136 milioi lagunen beharrak asetzen dituela ere ondorioztatu zuen. Batez beste, uda bakoitzean glaziar horiek 23 kilometro kubiko ur ematen dituzte. Pritchardek artikuluan zehaztu zuenez, glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturri dira. Hortaz, ezegonkortasun sozialak, gatazkak eta kontrolik gabeko migrazioak sortuko direla uste du egileak. Oterok irakurri zuen ikerketa hori. Interes handiz: «Nik eremu eta ondorio horiek ikertzen ez baditut ere, beste ondorio batzuk egon daitezkeela konturatu nintzen. Orain arte, beti nabarmendu da glaziarren urtzeak itsasoaren maila handitzeko bidea eman dezakeela, baina Asiako ur erreserbetan izan daitezkeen ondorioak arras kezkagarriak iruditzen zaizkit».

Izagirre, ordea, zuhurragoa da: «Egia esanda, gehienbat glaziarretik gertu bizi diren komunitateak dira bertan ur erreserbarik garrantzitsuena daukatenak. Urtaroa hezea suertatzen bada, ez dago arazorik, zeren glaziarrak pilatuko baitu sobera dagoen hezetasuna eta euria. Eta, urtaroa idorra baldin bada, glaziarrak ura emango die, modu erregularrean». Ur emariaren jatorria ondo bereizteko beharra azpimarratu du. «Kontuz ibili behar da, ondo bereizteko erreken emaria euritik, elurretik edo glaziarretik ote datorren. Argi dago ur erreserbak direla, baina batez ere gertu bizi diren komunitateentzat».

Zaila dirudi, beraz, etorkizuna irudikatzea, baina tresna berriak etengabe sortzen dira. Azkena aste honetan bertan aurkeztu du NASAk. Glaziarren urtzeak mundu osoko hiriei nola eragingo dien simulatzen duen aplikazio informatiko bat aurkeztu dute. Kontrolak mugituz, itsasoko mailak nahieran igo eta ondorio lazgarriak ikus daitezke, filmetako super gaizkile batek egingo lukeen modu berean. Arazo bakar bat dago: ez dela jolasa.

BERRIAn argitaratua (2017/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA